Romualda Zuloaga

Romualda Zuloaga Galdakaoko panderojolea

Romualda Zuloaga Artetxe (Galdakao, 1913ko otsailaren 7 - ib., 1971eko maiatzaren 4a) euskal folklorea sustatu zuen panderojolea izan zen.

Romualda Zuloaga

Bizitza
JaiotzaGaldakao1913ko otsailaren 7a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaGaldakao1971ko maiatzaren 4a (58 urte)
Jarduerak
Jarduerakmusikaria
Musika instrumentuapanderoa

Bizitza aldatu

Kantaria eta panderojolea, Galdakaon jaio zen, Arteta auzoko Txapelgorri baserrian. Euskal folklorearen figura garrantzitsua izan zen. Euskaraz kantatzen zuen bere ama- eta komunikazio-hizkuntzan, beste panderojole, albokari eta akordeoilariekin batera.

Leandro eta Franciscaren alaba, jatorri xumekoa zen. "Ez neutsan sekula entzun, joten ikasitako moduari garrantzirik emoten. Panderoa jotea asko gustetan jakon, musikagaz zoriontsua zan. Gabonetan, esate baterako, lujo bako afaria izan arren, gure etxetik jente guztia pasatzen zan festan parte hartzeko, danak ziran ongi etorriak, jentea etxera etortea gustetan jakon", halan ziurtatu du Belen alabak elkarrizketa batean. [1]

Jose Ojanguren panderojolearekin ezkondua, lau seme-alaba izan zituen: Lourdes (1932), Rosario (1936), José Miguel (1938) eta María Belén (1947). Gazteena gurasoekin joaten zen erromerietara eta euskal dantzak dantzatzen zituen. "Gure amak beti eroaten eban aldean panderoa leku guztietara. Francoren denporan, euskeraz kantetan kalera urteteko atrebentzia handia behar zan. Sasoi hartan emakume bi baino ez ziran horretan ibilten, bera eta Maurizia Aldeiturriaga ", gogoratzen du Belen alabak artikulu batean. [2] Romualda kementsua eta umore onekoa zen, baina ez zuen musika prestakuntzarik, belarriz ikasten zuen. "Alegrantziaz betetako pertsonea zan. Gaixorik egon arren, jagi egiten zan joten joateko ", ziurtatzen du.

 
Romualda Zuloaga eta Mariano Barrenetxea, panderoa eta alboka elkarrekin jotzen dituzte

Romualdak entseguak etxeko sukaldean egiten zituen, Bekeako Etxebarri baserrian, edo mendian, eguraldi ona egiten bazuen, ia modu klandestinoan, garaiko erregimen politikoa zela eta. [3] Herriko Andra Mari dantza taldeko kideak etxera joaten zitzaizkion euskal tradizioko dantzak entseatzera. Bilera horiei esker, alboka-doinuzko euskal jota-dantza berreskuratu eta transmititu ahal izan zen, gaur egun gordetzen eta irakasten den bezala.

Ez zuen bizitza errazik izan. Diru pixka bat irabazteko, sardina-saltzaile gisa aritu zen denbora batez, eta, ondoren, maizterrak izan zituen etxean. "Ortua lantzen eban eta untxiak eta oiloak genduzan, etxeko janerako", azaldu du alabak elkarrizketan. [4] Bere aitari buruz, Belenek gogoratzen du beti errespetatu zuela emazteak euskal tradizioari zion maitasuna. "On-on hutsa zan, ez zan autoritarioa, emazteak eukan ospeagaz gozatzen eban", adierazten du. Denak Capitán Aldekoa auzora joan ziren bizitzera (gaur egun Tximilarregoikoa).

Ezagutu zutenek aldarte onekoa zela zioten, "Berbarako beti prest egoan eta eguneroko kontuen barri eukan", baieztatu zuen Belenek artikulu berean. Eskuak gerrian ipintzeko ohitura zuen, zailtasunen batekin topo egiten zuenean. Eragozpenak konpontzen ohituta zegonez, berak josten zituen aktuatzeko eta hainbat lehiaketatan parte hartzeko erabiltzen zituen jantziak. "Sasoi hartarako emakume ahaldundua zan, bidaiatzeko subertea eukana, bideak oso luzeak izan arren lekuetara ailegau arte", azaldu du Désirée Sanchez bilobak. "Baina nik ez neban sekula bildurtuta ikusi, bereak bi hartu beharko ebazan arren", zehaztu du alabak. [4]

Romualdak egundo ez zuen dirurik jaso saioen, kantatzearen edo jotzearen truke, herriarenganako eta euskal musikarenganako maitasunagatik egiten zuen. Europan zehar parte hartu zuen txapelketetan ere ez zuen dirurik irabazi, ezta kaleratu zuen disko bakarrarekin ere: Alboka. Bailables Vascos (Argt. CINSA). Hil zenean, Jose Luis Bengoa Zubizarreta kazetariak sarrera hunkigarria eskaini zion irratian, interpretatzen zituen kantuak ipini zituen eta omenaldi hunkigarria egin zion.

Musika ibilbidea aldatu

 
Romualda, alaba Belenen ondoan

Hasiera batean, Romualda, Jose Ojanguren senarrarekin eta Marcelo Arrietarekin, Borlas ezizenaz ezaguna zenarekin, aritu zen. Herrietako erromerietan, jaietan eta kalejiretan jotzen zuten, Artetatik gertu zeuden mendietan ospakizun oso ezagunak egiten ziren, besteak beste San Anton Txikerra, Upo edo Lekubaso bezalako tokietan entzuten zen euren musika.

 
Romualda panderoa jotzen, Jose Ojanguren (ezkerrean) eta Borlas (eskuinean) lagun dituela, jende askorekin batera

Bigarren aldi batean, Olaeta Balleta eta Dindirri taldeek eskatuta, 58 eta 60 urteen artean, emanaldiak txandakatzen zituen biekin. Oso talde ezagunak ziren. Olaeta jardunean dirau gaur egun ere. Dindirri Bilbon sortu zen 1944an, eta 1949tik 1960ra Jose Luis Etxebarria eta Goirik (Txelu) zuzendu zuen, Romualda taldearekin batu zen garaian. Garai horretan lortu zuen bere maila artistiko handiena, Euskal Herriko euskal folkloreko talderik onenetakoa bihurtuz. Bestalde, Etxebarriak Gaztedi eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak sortu zituen, eta txistu metalikoa asmatu zuen, sonoritate garbiagoa lortuz (1964). "Olaeta balletaren entsaio-gelak kategoriazkoak ziran, modernoak, ispiluakaz, dantzaleku baten modukoak", gogoratzen du Belen alabak.

Romualdak, azkenik, 1955ean sortutako Andra Mari dantza taldearekin bat egitea erabaki zuen. Modu nabarmenean parte hartu zuen, lehenengo panderojolea izan zelarik. Bertan, lehenik, Antonio Aiesta (Jitano) auzokidea zen albokariarekin jo zuen; gero, Mariano Barrenetxea albokariarekin; eta, azkenik, Borlas soinujolearekin, nahiz eta azken hau kolaboratzailea zuen betidanik. Bikote musikal gisa, hainbat sari irabazi zituzten. Barrenetxeak alboka berreskuratua zuen, Gorbeiako artzainek soilik jotzen zutenak, betiko ahanzturaren zuloan erortzeko zorian. Andra Mari talderen barruan, euskal folklorea maite zuen Sabino Larrearekin ere izan zuen harremana.

1960an Romualda Zuloaga Galdakaoko Regio zineman aktuatu zuen, Jitano eta jota dantzatzen zuten lau neskarekin batera, Andra Mari dantza taldeak antolatutako jaialdi batean. 1964an, Vitryko Nazioarteko desfilean (Paris) parte hartu zuen. [5] 1965eko uztailean Britainia Handira bidaiatu zuen aktuatzera. Familiari postalak idazten zizkion, bere bizipenak kontatuz. Adibidez, 1965eko uztailaren 6an eta 10ean bidalitakoak gordetzen dira. Postaletan Romualdak aipatzen du "dana kontatetako gogo handia eukala”, "Aretxa baino gogorrago egoala eta logurea baino ez eukala" eta "eszenariora urten gendunean emozino handia izan ebala”, zioen emanaldi bati buruz ari zela.

 
1965eko uztailaren 10ean Frantziatik bidalitako postala

1965ean Panderojole Txapeldunaren Nazioarteko Diploma eta Ziurtagiria jaso zuen Gales iparraldean (Britainia Handia), Llangollen International Musical Eisteddfod-ean, Euskal Kantu tipikoaren sailean. [6] Ser rrati-kateko Jose Luis Bengoa Zubizarreta kazetariak elkarrizketa bat argitaratu zuen sariaren berri emanez. Musikaria eta txistularia izateaz gain, kultur sariketen antolatzailea eta Gaceta del Norte eta Hoja del Lunes-en kolaboratzailea zen. Romualda bisitatzen zuen Galdakaoko etxean, euskal folklorearenganako interes handia zuelako.

1964an Romualdak Bengoetxeko Jota Txapelketa Handian parte hartu zuen. 1965 eta 1966 artean, Mariano Barrenetxearekin batera, Bilbon aktuatu zuen Gabonetako Jaialdietan Oñastarri dantza taldearekin. 1964an Alboka. Bailables Vascos kaleratu zuen, albokako lehenengo diskotzat jotzen dena; arinago grabazio solteak baino ez ziren.

Omenaldiak aldatu

2016. urtean, Romualda Zuloaga izena Galdakao, bere jaioterriko kale bati ipintzea proposatu zen. Azkenik, 2017ko martxoaren 8an, Romualda Zuloaga Plaza inauguratu zen udalerrian. [7] «Bere izena plaza bati eskainita (...), emakume hori herriko figura oso bat bihurtu da, eta herritarrek botoa eman zuten omenaldi hori egiteko. Emakume askok herriko kulturari eta bizitzari egiten dioten ekarpena ikusarazteko modu ezin hobea", idatzi du El Correo egunkariak». [8]

2018ko martxoan, Erabide Emakume Elkarteak eta Galdakao Gogorak, udalarekin batera, kalejira bat antolatu zuten, udalerriko emakumeen memoria historikoa aldarrikatzeko, besteak beste, Romualda Zuloagarena. [9] Erabide Emakume Elkarteak, bere omenez, arpillera bat sortu zuen, Torrezabal Kultur Etxean jarri zen 2020ko martxoan ikusgai. [10]

Diskografia aldatu

 
'Alboka. Bailables vascos' diskoaren azala

Alboka. Euskal dantzak . DL CINSA (1964). 6 gai biltzen ditu: Pandero berria, Fandango, Gabeko errondea, Arin-arin, Urkiolako bidean, Biribilketa. Interpreteak: Romualda Zuloaga, Mariano Barrenechea, Marcelo Arrieta.

Erreferentziak aldatu

  1. López, I. «Romualda Zuloaga aparecerá en Wikipedia» (9-4-2021). Crónicas Berria.
  2. Cos, Miriam. «Notas de valentía a golpe de pandereta». Uno de los nuestros. Romualda Zuloaga (Galdakao).(12-3-2017). Rostros propios. El Correo.
  3. Sánchez Ojanguren, Désirée. Historias de Galdakao. «Romualda Zuloaga, la panderojotzaile de Bekea». (Sept. 2016. Nº 87. Pág. 20). Galdakao Dime.
  4. a b López, I. «Romualda Zuloaga aparecerá en Wikipedia». (9-4-2021). Crónicas Berria.
  5. Barrenetxea, José Mariano. «Aclaraciones sobre la alboka». (2000). Galdakao (Bizkaia): J.M. Barrenetxea.
  6. Barrenetxea, José Mariano. «Aclaraciones sobre la alboka», pág. 23. (2000). Galdakao (Bizkaia): J.M. Barrenetxea.
  7. López, I. «Plaza Romualda Zuloaga». (7-4-2017). pág. 6. Crónicas Periódico.
  8. Cos, Miriam. «Notas de valentía a golpe de pandereta». Uno de los nuestros. Romualda Zuloaga (Galdakao).(12-3-2017).Rostros propios. El Correo.}
  9. Andueza, Asier. «Un pasacalles reivindica el valor de la mujer en la historia de Galdakao». (11-3-2018). El Correo
  10. León, D. «Erabide homenajea a Romualda Zuloaga». (9-4-2020). Crónicas Berria.

Bibliografia aldatu

  • Andueza, Asier. «Tras la huella de las mujeres de Galdakao». (27-2-2018). El Correo.
  • Barrenechea, José Mariano. «Alboka: entorno folklórico». (1976). Lecaroz (Navarra): Archivo P. Donostia.
  • Barrenetxea, José Mariano. «La Alboka». (1983). Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore. n.1, Pág. 155-168.
  • Barrenetxea, José Mariano. «La alboka y su música popular vasca». (1986). Galdakao (Bizkaia): J.M. Barrenetxea.
  • Barrenetxea, José Mariano. «Apuntes de txistu». (1984) Galdakao (Bizkaia): J.M. Barrenetxea.
  • Barrenetxea, José Mariano. (1998). Euskonews and Media, nº. 10.
  • Cos, Miriam. «El callejero comarcal arrincona a las mujeres». (25-2-2018). El Correo.
  • García, Óscar. «Erabide prepara sus bodas de plata». (28-1-2018). El Correo.
  • Gojenola Onaindia, Manu. «Albokaren alde batzuk». (2004). Jentilbaratz 8. Pág. 3-98.
  • Hemendik. «La plaza de las Mujeres Dinamiteras recordará en Galdakao a las trabajadoras de ‘La Dinamita’». (4-3-2018). Deia.
  • Ibarretxe, José Luis. «Los actos del 8 de marzo empiezan hoy en Torrezabal» y «Las mujeres de 'La Dinamita' tendrán su plaza en Galdakao». (2-3-2018). Crónicas Periódico.
  • López, I. «Galdakao se vuelca con el Día Internacional de la Mujer» y «Exposición y Editatona con Erabide». (5-3-2021). Crónicas Berria.
  • López, I. «La panderetera Romualda Zuloaga pone nombre a una plaza en Urreta». (3-3-2017). Pág. 4. Crónicas Periódico.
  •  Ugarte, Iker. «Galdakao opta por mujeres para su callejero». (31-5-2016). Deia.

Kanpo estekak aldatu