Pulp Fiction
Pulp Fiction 1994an Quentin Tarantino estatubatuar zinema zuzendariak zuzendutako komedia beltzezko film bat da. Izenburua garai batean AEBetan oso irakurriak ziren Pulp aldizkarienomenezkoa da. John Travolta, Samuel L. Jackson, Uma Thurman, Bruce Willis, Harvey Keitel, Tim Roth, Amanda Plummer, Maria de Medeiros, Ving Rhames, Eric Stoltz, Rosanna Arquette eta Christopher Walken aktoreek antzeztu zuten.
Ikusleek zein kritikariek harrera beroa eman zioten, nahiz eta film onenaren Oscar Saria ez irabazi. Askoren ustez, azken urteetako zinemagintzako mugarria da, zinema independentea ikusle arruntengana zabaldu baitzuen. Gainera, haren istorio etenek, mota guztietako elkarrizketek, ironiak, ikus-estiloak, plano bitxiek eta pop kulturaz eginiko erreferentziek oso eragin handia izan dute hurrengo film frankotan.
Argumentua
aldatuIstorioa zazpi zatitan banatuta dago:
- Sarrera,
- Vincent Vega eta Marcellus Wallaceren emaztearen atarikoa,
- Vincent Vega eta Marcellus Wallaceren emaztea,
- Urrezko erlojuaren atarikoa,
- Urrezko erlojua,
- Bonnierekiko arazoa, eta
- Epilogoa.
Sarrera: Yolanda eta Ringo lapur bikotea kafetegi batean gosaltzen agertu da; bertan lapurtzea erabakita, pistola bana atera dituzte.
Vincent Vega eta Marcellus Wallaceren emaztearen atarikoa: Vincent Vega eta Jules Winnfield sikarioak auto batean trajez jantzita ageri dira: lehena Amsterdamen ibili denez, Europaren eta Estatu Batuen arteko aldeez berriketan dabiltza eta etxe baten parera iritsitakoan, pistola bana hartuta Marcellus Wallaceren maletatxoa lapurtu duten gazteen apartamentura sartu dira; bertan hiru gazte daude eta Winfieldek, oso lasai, maletatxoa non dagoen galdetu die. Erantzundakoan, Vegak hartu du baina berehala gazte bat barkatzeko eskatzen hasi zaio, Winnfield haserretu da eta bi gazte hil ditu.
Vincent Vega eta Marcellus Wallaceren emaztea: Taberna batean, Wallacek Butch Coolidge izeneko boxeolari bati dirua eman dio, bere borroka galtzearen truke; handik gutxira, Vega eta Winnfield sartu dira, elastikoak eta galtza motzak jantzita, eta maletatxoa Wallace nagusiari itzuli diote: hura kanpora joatekoa denez, bere emazte Mia-rekin gau hartan norabait eramateko agindu dio Vegari. Hori beldur da, Wallacek emaztea gehiegi babesten duela entzun duelako. Vegak hiru gramo heroina erosi dizkio lagun bati: pixka bat kontsumitu du eta gainerako guztia berokiko poltsiko batean gorde; gero, Miaren bila joan da eta jatetxe batera eraman du, afaritara. Berriketan jardun eta dantza txapelketa bat irabazi dute. Etxera itzulitakoan, eta Vega komunean den bitartean, Miak haren heroina aurkitu, esnifatu eta gaindosi batek jotzen du. Vegak neska erdi hilda ikustean, bere saltzailearen etxera joan da, adrenalina injekzio bat jar diezaioten. Azkenean, Mia salbatu da eta biek senarrari ezer ez esatea agindu diote elkarri.
Urrezko erlojuaren atarikoa: Butch Coolidge umetan telebista ikusten ari dela, Vietnamgo Gerlako beterano bat bisitan joan zaio, harentzako erloju bat dakarrela eta ordularia haurraren familiarena dela esanez, belaunaldiz belaunaldi aitek semeei emana. Haren aita Vietnamen preso egon zenean, ipurtzuloaren barnean gordeta eduki zuen, vietnamdarrek aurki ez ziezaioten, egunen batean semearen esku jarriko zuelakoan; bat-batean, kanpai hotsa entzunda, Butch ametsetatik esnatu eta ringera joan da.
Urrezko erlojua: Butchek arerioa hil du, hari borroka irabazten utzi beharrean, bere buruaren alde apustu egin baitzuen. Orduan, Wallacek Butch hiltzeko agindu dio Vegari. Butch motel batera joan da, neskalagunarekin elkartzera; horrek hainbat gauza jaso behar zizkion etxetik, baina ordularia ahaztu zaio: horregatik, Butch hara itzuli da, erlojua hartu eta norbait —Vega da— bertan dabilela konturatuta, sukaldean aurkitu duen haren armaz tiro egin eta hil egin du. Gero, motelera autoz doala, Marcellus Wallace kalea zeharkatzen ikusi eta nahita harrapatu du, baina berehalaxe, beste auto batek berea jo du. Wallace zauriturik dago, baina tiroka hasi zaio, atzetik korrika darraiola: bigarren eskuko gauzen saltoki batean sartu eta han mutur-joka dabiltza, jabeak errifle batez mehatxatu eta harekin jo ondoren, konortea galarazi arte. Segidan, biak sotoan sartu ditu, sokaz aulki banari lotu eta lagun bati deitu dio. Wallace bortxatzen dihardutela, Butchek lokarriak hautsi ditu eta ihes egiteko zorian dela, sotora itzultzea erabaki du, dendan salgai zegoen katana bat hartuta, Wallace askatzeko. Horrela, Butchek bortxatzaileetako bat hil eta Wallacek besteari tiro egin ondoren, Wallacek bizia barkatu dio, baina hiritik alde egiteko baldintzapean.
Bonnierekiko arazoa: Winnfield maletatxoa lapurtu duten bi gazte tiroz hil berri dituela, bat-batean ikusi ez zuten beste gazte bat tiroka hasi zaie, baina mirariz-edo, bala guztiek huts egin dute. Vegak eta Winnfieldek hil egin dute, ordea; apartamendu hartatik Marvin lagunarekin irten, autoan sartu eta errepidean doazela, Vegak nahigabe tiro bat sartu dio buruan hari; hori dela eta, Jimmy deritzan Winnfielden lagun baten etxera joan dira. Izugarri urduritu dute, emazte Bonnie berehala etxeratzekoa baita; beraz, Winston Wolfe arazo-konpontzaileari deitu diote: horrek esan die zer egin behar duten odol-arrastoak ezkutatzeko eta arropa zikinak kentzeko eta haien ordez elastiko eta galtza motzak janzteko agindu die; autoari dagokionez, ibilgailuak birrintzeko toki batera eraman dute.
Epilogoa: Yolanda eta Ringo zeuden kafetegian dira Winnfield eta Vega: Winnfieldek lagunari lana utzi behar duela jakinarazi dio. Vega komunean den bitartean, Yolanda eta Ringo bezeroei ebasten hasi zaizkie, baina Ringok Winnfieldi dirua eta maletatxoa eskatutakoan, hark pistola atera eta mehatxatu du, bere dirua hartzeko aginduz, diru horrekin Ringoren bizitza erosi ari dela diotsola; gero, bi sikarioak kafetegitik lasai asko irten dira.
Pertsonaiak
aldatu- John Travolta: Vincent Vega
- Samuel L. Jackson: Jules Winnfield
- Bruce Willis: Butch Coolidge
- Uma Thurman: Mia Wallace
- Harvey Keitel: Winston Wolfe edo The Wolf
- Ving Rhames: Marsellus Wallace
- Rosanna Arquette: Jody
- Tim Roth: Ringo edo Pumpkin
- Amanda Plummer: Yolanda edo Honey Bunny
- Maria de Medeiros: Fabienne
- Christopher Walken: Koons kapitaina
- Eric Stoltz: Lance
- Bronagh Gallagher: Trudy
- Peter Greene: Zed
- Burr Steers: Roger
- Steve Buscemi: Buddy Holly
- Angela Jones: Esmarelda Villalobos, taxilaria
- Quentin Tarantino: Jimmie Dimmick
- Frank Whaley: Brett
- Paul Calderon: Paul
Soinu banda
aldatuAlbumak Music from the Motion Picture Pulp Fiction du izena eta honako zatiak ditu:
- The Pulp Fiction Theme - The Ventures
- Royale with Cheese - John Travolta (elkarrizketa)
- Jungle Boogie - Kool & The Gang
- Let's Stay Together - Al Green
- Bustin' Surfboards - The Tornadoes
- Lonesome Town - Ricky Nelson
- Son of A Preacher Man - Dusty Springfield
- Bullwinkle Part II - The Centurians
- You Never Can Tell - Chuck Berry
- Girl, You'll Be A Woman Soon - Urge Overkill
- If Love Is A Red Dress (Hang Me in Rags) - Maria McKee
- Comanche - The Revels
- Flowers on The Wall - The Statler Brothers
- Personality Goes A Long Way - John Travolta (elkarrizketa)
- Surf Rider - The Lively Ones
- Ezekiel 25:17 - Samuel L. Jackson (Izkribu Sakratuetatiko aipua)
Kanpo estekak
aldatu- Pulp Fiction filmaren iragarkia ikusgai. youtube.com (Ingelesez)
- Pulp Fiction filmaren IMDBko fitxa irakurgai (Ingelesez)
- Webgunea (Ingelesez)