Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza

Proiektutan Oinarritutako Ikaskuntza» orritik birbideratua)

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI edo PBL, Project-based learning) irakaskuntza-estrategia bat da, ikaslea, protagonista gisa, bere kabuz ikasteko gai dela oinarri moduan hartzen duena.[1]

Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza.

Metodologia honetan, ezagutza ikasteak edo trebetasuna eta jarrera eskuratzeak garrantzia bera dute. Garrantzitsua da ulertzea metodologia bat dela, eta ez irakasteko estrategia bat.[2] Ikasleak proiektu oso bat garatu behar du.

Ikaskuntza-prozesuaren paradigma klasikoa aldatu nahi du, non ikasleak sarri ez baitaki zertarako balio duen ikasten duenak, edo zergatik ikasi behar duen hori. Paradigma berri bat da, protagonismoa ikasleari ematen diona, bere rol pasiboa saihestuz, lanean bere parte-hartze aktibo eta kritikotik proiektuan definitu diren funtsezko helburuak lortzeko. 

Ikasle bakoitzak garun bakarra du, eta garunaren plastikotasunak ziurtatzen digu bere garapena. Saiatu behar gara pertsona bakoitzak garapen hori lor dezan, bere ikasketa-prozesuaren kontrola hartuta.[3]  POIk ikasle guztiei aukera ematen die modu inklusiboan ikasteko, ezagutza sozialki eraikiz.[4]

HistoriaAldatu

 
John Dewey, 1902.

Historiari erreparaturik, proiektuetan oinarritutako pedagogia John Dewey filosofoaren garaikoa da, proiektua talde txikietako jarduera kooperatibo gisa ikusten zuen eta rolak trukatzea eta lanak banatzea proposatzen zuen.[5]

Halere, ideia (project-based learning) William Heard Kilpatrickek zehaztu zuen 1918an, The Project Method izenburudun artikuluan. Metodologia horre arabera, i(ra)kaskuntza orok esperientziatik abiatu behar du lan emankorra helburu izanik. Beraz, proiektuen bidezko pedagogia praktika aktibotzat har genezake,

Metodologiaren ezaugarriakAldatu

Honela definitu zuen POI irakaskuntza-estrategia Itziar Uriartek[6]:

« Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ikaste-irakasteko modu kooperatiboa da eta ondorengo alderdiak betetzen ditu:
  • Ikaslea ikertzailea edota sortzailea bilakatzen da eta irakaslea gidari.
  • Erabiltzen diren materialak, baliabideak, askotarikoak dira.
  • Talde lana ezinbestekoa da. Ikasleak rol aktiboa du.
  • Xedea sorkuntza izanda, ikaste-irakaste prozesu aktibo eta esanguratsua gertatzen da.
  • Gaitasunen garapenarekin batera, edukien barneraketa ematen da.
  • Diziplinartekotasuna, hein batean edo bestean, modu naturalean ematen da.
»


NolaAldatu

Irakasleek ikasleak taldeetan antolatu eta lankidetza giroa sortu behar dute. Proiektua abiarazteko galdera bideratzaile bat ((Ingelesez) driving question), arazo egoera bat edo erronka bat proposatuko die taldeei. Talde guztiei erronka berdinak edo talde bakoitzari erronka edo galdera bideratzaile bana. Gero, irakasleek laguntzaile lanetan ibiliko dira, bideratzaile lanetan, protagonismoa ikasleek izan dezaten[7].

Nolako erronkak, nolako galdera bideratzaileakAldatu

Erronkak, edo gida-galderak, edo galdera bideratzaileak ikasleen aurreko ezagutza eta interesak kontuan hartuz ondo diseinatu behar dira.

Gida-galderak edo galdera bideratzaileak diseinatzean, honako ezaugarri hauek[8] izan ditzaten saiatu behar da. Komeni da:
 
Ikasle talde bat erronka bati aurre egiten. konpetentzia gehiago landuko dituzte talde elkarreragileetan lan eginez gero bakarka baino.
 
Ikaskuntza kooperatiboan talde elkarreragile heterogeneoak antolatzeko kontsigna egoten da. Irudiko taldeetan aniztasuna bilatu eta lortu omen da, baina taldeak handiegiak dira eta talde kopuru bakoitiak saihestu beharko lituzkete irakasleek.
 
Lau pertsonez osatutako talde heterogeneoak.
  • Ikasleengan ahalik eta konpetentzia gehien garatzeko beharra sortzea.
  • Ikasleek talde txikietan antolatzea. Laukotea da, egile askoren ustez, taldeak egiteko kopururik aproposena. (Ikus, lankidetzazko ikaskuntza eta talde elkarreragileak).
  • Galdera edo erronka nolabait probokatzaile izatea, ikasleak interesatuta eta motibatuta edukitzeko proiektu osoan, hasiera-hasieratik.
  • Goi-mailako gaitasun kognitiboak garatzea, informazioa integratzea, sintetizatzea, kritikatzea eta ebaluatzea dakartenak. (Ikus Bloom-en taxonomia).
  • Gaia hobeto ezagutu dadin sustatzea. Ikasleek alderdi eztabaidagarrienak identifikatu eta eztabaidatu behar dituzte. (Ikus ikaskuntza dialogikoa).
  • Erronka bat irudikatzea. Ikasleak ohiz kanpoko gaiei aurre egitera bultzatzea. Gai akademikoak eta tradizionalki ez hain akademikoak izan diren gaiak uztartzea komeni.
  • Erronkak edo arazo egoerak ikasleen munduan interesgarriak diren egoera edo arazo errealetatik atera behar dira, ez balizko fantasiazko mundu batetik. Horrela, ikasleak inguruko mundua aztertzera bultzatuak izango dira, eta beren komunitatea eta, oro har, gizartea hobetzen parte hartzera animatzeko ahaleginak egingo dira.
  • Ikaslearen hasierako ezagutzak, hasierako jarrerak, hasierako aurreiritziak, eta gaitasun maila oso kontuan hartu behar dira hasierako galdera bideratzailea(k) diseinatzerakoan. Ikaslearen interesak eta zaletasunak ere bai.
  • Curriculum-estandarrekin koherenteak izan behar dute. Ez da nahikoa galdera erakargarria izatea; gainera, beharrezkoa da ikasleek zehaztutako trebetasunak eta ezagutzak garatzea.
  • Arazo-egoerak, erronkak. Ikasleen erronkari aurre egiteko unean daukaten garapen kognitibo maila horretan, lortzeko moduko erronkak izan behar dute.
  • Irakasleak protagonismoa ikasleei utzi beharko die. Irakasleak, laguntzekotan, eskatutako laguntza batzuk bakarrik eskainiko ditu, baina ikasleak izan behar du bere ikaskuntza prozesuko protagonista nagusia. (Ikus, Konstruktibismoa). Irakasleak, laguntzekotan, aldamio egiturak eraikiko ditu ikasleek beren konpetentzien garapenaren eraikuntza sortzen duten bitartean.
  • Ikasleek eurek antolatuko dituzte sortutako talde elkarreragileak, barrutik antolatu dute zelan banatu rolak, nola banatu eginbeharrekoak, nola antolatu denbora... (Ikus, lankidetzazko ikaskuntza).
  • Ikasleek informazioa bilatuko dute, sailkatuko dute; fidagarria ez den informazioa baztertuko dute, eztabaidatu beharrekoak eztabaidatuko dituzte eta adostu beharrekoak adostuko dituzte. Hasierako ezagutza aberastuko dute, doituko dute, handituko dute.
  • Lortutako datuekin, lortutako informazioarekin, analisia eta sintesia egin beharko. Informazioa taldekideen artean partekatu beharko eta agian beste talde batzuetako ikasleekin ere informazioa partekatuko dute. Ideiak eztabaidatuko dituzte, zenbait adostasunetara iritsi beharko. Problema batzuk konpontzeko erabaki batzuk hartu beharko. Sormena beharko. Taldekideekin malgutasuna, Asertibotasuna.
  • Ekin, egin, eraiki, aplikatu, sortu, berregin, ezabatu, praktikan jarri, emendatu... Lanean, egiten ikasten da. Eroriz ikasten da oinez. Erroreetatik ere, asko ikas daiteke.
  • Amaierako ekoizpena. Prozesu osoaren helmugan ikasleek, talde eragileek, amaieran zer egingo duten hasieran aurreikusi eta amaieran gauzatuta ikusi beharko dute.
  • Ikasleek diseinatu beharko dituzte amaierako ekoizpen hori lortzeko ibilbidea zein izango den, ze baliabide beharko dituzten, nola lortuko dituzten baliabideak eta helburuak lortzea.
  • Erronkari onik aurre eginez gero, komeni da ikasleek egindako lana euskarri fisiko batean gauzatuta ikustea, blog batean, audio-grabazio batean, bideo batean, kartel batean...
 
Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza
  • Amaierako ekoizpena gauzatuta ikusi eta gero, komunikazio fase bat gehitzea oso interesgarri izan daiteke. Egindako lana nola egin duten, zergatik, nork egin du zer, zeintzuk izan dira zailtasunik nabarmenenak, nola gainditu dituzte zailtasun horiek, non trabatu dira, taldearen barneko gatazkak, nola konpondu diren gatazka horiek, zalantzak, nabarmentzeko kontuak...
  • Amaieran talde bezala eta norbanako bezala hasierako arazo-egoerari edo hasierako erronkari erantzun osoa eman zaiola ikusi beharko.
  • Proiektua beste talde batzuen aurrean aurkeztu egin beharko, defendatu beharko.
  • Prozesuan zehar etengabeko ebaluazioa egin behar dute ikasleek, taldeko ebaluazioa, norbanakoen autoebaluazioa eta heteroebaluazioa. Ebaluazio jarraitua, betiere prozesuetan nola hobetu asmatzeko xedeaz. Egindakoaz, prozesuaz, etengabeko hausnarketa, hainbat ikuspegitatik.
  • Ikasitakoa esanguratsua izan beharko. Ikasleak bere konpetentzietan aurreratu beharko, eta ez, besterik gabe eduki batzuk ikasi.

Gida-galderak. Adibide eta egitura batzukAldatu

Gida-galderak edo galdera bideratzaileak ondo garatzea ez da erraza, ez baitago jarraitu beharreko formula espezifikorik[9]. Hona hemen adibide eta egitura batzuk:

  • Errealitate hurbileko arazo bat konpontzea:
 
Taldeka helburuak finkatzen eta estrategiak adosten.
Mundu errealeko egoera bat edo, besterik ezean, mundu errealeko egoera batean ondo oinarritutako eredu praktiko bat, irtenbide ugarirekin. Esate baterako: Nola ezaba ditzakegu herriko sarrerako auto-ilarak? Nola edertu dezakegu gure Eskola kaleko orube hutsa ahalik eta euro gutxien xahutuz? Zein da gure eskolan gripea gelditzeko modurik onena? Bazkaltzeko menu hobea diseinatzea behar dugu, barazki eta fruitu gehiago sartuz. Zubi seguru eta erresistente baten zotzez egindako diseinua, gure hirian dagoen toki bateko maketa izango dena...




  • Hezkuntza:
Proiektuaren helburua besteei irakastea da. Nola irakats diezaiekegu beheko mailetako ikasleei zomorro erabilgarriei buruz? Nola irakats diezaiekegu adinekoei tableta bat nola erabili? Adinekoei erakusteko publizitate kanpaina bat sortuko dugu euren neurrira? Zer jakin behar dute (dugu) gure ikastetxeko ikasleek errespetuz jokatzeari buruz? Ze eskola-arautegi berri proposa dezakegu guztion onerako?
  • Beste batzuk konbentzitzea:
Ikasleek publiko jakin bat konbentzitu nahi dute zerbait egitera edo iritziak aldatzera. Zerbitzu publikoko iragarki bat sortzea, publizitate kanpaina bat, nerabeak ur gehiago edatera limurtzeko eta freskagarri azukredun gutxiago. Merkataritza-guneetako erosleak beren erosketa-orgatxoak itzultzeko konbentzitzea. Nola konbentzitu dezakegu gure ikasketa-burua maiatzean jai bat izan behar dugula?
  • Eztabaidarako gai orokorra:
Proiektuak ideia nagusiak jorratzen ditu. Zer esan nahi du irakurtzeak? Zertarako balio du matematika jakiteak? Nola eragiten dute matematikak artean? Nola konbentzitu beste idazle batzuk? Nola daude ondo eta gaizki ordezkatuta kultura desberdinetan? Merezi du hizkuntza gutxiagotuak ikastea ala guztiok ingelesez eta txinoz egingo bagenu askoz hobeto?
  • Iritzia:
Ikasleek gai baten alderdi guztiak hartu behar dituzte kontuan, beren iritziak prestatu eta justifikatzeko. Maskotak ikasgelan utzi behar dira? Esku-telefonoak? Zergatik ez da inoiz emakume bat AEBko presidente izan? Eta Frantzian? Eta Espainian, Eta EAEn? Zer egiten du astronauta on batek? Zer da zailago Olinpiadetan parte hartzea ala EHUko fakultate jakin batzuetan ikasteko leku bat lortzea? Zergatik?
  • Ikuspegi dibergenteak:
Ikasleek iragarpenak egiten dituzte epeei eta eszenatoki alternatiboei buruz. Zer gertatuko zen Rosa Parksek eserlekuari uko egin izan balio? Eta bihar mundua petroliorik gabe geratuko balitz? Nola aldatuko litzateke zure hiria klima 10° C beroago bihurtuko balitz? Aguantatuko zenukete 7 egunez euskara hutsean bizitzen, erdaretara jo gabe. Eta 1.000.000 €ko diru-sari baten truke? Nor bizi da hobeto, zu ala XIV. mendeko pertsonarik aberatsena?
  • Balizko denbora edo agertokietan oinarritutako gida-galderak:
Ikasleek fikziozko papera hartzen dute, bete beharreko eginkizun batekin. NASAko ingeniaria zara eta ilargi-base bat eraikitzeaz arduratzen zara. Zein dira sartzeko hamar gauza garrantzitsuenak eta zergatik? Imajinatu Jorge erregea zarela. Zer egingo zuen bestela Amerikaren zati bat Ingalaterrako inperioaren barruan mantentzeko? Gizarte-hedabideen aplikazio berri bat diseinatzen ari den konpainia baten CEOa zara. Inbertitzaileei negozio-plan bat aurkeztea, enpresak dirua nola irabaziko duen azaltzeko. Tokiko merkataritza-gunea berritzeko kontratatu zaituzte. Negozioa handitzeko plan bat sortuko dugu. Zer erakutsiko zenieke zure herrikideei bat-batean, istripu kosmiko batengatik, Erdi Aroan agertuko bazina dakizun horrekin guztiarekin?

Irakasleek oso kontuan izan behar dute gaiak, erronkak, gida-galderak, ikasleentzat izan behar dutela erakargarri. Irakaslearentzat interes handiko kontua izateak ez dakar, automatikoki, bere ikasleentzat ere interesgarria izango denik. Irakasleak ziurtatu behar du gida-galdera erakargarriak sortzen dituela ikasleentzat, eta horientzat lor daitekeen irtenbideak irakasleak berak ere bilatu behar dituela.

OnurakAldatu

 
Lankidetzazko ikaskuntzarekin ikasleek ideiak partekatu, iritziak eman eta irtenbideak aurkitu behar.

Metodologia hau ikaskuntza prozesuetan erabiltzeak hainbat onura[10] dakartza:

  • Ikasleek hainbat gaitasun eta konpetentzia garatzen dituzte: taldean lan egiteko, proiektuak aurkezteko, komunikatzeko gaitasuna, erabakiak hartzeko eta denbora kudeatzeko gaitasunak. (Blank, 1997; Dickinson et al, 1998).
  • Motibazioa handitzen da. Bertaratzea eta parte-hartzea handiagoa da. (Bottoms & Webb, 1998; Moursund, Bielefeldt, & Underwood, 1997).
  • Asebetetzea hobea da eta ikasleak lan-munduan aurkituko dituzten egoera errealei aurre egiteko trebatuago daude (Sánchez, 2013).
  • Eskola eta errealitatea uztartzen dira. Ikasleek ezagutza eta gaitasun gehiago barneratzen dituzte proiektu estimulatzaileekin ari direnean. Proiektuen bidez, ikasleek loturarik gabeko datuak memorizatzean baino goragoko gaitasun mentalak darabiltzate. Mundu errealean noiz eta non erabil daitezkeen azpimarratzen da (Blank, 1997; Bottoms & Webb, 1998; Reyes, 1998).
  • Lankidetzazko ikaskuntzarekin ikasleek ideiak partekatu, iritziak eman eta irtenbideak aurkitu behar dituzte, gaitasun horiek guztiak erabilgarriak izango dira etorkizuneko lanpostuetan (Bryson, 1994; Reyes, 1998; Sánchez, 2013). Beraz, komunikazio-gaitasunak eta gizarte-gaitasunak garatzen dituzte.
  • Arazoak konpontzeko gaitasuna handitzen da (Moursund, Bielefeld, & Underwood, 1997).
  • Autoestimua handitzen da. Ikasleak harro dira eskolatik kanpo balioa duen zerbait lortzeaz eta eskolari edo komunitateari ekarpena egiteaz. (Jobs for the future).
  • Teknologia erabiltzen era praktikoan ikasten da. (Kadel, 1999; Moursund, Bielefeldt, & Underwood, 1997).

Laburbilduz, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzak (POIk) honetan laguntzen die ikasleei: oinarrizko ezagutza, edukiak, eta gaitasunak barneratzen, arazo konplexuei irtenbidea aurkitzen eta ezagutzak eta gaitasunak erabiliz lan zailak egiten.

KritikakAldatu

POI irakaskuntza-estrategiari egiten zaion lehenengo kritika hauxe izaten da: sistema horrekin edukiak murriztu egiten dira. Sistemaren defendatzaileek kritika horri erantzuten diote bi argudiorekin: eduki gutxiago baina esanguratsuagoak, ikasleen interesei lotuagoak[11], landuko dira. Eduki horiek hobeto, sakonago, landuko dira beste sistema batzuekin baino.

ErreferentziakAldatu

  1. Maite Goñi. (2012-09-14). Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza. (Noiz kontsultatua: 2017-05-17).
  2. http://www.eduteka.org/AprendizajePorProyectos.php ABP en Eduteka
  3. Vygotsky, L. (1979). El desarrollo de los procesos psicológicos superiores. Barcelona: Crítica.
  4. López Melero, M. (2004). Construyendo una escuela sin exclusiones. Una forma de trabajar con proyectos en el aula. Málaga. Aljibe.
  5. (Frantsesez) Pédagogie de projet. 2020-01-01 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  6. UEU. «Gaitasunen garapena lortzeko parte-hartze aktiboa eta motibazioa kontutan hartzen duen ikaste-irakasteko era honek» unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2018/01/18).
  7. (Gaztelaniaz) «Diseño de la pregunta guía (driving question) | Aprendizaje basado en proyectos» formacion.intef.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-13).
  8. (Ingelesez) «Crafting Questions That Drive Projects» Learning in Hand with Tony Vincent (Noiz kontsultatua: 2020-11-13).
  9. (Ingelesez) «How to Write Effective Driving Questions for Project-Based Learning» Edutopia (Noiz kontsultatua: 2020-11-13).
  10. (Gaztelaniaz) Aprendizaje basado en proyectos. 2020-02-08 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  11. (Gaztelaniaz) No todo vale en ABP (Aprendizaje Basado en Proyectos). (Noiz kontsultatua: 2018-08-19).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu