Postmaterialista terminoak helburu konkretu batzuei garrantzia ematearen fenomenoari erreferentzia egiteko balio du, norbanakoak segurtasun materiala eskuratu ostean eta eskuratu duelako. Postmaterialismo kontzeptuak gizarte modernoetan egondako balioen aldaketa bati egiten dio erreferentzia eta Ronald F. Inglehart izan zen fenomeno hau aztertu zuen autore nagusia. Egilearen arabera, aldaketa kulturalerako tendentzia hau, segurtasun ekonomikoaren eta hazkunde ekonomikoaren ondorioa da[1]. Beraz, postmaterialismo kontzeptuak deskribatzen du garapen indibiduala eta autoestimua bezalako balioak (balio materialak beharrean) gizartean zein neurritan dauden baloratuak.

Ingurumenaren zaintza eta komunitate zentzua, balio postmaterialisten adibidea

Halaber, tendentzia postmaterialistaren arabera gizartearen garapen sozioekonomikoaren eta Ongizate Estatuaren ondorioz, aldaketa intergenerazional bat gertatu da balio materialista eta postmaterialistei dagokienez. Zentzu horretan postmaterialistek ez dute segurtasun ekonomiko eta fisikoa gaizki edo era negatibo batean baloratzen, aitzitik, balioan jartzen dute, gizarte guztiak bezala, baina materialistak ez bezala lehentasuna ematen diote norbanakoaren adierazpen eta subjektibotasunei. Postmaterialismoa bi azpi-hipotesitan oinarriturik dago: sozializazioaren hipotesia eta  eskasiaren hipotesia.

Postmaterialismoaren hipotesiak

aldatu

Ingleharten teoriaren arabera, postmaterialismoak dituen bi azpi-hipotesi nagusienak eskasiaren hipotesia eta sozializazioaren hipotesia dira[2].

 
Maslowen piramidea.

Eskasiaren hipotesia

aldatu

Eskasiaren hipotesiaren arabera, jendearen lehentasunek ingurune ekonomikoa islatzen dute. Gizabanakoek balio handiagoa ematen diete urri samarrak diren gauzei. Eskasiaren ikuskera hori Maslowren beharren hierarkian oinarritzen da. Gizakiek premiazkoenak zaizkien beharrei erantzuten diete lehenik, eta behin horiek asetzen dituztenean soilik jotzen dute bestelako beharretara. Oinarrizko beharrak fisiologikoak dira, baita segurtasun fisiko eta ekonomikoari lotutakoak ere. Baina gizakien behar horiek asetu egiten direnean, honek hain materialistak ez diren behar batzuetara jotzen du, sinbolikoagoak eta adierazkorragoak diren beste balio batzuetara, alegia. Besteak beste: harreman sozialak, bizi-kalitatea, autoerrealizazioa… Izan ere, Ingleharten arabera, jendearen balioek ez dute zuzenean islatzen haien benetako segurtasun materiala, baizik eta haietaz duten pertzepzio subjektiboa. Pertzepzio hori helduen aurreko sozializazioak asko baldintzatuko luke, «urte harrigarrien» ikaskuntza politikoaren ereduari jarraituz.[3]

Sozializazioaren hipotesia

aldatu

Sozializazioaren hipotesiaren arabera, heldu-aurreko etapan gabezia materiala eta segurtasun ekonomiko eza bizi izan duten pertsonak, esperientzia horrek baldintzatuak izango dira euren bizitzan zehar. Hau da, nahiz eta haien bizi-baldintzak gerora hobetzen badiren ere, gaztaroan urriak ziren alderdi materialak baloratzen jarraituko dute. Eta, era berean, ongizate ekonomikoa bizi duen jendea ez da soilik bere behar materialak asetzera mugatzen, nolabait, emanak datozelako. Hartara, beste behar subjetiboagoetara jotzen dute.

Gizarteratze-hipotesiari jarraiki, Inglehartek dio balio postmaterialisten hedapena ez dela automatikoki gertatzen. Pixkanaka gertatzen joan izan dela, batez ere belaunaldien ordezkapenaren ondorioz: belaunaldi berri postmaterialistagoak sortzen joan izan dira balio materialistak dituzten belaunaldi zaharren ordez. Inglehartek (1990) ezartzen duen bezala, paradigma aldaketa hau segurtasun ekonomikoa eta fisikoa nabarmen handitu izanaren ondorio da. Halaber, gehitzen du adin-taldeen arteko aldeak ziurrenik mantenduko direla, talde horiek prestakuntza eta esperientzia desberdinak bizi izan dituztelako.[4]

Balio postmaterialistak

aldatu
 
Raymond Boudon, balio postmaterialistak kokatu zuena

Raymond Boudon eta François Bourricaud egileen arabera, balioen esanahia hurrengoa da: «Balioak, testuinguru instituzional batean agertzen diren lehentasun kolektiboak baino ez dira, eta, sortzen diren moduagatik, testuinguru hori arautzen laguntzen dute».[5]

Ronald Inglehart-en ustez, II. Mundu Gerraz geroztik, balio materialisten lehentasunetik (bizirik irauteko balioak: arau judeokristau tradizionalak, ongizate ekonomikoa, segurtasun militarra, barne-ordena) balio postmaterialistetara (autoadierazpenaren balioak: ingurumena, bizi-kalitatea, norberaren autoadierazpena, armagabetzea) aldatzeko joera globala erregistratzen ari da.

Arreta-gunea gai politiko berrietara eramatea ekarri du, eta gizarte-mugimendu berrien bultzada nabarmena eragin du:

  • Balio materialista zaharrak (diru-sarrera handiak, hazkundea, ordena, segurtasuna) balio postmaterialista berriek (autoerrealizazioa, parte-hartzea, oreka ekologikoa) lekualdatu dituzte.
  • Adin-talde gazteenek indar gutxiago jartzen dute zaharrek baino segurtasun fisiko eta ekonomikoan, eta, alderantziz, adin-talde gazteenek joera dute premia ez-materialei lehentasuna emateko, hala nola komunitate-zentzuari eta bizi-kalitateari.
  • Iraultza isil baten joera daukaten herrialde industrializatuetako balio-aldaketaren bidez gertatzen dena. Honen adibideak ematen dira joera berdean, slowfood-ean, bizi kalitate handiagoaren balioaren gero eta garrantzi handiagoan, branding emozionalean, gardentasun korporatiboan edo autoadierazpen indibidualean, besteak beste.

Modu horretan, balio materialistak eta postmaterialistak hurrengo taularen bidez aldendu ahal dira, hauen adibideak erabiliz.

Balore materialistak Balore postmaterialistak
Ongizate ekonomikoa Ingurumenaren zaintza
Segurtasun militarra Adierazpen indibiduala
Barne ordena Bizitzaren kalitatea

Postmaterialismoari kritika

aldatu
 
Jorge Riechman, postmaterialismoaren kritikaren autore bat

Postmaterialismoaren teoriak kritikak izan ditu denboran zehar, autore desberdinetatik sortutakoak, haien artean Jorge Riechman, Francisco Fernandez Buey, Clive Bean edo Elim Papadakis.

Riechman-Buey-ren kritika postmaterialista

aldatu

Bi autore hauen arabera, postmaterialismoaren teoria ez da gizartearen errealitatearen azalpen egokia. Hauen ustez teoria hau mugatua dago, egungo arazo sozialen konplexutasuna kontuan hartzen ez duelako.

Egileek diote desberdintasun soziala, zapalkuntza eta esplotazioa oraindik ere badaudela gizarte aurreratuetan, eta gai horiek kezka sortzen dutela pertsona askorengan. Gainera, argudiatzen dute postmaterialismoaren kontzeptuak ez dituela kontuan hartzen gizarte-mugimendu berrien borrokak, gizarte garaikidearen zapalkuntza- eta esplotazio-modu berriei erantzuteko sortzen direnak. Gizarte mugimendu horien testuinguruan, mugimendu sozial berriak sortzen dira identitatearen, kulturaren, askatasunaren eta duintasunaren balioen arabera, eta ez bakarrik balio material edo ekonomikoetan oinarrituz.

Postmaterialismoaren aurrean, Riechmannek eta Fernandezek alternatiba bat proposatzen dute egungo borroka sozialen konplexutasuna kontuan hartuko duen ikuspegi berri bat proposatuz, behar materialak zein ez-materialak kontuan hartu behar dituena[6].

Bean-Papadakis-en kritika postmaterialista

aldatu

Bean eta Papadakisek postmaterialismoa kontzeptuaren dimentsionaltasuna aztertzen dute materialismo-postmaterialismoaren eskalan bere kritika osatzeko.

Beraien azterketaren arabera, agerian geratzen da materialismo-postmaterialismo eskalak bi dimentsio desberdin dituela: batetik, balio materialen garrantziarekin lotzen dena, hala nola diruarekin eta jabetzarekin, eta, bestetik, balio postmaterialen garrantziarekin lotzen den beste dimentsio bat, hala nola askatasuna eta berdintasuna.

Analisi honen ondorioz, bi autoreek erakusten dute postmaterialismoaren kontzeptua ez dela dimentsio bakar batekoa, baizik eta eraikuntza hau aztertzean kontuan hartu behar diren balio materialak eta postmaterialak bereizten direla. Horrek ondorio garrantzitsuak dauzka gizarte garaikideetako gizarte- eta kultura-aldaketen ikerketan eta azterketan beraien ustez.[7]

Postmaterialismoa Euskal Herrian

aldatu

Balore postmaterialistak EAE-ko biztanlerian duten zabalkuntza aztertzeko Eusko Jaurlaritzak txostenen bidezko ikerketak egin ditu urteetan zehar, haien artean Euskal Soziometroa.

1996ko Euskal Soziometroa

aldatu

1996ko martxoan Euskal Soziometroak argitaraturiko txostenaren arabera[8], zeinak Euskal gizartearen alderdi garrantzitsuenak neurtzea duen xede nagusi, EAEko gizartearen erdiak (%51) balio mixtoak, hau da, materialista zein postmaterialistak zituen. Beraz, gizartearen gehiengoa bi balio moten alde agertu zen, haientzako lehentasunezkoa zela adieraziz hazkunde ekonomikoa, baina baita parte-hartze politikoa ere. Gainerakoaren %29ak balio postmaterialistak (soilik) zituela adierazi zuen, parte-hartze maila handiagoa defendatuz maila komunitario eta laboralean, bai eta gobernu mailan ere. Beste balio postmaterialista horien artean adierazpen askatasunaren defentsa eta gizarte “gizatiarrago” bat aldarrikatzea jaso ziren, helburu horiek guztiak ordena sozialaren eta segurtasun ekonomikoaren gainetik jarriz. EAEko gizartearen beste %21a, ordea, soilik balio materialisten alde agertu zen.

Horretaz gain, txostenak aipatzen du euren burua ezkertiartzat zuten pertsonak nabarmentzekoak direla politikan zein postmaterialismoan zuten interesagatik. Gainera, uste zuten herritarrek gobernuan zuten eragiteko gaitasuna urria zela eta parte-hartze politiko-sozialerako maila handiagoen alde egiten zuten. Eskuindarrak, ordea, autoritateek diotenarekin bete behar dela adierazi zuten eta asebete handiagoa adierazi zuten administrazioarekiko, bai eta erlijioarekiko ardura handi bat ere.

Bestetik, txostenak dio, oro har, euskal herritarrak ez zirela espainolak bezain idealista, autoritario eta tradizionalak. Bai EAEn zein Espainian eta Europan, aukera erreformista nagusitzen zen, eta EAEko kontserbadurismo maila Europako herrialdeena baino altuagoa zen. Euskal herritarrak politikarengatik arduratuagoak azaldu ziren espainolak baino eta erlijioarengatik desinteresatuago. Halaber, EAEko postmaterialismo maila Espainiar Estatuarena baino altuagoa zen.

Gainera, soziometroak nabarmentzen du, 1990eko hamarkadan balio postmaterialistak izateko tendentzia handia dutela hurrengo pertsonak: 18 eta 45 urte tarteko pertsonak, ikasketa maila handiagoa duten pertsonak, klase ertain-altuko pertsonak.

Orokorrean, beraz, txostenak urritasunaren hipotesia berretsi egiten du, zeinak dioen segurtasun maila handiagoko talde-sozialak, finean status ekonomiko handiago bat dutenak, balio postmaterialisten maila altuago bat adierazten duten. Halaber, txostenak ere badio sozializazioaren hipotesia bete egiten dela, zeinaren aburuz gizarte industrial garatuetan ongizate ekonomiko eta fisiko bat behin bermatuta adin mailaren eta balio post materialisten arteko harremana alderantzizko proportzionala den. Hau da, gero eta adin txikiagoa izan orduan eta balio materialista gehiago.

2014ko Gazteen Argazkiak

aldatu

Gazteen Arkazkiak gazteriaren ikuspuntuak bilduz Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen txostena da. 2014ko Gazteen Argazkietan txostenaren arabera, 2013 urtean gazteen (15-29 urte artekoak) %12-ak balore materialistei garrantzia gehiago ematen zion, %57-ak baloreekiko ikuspegi mistoa zeukan, hau da, balore materialistei eta postmaterialistei antzeko balorea ematen zion, eta %31-ak balore postmaterialistei garrantzia gehiago ematen zion. 1996ko Euskal soziometroarekin konparatzen bada, ikusi ahal da balore mistoak eta balore postmaterialisten garrantzia handitu egin zela, eta, horren kontrara, balore materialistei garrantzia gehien ematen dioten pertsonen ehunekoa txikitu egin zela.

Aldiz, 30 urte baino gehiagoko biztanleriaren aldetik, %17-ak balore materialistei garrantzia gehiago ematen zion, %60-ak baloreekiko ikuspegi mistoa zeukan eta %23-ak balore postmaterialistei garrantzia gehiago ematen zion. 15-29 urte artekoko adin tartearekin konparatzen bada, 30 urte baino gehiagoko biztanleriak balore materialistei eta balore mistoei garrantzia gehiago ematen zion, eta aldiz, balore posmaterialistak ehuneko txikiago batek zeuzkan.[9]

Erreferentziak

aldatu
  1. Inglehart, Ronald. (1997). Modernization and postmodernization : cultural, economic, and political change in 43 societies. Princeton University Press ISBN 0-691-01181-8. PMC 36133376. (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).
  2. (Gaztelaniaz) Tormos, Raul. (2012). Valores postmaterialistas y aprendizaje político adulto. El cambio de valores intracohorte en Europa Occidental. Reis: Revista española de investigaciones sociológicas, 89-119 or..
  3. Maslow, Abraham H.. (2013). A theory of human motivation. Wilder Publications ISBN 978-1-62755-467-1. PMC 1012877048. (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  4. Inglehart, Ronald. (1977). The silent revolution : changing values and political styles among Western publics. Princeton University Press ISBN 0-691-07585-9. PMC 3003661. (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
  5. (Gaztelaniaz) Velilla, Javier. (2023). El auge de los valores postmaterialistas segun Ronald Inglehart. .
  6. (Gaztelaniaz) Riechman, Fernandez Buey, Jorge, Francisco. (1995). [http://theomai.unq.edu.ar/conflictos_sociales/Reichmann-Fernandez_IntroNuevos-Mov-Sociales.pdf Redes que dan libertad: Introducción a los nuevos movimientos sociales. ] Paidós.
  7. (Ingelesez) Bean, Papadakis, Clive, Elim. (1994). «POLARIZED PRIORITIES OR FLEXIBLE ALTERNATIVES? DIMENSIONALITY IN INGLEHART'S MATERIALISM—POSTMATERIALISM SCALE» International Journal of Public Opinion Research 6: 264-288..
  8. (Gaztelaniaz) Sociometro Vasco. , 33-36 or..
  9. {{eu es}} Gazteen Argazkiak 17. , 38-39 or..

Kanpo estekak

aldatu