Porrat

Valentziako Erkidegoan egiten den azoka/erromeria herrikoia

Porrat-ak Valentziako Erkidegoan egiten diren azoka/erromeria herrikoiak dira.

Porrat
Gozoki postua porrat batean
TokiaValentziako Erkidegoa
Data

Izena aldatu

Porrat hitza torrat hitzaren aldaera da (= "txigortua"), eta jatorriz era horretan prestatutako txitxirioari (cigrons torrats) egiten dio erreferentzia.

Jatorria aldatu

 
Txitxirio (Cicer arietinum) haziak bere leketan.

Ohitura honen jatorria nekazaritzan eta abeltzaintzan dago, kultura askotan jainkoei uzta onak eta abereen ugaltzea eskatzeko egiten zaien errituen testuinguruan.[1]

Pascual Perez Rodriguez XIX. mendeko idazlearentzat, fruitu lehor eta txigortuak saltzeko ohitura Erromatar Inperioaren garaitik letorke; Perezen arabera, Horaziok Epistula ad Pisones idazlanean adierazten baitu erromatarren artean oso zabaldua zegoela txitxirio erreak jatea, denbora-pasa edo zizka-mizka bezala.

Joan-Lluis Corbinek, ostera, ohitura honen jatorria Valentziako Erdi Aro musulmanean kokatzen du. Txitxirio txigortuak musulman valentziarren ospakizunetako janaria ziren (bereziki ezkontzetan, ezkongaiei eskaintza bezala ematen baitzitzaizkien); eta, oro har, garai hartako musulmanen artean fruitu lehorrekiko zaletasun handia zegoen.

XIII. mendean kristauek Valentzia konkistatu eta gero, Sant Donis eguna (Jakue I.a Aragoikoa hiriaz jabetu zenekoa) ospakizuna bihurtu zen. Porraten ohitura, gaur egunean ospatzen den bezala, ordukoa dela uste da. Hasieran, data horretan bedaurrak, eskuzuriak, babak, almendrak eta txitxirioak oparitzen ziren; denborarekin produktu hauek aldatuz joan baziren ere, ospakizunak berak hedapen handia izan zuen kale, auzo eta herrietan; normalean baselizaren baten aurrean.[2]

Ezaugarriak aldatu

 
Sant Maciàren porrata Ròtovan.

Porratak santu baten omenez egin ohi dira, bere izeneko baseliza edo santutegiaren babespean.[3] Ospakizunaren zatirik garrantzitsua aire zabalean eginiko azoka izaten da, jai erlijiosoaren ekitaldi nagusitzat hartzen dena, ospakizun osoari izena emanez (herri hizkeran, "anar al porrat" erromeriako edozein ekitalditara joatearen sinonimoa da), non tradizionalki fruitu lehorrak eta gozoki bereziak saldu izan diren. Halere, leku batzuetan, azoka hauek mota guztietako salgaiak eskaintzen diren azoka arruntak bihurtu dira.

Azoka zamau garbiekin ezarritako mahaietan ezartzen da, fruitu lehorrak gainean ezarriz. Ohitura zaharrean, erosleak salgaiak musuzapi batean eramaten zituen, eta arrazoi horregatik leku batzuetan jaialdiari mocadorada esaten zaio.[3]

Egutegia aldatu

 
Sant Antoniren porrata Beniopan.

Porrat ezagunenak San Antonioren omenez ospatzen dira (Gandía, Oliva, Benirredrá, La Font d'en Carròs, Elx ); urteko lehenak dira ("Dels porrats de gener, Sant Antoni és el primer") eta bertan, besteak beste, etxeko animaliak bedeinkatzen dira.

Beste santuen omenez ere egiten dira, hala nola, San Blas ( Potríes-en ), San Matías ( Rótova-n ), San Lorenzo ( Tabernes de la Valldigna-n ), San Abdón eta San Senén ( Alquería de la Condesa-n ), San Francisco Paula ( Alacuás-en ), Santa Bárbara ( Moncada-n ), Kalbarioko Kristo Santua (Llanera de Ranes).

Urteko azkena abenduan izaten da, Santa Luzia egunean.[2]

Valentziako eskualdeen artean, entzutetsuenak Saforrekoak dira, festarik festa "Ruta dels Porrats" egiteko aukera ematen duelarik. Aldaera lokal bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta beste hainbat ekitaldiz laguntzen dira (herri bazkariak, correfocs, prozesioak, pregoiak...). Denen artean jendetsuena Potriesko San Blasekoa da.[4]

Valentziako hiriburuan ere, urte hasieran, porratak ospatzen ziren hiriko santu desberdinen omenez, jendetza ugaria bilduz. Porrat ezagunenak urteko lehena ziren (Sant Antoni el barbut edo del Porquet), Urtarrilaren 17 Sagunto kalean; gero zetozen San Bizente (la Roqueta), San Valero (Ruzafa), eta beste batzuk, otsailaren amaiera arte luzatzen zirenak.

Erreferentziak aldatu

  1. Informe sobre la declaració com a Bé d'Interés Cultural Immaterial del Porrat de Potries. http://cvc.gva.es/.
  2. a b «La tradición de los ‘porrats’. lasprovincias.es» www.lasprovincias.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  3. a b Temes d'etnografia valenciana. Institució Alfons el Magnànim, Diputació de València [1983?]-<1991> ISBN 84-00-05418-0. PMC 11345949. (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  4. (Gaztelaniaz) «La Ruta dels Porrats de La Safor. Una tradición recuperada» Turisteando por Gandia 2020-01-04 (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).

Kanpo estekak aldatu