Porfirogenetaren jauregia

Porfirogenetaren jauregia (grezieraz τὰ βασίλεια τοῦ Πορφυρογεννήτου, turkieraz Tekfur Sarayı, "erregeren jauregia") XIII. mendeko Bizantziar garaiko jauregia da, Istanbulgo auzo zaharraren ipar-mendebaldean kokatua. Oraindik hirian zutik dirauen bizantziar jauregi bakarra da eta munduko bizantziar arkitektura zibil berantiarraren adibide bakanetakoa. Inperioaren amaiera aldean, enperadoreen egoitza inperiala izan zen.

Porfirogenetaren jauregia
ipar fatxada egun
Irudi gehiago
Kokapena
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaIstanbul probintzia
Metropolitan municipality in TurkeyIstanbul
Koordenatuak41°02′02″N 28°56′25″E / 41.03389°N 28.94028°E / 41.03389; 28.94028
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaKonstantinos Palaiologos (en) Itzuli
Arkitektura
Estiloabizantziar arkitektura

Historia

aldatu

Jauregia XII. mende amaieran eta XIII. mende hasieran eraiki zen, Blachernae jauregi multzoaren zati gisa, Teodosioren harresiek Blachernae errebaleko harresiekin elkartzen diren tokian. Nahiz eta lehen begiratuan, jauregiaren izena Konstantino VII.a Porfirogeneta enperadorearen omenezkoa dirudien, egia esan, Konstantino Paleologoreen omenezkoa da, Mikel VIII.a Paleologoren semea[1]. Porfirogeneta esapideak "porfiroan jaioa" esan nahi du, hau da, agintean dagoen enperadore batengandik jaioa, jauregi inperialean jaiotzen zirenak porfiroz estalitako gela batean jaiotzen baitziren.

Otomandarrek 1453an hiria bereganatu zutenean, jauregiak kalte larriak jasan zituen, kanpoko harresietatik hurbil baitzegoen. Gero, erabilera ugari izan zituen. XVI eta XVII. mendeetan sultanaren zoologikoa zegoen bertan. Animaliak lekuz aldatu zituzten XVII. mende amaieran eta eraikina burdela izatera igaro zen. !719tik aurrera, Tekfur Sarayı zeramika lantegiak ezarri ziren bertan eta Iznikeko zeramiken antzekoak ekoizten hasi ziren, baina europar diseinu eta koloreen eraginarekin. Zeramikazko lauzak egiteaz gain, baxera eta platerak ere egiten zituzten bertan. Mende bat inguru iraun zuen jarduerak, XIX. mende erdialdean porrot egin zuen arte. Orduan, juduentzako txiro etxe bihurtu zen. XX. mendean botila fabrika bihurtu zen, baina gutxi iraun eta bertan behera utzi zuten eraikina. Erabileraz hainbeste aldatu zenez, gaur egun jatorrizko adreilu eta harrizko hormak baino ez dira geratzen. 2010ean zaharberritze lanak hasi ziren.

Arkitektura

aldatu

Jauregia hiru solairuko eraikina da, Teodosioren harresien iparraldeko erpineko kanpoko eta barneko murruen artean kokatua. Behe solairuak arkupe bat du, lau arkuduna, patio batera irekiak. Lehen solairuak bost leiho handi ditu, patio berbererantz. Goiko solairuak lau aldeetan leihoak ditu. Ekialdean, balkoi baten arrastoa dago.

Hormak diseinu geometriko landuak dituzte, adreilu gorria eta haitzurdin zuria erabiliz, bizantziar garai berantiarrean ohikoak direnak.

Irudiak

aldatu

Bibliografia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Treadgold (1997), p. 746

Kanpo estekak

aldatu