Streptococcus pneumoniae

Pneumoni eta bronkopneumoni forma arruntenak sortzen dituen mikroorganismoa
Pneumococcus» orritik birbideratua)

Streptococcus pneumoniae bakterio gram-positiboa da, pneumokoko izenarekin ere ezagutzen dena. Estreptokoko patogenoen Viridans taldean sailkatzen da. Ez du kate luzerik osatzen, bakterio-bikoteak baizik (diplokokoak), eta eritrozitoen hemolisi partziala eragiten du.

Streptococcus pneumoniae
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacillati
FilumaBacillota
KlaseaBacilli
OrdenaLactobacillales
FamiliaStreptococcaceae
GeneroaStreptococcus
Espeziea Streptococcus pneumoniae
[[|]]
Datu orokorrak
Gaixotasunapneumococcal infection (en) Itzuli
Gram tindaketaGrampositibo

Ez da mugikorra. Anaerobio aerotoleratzailea da, nasofaringeko biofilm eraketaren sustatzailea da eta baita katalasa (-) eta oxidasa (-) ere.

Bakterio honek infekzio asko sor ditzake gizakiarengan: pneumonia eta meningitisa, gehienbat, baina baita sinusitisa, peritonitisa eta otitisa ere. Mikrobio ahula da, aske bizi ezin duena, bizkarroi-bizitzera derrigorrez moldatua.

Populazioaren %40 inguru mikrobio honen eramailea da, gaixorik izan gabe. Nasofaringean kokatzen da pneumokokoa. Immunitate-sistemak behera egiten duenean garatzen du mikrobio honek bere ahalmen patogenoa, beraz, oportunista da (gripeak jota daudenengan pneumonia bakteriarra agertzea horren adibidea da). Haurrak, zaharrak eta immunogutxituak dira pneumokokoak gehien jotzen dituenak.


Infekzio prozesua

Ostalariak S. pneumoniae ezagutzen duenean, zenbait errezeptore erabiliz erantzun immunologikoak bultzatzen ditu, adibidez Toll-like receptor (TLR). Bakterioak zelula ostalarien gainazalean kokatutako TLR2 eta TLR4 bidez ezagutzen dira. TLR2-ak pneumokokoen horma zelularraren osagaiak eta lipoproteinak ezagutzen ditu, eta TLR4-ak pneumolysin-a hautematen du, poroak sortzen dituen toxina. Orokorrean, biek neutrofiloen aktibazioa bultzatzen dute eta apoptosia inhibitzen dute.

Hala ere, infekzio prozesuetan, S. pneumoniae-k ostalariaren immunitatea saihestu behar du erreplikatzeko. Horretarako, zelula pneumokokoen gainazaleko proteinak dituzte, adesina eta/edo faktore antifagozitiko gisa funtzionatzen dutenak. Adibidez, plasmina eta fibronektina lotzen dituen A proteina (PfbA) dauka bere zelulen gainazalean, fibronektinaren menpeko atxikimenduan eta zelula epitelialen inbasioan parte hartzen duena.

Gainera, bakterio honen serotipo gehienek gluzidoz osatutako kapsula dute. Kapsula honek mikrobioaren birulentzia areagotzen du, makrofagoen fagozitosia eragozten duelako.


Tratamendua

Pneumokokoaren aurka penizilina da antibiotiko erabiliena. Zoritxarrez, azken urteetan andui erresistenteak agertu dira, kloranfenikol ala bankomizinarekin tratatu behar direnak. Ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) "lehentasunezko patogeno" izendatu du. Pneumokokoaren aurkako txerto konjokatuak aurkeztu diren arren, S. pneumoniae meningitis kasu guztien bi herenen erantzulea da oraindik.


Garrantzia

Mikrobio honek garrantzia handia izan du biologia molekularraren garapenean. Izan ere, 1928an Frederick Griffith mikrobiologoak transformazio genetikoa aurkitu zuen mikrobio honekin lanean ari zela (Griffithen esperimentua), eta Avery-k, Mc Leod-ek eta Mc Carty-k 1944an frogatu zuten, bakterio horren material genetikoa erabiliz, ADNa zela Griffithen "printzipio eraldatzailea"

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Streptococcus pneumoniae Aldatu lotura Wikidatan