Planetologia

Planetak edo planeta-sistemak ikertzen dituen diziplinarteko materien batasuna.
Planetologo» orritik birbideratua)

Planetologia, astronomia planetarioa edo planeten zientzia bezala ere ezaguna, planetak edo planeta-sistemak (Eguzki-sistema barne) ikertzen dituzten diziplinarteko materien batasuna da. Eguzki-sistemaren inguruko ereduak askoz ere garatuagoak direnez, datu gehiago eskuratu dituzte gure ingurune hurbilari buruz, baina beste planeta-sistemak ikertzen ere dihardute alor honetako ikertzaileek. Alor oso zabala dugu planetologia, izan ere, meteorito txiki baten tamainako objektuetatik Jupiterren tamaina halako zenbait dituzten objektu izugarrietaraino ikerketak egiten dituzte.

Eguzki-sistemako planetologia.

Planetologiaren alorrak eremu zabalagoak ere hartzen ditu, planeta-sistemen sorrera eta hauetan kokatzen diren objektuen jaiotza eta garapena ere ikertzen baititu. Bereziki, argizagien masa, tamaina, eremu magnetikoa, aurorak, biraketa-abiadura, barne-egitura, dentsitatea, lurrazalaren adina, higadura, bilakaera, aktibitate tektonikoa, bolkanismoa, lurrazaleko grabitatea, Eguzki haizearekin magnetosferak duen hartu-emana, planetaren urtaroak, atmosfera, ihes-abiadura eta argizagiak bizia edukitzeko duen aukera aztertzen dute. Argizagien atmosfera ikertzeaz ere arduratzen dira arlo honetako zientzialariak, besteak beste, atmosferaren osaera, sorkuntza, lurrazaleko presioa, dentsitatea, zirkulazio orokorra, tenperaturak, haizeteak, atmosferak duen aktibitate higatzailea, energia-garraioa eta tenperatura altuko profilak dituzte aztergai.

Planetologia ez da diziplina zahar bat, orain dela gutxi sortu zen. Gaur egun garrantzi handikoa dugu, batezere, espazio-misioek bultzada handia eman diote, beharrezkoa delako, adibidez, misioa bidali nahi den planetako bilakaera eta lurrazalaren itxura jakitea. Lurraren zientzian oinarritzen da planetologia, baina sarritan orokortu egiten da eta planeten masa, atmosfera, tenperatura edo argizagi nagusitik jasotako energia bezalako ikergai gehitzen zaizkio. Unibertsoa aztergai duten zientzien artean nagusia, logikoki, astronomia da, baina astrogeologiak (geologia planetarioa edo konparatua bezala ere ezaguna) bere tokia egin du, meteorologiaren adar bat ere taldean sartu da, planeten atmosferen zientzia izenekoa. Fisika da ordea esparru honetako oinarrizko zientzia, arlo ugari hartzen dituen zientzia honek ere bere balioa du planetak ikertzerakoan. Astrobiologia beste zientzia aipagarri bat da aipatu dugun esparruan. Planetologian sartzen diren teoria berriak astronomiatik eratorritakoak edo ekarritakoak dira, gainera, espazioaren esplorazioan planetologiaren zati teorikoak lekua hartzen du, konputagailuetan simulazioak egiterakoan.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu