Plandemia deitu izan zaio COVID-19aren 2019-2020 koronabirusaren pandemiaren inguruko konspirazioaren teoria bati. Portmanteau erako hitz jokoan adierazten da pandemia nahita asmatutako plana izan dela. Hedaduraz, COVID-19aren inguruko konspirazio-teoria desberdinen multzoari ere hala esan izan zaio[1].

Kroazierazko kartela (manifestazio bat Zagreben 2020ko irailean): "Plandemia / Gobernua gezurretan / Hedabideak gezurretan /Altxa gezurraren kontra!

Ikuspegi hauetariko askok Euskal Herrian ere izan dute islarik[1]. Beste ekimen batzuen artean, Koronabirusaren gezurrak izeneko talde bat sortu zen Telegramen, nagusiki euskaraz informazio alternatiboa eskaintzen[2]. Plandemian edo haren bifurkazioetako batean sinisten duenari negazionista esan izan zaio 2020ko udatik aurrera bereziki[3].

Osasunaren Mundu Erakundeak birusari buruzko informazio okerreko ugaritasunari "infodemia" deitu izan dio, eta osasun globalarentzat oso arriskugarria dela adierazi[4].

Desinformazioa aldatu

Covid gaitzaren krisian izugarrizko desinformazio multzoa zabaldu da gaixotasunaren jatorriari, eskalari eta gaixotasunaren prebentzioari, diagnostikoari eta tratamenduari buruz. Informazio faltsua, nahita, sare sozialen eta komunikabideen bidez hedatu da[4]. Estatu batzuetako hedabideak (Txina eta Errusia adibidez[5]), edo gobernu eta gobernuburuak ere nahastuta egon dira puntu batean edo bestean mezu horien zabalkundean: Donald Trump eta Erresuma Batuko gobernuari ere egotzi zaizkie praktika horiek[6][7].

Iruzur komertzialak ere izan dira sendabide "miragarriak" eskaintzen[8][9]. Beste batzuen arabera, kezkatu beharrik ez dago, gezurrezkoa baita birusa eta benetako gaixotasunik ez dago, edo oso arina da besterik gabe[10]. Era berean, maskararen erabilpena onartu ezinezko inposizioa izateaz gain, osasunaren kalterakoa ere izan daitekeela aldarrikatu dute. Txertoen kontrako mugimendua asaldatu da bereziki maskararen kontra egiteko orduan[11].

Muturreko teoriak aldatu

Muturreko teoriazale batzuek aldarrikatu dute birusa arma biologikoa dela, aldez aurretik txertoa prest dagoela, horrekin populazioa kontrolatzeko ekimenak bultzatzeko. Bereziki, Bill Gates filantropo eta informatikari aberatsa legoke inplikatua, George Soros inbertsorea ere tartean dela, bakuna edo txertoaren bidez nanobotak pertsonetan ezartzeko, eta gero haien bidez, 5G sareak erabiliz, munduko biztanle guztien gaineko kontrola egin ahal izateko, Munduko Ordena Berri maltzur bat ezartzeko[1][10].

Plandemic izeneko bideo bat baino gehiago ere jarri zen zirkulatzen Interneten 2020ko udaberrian. Horietako batean Iruñeko karrikak ageri ziren, Espainiako militarrek itxialdiaren egunetan bertan egindako agerraldi batean protestaka hartu zituztelakoan balkoi batzuetatik. Bideoaren narratiban, Ordena Berri zapaltzailearen kontrako protesta gisa ikus zitekeen pasartea, testuingururik gabe sartu baitziren irudiak[10].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c «Foucaulten pandemia» etzi.pm 2020-08-16 (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  2. «Koronabirusaren gezurrak» Telegram (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  3. Montes, Aitor. (2020). «Asintomatikoen baheketa» naiz: IRITZIA (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  4. a b (Ingelesez) «Disinformation and coronavirus» www.lowyinstitute.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  5. (Ingelesez) Beaumont, Peter; Borger, Julian; Boffey, Daniel. (2020-04-24). «Malicious forces creating 'perfect storm' of coronavirus disinformation» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  6. (Ingelesez) «Experts warn Trump’s misinformation about coronavirus is dangerous» STAT 2020-02-26 (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  7. Payne, Adam. «Boris Johnson's government has considered the possibility that the coronavirus may have accidentally leaked from a Chinese lab» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  8. (Ingelesez) Ferré-Sadurní, Luis; McKinley, Jesse. (2020-03-13). «Alex Jones Is Told to Stop Selling Sham Anti-Coronavirus Toothpaste» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  9. (Ingelesez) News, Victoria Knight of Kaiser Health. (2020-03-31). «Covid-19: beware online tests and cures, experts say» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  10. a b c «Iruñeko karrikak, Plandemic konspirazio bideoetan» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).
  11. (Gaztelaniaz) López de Munian, Teresa. (2020). «Me rebelo a que me tapen la boca» naiz: IRITZIA (Naiz.eus) (Noiz kontsultatua: 2020-09-10).

Kanpo estekak aldatu