Eskola pitagorikoa

Pitagoriko» orritik birbideratua)

Eskola pitagorikoa Pitagorasek Krotonan eratu zuen eskola misterikoa izan zen, filosofia, matematika eta natur zientziak aztergai zituena.

Pitagorikoak egunsentia ospatzen. 1869ko margolana.

Eskola aldatu

Komunitate pitagorikoa anaitasun bat baino gehiago, familia sarbidatu batzuek otsatzen zuten komunitatea zen. Anaitasun erlijioso edo misterikoa zen, bertako kideak aszetismoa praktikatu eta matematikak ikasi. Eskolaren irakaspenak sekretupean gordeko zituztela zin egiten zuten kideek, eta egunero bihotz edo kontzientzia azterketa egin behar zuten. Eskolak eginiko aurkikuntza guztiak Pitagorasi esleitzen zizkioten. Horregatik, ezinezkoa da aurkikuntzak Pitagoras berak ala haren jarraitzaileek egin zituzten bereiztea.

Gizonezkoak eta emakumezkoak berdintasunean bizi ziren, adibidez Pitagoras Teano izeneko jarraitzailearekin ezkondu zen, eta Pitagoras hil zenean hark bere bi alabekin zuzendu zuen eskola. Ondasun guztiak komunitarioak izaten ziren, janzkera xumea erabiltzen zuten eta sineskeria mistiko asko zituzten, eta beren ezaguera eta aurkikuntzak ahoz baizik ez zituzten ematen aditzera.

Postulatuak eta filosofia aldatu

  1. Errealitateak bere oinarrian izaera matematikoa du
  2. Filosofiaren bitartez garbitasun espirituala lor daiteke
  3. Arima jainkotiarrarekin bat egin dezake
  4. Zenbait zeinuk esanahi espirituala dute
  5. Kide guztiek leial behar dute izan eta sekretua gorde

Arimaren hilezkortasunean sinesten zuten eta metempsikosian sinesten zuten, hau da, arima hiltzerakoan beste gorputz batean sartzen zela. Hau dela eta, belar-jaleak izaten ziren, edozein lagunen arima zuen gorputza jateko beldur baitziren. Matematikak unibertsoaren misterioak ulertzeko eta arima garbitzeko tresnatzat hartzea izan zen sistema pitagorikoaren ezaugarri nagusia.

Honelaxe laburtu zuen Aristotelesek pitagorikoen lana:

« Pitagorikoak lehenik matematiketan aritu ziren, zientzia hau perfekzionatuz, eta honekin bat egin zutenean matematikaren oinarriak guztiaren oinarri zirela uste izan zuten. »

Pitagorikoak arrazomamendu deduktiboaren bidez frogapenak matematikan sartu zituzten lehenengoak izan ziren. Matematika hitza eskola honi zor zaio, matematikariak eskolako kide zientzialariak baitziren. Gainera, matematikaren barnean lau adar zeuden haien ustez, eta bi milurtekoan mantendu zen banaketa hura: aritmetika, geometria, musika eta astronomia.

Ekarpen zientifikoak aldatu

Eskola pitagorikoa Pitagorasen teorema zela eta da ezagun, Antzinako Egipton ezaguna bazen ere. Beren ekarpenen artean daude musikaren harmoniari eta zenbaki primoei buruzkoak, eta lurra esferikoa zela ere sinesten zuten. Hala ere, inoiz ezin izan da jakin ekarpen horiek Pitagorasek berak edo bere jarraitzaileek egin zituzten, eskolak egiten zituen ekarpen guztiak bere izenean egiten baitziren.

Historia aldatu

Pitagorasen bizitza historia eta kondairaren artean dagoela esan ohi da, baina ziurrenik K.a. VI. mendean bizi izan zen. Hau da, Buda, Lao Tzu eta Konfuzioren garaikide izan bide zen. Egipto eta Babilonian zehar egindako bidaien ondoren, Samosa itzuli zen. Bere irakaspenek izan zuten arrakasta zela eta, Polikrates izeneko tiranoaren haserrea piztu zuen, eta Pitagorasek Krotonara ihes egin behar izan zuen. Han, bere bigarren eskola eratu zuen.

Pitagorasen irakaspenak eta izen ona azkar hedatu ziren Magna Graecian. Krotona, Sibaris eta polis greziarren botere politikoa haren jarraitzaileen esku gelditu ziren. Horregatik, eta garaiko gogoeta demokratikoak zirela kausa, eskola pitagorikoari buruzko zurrumurru asko zabaldu ziren, eta herritarrek iraultzara deitu zuten azkenean. Milo pitagorikoaren etxea erre zuten, garai hartan komunitatearen bilgune baitzen, eta halaxe bertako kide garrantzitsuenak hil zituzten. Pitagorasek ihes egin behar izan zuen bere emazte eta alabekin, Tarentora lehenik eta Metapontora ondoren, non urtebete geroago hil zen (beharbada erailik, beharbada berez) K.a. 501. urtean.

Pitagorikoen botere politikoa hala ere 50 urte luzatu zen Tarento eta Metaponton Krotonako eskola suntsitu egin bazuten ere. K.a. 450. urtean pitagorikoen esku zeuden hiriek hainbat matxinada izan zituzten, eta Metapontoko polisean zeuden kideak setiatu egin zituzten; asko sutean hil ziren. Bizirik iraun zutenen artean Filolao, Lisis, Arkitas eta beste batzuk zeuden.

Uste izan da eskola pitagorikoa Tarenton bildu zela, eta mende bat iraun zuela. Kideak banatuz joan ziren, eta eskolako ezaguera sekretupean gordetzeko araua ahaztu zen. Azkenean, Filolaok Platoni K.a. 388. urtean, ziurrenik, eskolaren doktrina eta aurkikuntzak jasotzen zituen lehen liburua (berak idatzia) eman zion.


Kanpo estekak aldatu