Pingualuit kraterra (inuiteraz: ᐱᖑᐊᓗᐃᑦ, "lurra altxatzen den lekua" edo "hotzak eragindako azaleko orbana" edo "pikorra"[1][2]. Frantsesez cratère des Pingualuit) Quebeceko Nord-du-Québec eskualdeko Ungavako penintsulan dagoen talka krater bat da. 3,44 km-ko diametroa du eta duela 1,4 ± 0.1 milioi urtekoa dela kalkulatzen da (Pleistozenoa). Kraterra eta inguruko lurrak Pingualuit Parke Nazionalaren parte dira. Kraterreko lakuko arrain espezie bakarra amuarrain artikoa da, Salvelinus alpinus.

Pingualuit kraterra
Datu orokorrak
MotaTalka krater
Diametroa3,44 km
Sakonera430 m
Eponimoapimple (en) Itzuli
Geografia
Map
Koordenatuak61°16′39″N 73°39′49″W / 61.2775°N 73.6636°W / 61.2775; -73.6636
Estatu burujabe Kanada
Probintzia Quebec
EskualdeaNord-du-Québec
Konderriko eskualdeko udalerriaKativik Regional Government
Unorganized area in QuebecRivière-Koksoak
Babestutako-eremuaPingualuit National Park (en) Itzuli
Leku geografikoaUngava Peninsula (en) Itzuli

Geografia aldatu

 
Pingualuit kraterra 2007ko urrian

Kraterra lurrazalean ikusgai dago, inguruko tundraren gainetik 160 m altxatzen den ertz batek inguratzen du eta 400 metroko sakonera du. Kraterraren zuloan 267 metroko sakonera duen Pingualuk lakua dago eta Ipar Amerikako laku sakonenetako bat da. Lakuak munduko ur gezarik puruenetakoa dauka, 3 ppm-ko gazitasun maila baitauka (konparazio batera Aintzira Handiek 500 ppm dute). Lakuak ez dauka sarrera edo irteerarik, ura euri eta elurraren eraginez soilik pilatzen da eta lurrunketaren bidez galdu. Munduko lakurik gardenenetako bat da, Secchi disko bat 35 metroko sakoneraraino ikus daiteke.[2]

Sorrera aldatu

Kraterra eragin zuen meteoritoaren talka duela 1,4 milioi urte gertatu zela kalkulatu zen 40Ar/39Ar datazio erabiliz. Harkaitzen azterketak deformazio planarraren ezaugarriak eta meteoritoaren konposizioa argitu zuen. Talkak eragindako galdatze laginetan aurkitutako iridio, nikel, kobalto eta kromoak meteoritoa kondrita zela iradokitzen dute.[3]

Historia aldatu

Inuitek bere ur gardenengatik "Nunavik-en kristalezko begia" deitzen dutena aspalditik ezagutzen bazuten ere gainerakoentzat ezezaguna zen. Bigarren Mundu Gerrako pilotuek nabigazio tresna bezala erabili zuten, ia zirkulu perfektu bat izanik oso bereizgarria baita.[4]

1943ko ekainaren 20an, Ameriketako Estatu Batuetako Aireko Armadako hegazkin batek kraterraren ertz zabala erakusten zuen argazki bat atera zuen hegaldi meteorologiko batean. 1948an Kanadako Aireko Errege Armadak ingurunearen argazkiak atera zituen Kanadaren argazki-mapa egiteko programan, baina argazki horiek ez ziren publiko egin 1950 arte.

1950ean Ontarioko Frederick W. Chubb diamante bilatzaileari interesa piztu zion argazkietako lurralde bitxiak eta Ontarioko Errege Museoko V. Ben Meen geologoari iritzia eskatu zion. Chubb-ek itzalitako sumendi bat izango zenaren esperantza zuen, kasu horretan, Hegoafrikan bezala, ingurunean diamanteak egon zitezkeelako, baina Meen-en kanadar geologiaren ezagutzak jatorri bolkanikoa baztertu zuen behin behinean. 1950eanMeen eta Chubb-ek aire bidaia labur bat egin zuten. Bidaia horretan Meen-ek "Chubb kraterra" izena proposatu zuen egitura zirkularrarentzat eta "Museum lakua" kraterretik 3,2 km iparraldera dagoen eta gaur egun Lafflame lakua bezala ezagutzen den ur masa irregularrarentzat.

Itzultzean, Meen-ek espedizio bat antolatu zuen National Geographic Societyren eta Ontarioko Errege Museoaren elkarlanean. 1951ko uztailean Consolidated PBY Catalina kanoa ur-hegazkin batean bertaratu ziren eta hurbil dagoen Museum lakuan lur hartu zuten.[5] Ameriketako Estatu Batuetako Armadak utzitako meatze detektagailuak erabiliz meteoritoaren nikel-burdin zatiak aurkitzeko eginiko saiakerek ez zuten arrakastarik izan, inguruko granitoak magnetita asko duelako. Magnetometro bat erabiliz eginiko neurketek aldiz, anomalia magnetiko bat aurkitu zuten kraterraren iparraldeko ertzean, lurrazalaren azpian metala duen material kantitate handi bat dagoenaren adierazgarri.[6] Meen-ek bigarren espedizio bat gidatu zuen 1954an. Urte berean "Cratère du Nouveau-Quebec" ("Quebec berriko kraterra") izen berria jarri zioten Quebec Geographic Boarden eskariz.

1986an James Boulger-ek gidaturiko espedizio batek kraterraren inguruan lagin txiki bat hartu zuen. Laginaren analisi petrografikoa Astrofisikako Havard - Smithsonian Zentroan egin zen eta 1988ko 51. Meteoritical Societyan aurkeztu zuten Ursula Marvin eta David Kring-ek.[7] Uda berean itzuli zen inguru horretara Boulger, Montrealgo Unibertsitateko M. A. Bouchard buru zuen ikerketa talde batekin batera. Hiru urte beranduago Richard A. F. Grieve geologo kanadarrak krater hau lurrazaleko 130 talka krater ezagunen artean zerrendatu zuen.[8] Hurrengo urtean Marvin eta Kringek kraterraren ertzean jasotako bi talka galdatze laginen analisi petrografikoa dokumentatu zuten.[7] Antzeko kraterrekin bat datozen talka metamorfismoaren ebidentziak aurkeztu zituzten.

1999an "Pingualuit" izena jarri zioten. 2004an sortu zuten Pingualuit Parke Naturalaren parte dira kraterra eta ingurua.

2007an Laval Unibertsitateko Reinhard Pienitz irakaslea buru zuen espedizio batek sedimentuak erauzi zituen lakuaren hondotik. Sedimentu horietan polen, alga eta intsektu larba fosilak aurkitu zituzten. Aurkikuntza horiek duela 120.000 urte gertaturiko periodo interglaziarretik geroztiko aldaketa klimatikoei buruzko informazioa emango zutela espero zen. Lehenengo emaitzek erakutsi dutenez, goiko aldeko 8,5 metroko sedimentuek bi periodo interglaziarren datuak gordetzen dituzte.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Pingualuit. (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  2. a b c (Ingelesez) Pingualuit crater (Chubb crater). (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  3. (Ingelesez) «Impact melt rocks from New Quebec Crater, Quebec, Canada» Meteoritics & Planetary Science 26 (1) 1991ko martxoa.
  4. (Ingelesez) Peritz, Ingrid. «Quebec crater is out of this world» The Globe and Mail (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  5. (Ingelesez) O'Dale, Charles. (1952). «Solving the Riddle of Chubb Crater» National Geographic Magazine (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  6. (Ingelesez) «Buried Missile» TIME 1951ko irailaren 24a (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  7. a b (Ingelesez) «Authentication controversies and impactite petrography of the New Quebec Crater» Meteoritics 27 (5) 1992ko irailak 14 (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  8. (Ingelesez) Grieve, Richard A. F.. (1991). «Terrestrial impact: The record in the rocks» Meteoritics (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).

Kanpo estekak aldatu