Pilota partida bat Irun herrian (1846)
Pilota partida bat Irun herrian bertso sorta bat da, 1846ko abuztuaren 9an Irungo Urdanibia plazan jokatutako laxo partidaren kronika egiten duena. Partida horretan Lapurdiko taldea Gipuzkoakoari nagusitu zitzaion, 12.000 ikusleren aitzinean.[1] 12 bertso dira, egile ezezagunekoak, zabalpen handia izan zutenak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. 1., 2. eta 9. bertsoak erabiliz, Pilota partida bat obra ondu zuen Tomás Aragüések.[2][3]
1846ko Irungo desafioa historiako pilota partidarik ospetsuenetako bat izan zen eta, Jean-Blaise Ademaren iritziz, XIX. mendean Euskal Herrian izandako kirol gertakizunik handiena.[4] Oihartzun gaitza eduki zuen eta, besteak beste, Bearnoko Le Mémorial des Pyrénées[5] eta Normandiako Le Journal du Havre kazetek hari buruzko artikuluak argitaratu zituzten.[6]
Historia
aldatuXIX. mendearen erdialdean, pilota -laxoa zehazki- Euskal Herriko kirol nagusia zen. Pilota desafio bat antolatzen zelarik, inguruko jendea saldoka joaten zen hura ikustera, eta baita apustuak egitera ere. Izan ere, herriaren ohorearekin batera, diru asko ere izaten zen jokoan.[7]
1840ko hamarkadan, Tripero zen Gipuzkoako pilotari famatuenetako bat eta, antza denez, Lesakako erretoreak lezio bat eman nahi zion. Beraz, Joakin Gamio baztandar apezari galdegin zion Gaskoia, Hazparneko pilotari handia, bil zezan gipuzkoarren kontrako desafio batean parte hartzera. Gaskoia-k baiezkoa eman zion, pilotari lagunak berak hautatzeko baldintzarekin. Era horretan, lapurtarren eta gipuzkoarren arteko laxo partida lotu zen.[7] Gaskoia eta Dominique Harriague hazpandarrek, Dominique Saint-Jean uztariztarrak, Domingo Ezpeleta ezpeletarrak eta Joakin Gamiok osatu zuten Lapurdiko taldea. Datu gutxiago daude gipuzkoarrei buruz, eta Manuel Azpide, Tripero, Lopetegi eta Errotaria aritu zirela besterik ez dakigu.[8]
1846ko abuztuaren 9an jokatu zen partida, Irungo Urdanibia plazan. Partida eguna baino hiru egun lehenago herria lepo beterik zegoen, Euskal Herri osotik etorritako jendez. Plazaren inguruan oihalezko etxolak paratu behar izan ziren pilotazale guztiei ostatu eman ahal izateko. Apustu itzelak izan ziren, idiak, zerriak, artaldeak eta geroxeago bilduko ziren arto uztak barne; 140.000 liberaren parioak Le Journal du Havre-ren arabera.[6] Baionako judu aberatsek egin omen zituzten Gaskoia-ren aldeko trabesik handienak.[7] Grazian Adema hazpandar idazleak horrela deskribatu zuen pilota plazako giroa: "Hamarrak baino lehen, hamabi mila gizon metaturik zeuden plaza zabalaren bi aldeetan eraikitako hamabost mailadietan. Inguruko etxeetan, lehio guztiak, galeria guztiak, ikuslez emokatuak ziren. Arbolak makurtzen ziren gizon-mulkoen azpian; teilatuak ere harturik zeuden."[4][9]
Partida gipuzkoarren alde hasi zen. Gaskoina-k durduzaturik zirudien, eta zenbait ikusleren txistuak aditu behar izan zituen. Bestalde, Joakin Gamio arront gaizki aritu zen eta, baztandarra zenez gero, "susmopean jarri zuten". Ezari ezarian Gaskoia jokoan sartuz joan zen eta, pilota ukaldi bortitz eta zehatzen bitartez, partida orekatzea erdietsi zuen. Garaipenaren puntua ere Gaskoia-k irabazi zuen. Ordainetan, idi pare eder bat eta 40.000 libera jaso zituen hazpandar pilotariak. Gamiok, berriz, erbesteratu behar izan zuen, apezpikuaren baimenik gabe jokatu zuelako.[4][8]
Bertsoak
aldatuKantaren egilea lapurtarra zen, dudarik gabe, eta hamabi bertsotan eman zuen partidaren lekukotasuna. Bertso horietan lapurtar pilotariak laudatzen ditu, Gaskoia bereziki, eta gipuzkoarrez ("probintziarrez") trufatzen da, diru anitz galdu zutelako apustuetan.[6] Hamaika[10] eta hamahiru[11] bertsotako aldaerak ere daude.
1. Pilota partida bat Irungo herrian,
Probintziarren eta Frantsesen artian,
Jaun aphez Baztandar bat zen Frantsesekilan,
Gidari gobernador, kuraiarekilan,
Ethorria urrundik, molts-onarekilan,
Bitoriaren bila Gaskoinarekilan.
2. Probintzian jende estimagarria,
Gazteria guzia da pilotaria;
Orai arte bazuten bethi bitoria,
Azpitik zadukaten Eskualdun herria,
Bainan orai Frantses bat, guti iduria,
Baztandar jaun batekin dute nagusia.
3. Jaun aphezaz, Gaskoinaz, girare mintzatu,
Bertze lagunak orai nahi'tut aiphatu;
Hazpandarrak diote ederki botatu,
Eta Uztariztarrak guziak xarmatu;
Baztane'ta Frantzia dira koronatu,
Eta Probintziarrak tristerik gelditu.
4. Ez da posible, jaunak, kasik sinhestia,
Konfidantzia nola zuten ezarria:
Duroz kargaturikan mandoa ekarria,
Garbitu nahi zuten arraia guzia;
Bainan etxerakoan heien dolorea!
Mandoak Irunen galdu kargaren erdia.
5. Probintziarrak ziren ongi preparatu,
Mandoa trebeseko duroz zen kargatu;
Galtzeaz duda gabe ez ziren orhoitu;
Abilak dire bainan hek ere trunpatu,
Espainol moneda da Frantzian frankatu,
Mandoa etxerakoan kargak ez kolpatu.
6. Probintziarrek zuten prekozionea,
Berekin ekarria pertsu emailea;
Berendako zaukaten arras bitoria,
Urrun zen pentsatzea partida galtzea,
Kanturik egin bada, ez daite egia,
Erretzen ahal dute oraiko kopia.
7. Urgulutan zirela ez dugu dudarik,
Ez zutela ez pentsatzen partida galtzerik,
Uste zuten Frantzian ez zela gizonik,
Heien kontra pilotan atherako zenik;
Jakin bezate orai Lapurtarren ganik,
Probintzia ez dela munduan bakarrik.
8. Irunen in derauku urhezko uria,
Bainan ez baliatu hainitz Probintzia;
Frantziako alderat zuen ixuria,
Aise doratu dugu Phausuko zubia,
Aintzinetik bantatzea ez da zuhurtzia,
Jaungoikoak eman deie punizionea.
9. Bitorios balire Irunen gerthatu,
Usoño bat behar zen airean partitu:
Frantses kasta guzia zutela garbitu,
Miseria gorrian zirela gelditu;
Bainan usoa zaie bidean trunpatu,
Donostia utzirik, Laphurdin da sarthu.
10. Arraio demonio! Gaskoin trunko hori,
Bizitik bai loretik ederki duk hari!
Egundain'holakorik ez diagu ikusi,
Horrekin behar diagu pilotin ikasi;
Frantses pikaro hoier ez zaie itsusi,
Laphurdi Probintzian pilotan nagusi.
11. Probintzian bazuten pilotan urgulu,
Bainan oraiko huntan beharko zaphatu;
Frantsesa uste gabe zaie nagusitu.
Zer gisaz behar dire orai kontsolatu?
Heien fama guzia Laphurdin da sarthu,
Bi urtheren dolua behar dute hartu.
12. Adios Probintziarrak, orai bagoazi,
Despendio sariak ditugu irabazi,
Baldin berriz hartzeko gosturik baduzi,
Ez zituztegu nahi errenguran utzi,
Mando mula eder hori ongi karga zazi,
Plazer duzuenean, gaztia daukuzi.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Emaitza gutxienekoa denean. Gara, 2016ko abuztuak 12, naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-27).
- ↑ Pilota partida bat (1846). aitadonostia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-27).
- ↑ Atienza, María José. Xalba Rallo: «Es un honor cantar en esta temporada tan especial para la Asociación Luis Mariano». Diario Vasco, 2014ko otsailak 8, diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2020-7-27).
- ↑ a b c Adema, B.. Une Partie de Rebot à Irun en 1847. Gure Herria, 1926, 6: 376-382, gipuzkoa.net (Noiz kontsultatua: 2020-8-3).
- ↑ Moeurs Basques. Une partie de paume.. Le Mémorial des Pyrénées, 1846ko abuztuak 13, pireneas.fr (Noiz kontsultatua: 2020-8-1).
- ↑ a b c Haritschelhar, Jean. Laxotik errabotera. core.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-7-27).
- ↑ a b c Jean Errachun « Kaskoina ». Hazparneko historia, hasparren-histoire.fr (Noiz kontsultatua: 2020-7-31).
- ↑ a b Laxoa. aguroruga.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2020-1-17).
- ↑ Jean-Blaise Ademak osaba Grazianen ahotik bildu zuen Irungo partidaren gaineko kronika, eta argitara eman, frantsesez, 1926an, Gure Herria aldizkarian.
- ↑ Irungo pilota partida 1846an, Kaskoina. Escualduna, 1277. zenbakia, 1911, armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-27).
- ↑ Irungo pilota partida. Herria, 90. zenbakia, 1946, urkiza.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-27).
Kanpo estekak
aldatu- Aragüés Bayarte, Tomás Pilota partida bat, eke.eus