Piazza della Signoria

Piazza della Signoria Florentziako erdialdeko plaza bat da, botere zibilaren egoitza eta hiriko bizitza sozialaren bihotza. Erdi Aroko Florentziaren erdialdean dago, Santa Maria del Fiore katedralaren hegoaldean. Iraganean izen ezberdinak izan zituen, Piazza dei Priori edo Piazza del Granduca, esaterako.

Piazza della Signoria
Kokapena
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Toscana
Italiako hiri metropolitarraMetropolitan City of Florence
Italiako udalerriFlorentzia
Koordenatuak43°46′11″N 11°15′20″E / 43.7697°N 11.2556°E / 43.7697; 11.2556
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaSignoria of Florence (en) Itzuli
Arkitektura
Dimentsioak220,9 (luzera) m
Azalera300 m²

Historia aldatu

1974az geroztik egindako aurkikuntza arkeologikoei esker, plaza inguruetan Neolito garaiko jardueren aztarnak aurkitu dira eta jakin ahal izan da gaur egungo plaza antzinako erromatarren garaiko hiriko gune garrantzitsu bat zela, Hadrianoren garaiko bainutegi batekin eta antzokitik gertu zegoen eskala handiko arropa-garbitoki batekin, honen hondakinak palazzo Vecchio jauregiaren azpian aurkitu zirelarik. Beranduago (IV. eta V. mendeak), bainutegiaren eta garbitokiaren eraikinak beste helburu batzuetarako erabili ziren, artisautza-lanetarako, eta basilika kristau primitibo handi bat (27 x 50 metro) eraiki zen.

Basilika hori, dirudienez, VII. mendera arte erabilia izan zen, eta, haren lekuan, Santa Zeziliari eskainitako eliza txiki bat (9x16 metro) eraiki zen, VIII. mendean datatua eta IX. mendean dokumentatua. X. mendetik aurrera, hiria berreraikitzeko prozesua hasi zen, Erdi Aroko auzoa izango zena definituz, baina auzo hori, geroagoko garai batean, eraitsi egin zuten, plaza eraikitzeko. Indusketa arkeologikoek bi elizetako hainbat dorre, etxe eta bi elizaren hondarrak (Santa Zezilia eta San Romolo), bakoitza bere hilerriarekin, atera dituzte argitara. Via de 'Calzaiuoliren izkinatik hurbil dagoen plaka batek San Romolo gotzain eta martiria gogorarazten du, gutxi gorabehera eliza zegoen tokian eta gaur egun palazzo Bombicci jauregia dagoen tokian.

Plazaren iparraldean Uberti gibelinoen auzoa zegoen bere turris maior delakoarekin (1974 eta 1989 artean egindako indusketen emaitzak oraindik ez daude erabat argitaratuta).

Plaza hau 1268 inguruan hasi zen hartzen egun duen forma, Beneventon garaile izan ziren guelfoek gibelinoen etxeak eraitsi zituztenean, baina inguruari itxura koherente eta bateratua eman gabe, eta plaza bera ez zen zolatu 1385era arte. Aldi berean, Palazzo della Signoria izeneko jauregia eraiki zen, eta, horrela, plaza hau hiriko bizitza politikoaren erdigune bihurtu zen, Piazza del Duomo delakoa erdigune erlijiosoa zelarik eta Mercato Vecchio delakoa, non gaur egun Piazza della Repubblica dagoen, merkataritza-jardueretarako erdigune nagusia. XIV. mendean, Loggia della Signoria eta Tribunale della Mercanzia (auzi zibilak eta merkataritzakoak ebazteko erakundea) direlakoak gehitu ziren, ekitaldi publikoetarako.

Botere zibilaren egoitza izanik, Piazza della Signorian exekuzio publikoak ere egiten ziren; horietatik ospetsuena 1498ko maiatzaren 23an gertatu zen, Girolamo Savonarola heresiagatik urkatu eta erre zutenean (plaka bat dago plazan, Neptunoren iturriaren aurrean, gertaera hau gogoratzeko), hain zuzen ere berak, bere dizipuluekin batera, Banitateetako Sua deitutako ekintza batean, hainbat liburu, poesia, joko-mahai eta arropak erre zituen toki berean.

Hurrengo mendeetan plazan egindako lanak eskulturak ipintzera mugatu ziren nagusiki, eta Dukerri Handian amaitu ziren Loggia della Signoria aire zabaleko museo moduko bat bihurtu zenean. XVI. mendearen erdialdean Uffizi Galeria eraiki zenean, perspektiba berri bat sortu zuen ibaiaren norabidean. Bestalde, XIX. mendeko erdigune historikoaren egindako "zaharberritzeak" ez zuen ukitu gabe utzi plaza hau, eta, hain zuzen ere, estilo neorrenazentistako Palazzo delle Assicurazioni jauregia eraiki zen Palazzo Vecchio parean.

 
Plazaren ikuspegi panoramikoa.

Plazako eraikin garrantzitsuenak aldatu

Palazzo Vecchio aldatu

 
Palazzo Vecchio

Plazako eraikin nagusia Palazzo Vecchio da, XIV. mendekoa. 1299 eta 1314 artean eraiki zen, 1282tik hiriko gobernua zuten eta Bargello jauregian bildu ohi ziren gremioetako ordezkariei (priori delle Arti direlakoei; hortik plazak izandako Piazza dei Priori izena) egoitza duin bat emateko.

Proiektu arkitektonikoa Arnolfo di Cambio arkitekto eta hirigintza-adituak egin zuela uste da, zeinak Florentziako obrarik garrantzitsuenak egin baitzituen XIV. mendeko azken urteetan: katedrala, Santa Croce basilika eta harresi berriak. Eraikin honi Erdi Aroko gotorlekuen itxura eman zitzaion, eta eredu bat bihurtu zen geroago Toscanan eraikitako beste eraikin publiko askorentzat.

Eraikinak duen 95 metroko dorreak, Arnolfo Dorreak, irtenbide arkitektoniko bereziki ausarta du: eraikinaren erdian egon beharrean, albo baterantz eramana dago. Jatorrian, jauregiak eraikin txikiago bat okupatzen zuen, baina, gerora, hainbat eransketa izan ditu, Via dei Leoniraino orube guztia hartu arte. Savonarolaren Errepublikaren garaian, izan ere, Herri Kontseilua bostehun kidera zabaldu zen, eta, horregatik, Salone dei Cinquecento (bostehunen saloia) delakoa eraiki zen Cortile della Doganaren gainean (1495). Eraikinaren zati ezberdinen arteko bereizketa argi ikus daiteke Via de 'Gondi aldean, fatxadaren itxura desberdinagatik eta saloiaren zatiak dituen leiho handiengatik.

Obrarik esanguratsuenak 1540an hasi ziren, Cosimo I de 'Medici Duke Handiak erabaki zuenean Medicitarrek Via Largan zuten jauregia Palazzo Pubblico izandakora eramatea. Obra horiek barrualdeei eta Via della Ninnara eta Via dei Leonira ematen duten zati berriei eragin zieten batez ere, zeren eta espazio berri baliotsuenak ezkutaturik geratzen baitira Piazza della Signoriatik begiratzen duenarentzat, Arnolfo di Cambiok diseinatutako multzo arkitektoniko soilaren barruan. Fatxadaren aldaketa garrantzitsu bakarra XIX. mendean gertatu zen, eserlekuak zituen marmolezko galeria moduko bat, 1323an hiriko zeremonia ofizialetarako egina, bota zenean.

Loggia della Signoria aldatu

 
Loggia della Signoria.

Loggia della Signoria, Loggia dei Lanzi ere deitua (Landsknecht direlako mertzenario alemaniarrak han kanpatu zirelako 1527an), bai eta Loggia dell 'Orcagna ere (arkitektoaren anaiaren lantzat hartu zelako, arrazoirik gabe), 1376 eta 1381 artean eraiki zen, ospakizun ofizialetan herritarrei mintzaldiak emateko. Arkitekturaren ikuspuntutik, eraikin honetan elkarturik ikusten dira osagai gotikoak (habe pilareak eta goiko balaustra zulatua, kasu) eta itxura klasikoko osagaiak, hala nola erdi-puntuko arku handiak, hizkuntza gotikoaz Florentzian egindako interpretazio bereziaren arabera.

XVI. mendean eraikin honek bere jatorrizko funtzioa galdu zuen, behin egitura demokratikoa desagertuta, Medici bildumako eskulturen aire zabaleko museo moduko bat bihurtzeko. 1555ean Cosimo I.ak Celliniren Perseoa jarri zuen bertan, eta 1585ean Francesco I.ak Giambolognaren Sabinaren bortxaketa jarri zuen bertan. XVIII. mendearen amaieran, Pietro Leopoldo Lorenakoaren garaian, Loggian Erromako Villa Medicitik Florentziara eramandako antzinako eskultura ugari jartzearekin beste konponketa bat egin zen. XIX. mendeko ondorengo aldaketek, azkenik, nabarmenago areagotzen dute oraindik kontserbatzen den Estatuen Galeriaren itxura.

Eskulturak aldatu

 
"Marzocco" izeneko eskultura.

Piazza della Signoriako estatuek, maila bikaineko eskultura-multzo bat osatzeaz gain, benetako ziklo alegoriko bat ere irudikatzen dute, munduan bere generoan bakarra, Palazzo Vecchiora joaten ziren hiriko agintariak inspiratu behar zituena.

Jauregiaren aurrean, Loggia della Signoria deiturikoan, eskultura zaharrenak daude: batak "Marzocco" delakoa irudikatzen du, eta besteak, berriz, "Judith eta Holofernes", eta biak Donatello eskultoreak egin zituen 1455-60 inguruan. Hasierako garaian, orain baino aurrerago kokatuta zeuden Loggian, plaza aldera begira. Gaur egun plazan daudenak, ordea, ez dira jatorrizko estatuak, kopiak baizik ("Marzocco" delakoa Bargello jauregian dago, eta "Judith eta Holofernes" Palazzo Vecchio barruan).

"Marzocco" delakoak harriz egindako lehoi indartsu bat da, hanka bat jarria duena lirio-lore bat duen hiriko harmarriaren gainean; estatua bera hiriaren ikur bat bihurtzera iritsi da, nolabait.

 
Daviden estatuaren kopia.

"Judith eta Holofernes" estatua, berriz, brontzez eginda dago, eta Florentziako Errepublikaren autonomia politikoaren ikurra da. Medicitarren jauregian kokatua zegoen hasieran, lorategiko iturri bat apaintzeko, baina Medicitarrak lehen aldiz hiritik bota zituztenean, 1495ean, arpilatua izan zen, eta honela, herriak tiranoen aurka lortutako garaipena sinbolizatzen hasi zen. Medicitarrak hirira bueltatu zirenean, haien ondasunen zati handi bat berreskuratu zuten, baina eskultura hau plazan geratu zen, herriaren haserrea ez berpizteko.

 
Perseo Medusaren buruarekin.

Beste estatua batean ere antzeman dezakegu Medicitarren eta Errepublikaren arteko gatazka, Michelangeloren "David" ospetsuan, hain zuzen. Jatorrian, plazan kokatuta zegoen, baina gaur egun dagoena haren kopia bat baino ez da, 1910ean jarria, jatorrizko marmolezko estatua 1873an plazatik kendu eta Galleria dell'Accademia delakoan jarri baitzuten ikusgai. Michelangelok egin zuen 1500 inguruan, Savonarolaren heriotzatik denbora gutxira, eta haren esanahia oso argia da: David herria da, eta Jainkoaren laguntzaz, Gloiat (tiranoa) garaitzen du. Eskultura honen tamaina are nabarmenagoa da Donatelloren lanekin alderatzen bada, eta tamaina handi horrek eredu berri bat eman zien gerora plazan jarri ziren gainerako estatua guztiei.

Esanahi politikoa duen beste estatua bat Benvenuto Celliniren '"Perseo" eskultura da, Loggia della Signorian. Haren izen osoa, ordea, "Perseo Medusaren buruarekin" da, eta 1554koa da. Cosimo I.ak enkargatu zuen, Medicitarrak deserritik Florentziara 1531n itzuli eta gero. Perseok Medusa garaituaren buru sugeduna du jasoa besoan, eta errepublikaren esperientziarekin "moztu" dela irudikatzen du, errepublikaren garai hartan herritarren arteko desadostasunak izugarri ugaldu baitziren, ordurarteko demokrazia ahulduz.

Baccio Bandinelli eskultorearen "Herkules eta Kako" (1533) deritzana Daviden estatuaren ondoan dago; indarrak eta maltzurtasunak gaiztakeria nola garaitzen duten irudikatzen du, Herkulesen hamabi lanetatik hartutako sinbolismoti abiatuta. Hasiera batean, Michelangelok egin behar zuen eskultura hau, baina, haren etengabeko konpromisoengatik, Baccio Bandinelliri eman zitzaion; berau Daviden estilo boteretsua antzeratzen saiatu zen, baina arrakastarik gabe, eta, aldiz, kritika asko jaso zituen, bai eta gaur egun arte iritsi den ospe txarra (bekaizkeriagatik) ere.

"Neptuno" iturria, Bartolomeo Ammannatirena (1563-1565) eta haren ikasle batzuena -haien artean Giambologna-, Florentziako lehen iturri publikoa da. Florentziarrek, ordea, ez dute gehiegi maite marmol zuriko eskultura handi hau. Bestalde, Palazzo Vecchioren ezkerraldean, Cosimo I.aren zaldizko estatua zoragarria dago, Giambolognaren brontzezko lan bat (1594).

Beste eskultura ospetsu batzuk Loggia dei Lanzi-ren azpian daude ("Sabinen bahiketa", "Polixena"ren eskultura-multzoa, "Nexo eta Zentauroa", eta abar).


Bitxitasunak aldatu

 
Plazako eguzki-erlojua.

Plaza honi buruzko bitxitasun edo anekdota ugari daude, denbora luzean hiriko bizitzaren erdigunea izan delako.

  • Neptunoren iturriaren atzean, Palazzo Vecchioko izkinan, plaka bat dago horman "Otto di Guardia e Balia" direlakoak gogoratzeko; hauek gaur egungo udaltzainen zereginak betetzen zituzten XVI. eta XVIII. mendeen artean lan egiten zuten; zaindari hauek, besteak beste, iturrian arropa garbitzea debekatzen zuten, isunak ipiniz edo, isuna ordaindu ezin zutenentzat, sokaren oinaze beldurgarria erabiliz (tortura mota bat zen, zeinetan pertsona zigortua soka batetik zintzilikatzen zuten eskuetatik, eskuak bizkar atzean gurutzatuta zituela, beso eta sorbaldetan kalte iraunkorrak eragiten zizkiotelarik).
  • Palazzo Vecchioren beste izkinan, Uffizi aldera, harlanduzko harri batean landutako gizon baten profil bat dago, ahozko tradizio baten arabera Michelangelo Buonarrotik zizelkatua.
  • Kafeetatik gertu dagoen eraikin batean, XIX. mendeko eguzki-erloju konplexu bat dago, eguerdi zehatza adierazten duena, eguzkia bere punturik altuenera iristen den unea bezala ulertua, Florentzian hamabiak eta hamar aldera gertatzen dena.

Kanpo estekak aldatu