Ireki menu nagusia

Petri II.a (Nafarroako mariskala)

Nafarroako 7. mariskala
Piarres Nafarroakoa» orritik birbideratua)

Petri II.a (Simancasen 1522ko azaroaren 24an hila) nafar militarra eta Nafarroako Erresumako 7. mariskala izan zen[1]. Nafarroako konkistan Nafarroako armadaren eta agaramontarren buruzagia izan zen.[2]

Petri II.a (Nafarroako mariskala)
File-Evolution Coat of Arms of Navarre-2.svg
Nafarroako mariskal

1480 - 1522
Filipe Nafarroakoa - Petri Nafarroakoa
Bizitza
Jaiotza 1454
Herrialdea  Nafarroako Erresuma
Heriotza Simancas1522ko azaroaren  24a (67/68 urte)
Hobiratze lekua San Pedro Ruakoa eliza
Heriotza modua gizahilketa
Familia
Aita Petri I.a Nafarroakoa
Seme-alabak
Anai-arrebak
Jarduerak
Jarduerak gudaria eta diplomazialaria
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Nafarroako konkista

Gaztelako Erresumak Nafarroako Erresuma okupatu ondoren, nafarrek Erresuma berreskuratzeko egin zituzten bi saiakeretan Petri izan zen buruzagia.[3][4] 1516an, mariskala Izaban barrena Nafarroa Garaian sartu zen, 6.000 soldadurekin[1]. Erronkariko ibarrean 120 erronkariar gehitu zitzaizkion. Baina, Pirinioetan bertan Cristóbal Villalbak zuzendutako gaztelar armadak nafarrak menderatu zituen. Petri atxilotu eta Atienzako gotorlekuan sartu zuten preso. 1518an Atienzatik Simancasera eraman zuten; han egin zion uko, 1520an, Karlos Habsburgokoari leialtasuna zin emateari askatasunaren truk, irmotasun osoz, «Labriteko Joan eta Nafarroako erregina Katalina Andreari, eta bere aberriari» zin egina zegoelako. 1522ko azaroaren 24an, semea Hondarribiko setioan zegoela, sastatua aurkitu zuten. Iturri ofizialek bere buruaz beste egin zuela esan zuten.

BizitzaAldatu

 
Iruñeko Comptos Ganberako patioan hil zuen Filipe Beaumontekoak Petri II.aren aita[1]

Petriren gurasoak Petri Nafarroa-Peralta, Nafarroako 5. mariskala, eta Ines Enrikez Lakarra izan ziren[1]. Ez dakigu ez noiz ez non jaio zen; Tafallan seguruenik, bertan baitzuen oinetxea. Badakigu, ordea, zein girotan: tradizio luzeko elkarrekiko etsaigo giroan, Nafarroa-Peralta eta Beaumont etxeen artekoan. Artean haurra zela, 1471n, beaumondarrek bere aita hil zuten Iruñeko Comptos Ganberako patioan. Filipe seme nagusiak jaso zuen mariskal kargua, baita aita bezala hil ere 1480an beaumondarren zelata batean Olibako monasteriotik gertu. Hor hasi ziren Filiperen anaia Petriren zerbitzuak, 7. mariskal gisa[5]. 1498an Alburquerqueko dukearen alaba Mayor de la Cuevarekin ezkondu zen[1].

1506an Tudela de Dueron ibili zen, ituna sinatuz Gaztelako Filipe I.a Ederrarekin, elkarrekiko defentsan edozein erasoren aurrean, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren buru Maximiliano I.aren onespena lortuz. Fernando Katolikoa Gaztelako erregeordetzatik bazterturik zegoela, ez zen gutxi Nafarroak eskuratu zuena oreka zail hari begira. Baina urte berean hil zen bat-batean Filipe I.a; Fernandok agintea berreskuratu eta hutsaren hurrengo bihurtu zen adosturikoa[5]. Gainera, aginte militarrean Cesare Borgiak Petriri itzal egiten zion eta erregeek condottieroari Erresuma defendatzeko ardura eman zioten.[6] Edonola ere, Aita Santuaren semea 1507an Vianaren kanpoaldean erail zutenean, Petrik bere kargua berreskuratu zuen.

Are frustragarriagoa izan zen 1512ko ekaina-uztailean mariskalak Burgosen izandako misio diplomatikoa, gaztelarren inbasioa saihesteko azken ahalegina. Badirudi Fernandok adar jotze hutsa egin ziela nafar mezulariei; izan ere, deliberaturik zegoen ordurako Nafarroan sartzera, zirenak zirela mariskalaren bermeak Frantziari laguntza ez emateko. Pedro mariskala Burgostik itzuli orduko, inbaditurik zegoen erreinua eta Bearnora bidean errege-erregina[5].

1512ko uztailaren 21ean edo, Burgostik itzultzean, errege-erreginen bila joan zen Ilunberrira, Bearnora ihes-bidaia zaintzera. Luze gabe Nafarroa Garaira itzuli zen eta, agaramontar gotorlekuen buruekin bildurik, plazak gaztelarrei ordena batean entregatzen eta Fernandori mementoz leialtasuna zin egiten jardun zuen, erreinua berreskuratzeko Bearnon prestatzen ari zen armadaren zain. Abuztu hasieran, Logroñon zegoen Fernandoren pean. Laster egin zuen ihes, ordea, iraila amaieran, Bearnotik sartzear zegoen armadarekin bildu eta 1512ko udazkeneko kanpaina askatzailean parte hartzeko. Azaroan, Iruñearen aurrean, abangoardiako erasoetan aritu zen. Porrotaren ondoren, iparralderantz erretiratzean, Amaiurko gazteluaren setio gaztelarra apurtu zuen, berehala ostera ere ihes egin behar izateko[5].

1515eko amaieran hasi zen Petri Nafarroakoa bere azkeneko kanpaina prestatzen, Fernandoren heriotzak Gaztelan sortu zituen tirabirez baliatu nahian. Hori baino lehen, ordea, bertze misio diplomatiko bat egin zuen mariskalak 1516 hasieran, Erroman, Leon X.aren aurrean, Nafarroako errege-erreginen eskumikua bertan behera geldi zedin; alferrik berriro ere. Martxoan, Bearnotik sartu ziren tropa legitimistak, erreinu barneko agaramontarren altxamenduak bultzatu zituzten, eta beaumondar batzuk ere inplikatu ziren. Azkar erreakzionatu zuten gaztelarrek. Hiri garrantzitsuenetako agaramontarrak badaezpada bahitu zituzten, eta tropak Pirinioetara mugitu zituzten nafarrei aurre egiteko. Donibane-Garazin gelditu behar izan zuen nafar erregearen armadak egun batzuetan, hiria askatu bai baina gaztelua hartu ezinean, eta Orreaga aldera segitzea deliberatu zuen. Bitartean, mariskala, bertze armada batekin, Erronkaribartik pasatu zen Ilunberri eta Zangozako bidean, gero Iruñean erregearenarekin batzeko asmoz. Alta, Ilunberri eta Zangozako agaramontarrak hirietatik egotzirik zeudela jakinda, planak aldatu zituen: erregearen bila joan zen Aezkoatik Orreaga aldera, baina Auritzeko lautadan zeuden gaztelar tropek moztu zioten bidea. Atzera berriro, gaztelarrak segika, Burgirantz Bearnora itzultzeko, eta Izaban entregatu behar izan zuen bere burua, martxoaren 25ean. Dena, zortzi egunetan[5].

 
Atienzako gazteluan egon zen preso Petri 1516-1518 bitartean

Apirilaren hasieran Atienzan itxi zuten. Negoziazio anitz egin zituzten Nafarroako erreginak, senideek eta agaramontarrekiko loturak zituzten gaztelar handiki batzuek –nabarmenena, Petriren koinatu Alburquerqueko dukeak eginiko saioa– haren alde. 1516ko abenduan, onartu zuen Gaztelako errege gazte berriak, Karlos Habsburgokoak, mariskalaren askatasuna, dukearen bermepean. Baina hura gauzatu baino lehen, Gaztelako Errege Kontseiluak –beaumondarrekin aliaturiko gaztelar handikiek kontrolaturik– atzera egitea gomendatu zion erregeari, eta 1517ko otsaila amaieran bertan behera utzi zuen honek aurreko erabakia. Hurrengo urtean, Atienzatik Simancasera eraman zuten mariskala[5].

1518ko maiatzaren 29an, Karlos Habsburgokoaren izenean barkamena eskaini zioten, erregeari zintzotasuna zin egin bazion. Petrik honela erantzun zuen:

(Gaztelaniaz)

« Una vez más suplico, con toda humildad posible a su Majestad, se sirva demostrar conmigo la magnificencia que ha de esperarse de semejante Majestad, devolviéndome la libertad entera y el permiso de ir servir a quien estoy obligado. La fidelidad, la limpieza que su Alteza quiere y estima de sus servidores, yo podré guardarla a los míos, y por ello me tornaré cautivo y esclavo de su servicio. »


1522ko azaroaren 22an, hiltzear edo hilda, ez dago garbi heriotza-agirian, aurkitu zuten gelan, bakarrik zegoela, bi laban zauri larrirekin, nahikoa ei zelarik bietako bakar batekin heriotza sortzeko. Zantzu anitz daude dudan jartzeko bertsio ofiziala, bere buruaz bertze egin zuela zioena[5][7].

Petri II.a mariskalak 1509an eraman zituen bere arbasoen hezurrak Olibako monasteriotik San Pedro Ruakoara, eta Petri beraren gorpuzkiak ere leku horretara garraiatu zituzten Simancasetik.[8]

Ezkontza eta seme-alabakAldatu

1498an Mayor de la Cueva Mendoza, Beltrán de la Cueva Albuquerqueko I. dukearen eta Infantadoko dukeen alaba zen Mentzia Mendoza Lunaren alaba, ezkondu zuen. Seme bakarra izan zuten:

Ezkongabea zela, Tafallako Uhalde familiako andre batekin seme natural bat izan zuen:

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e   Sánchez-Marco, Carlos Casa de los Navarra Historia medieval del Reyno de Navarra Lebrelblanco.com .
  2.   Urzainki Mina, Tomás; Olaizola Igiñiz, Juan Maria (1998) La Navarra marítima Ensayo y testimonio (1. argitaraldia) Iruñea: Pamiela ISBN 9788476812938 .
  3.   Historia ilustrada de Navarra Diario de Navarra ISBN 84-604-7413-5 .
  4.   Serrano Izko, Bixente (2005) Nafarroa, historiaren hariak Euskara Kultur Elkargoa ISBN 84-932845-9-9 .
  5. a b c d e f g   Serrano Izko, Bixente (2011-10-02) «Pedro II.a mariskala: Nafarroari leial hiltzeraino» Argia (2292) . Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziapean argitaratua
  6.   Esarte, Pedro (2012) El mariscal Pedro de Navarra Iruñea: Pamiela 16. orrialdea ISBN 978-84-7681-738-4 .
  7.   Esarte, Pedro El suicidio del mariscal Pedro de Navarra Nabarralde.com .
  8.   Apaolaza Avila, Urko (2011-10-02) «Mariskalen kripta galdua: ezpatak, hezurrak eta misterio bat» Argia (2292) . Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziapean argitaratua


Aurrekoa
Filipe II.a Nafarroakoa
 
Nafarroako mariskal
Petri II.a Nafarroakoa

1480-1522
Ondorengoa
Petri III.a Nafarroakoa