Pedro Vicente Gambra

Erronkaribarreko ganadu jabea, alkatea eta gerra-kapitaina Konbentzioaren Gerraren garaian

Pedro Vicente Gambra (Erronkari, 17491820) nafar ganadu jabe, merkatari eta enpresaburua izan zen. Erronkaribarreko alkate eta gerra-kapitaina izan zen Konbentzioaren Gerraren garaian (1793-1795).[1]

Pedro Vicente Gambra
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPedro Vicente Gambra
JaiotzaErronkari, 1749
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1820 (70/71 urte)
Jarduerak
Jarduerakabeltzaina

Bizitza aldatu

Pedro Vicente Grambra 1749an jaio zen Erronkaribarreko etxerik aberatsenean. 20.000 buruko artaldea eta etxalde handia zeuzkan. Ramon Pignatellik akuilaturik, Nafarroako Pirinioetako oihanak ustiatzera deliberatu zen. Zura almadietan garraiatzea zen haren asmoa, baina lehenik ibaiak egokitu behar izan zituen. Bere sakeletik eraiki zituen esklusak, uharkak, arrapalak eta ubideak Urralegi errekan eta Ezkan, eta 1781ean hasi zuen egur-garraioa. Iratiko ohianean, berriz, mastak eta beste pieza batzuk egiten zituen Cartagenako Errege Ontziolentzat.[2]

1787an, garraio azpiegiturak suntsitu zizkion uholde batek, eta zur asko galdu zituen. Galera ekonomiko larriak izan bazituen ere, berreraikitze lanak abiarazi zituen. Urzainkiko bizilagunek kexuak agertu zituzten Nafarroako Errege-Kontseiluaren aitzinean, baina Gambrak erregearen babesa izan zuen.[2]

 
Erronkari, Pedro Vicente Gambraren sorterria

1793an, Konbentzioaren Gerra hasi zenean, Erronkaribarreko gerra-kapitaina zen. Ekainaren 25ean, Konbentzioaren soldaduek muga postuak eraso bezain laster, Gambrak ibarra altxarazi zuen armetan. Herritarrak antolatu zituen, eta nafar erregimendu batek lagundurik, frantsesak egotzi eta Santa Graziraino esetsi zieten. Ahalegin handiak egin behar izan zituen erronkariarrek Santa Grazi suntsi ez zezaten. Urriaren 7an, Belaiko lepotik barrena sartu ziren frantziarrak; Gambraren miliziek, baina, gibelera eragin eta atzetik segitu zieten Santa Graziraino. Bertan, kasernari eta zazpi etxeri eman zieten su, eta 7.000 ardi bahiturik erretiratu ziren. Hilaren 10ean, bakea sinatu zuten erronkariarrek eta santa grazitarrek, gerra aurreko mugak errespetatzea adosturik.[1]

Iberiar Penintsulako Gerra (1808-1813) hasi zelarik, adin handia zuen gudaritzan aritzeko. Hala ere, berehala jarri zen Palafoxen esanetara. Haren itzalean milizia bat antolatu zen Erronkaribarren, frantziarrei jazartzen aritu zena. Napoleonen armadak ibarra hartu zuenean, ordea, ardi gehienak hil edo ebatsi zizkioten, eta zur ugari ere galdu zuen. Frantsesek estutu zuten Erronkariko alkatetza onar zezan, baina uko egin zion. Izan ere, okupatzaileen aurkako erresistentzian jardun zuen orduan ere, bai espioitzan, bai mugalari lanetan.[3]

Gerra ondoren laguntza eskatu zion Fernando VII.a erregeari, oso egoera ekonomiko larrian baitzegoen, baina alferrik izan zen. 1820an hil zen.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Gambra, Pedro Vicente. Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-10).
  2. a b Gambra, Pedro Vicente de. Gran Enciclopedia Navarra, enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-12-10).
  3. a b Gambra, Rafael. El Valle del Roncal en la Guerra de la Independencia. Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 20. urtea, 76-77. zenbakiak, 1959, 187-215. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-11).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pedro Vicente Gambra