Pazifikoko plaka
Pazifikoko plaka edo Ozeano Bareko plaka Ozeano Barearen zatirik handiena hartzen duen plaka tektonikoa da. Planetako plakarik handiena da. Haren bereizgarrietako bat da Hawaii uharteak eta sumendi ugari sorrarazi zituen barne puntu beroa edo Ozeano Bareko Suzko Eraztuna. Honako plaka hauek ditu mugakide:
- Iparraldean, Ipar Amerikako plaka. Harekin elkartzen den eremuan, Aleutiarretako itsas hobia eta Aleutiar uharteak eratzen dituen muga konbergentea du.
- Hegoaldean, Antarktikako plaka. Harekin, muga dibergentea du.
- Ekialdean, Esploratzailearen plaka, Juan de Fuca plaka eta Gorda plaka ditu iparraldeko zatian; Ipar Amerikako plaka (San Andres failan zehar) eta Cocosko plaka erdialdeko zatian; eta Nazcako plaka hegoaldeko zatian. Guztiekin, muga dibergentea du.
- Mendebaldean, Eurasiako plaka, Filipinetako plaka (horrekiko mugan Marianetako itsas hobia eratzen du) eta Indoaustraliako plaka. Azken horrekin, oro har, muga konbergentea du, baina toki batzuetan —adibidez, Hegoaldeko Alpeetako failaren inguruan— muga transformatzailea du.