Paul Rudd

aktore estatubatuarra

Paul Stephen Rudd (1969ko apirilaren 6a) aktore estatubatuarra da. Antzerkigintza ikasi zuen Kansaseko Unibertsitatean eta New Yorkeko American Academy of Dramatic Arts kontserbatorioan, eta 1991n egin zuen aktore gisa debuta. 2015eko uztailean Hollywoodeko ospearen pasealekuan izar bat jarri zuten bere omenez[1]. 2019an Forbes Celebrity 100 zerrendan agertu zen.[2] 2021ean People aldizkariak Sexiest Man Alive (munduko gizonik sexiena) izendatu zuen.

Paul Rudd

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPaul Stephen Rudd
JaiotzaPassaic (New Jersey)1969ko apirilaren 6a (54 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaNew Jersey
Lenexa
Anaheim
Rhinebeck (New York)
Lehen hizkuntzaestatubatuar ingelesa
Familia
Ezkontidea(k)Julie Yaeger (en) Itzuli  (2003ko otsailaren 23a -
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaShawnee Mission West High School (en) Itzuli
University of Kansas (en) Itzuli
British American Drama Academy (en) Itzuli
American Academy of Dramatic Arts
(ezezaguna - 1991)
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakaktorea, zinema ekoizlea, idazlea, zinema aktorea, antzerki aktorea, telebista-aktorea, gidoilaria eta komediantea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaWriters Guild of America, East (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioajudaismoa

IMDB: nm0748620 Allocine: 23848 Rottentomatoes: celebrity/paul_stephen_rudd Allmovie: p225541 TCM: 511120 Metacritic: person/paul-rudd TV.com: people/paul-rudd IBDB: 58595
Musicbrainz: e6acd6a9-95b0-4492-8f87-15f45afa341b Songkick: 4523683 Discogs: 355477 Edit the value on Wikidata

Parte hartu duen filmen artean Clueless (1995), Halloween: The Curse of Michael Myers (1995), Romeo + Juliet (1996), Wet Hot American Summer (2001), Anchorman: The Legend of Ron Burgundy (2004), The 40-Year-Old Virgin (2005), Knocked Up (2007), I Love You Man (2009), This is 40 (2012), eta Ghostbusters: Afterlife (2021) daude. Marvelen unibertso zinematografikoan Ant-Man pertsonaiaren rola jokatu du: lehen aldiz Ant-Man (2015) filmean, eta duela gutxi saga horren hirugarren atalean, Ant-Man and the Wasp: Quantumania (2023).

Zineman egindako ibilbideaz gain, Rudd telesail ugaritan agertu izan da: NBC katearen Friends sitcomean Mike Hannigan gisa, esaterako. Horrez gain, Tim and Eric Awesome Show, Great Job!, Reno 911! eta Parks and Recreation telesailetan gonbidatu-rolak izan ditu. Saturday Night Live programa ere aurkeztu du hainbat alditan, eta bi protagonista antzeztu zituen Netflixeko Living with Yourself komedia telesailean. Urrezko Globo Sarietan izendapen bat eskuratu zuen azken lan horregatik, Aktore Onena – Musikal edo Komedia telesail batean izeneko atalean. The Shrink Next Door (2021) minisailean ere protagonista izan zen.

Gaztaroa eta hezkuntza aldatu

Paul Stephen Rudd 1969ko apirilaren 6an jaio zen, Passaic hirian (New Jersey), familia judu-britainiar batean.[3][4] Aita, Michael Rudd (1943–2008), TWAko turismo-gida historikoa eta presidenteordea zen.[5][6][7] Ama, berriz, Gloria Irene Granville, KSMO-TV telebista kateko salmenta arduraduna zen, Kansas City-n (Missouri).[8][9] Aita nahiz ama, biak zituen jatorriz Londresekoak; aita Edgware-koa eta ama Surbiton-ekoa, [10][11] biak Bielorrusiatik, Poloniatik eta Errusiatik Ingalaterrara joandako Askenazi etorkin juduen ondorengoak ziren.[8][12][13][14][15][16] Rudden aitaren aldeko familiaren jatorrizko abizena, Rudnitsky, aitonak aldatu zuen (Rudd). Amaren aldeko familiaren abizena, aldiz, Goldstein zen;  gurasoak lehengusu txikiak ziren.[16][17] Ruddek Bar Mitzvah ospakizuna[8][18] Ontarion (Kanada) egin zuen.[19] Txikitan  osabak Erresuma Batutik bidaltzen zizkion The Beano eta The Dandy komikiak irakurtzea gogoko zuen.[20]

Ruddek hamar urte zituenean, bera eta bere familia Johnson konderriko Lenexa hirira (Kansas) joan ziren bizitzera. Bere aitaren lanbidea medio, familiak hiru urte eman zituen Anaheim-en (Kalifornia).[21][22][23] Johnson konderrian bizi zenean Ruddek Broadmoor Junior High ikastetxean ikasi zuen, eta Shawnee Mission West High ikastetxean amaitu zuen bigarren mailako hezkuntza, 1987an. Kansaseko Unibertsitatean antzerkigintzan graduatu zen,[24] eta Sigma Nu kofradiako Nu ataleko kide izan zen.[25] New Yorkeko American Academy of Dramatic Arts kontserbatorioan ere ikasi zuen, Mattew Lillard aktore ezagunarekin batera.[24] Drama Jakobinoa ikasten hiru urte ere eman zituen British American Drama Academy eskolan, Oxforden.[26][27] Antzerki-eskolan ikasten zuen bitartean Bar Mitzvah ospakizunetan DJ lanak egiten zituen.[28] Graduatu ostean hainbat lantxo izan zituen, esate baterako, Overland Park hiriko Holiday Ham Company enpresan urdaiazpikoak glasatzen.[29]

Ibilbide profesionala aldatu

Zinema eta telebista aldatu

 
Rudd 2007ko abenduan

Rudd 1991ean hasi zen aktore lanean, Super Nintendoren iragarki batean atera zenean. 1992an Sisters izeneko telesailean parte hartu zuen Kirby Quimby Philby pertsonaiaren paperean. 1994an Wild Oats serieko sei kapitulutan agertu zen. Sisters alde batera utzi eta 1995ean Clueless komedian parte hartu zuen Alicia Silverstonekin batera. Beste hainbat filmetan ere agertu da; hala nola, William Shakespeare’s Romeo + Juliet, The Locusts, Overnight Delivery, The Object of My Affection eta 200 Cigarettes. Bestalde, Halloween: The Curse of Michael Myer filmean  parte hartu eta Tommy Doyle pertsonaiaren rola jokatu zuen. 1999an, The Cider House Rules filmean egin zuen lan. Film hori SAG aktore elkarteak aurkezten duen Antzezlan Onenaren Aktore Zerrenda sariaren hautagaietako bat izan zen.

2000 urtean Hong Kongen filmatu zen Benny Chan zuzendariaren Gen-Y Cops filmeko Ian Curtis FBI agentearen papera egin zuen. 2002an aldiz, Friends sitcomean agertu zen. Komedia horretan, Mike Hannigan pertsonaia jokatzen zuen eta Lisa Kudrow-k antzezten zuen Phoebe Buffay pertsonaiaren mutil-lagun eta gerora senarra zen. 2006an Reno911! telesaileko hainbat kapitulutan agertu zen Guy Gerricault (“jeriko” ahoskatua) pertsonaia jokatuz; lamaze ikastaro bateko irakasle bat zen, eta geroago, Reno 911!: Miami filmean narkotrafikatzaile bat antzeztu zuen. Veronica Mars telesaileko 2007ko «Debasement Tapes» kapituluan agertu zen gonbidatu moduan, Desmond Fellows 90. hamarkadako rock izarra jokatuz.

2004an Judd Apatow zuzendari eta produktorearekin elkarlanean hasi zen eta hainbat film egin zituzten batera: lehenbizi Anchorman: The Legend of Ron Burgundy filmean Brian Fantana pertsonaia gorpuztu zuen Steve Carell, David Koechner eta Will Ferrell aktoreekin batera, eta 2005ean The 40-Year Old Virgin filmean, berriro ere Steve Carell eta Seth Rogen aktoreekin. Geroago Apatowrekin elkartu zen berriro 2007ko Knocked Up filma ekoizteko. Bertan Leslie Mann-en pertsonaiaren senar Pete frustratua jokatu zuen, Jason Segel, Jonah Hill, Seth Rogen eta Jay Baruchelekin batera pertsonaia nagusi rol batekin. 2007an, bestalde, Hard Knocks kirol dokumental luzeko narratzailea izan zen, bertan agertzen zen kirol taldearen jarraitzaile baitzen (Kansas City Chiefs). Urte horretako denboraldi horretan Liev Schreiber narratzailea ordezkatu zuen lehen eta azken aldiz.

2007ko Walk Hard: The Dewey Cox Story filmean Ruddek John Lennon pertsonaia antzeztu zuen, eta 2008an, aldiz, surf irakasle drogazale bat, Nicholas Stoller zuzendariaren Forgetting Sarah Marshall filmean, Jason Segel eta Jonah Hill aktoreekin batera. Bi filmak Apatowk ekoiztu zituen. Bestalde, rol eta agerraldi txikiak egin zituen Year one (2009) eta Bridesmaids (2011) filmetan. 2012an Jennifer Aniston lankide zuela, Apatowren Wanderlust filmeko protagonista eta ekoizle izan zen. This is 40 komedia filmean ere agertu zen protagonista moduan, Leslie Mann aktorearekin batera. Film hori Knocked Up filmaren sekuela da eta aipatutako beste filmak bezala, Apatowk zuzendu eta ekoitzi zuen. 2013an berriro ere Brian Fantana jokatu zuen Anchorman 2: The Legend Continues filmean.

2007an The Oh in Ohio eta The Ten filmetan protagonista . Azken film horretan David Wain eta Michael Showalter izan zituen lankide berriro ere. Beste alde batetik, Over Her Dead Body filmean Eva Longoria aktorearekin egin zuen lan. Horrez gain, Role Models filma idatzi eta pertsonaia nagusietako bat izan zen Seann WIlliam Scott-ekin batera. Bertan, edari energetikoak saltzen dituzten eta haurtzaintza programa batean auzolana egitera behartzen dituzten bi langile antzezten dituzte.

2009an, Rudd Jason Segelekin batera agertu zen berriro I Love You Man filmean. Bertan Rudd eta Segeal lagunak dira biei Rush rock banda gustatzen zaielako. Rudd eta Segel beraiek ere badira Rush bandaren zaleak. 2009an, Ruddek Party Down telebista saioa sortu zuen John Embom, Rob Thomas eta Dan Etheridge-rekin batera. DreamWorksen Monsters vs. Aliens ordenagailuz sortutako filmean bikoizketa aktore gisa jardun zuen.

2010ean, Steve Carellekin batu zen berriro ere, The 40-Year-Old Virgin filma grabatu zutenetik lehenengo aldiz, Jay Roachek zuzendutako Dinner for Schmucks komediarako. 2012an, The Perks of Being a Wallflower draman bigarren mailako rol bat ere izan zuen: Anderson Jauna, Charlie (Logan Lerman-ek jokatua) protagonistaren irakaslea. 2011ean protagonista izan zen Our Idiot Brother filmean Elizabeth Banks, Zooey Deschanel eta Emily Mortimer aktoreekin. Elizabeth Banksekin batera protagonista rola jokatu zuen bosgarren filma izan zen. Aurretik filma hauetan agertu zen berarekin: Wet Hot American Summer (2001), The Baxter (2005), The 40-Year-Old Virgin (2005) eta Role Models (2008).

2012an Ruddek Bobby Newport pertsonaia jokatu zuen lau ataletan NBCren Parks and Recreation telesailean. Udaleko kontseilurako hautagaiaren papera egiten du, Leslie Knope protagonistaren aurka, azken hori Amy Poehler-ek jokatua. Paper horrengatik Critic’s Choice Awards sari bat irabazi zuen, Best Guest Performer in Comedy Series (Komedia telesail bateko Antzezle Gonbidatu Onena), hain zuzen ere. 2014an, Hyundai-ren telebistako iragarkietako esataria izaten hasi zen. John Hodgman-en The Areas of My Expertise (2005) eta More Information Than You Require (2008) audioliburuetako ahotsa ere izan zen.

2013ko abenduaren 19an, Rudd 2015eko Marvelen Ant-Man filmeko aktore izendatu zuten ofizialki. Protagonistaren papera egin zuen, Scott Lang/Ant-Man pertsonaia gorpuztuta. Ruddek bere papera jokatu zuen berriro ere Captain America: Civil War (2016) eta Ant-Manen 2018ko sekuelan: Ant-Man and the Wasp: Quantumania. Bigarren hori idazten ere lagundu zuen. Evangeline Lilly-rekin batera bueltatu zen Avengers: Endgame (2019) filmean, zeinak kritika onak jaso zituen eta gainera, inoiz sarrera gehien saldu dituen filma izan zen.

Berriro ere izan zen protagonista 2023an Ant-Man and the Wasp: Quantumania filmean.

Ruddek Wet Hot American Summer filmeko Andy pertsonaia berriro ere jokatu zuen Netflixeko Wet Hot American Summer: First Day of Camp prekuelan, lehenengo filmeko beste aktore batzuekin batera: Bradley Cooper, Amy Poehler eta Elizabeth Banks. Denek jokatu zituzten 2001ean izan zituzten rolak. 2016an The Fundamentals of Caring komedia-draman agertu zen Selena Gomez-ekin batera, eta The Little Prince eta Sausage Party pelikuletan bikoiztaile lanetan aritu zen. Nerdland (2016) animaziozko komedian ere John izeneko pertsonaia bikoiztu zuen, hamaika arazo zituen aktore bat. Patton Oswalt-ekin batera The Catcher Was a Spy (2018) filmean ere parte hartu zuen Ruddek. Moe Berg protagonista gorpuztu zuen, II. Mundu Gerran OSSra batu zen Boston Red Sox beisbol taldeko jokalari bat. 2018ko abuztuan Living withYourself Netflixen komedia telesailerako hautatu zuten Rudd, Aisling Bea-rekin batera. Produktore eragile ere izan zen, eta 2019ko urriaren 18an estreinatu zen.

2004tik 2021era arte, Conan O 'Brien komediagilearen late night komedia showetan, Ruddek bere proiektuen inguruan hitz egiten zuen bakoitzean, erakustear zegoen bideo laburraren inguruko azalpen bat ematen zuen, baina gero bideo hori jarri beharrean 1988ko Mac and Me filmaren zati bat jartzen zuen. Ruddek onartu zuen «ez zuela inolaz ere uste» behin eta berriro errepikatutako txantxak hainbeste iraungo zuenik. «Korapilatsua da; hemen nator ni, daukadan guztia telebistan saltzera. ‘Hona hemen grabatu berri dudan gauza bat’. Nahiko faltsua iruditzen zitzaidan (eta egia esan, oraindik ere hala iruditzen zait askotan)» esan zuen. Ruddek Connan engainatzeko tradizioari eutsi zion Connan O'Brien Needs a Friend podcasteko «Paul Rudd Returns» kapituluan, 2022an.

Antzerkia aldatu

Rudd Broadway-ko zenbait antzezlanetan ere agertu izan da. Lehenengoa 1997an izan zen, The Last Night of Ballyhoo antzezlanean, non Joe Farkas-en rola egin zuen. Hurrengo urtean, Twelfth Night antzezlanean agertu zen Lincoln Centre Theatre antzokian Kyra Sedgwick eta Max Wright-ekin batera. 2006an Broadwayn Richard Greenberg-ek ekoitzitako Three Days of Rain obran agertu zen Bradley Cooper eta Julia Roberts-ekin batera, Bernard Jacobs Theatre antzokian. 2012an Rudd Craig Wright-en Grace antzezlanean aritu zen Cort Theatre antzokian. Ruddekin batera aritu ziren Michael Shannon, Oscar Sarietan izendapenak jasotakoa, Ed Asner, zazpi aldiz Emmy sariduna, eta Kate Arrington.

2000 eta 2001 artean Long Day’s Journey Into Night antzezlanean agertu zen Jessica Lange, Charles Dance eta Olivia Colman-ekin batera Londreseko Lyric Theatre antzokian. 2001ean Adam protagonistaren rola egin zuen Neil LaBute-ren Londreseko The Shape of Things jatorrizko ekoizpenean. 2001eko urrian hasita, hiru hilabete egon zen Broadwaytik kanpo. Bi urte geroago, filma egin zen jatorrizko antzezle-zerrenda berarekin.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Robbins, Caryn. «Paul Rudd to Receive Star on Hollywood Walk of Fame» BroadwayWorld.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  2. (Ingelesez) «Paul Rudd» Forbes (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  3. (Ingelesez) Freeman, Hadley; @HadleyFreeman. (2015-07-09). «Paul Rudd on Ant-Man, being Hollywood’s go-to nice guy and growing up with English parents in Kansas» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  4. (Ingelesez) «Paul Rudd - Movies, Age & Wife» Biography 2021-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  5. «Paul Rudd's Birthday Wish Is For You To Help Him Cure Cancer | Ecorazzi» web.archive.org 2015-06-21 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  6. (Ingelesez) Nast, Condé. (2012-02-14). «Will Jennifer Aniston and Paul Rudd’s Discussion of Cremated Therapists, Dogs, and Fathers Make You Want to See Their New Movie?» Vanity Fair (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  7. (Ingelesez) «Julia Roberts presents ‘Honorary Irishman’ award to actor Paul Rudd» IrishCentral.com 2011-02-27 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  8. a b c (Ingelesez) Pfefferman, Naomi. (2012-12-28). «Paul Rudd Q & A: 'This is 40'» Jewish Journal (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  9. (Ingelesez) Weiner, Caren. (1998-04-26). «FILM; Suddenly the Object Of Much Attention» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  10. (Ingelesez) Cirelli-Heurich, Julie. (2009-03-22). «Paul Rudd interview: He's happy to have a job -- any job.» nj (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  11. (Ingelesez) The Graham Norton Show. 2023-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  12. (Ingelesez) Goren, Biranit. (2013-05-29). «Jews Making News: Parker, Rudd» Atlanta Jewish Times (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  13. (Ingelesez) Schleier, Curt. (2017-10-26). «Paul Rudd learns about his family history from a JTA article on ‘Finding Your Roots’» Jewish Telegraphic Agency (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  14. «An `Object' of Affection: Talking with Paul Rudd | Arts | The Harvard Crimson» www.thecrimson.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  15. (Ingelesez) NJ.com, Amy Kuperinsky | NJ Advance Media for. (2017-10-31). «N.J. actor Paul Rudd plumbs family history on 'Finding Your Roots'» nj (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  16. a b (Ingelesez) Finding Your Roots. 2023-04-20 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  17. «Cineplex.com | Cineplex News - INTERVIEW: Paul Rudd on breaking into the Marvel Universe in Ant-Man» web.archive.org 2017-07-31 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  18. «BOMB Magazine: Alfred Uhry by Paul Rudd» web.archive.org 2011-08-14 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  19. Paul Rudd Shares Some Possible Facts About Kansas City. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  20. «Was Pixar's Inside Out inspired by The Beano?» www.telegraph.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  21. (Ingelesez) May 25, Ari Karpel Updated; EDT, 2007 at 04:00 AM. «Spotlight on Paul Rudd» EW.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  22. «Paul Rudd's offbeat 'Dinner' date» web.archive.org 2013-07-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  23. «Paul Rudd Interview - Playboy Magazine - Candid Conversation» web.archive.org 2012-01-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  24. a b (Ingelesez) «Paul Rudd | Biography, Movie Highlights and Photos» AllMovie (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  25. «Prospective Members - Notable Sigma Nu Members - Sigma Nu Fraternity, Inc.» www.sigmanu.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  26. (Ingelesez) Nast, Condé. (2009-04-01). «You Know You're Paul Rudd When...» GQ (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  27. «Alumni : Alumni» web.archive.org 2011-07-07 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  28. «Paul Rudd on Grace, Bar Mitzvahs and This is 40 - Newsweek and The Daily Beast» web.archive.org 2012-12-12 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  29. (Ingelesez) Jr, Tom Huddleston. «‘Sexiest Man Alive’ Paul Rudd reveals the weirdest odd job he did to save money for acting school» CNBC (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).

Kanpo estekak aldatu