Panti

pieza bakarreko gerrirainoko galtzerdi mota, kuleroa eta galtzerdiak bat egiten dituena

Pantiak edo kolantak, hankak oinetatik gerriraino estaltzen dituzten galtzerdiak dira. Gaur egun, galtzerdiak baino askoz gehiago erabiltzen dira.

Panti
galtzeteria eta linjeria
Fabrikazioa
DiseinatzaileaAllen Erwin Gant eta Ethel Boone Gant

Orokorrean, emakumezkoen azpiko arropatzat hartzen dira. Allen Erwin Gant eta Ethel Boone Gant senar-emazteek asmatu zituzten 1950eko hamarkadaren erdialdean galtzerdiak faxa eta galtzari-eustekoekin batera eramateak eragiten zuen ezerosotasunari konponbidea emateko. 1959an merkaturatu ziren lehenengoz Panti-Legs izenarekin.[1]

Galtzerdiak bezala, pantiak nylonezkoak edo nylonarekin nahastutako beste ehunezkoak izan ohi dira. Ondorengo helburuekin diseinatzen dira pantiak:

  • Itxuraz erakargarriak izateko.
  • Nahi gabeko zenbait ezaugarri fisiko ezkutatzeko; hala nola, inperfekzioak, ubeldurak, orbainak, biloa, barizeak, eta abar.
  • Kuleroen ageriko lerroak murrizteko.
  • Oinen eta oinetakoen arteko edota bi izterren arteko urratuak murrizteko.

Historia aldatu

Pantiak Allen Erwin Gant eta Ethel Boone Gant senar-emazteek asmatu zituzten, Ethelek galtzerdiak eta galtzari-eustekoak batera erabili behar izanagatik zuen kexa baten ondorioz.[2][1]

Pantiak asmatu baino lehen, 1950eko hamarkadan, emakumeek giro formaletan galtzerdiak janzten zituzten garaiko janzkera-kodeek behartuta. Ondorioz, galtzerdiak eror ez ziezazkieten galtzari-eustekoak jantzi behar zituzten.[2]

Halako batean, Gant senar-emazteak New Yorkeko Macyren Esker Emate Eguneko Desfilea ikusi ondoren trenez bidaiatzen ari zirenean, haurdun zegoen Ethelek bere senarrari arranguratu zitzaion galtzerdiekin jantzi behar zituen faxak eta galtzari-eustekoek sabelaldean mina ematen ziotela eta erditu arte ez zela beste inora bidaiatuko.[2][3][1]

Glen Raven Mills ehun-fabrikako zuzendaria zen Allen Erwin Gantek bere emaztearen kexa aintzat hartu zuen eta berarekin konponbidea bilatzeari ekin zion. Biei galtzerdiak kuleroekin lotzea otu zitzaien. Ethelek prototipoa egin zuen oihal-zatiak josiz eta bere senarrari eman zion hura ekoizteko modua aurki zezan. Allenek bere emaztearen prototipoa lanera eraman zuen eta Arthur Rogers, J. O. Austin eta Irvin Combs lankideen laguntzarekin panti-legs (kulero zangodunak) izenez ezagutuko zen ekoizkina garatu zuten.[2]

1959an produktua merkaturatu zuten, merkatuko lehen pantiak. Hala ere, asmakizunak ez zuen emakume askoren arreta lortu 1960ko hamarkadaren erdialdera aldera arte, minigonak modan jarri ziren arte. Jean Shrimpton eta Twiggy modeloek minigonak jantzi zituztenean, pantien eskariak gora egin zuen.[2][1]

Joste teknika eta ehun berrien garatzeak, horien artean elastanoa, pantien kostua murrizteaz gain, neurri gehiagotako pantiak eskaintzea posible egin zuten.[2]

1970eko eta 1980ko hamarkadek pantien urrezko aroa osatzen dute. Pantiak emakumeen eguneroko jantziak bilakatu ziren. 1990eko hamarkadan, ordea, gainbera etorri zen eta salmentek nabarmen egin zuten behera. Harrezkero, pantien erabilerak modaren joan-etorrien mende dago.[2]

Badira klima hotzetan janzteko moduko neguko pantiak. Direlako panti termiko horiek 2020ko hamarkadaren hasieran jarri ziren modan sare sozialetan. Izatez, jantzi polardun neguko pantiak dira. Kanpotik begiratuz panti zeharrargi arrunt batzuk dirudite nahiz eta berez opakuak izan, baina barrualdean jantzi polarra daukate hankak berotzeko.[4]

Egitura aldatu

Orokorrean, pantiek ondorengo egitura izan ohi dute. Gerrialdearen goiko aldea sendoa eta elastikoa izan ohi da. Aldakak eta ipurmasailak estaltzen dituen zatia, kuleroen aldekoa, hanken zatia baino ehun lodiagoaz egina dago. Genitalak estaltzen dituen eskudetea edo hankartea, berriz, ehun sendoagoz egina dago, batzuetan kotoi porotsuz.[5] Pantien hankak edo zangoak ehunik meheenekin egiten dira eta egitura erregularra izan ohi dute oin-puntetaraino. Gainera, pantien oin-puntak eta orpoak sendotu daitezke jantzia erraz urra ez dadin.[6]

Panti moderno gehienak nylonezko eta elastanozko ehunak nahastuz egiten dira.[7] Horrek elastikotasuna eta gorputzari estu egokitzeko gaitasuna ematen dio. Gainera, nylonezko ehunak erraz urratzeko joera dutenez, pantia gardenak oso urraz urratzen dira zerbait latz edo zorrotzarekin katigatuz gero.

Nolanahi ere, badira pantien beste aldaera; adibidez, panti saretadunak. Horrez gain, pantiak zetazkoak, kotoizkoak, kaxmirrezkoak eta artilezkoak izan daitezke ere.

Estiloak aldatu

Dentsitatearen arabera aldatu

Normalean, pantiak lau talde nagusitan sailkatzen dira zuntz-dentsitatearen arabera: oso gardenak, estandarrak, erdi-opakuak eta opakuak. Zuntz-dentsitatea denier edota dtex unitateetan neurtzen da, eta metro bakoitzeko zenbat kilogramo zuntz dagoen neurtzen du. Horrela, 15 denierretik beherakoak oso gardenen taldean sailkatzen dira. Ondoren, 15 eta 30 denier bitartekoak, ohikoenak, gardenen kategorian. Jarraian, 30 eta 50 denier bitartekoak, erdi opaku sailkapena jasotzen dute. Azkenik, 50 denierretik gorakoak opaku izendatzen dira.

Pantien sailkapena denier zuntz dentsitate linealaren arabera
Izendapena Denierrak Ezaugarriak Irudia
Oso gardenak
(ingelesez: ultra sheer)
< 15 denier Ia erabat zeharrargiak eta giro beroetarako egokiak dira.
 
Gardenak
(ingelesez: sheer)
15 - 30 denier Zeharrargiak eta giro epeletarako egokiak dira.
 
Erdi opakuak
(ingelesez: semi-opaque)
30 - 50 denier Erdi opakuak eta giro hotzetarako egokiak dira.
 
Opakuak
(ingelesez: opaque)
> 50 denier Opakuak eta giro hotzetarako egokiak dira.
 

Zereginaren arabera aldatu

  • Panti murriztaileek (ingelesez: control-top) gorpuzkera benetan dena baino argalagoa ematea dute helburu. Horretarako, kuleroaren atala sendotuta dute eta ondorioz, pantien kolorea ez da uniformea bere osotasunean. Gona, soineko edota praka motzekin batera jantziz gero, pantien kuleroa kusgai gera daiteke.
  • Panti gerriraino gardenek (ingelesez: sheer-to-waist) kulota hanken aldea bezain meheak dituzte, eta ondorioz, kolore berekoak dira. Beraz, egokiak dira gona, soineko eta praka laburrekin janzteko.
  • Panti hankartegabeek (ingelesez: open crotch) ez dute eskudeterik eta hankartean irekidura bat dute, dela higieneagatik arrazoiengatik, dela sexu fetitxismoagatik.
  • Atseden pantiak dentsitate handiko pantiak izan ohi dira, 40 denierretik gorakoak, hankak nekatzea ekiditeko.
  • Konpresio pantiak odol-zirkulazioa hobetzeko erabiltzen dira.

Janzteko jarraibideak aldatu

 
Emakume gonadun bat pantiak ondo jartzen.

Pantiak kontu handiz jantzi behar dira urra edo honda ez daitezen. Horretarako, gomendatzen da eskuak hutsik izatea, inolako bitxirik edo bestelako osagarririk eraman gabe, baita azazkal kamutsak izatea ere.[8]

Hasteko, pantien bi hanketako bakoitza guztiz biribilkatzen da oin-puntaraino. Jarraian, lehenengo oina dagokion pantien hanka-zuloan sartu eta pantiak oin horren orpoaren gainerairano zabaltzen dira. Gero, oinutsik dagoen oina beste zuloan sartu eta era berean orpoaren gaineraino zabaltzen dira. Ondoren, pantien kulotetik eztiki tira eginez belaunen gaineraino hedatzen dira. Azkenik, pantien kulota aldaka eta gerriraino zabaltzen da.[8]

Dena dela, badira galtzerdiak eta pantiak janzten eta eranzten laguntzeko tresnak.[9]

Kezkak aldatu

Pantiak janztearen alde txarrak honako hauek dira:

  • Kotoia ez bezala, nylona ez da gai xurgatzaile bat. Horregatik, izerdiak aukera handiagoa du oinen, hanken eta genitalen inguruan geratzeko. Horrek bakterioen hazkundea eta berekin dakarren usain txarra agertzea eragin dezake. Horri aurre egiteko, hainbat galtzeteria produktuk zilarra daukate kiratsa eta izerditzea ekiditen laguntzeko. Bestalde, zeta naturalezko zuntzak dituzten pantiak janzteak izerditzea gutxiagotzen du.
  • Horrez gain, zenbait emakumek ez dute pantirik jantzi nahi ingurumen arrazoiengatik. Izan ere, horietako asko ez dira birziklagarriak eta gainera, nylonezko pantiak ez dira biodegradarriak. Halaber, horiek zaborrera botatzeak zabortegien gehiegizko erabilera eragiten du. Bestalde, nylonezko pantiak erraustegietan erretzeak batzuetan toxinak atmosferara askatzea eragin dezake. Alabaina, geroz eta panti gehiago gai jasangarriagoekin eginak daude: gai birziklatuak edota biodegradarriak erabiliz.[10]

Ipar Euskal Herrian hondatutako pantiak ehun erabilien kategorian biltzen, bereizten eta birziklatzen dira.[11] Bestalde, berriro erabili eta birziklatu ezin diren pantiak nork bere erabilerarako beste gauzatan bihur daitezke etxean, adibidez: ilerako zinta elastikoetan, garbigailuan sartzeko arroparsko poltsetan, eta abar.[12]

Gizonezkoen pantiak aldatu

Orokorrean pantiak emakumezkoen jantzitzat hartu izan ohi diren arren, badira pantiak erabiltzen dituzten gizonezkoak hainbat arrazoi direla bide. Horien artean, babesgarri termikotzat erabiltzen dituztenak, arrazoi terapeutikoengatik daramatzatenak eta euren janzkerara ekarri eta egokitu dituztenak. 2000ko hamarkadaz geroztik, hainbat panti-etxek gizonentzako pantiak saltzen dituzte.[13][14]

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d (Ingelesez) Komar, Marlen. (2019-09-20). «Tights Are Now a Fall Fashion Staple—But They Were Once a Revolutionary Style Statement» Time (Noiz kontsultatua: 2023-01-07).
  2. a b c d e f g (Ingelesez) Caputo, Joseph. (2009-07-07). «50 Years of Pantyhose» Smithsonian (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  3. (Gaztelaniaz) Marrón, Núria. (2019-11-05). «Los pantis cumplen 60» El Periódico (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  4. (Ingelesez) Rao, Sapna. (2021-12-06). «The £10 fleece-lined tights going viral on TikTok are the ultimate hack to staying warm this Christmas» Glamour Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  5. Barnum Wingate, Isabel; Gillespie, Karen R.; Barry, Mary E.. (1984). Know Your Merchandise: For Retailers and Consumers. Gregg Division McGraw-Hill, 228 or..
  6. Tomshinsky, Ida. Socks. Xlibris Corporation, 30 or..
  7. (Ingelesez) Muse, Brooklyn. (2022-12). «The History of Underwear» NewsBreak Original (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  8. a b (Ingelesez) Hunkemöller. How to put on tights without getting ladders!. (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  9. Bizkaiko Foru Aldundia. (pdf) Laguntzeko produktuen katalogoa. (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  10. (Polonieraz) «Polska marka wypuszcza pierwsze takie biodegradowalne rajstopy: poznajcie linię Eccola, w której moda spotyka się z ekologią» Elle 2021-04-02 (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  11. Bil Ta Garbi. (2019-09). (pdf) Ehun guziak birziklatzen dira. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  12. (Gaztelaniaz) San Martín, Eva. (2021-06-21). «7 ideas prácticas para aprovechar tus medias agujereadas» Eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  13. (Ingelesez) Lutz, Ashley. (2013-01-28). «'Mantyhose' Are The Latest Hot Trend In Menswear» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2023-01-07).
  14. (Ingelesez) Berry, Allison. (2012-03-08). «Introducing Mantyhose. Yes, Mantyhose.» Time (Noiz kontsultatua: 2023-01-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu