Pankreako minbizia digestio-aparatuaren organo horren tumore gaiztoen multzoa da, alde batetik gehien-gehienak diren tumore exokrinoak ditugula (%98-99a) eta bestetik askoz urriagoak diren tumore endokrinoak (%1-2a).
Oso pronostiko txarra dauka normalean, 3-6 hilabetekoa izanda bizirik irauteko batez bestekoa, eta 5 urtetarako bizirik irautea %5a baino txikiagoa. Urtero AEBetan 42.470 pertsona inguruk diagnostiko hau jasotzen dute eta horietatik 35.240 bat hiltzen dira.
Adina (>60 urte), gizonezkoa izatea, tabakoa, pankreatitis kronikoa eta eragile genetikoak ditugu besteak beste minbizi mota honen arrisku faktoreen artean.
Anamnesian jasotako datu klinikoez gain, proba osagarrien artean odol-analisiek gibeleko funtzioaren asaldurak azaldu ditzakete alde batetik, eta bestetik tumore markatzaile espezifikoa CA 19.9 da.
Bestela, proba erradiologikoen artean OTA edo eskanerra hoberena, ekografia soilak ematen duena baino informazio handiagoa eskaintzen duena.
Azkenik, beste minbiziekin eta bestelako gaixotasun batzuekin gertatu legez, pankreako tumoreekin ere biopsiak beharrezkoak dira diagnostikoa konfirmatzeko eta azpimota zehazteko.
Kirurgia: Beste tumore batzuekin gertatzen den bezala, hemen ere minbiziaren zabaltze egoeraren arabera egin daiteke ala ez. Tamalez, kasu honetan oso kasu gutxitan prozedura hau burutu ahal izaten da.
Kimioterapia: Kirurgia egin ezin denean, aringarri moduan kimioterapia eskaini daiteke, beti ere helburu sendagarriak albo batean utzita eta bizirik irautea apur bat luzatzeko asmoz soilik. Gemzitabina izan zen erabilitako lehenengo agentea