Palmira[1][2] (Palmirako arameraz: , Tadmor; arabieraz: تدمر‎Tadmor, «datil palmondoen hiria») antzinako hiri semita da, Siriako basamortuan dagoena, Homs eskualdean, egungo Tadmur hiritik 3 kilometrora. Gaur egun, hiriaren hondakin zabalak baino ez dira geratzen, nazioarteko turismo handia hartzen dutenak. Antzinako Palmirako erresuma nabateoen hiriburu izan zen Zenobia erreginaren agintaldi laburrean, 266 eta 272 bitartean.

Palmira
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kokapena
Herrialdea Siria
Siriako muhafazahHoms eskualdea
HiriaTadmur
Kokapen fisikoaSiriar basamortua
Koordenatuak34°33′01″N 38°16′11″E / 34.550381°N 38.269791°E / 34.550381; 38.269791
Map
Historia eta erabilera
Gizateriaren Ondarea arriskuana2013 -
Siege of Palmyra
UNESCOko Mundu Ondare Gunearen artxiboaren zuzenketa 2017
Suntsipena1929
Arkitektura
Azalera1.640 ha
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i), (ii) eta (iv)
Erreferentzia23 eta 23bis
Eskualdea[I]Arabiar Herrialdeak
Izen-ematea1980 (IV. bilkura)
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Historia

aldatu

Palmirako gunearen populatze-prozesuaren egonkortzea

aldatu

Afqako oasiaren auzogunean gertatu ziren, Mariko artxibategietatik euren existentzia ezagutzen den lehen finkapenak. Biblian, Tadmor eta Tamar izenekin aipatzen da (Itsaso Hiletik gertu dagoen beste hiri batekin nahasketa dagoen arren). Sirian seleuzidarrak nagusi izan ziren garaian, Palmirak bere independentzia lortu zuen.

Brontze Aroan zehar, Siriako lurraldeetako biztanleriak, nomadismoa gutxitu eta egonkortasuna handitu zuen. Prozesu horretan eragin handia izan zuen nekazaritza jardueren zabalkuntzak. Hala ere, herri ezberdinen arteko gatazkak ugariak izan ziren[3].

Autore batzuen ustez, Palmirako inguruetan finkatu ziren lehen herriak ezin dira etnikoki sailkatu ez zutelako etnia zehatzik osatzen. Horren inguruko eztabaida amaiezina da. Hala ere, Smithek, Palmirako lehen komunitateak arabiar bezala sailkatzen direla dio. Argi dago oasian komunitate bat zegoela eta inguruko beste komunitate batzuek euren nomadismoa gutxitu zutela, oasiko komunitatean integratuz. Ezin da zehaztasunez jakin hasierako talde horiek nondik zetozen, baina merkataritza, nekazaritza eta artzaintza bezalako jarduerak burutzen zituzten eta euren arteko harreman gero eta ugariagoak hedatu ziren [4]. Amoritek, aramearrek eta arabiarrek oasiko ingurua populatzeko prozesuaren hasieran parte hartu zutela defendatzen dute autore ezberdinek [4].

Konkista erromatarra eta erromanizazioa

aldatu

K. a. 41ean, Palmirako biztanleak Marko Antonioren tropetatik ihes egin zuten Eufrates ibaiaren beste aldera. I. mendean, Siria erromatar probintzia bihurtu zen, eta hiriak aurrera egin zuen karabanen merkataritzarekin, Zetaren Bidean baitzegoen.

Zalantzak badaude ere, aditu gehienen ustez, Palmira independentea zen erromatarrek hiria hartzearen aurreko momentuan.[5] Hiriaren konkista erromatarraren inguruan hitz egiterakoan, historiagileen arteko eztabaida sortzen da. Pat Southern autoreak hurrengo azalpena ematen du horren inguruan: “Data proposatua lehenengo mendetik hirugarrenera doa, Tiberiorekin hasita, edo semetzat hartu zuen Germanikorekin. Probabilitate gutxiagorekin Neronek Palmira bereganatu zuela proposatu izan da bere jenerala zen Domitio Korbulo ekialdean kanpainak burutu zituenean eta Partiarekin bake luze bat lortzean arrakasta izan zuenean. Vespasiano, 69ko guda zibilaren ondoren Neronen lekua hartu zuena, beste hautagai bat da. Azken honen agintaldian, erromatarrak errepideak eraikitzen ari ziren Palmiratik ekialdera zeuden lurretan”.[5] Hala ere, ikusiko dugun bezala, garai erromatarreko administrazio eredua 74. urterako funtzionatzen ari zen hirian.[6]

Erromatar erakundeak finkatu zirenean batez ere, garrantzi handiko gunea izan zen ekonomiaren eta merkataritzaren ikuspuntuetatik. Hiriaren monumentalismo eta arkitektura eredu famatuak ere, garai erromatarren garatu ziren gehien bat. Zetaren bidea eta Arabiatik zetozen beste ibilbide batzuk bertatik igarotzen ziren. Beraz, nodo lana egiten zuen mediterraneoko portuen eta kontinente asiarreko lur urrunen artean. Ibilbide honi esker, Txina, India, eta beste lurralde batzuetako luxuzko produktuak (zeta, espeziak, jadea, bolia, mirra, perlak, harribitxiak, lurrina, ebanoa, zeramikak, marmolez eta brontzez egindako lanak...)[7] Erromara heltzen ziren bitartekari ezberdinetatik pasatu ondoren. Hiriaren garrantzi ekonomikoa da, hain zuzen ere, diplomaziarekin eta kanpo-politikarekin batera, Palmiran tropa kopuru deigarria topatzea azaltzen duena. Inperioko mugan kokatutako eremu honetan, merkataritza eta produktuen ibilbide zuzena ziurtatzea presentzia militar indartsua behar zuen. Denboran zehar, Palmirak Erromatar Inperioaren menpe lortu zituen abantaila administratibo, politiko eta ekonomikoak ulertzeko, beharrezkoa da faktore geopolitikoak eta ekonomikoak aztertzea.[8]

Peter M. Edwell autorearen arabera, Trajano eta Hadriano enperadoreen garaietan, Palmirak garrantzi militarra hartu zuen. Antza denez, bertako arkularien errekrutatzea egiten zen inperioko beste lurralde batzuetan zerbitzua bete zezaten.[9] Hadriano enperadorearen bisitarekin Bel jainkoaren tenplu nagusia handitu eta zutabe monumental berriak eraiki zirela uste da. Azken enperadore honen garaian, Laodizea, Rhosos, Tripolis, Tiro eta Seleuzia ofizialki “hiri autonomoak” izatera pasatu ziren.[10] Bitartean, Palmira “hiri aske” (civitas libera) izan zen deklaratua.[10] [11].

194an, Septimio Severo enperadorea boterean zegoelarik, Siriako lurraldea banatu zen bi probintziatan. Alde batetik, Coele-Siria zegoen, hiriburuak Itsasoko Laodizean eta Antiokian zituena. Beste aldetik, Siria Feniziarra zegoen, Tiro hiriburu bezala zuena. Palmirako hiria azken honetan aurkitzen zen.[10]

Garrantzi kultural, diplomatiko eta ekonomiko nabaria lortzera iritsi bazen ere, Siria Erromatar Inperioko gune periferiko batean kokatzen zen, partiarren erresumako lurrekin muga eginez. Azken entitate honen gaitasun militarrak arazo bat suposatzen zuen Erromatar Inperioarentzat. Testuinguru horretan, mugaldeak tentsio politikoetatik babestu behar ziren. Hirien leialtasuna mantendu nahi zen kanpoko potentzien aurka. Palmira gizarte liskarretatik eta tentsioetatik babestea, Inperioko interesen artean zegoen. Baretasun egoera mantendu nahi zen bertako biztanleriarekin eta eliteekin fideltasunaren alorrean arazorik ez izateko.

Bisita baten ondoren, Hadriano erromatar enperadoreak, Palmirari, hiri aske eskubideak eman zizkion, eta izena Palmyra Hadrianagatik aldatu zuen.

III. mendetik Erdi Arora

aldatu

Hiriak kolonia titulua lortu zuen Septimio Severorekin edo Karakala enperadorearekin.[12] Hala ere, III. mendean tentsio eta krisi egoerak nabarmendu ziren Inperio Erromatarreko lurraldeetan.

Sasaniden aurkako gerran Valeriano erromatar enperadorea harrapatua izan ondoren, Palmirak mugak defendatu zituen Septimio Odenato edo Odaenathus gobernariaren agindupean. Hau hil ondoren, bere alarguna zen Zenobiak, bere seme Vabalatoren izenean, Palmiran ezarri zuen bere erresuma nabateoaren hiriburua. Bere independentzia sei urtez mantendu zuen, Erromaren setio eta birkonkistatze nahiaren aurrean, bere eragin eremua Egiptoraino hedatuz. 272an, garaitua eta Aureliano enperadoreak preso eramana izan zen, nork, urrezko kateekin lotuta, gurdi batetik tirarazi zuen bere garaipen martxan. Gero, barkatua izan zen, eta Tiburreko villa batetara erretiratu ahal izan zen. Bertako biztanleen beste matxinada baten ondoren, Palmira, 273an suntsitua izan zen. Dioklezianok berreraiki zuen Palmira, hiri berria, txikiagoa zen arren, eta handik gertu kanpamendu bat ezarri zuen, sasaniden aurkako defentsa bezala.

Zenobiak gidatutako altxamendua ulertzeko, kontuan hartu behar da Erromatar Inperioko ekialdeko lurraldeen egoera politikoa. Ekialdeko eliteek, euren gobernuan zeuden lurren garrantzia aldarrikatu nahi zuten eta ekimen ezberdinak bideratu zituzten horretarako. Helburu nagusien artean, Erromatar Inperioan protagonismo politikoaren maila handiagoa lortzea zegoen. Zenobiaren altxamendua, testuinguru horretan ulertu behar da.[5]

Bizantziar  Inperioaren (Ekialdeko Erromatar Inperioa ere deitua) garaian, hiriaren garrantzi ekonomikoa eta demografikoa gutxitzen joan ziren. Prozesu hau, inperio handien krisiaren testuinguruan merkataritza harremanak mugatu zirenean eman zen.[13]

634an, arabiarrek hartu zuten, eta, 1089an, lurrikara batek erabat suntsitu zuen.

 
Palmirako ikuspegia

Palmirako garai erromatarreko historia aztertzeko iturri nagusiak

aldatu

Antzinaroko hiri hau oso famatua da eremu arkeologikoan. Horrekin batera, dokumentu idatzien aniztasuna eta kopurua nabarmentzekoak dira. Palmirako historia eremu ezberdinetan aztertzerako orduan, historiagileak hainbat iturri ezberdin izan behar ditu kontuan. Hurrengo lerroetan garai erromatarreko iturri ezberdinen berri emango dugu. Kronologia horretan idatzita dauden eta Palmirari buruzko informazioa ematen duten narrazioetako batzuk; Flavio Joseforen Juduen Antzinatasunak, Plinio Zaharraren Historia Naturala, Apianoren Historia Erromatarra eta Scriptortes Historia Augusta dira[14][15].

Flavio Josefo (37 - c. 100) historiagileak Juduen Antzinatasunak lanean Palmirako fundazioa aipatzen du Salomonen eskutik. Kontakizun horretan Palmirako geografia ere deskribatzen du.

Plinio Zaharrak (23 – 79) Palmira aipatzen du bere Historia Naturala lanean. Kontakizun horretan, hiriko aberastasuna aipatzen du eta paisaia deskribatzen da. Horrekin batera, hiria kontrolatzeko nahian erromatarrek eta partiarrek euren artean izaten zituzten liskarrak aipatzen dira.

Apianok (95 – 165) Historia Erromatarra lanean aipatzen du Palmira. Paisaia eta kokapena deskribatzen ditu. Horrez gain, Antoniok hiria erasotzeko eta bertako aberastasunak lapurtzeko arrakastarik gabe egin zuen saioa kontatzen da. Eraso haren zergatia palmiriarrak partiarrekin mantentzen zituzten harremanak izan zirela dirudi.

Scriptores Historia Augusta-ren narrazioan ere Palmiraren inguruko informazioa topa daiteke Aurelianoren bizitzaren kontakizunean. Azken honetan, Zenobiaren eta Aurelianoren arteko gatazka kontatzen da.

Material epigrafikoari dagokionez ere azalpen mamitsua eskaintzen du Andrew M. Smith II autoreak: “2832 inskripzio daude aramera hizkuntzaren Palmirako dialektoan. Horien artean 21 palmiriarrean eta greziarrean, bederatzi palmiriarren eta latinean, eta bi palmiriarrean, greziarrean eta latinean. Horiekin batera, beste testu batzuk topa daitezke hizkuntza bakarrean, hizkuntza hori latina edo greziera izanik. (…) 1357 inskripzio hiletakoak bezala sailkatu izan dira, 503 eskaintza bezala, 183 ohorezkoak bezala, 5 legalak bezala, 103 sailkapenik gabekoak bezala eta 49 graffiti bezala. (…) Horrez gain, oturuntzak ospatzen ziren lekuetako sarreretan egoten ziren 633 inskripziodun tesela topatu izan dira. Hala ere, tesela gehienak es daukate inskripziorik (…). Hilobietako inskripzioek, adibidez, banakoak, familiak eta tribuak identifikatzen dituzte”.[4]

Baina hiriak utzi digun inskripziorik famatuena zergen estela da, zergen inskripzioa ere deitua. Historia ekonomikoari dagokionez datu ugari ematen ditu. J. F. Matthewsek bere artikuluan eskaintzen duen informazioa aurkeztuko dugu orain. Autore honen lana erreferente bat da inskripzio hau ulertzeko: “137. urtean, Palmira hiriko kontseiluko kideek hirira sartzen ziren eta hiriak exportatzen zituen merkatu ondasunen inguruko tarifak eta erregulazioak publikatzea adostu zuten. Guzti hori zerga biltzaile eta merkatari edo garraiolarien artean sortzen ziren liskarrak ekiditzeko asmoz egin zen”. [16]

Zergen inguruko dokumentu famatu hori, hiriko esparru publiko batean zegoen inskripzio batean biltzen zen. Palmirako Antzinaroko ekonomiari buruzko informazio ugari ematen duen iturri bat da. Gainera, informazio hura ez da bakarrik ekonomikoa, historia sozialaren inguruko datu ugari ematen ditu. Inskripzioa grezieraz eta Palmiran erabiltzen zen arameraren dialektoan idatzi zen.[16] Historiagileek lan handia egin izan dute inskripzio honen inguruan eta ondorioz, lan horren kontakizun historiografikoa egin daiteke. 1903an testu palmiriarra eta greziarra argitaratu ziren palmiriarrean zegoen testuaren itzulpen batekin ingelesez eta iruzkin batekin batera, G. A. Cookeren eskutik A text Book of North Semitic Inscriptions argitalpenean.[16] Baina kritika ezkor gehien jasan zituena, bakarrik grezieraz zegoen testuaren 1905eko W. Dittenbergerren argitalpena izan da. Badirudi beste bertsioekin konparatuta ez dela oso zehatza eta erabilgarria.[16] 1906an ere argitaratu zen inskripzioa. Argitalpen hau sinpleagoa zen, R. Cagnaten eskutik Inscriptiones Graecae ad Res Romanas Pertinentes publikazioan. Azken honetan, palmiriarrean zegoen testuaren transkripzioa egin zuen Chabotek latinez.[16] J. B. Chabotek ere, 1926an inskripzioa argitaratu zuen lan batean, bai grezieraz bai palmiriarrean. Argitalpen hark argazkiak, marrazkiak, palmiriarrean zegoen testuaren itzulpena latinez eta autorearen iruzkina zeuzkan. Corpus Inscriptiorum Semiticarum-ean (CIS) argitaratu zen.[16]

Erlijioa Antzinaroko Palmiran

aldatu

Kultura ezberdinen bidegurutzean kokatutako hiri baten iragan erlijiosoa eta liturgikoa islatzea konplexutasun handiko lana izan daiteke. Hoberen ezagutzen diren kultu eta erritualez gain, gutxiengo batek praktikatuko zituen ekintza erlijiosoen adibide ugaritan pentsa dezakegu: Lurralde urrunetatik etorritako plenipotentziarioen, esklabuen, bidaiarien, mertzenarioen, shasu beduinoen, merkatarien edota garaiko talde sektarioen zeremoniak eta sineskerak, adibidez. Ekialdera gelditzen ziren Partian eta Pertsian zoroastrismoa garrantzi handiko erlijioa izan zen eta esparru horietako biztanle asko Palmiratik pasatu zirela dakigu aditu ezberdinen ikerketei esker. Baina hiriko protagonismo erlijiosotik at ziharduten talde guzti horien arrastoak bilatzea muga eta zailtasun ugariz betetako jarraibideak eskatzen ditu. Hala ere, hiriko kultu nagusien inguruko informazio ugari existitzen da.

60 jainko inguru ziren ofizialki eta erritual formalen bidez Palmirako komunitatearengandik gurtza antolatuak jasotzen zituztenak: Bel, Manawat, Herta, Nanaja, Resep, Baaltak... Orain arte ezagutzen diren iturriak aztertuta, Palmiran gurtzen ziren jainko guztiak kanpotarrak ziren, antza denez, ez zen jarraitzen jatorri lokaleko jainkorik.[17] Oso bizitza erlijioso aktiboa, plurala eta heterogeneoa zegoen hirian.

Ekialde Hurbileko jainkoak

aldatu

Andrew M. Smith autoreak gurtzen ziren kultu ezberdinen zerrenda bat ematen du jainkoen jatorria adieraziz: “kultura ugari bildu ziren eta bakoitzak bere jainko eta jainkosen gurtza eraman zuen: Bel, Belti, Nabu, Nergal eta Nanai jatorri babilonikoa dute; Baalshamin eta Belhammon feniziar lurraldeetatik heldutako kultuak direla dirudi; Ishtar eta Atargatis aramearrak dira; Shadrafa eta Elqonera Kanaango lurretakoak izan litezke; eta arabiarren erritual sakratuen artean Shamash, Allat, Abgal, Manawat eta beste batzuk gurtzen ziren”.[18] Apladad eta Duanat jatorri mesopotamikoa dutela uste da, baina entitate jainkotiar hauek gutxiago ezagutzen dira. Arzu eta Rahim jainko arabiarrak ere gurtzen ziren hirian. Feniziarren artean Astarte, Eshmun eta Melqart ere aipa daitezke.[17]

Palmirako triada nagusia landuko dugu orain. Bel, Jarhibol eta Aglibol jainkoek osatzen zuten. Bel jainkoarekin hasiko gara. Eguraldiko zikloekin lotura estua zuen, zeruetako eta ekaitzetako jainkoa zen eta elementuen (ura, haizea...) menderatzaile izateak funtsezko garrantzia ematen zion. Ez zegoen kultu formalizatua eta uniformea jainko honentzat, hiriaren arabera aldatzen zen bere nortasuna. Palmirako jainko nagusia edo subiranoa zen. Horrela, hainbat tenplu eraiki ziren bere kultuari kontsakratuta, hiriko tenplu nagusia euren artean, Belen tenplua bezala ezagutzen dena. Azken horretan, formula solemne batzuen arabera burututako zeremonia ezberdinak gauzatzen ziren. Belen zerbitzura zeuden apaizentzat eta hiriko buruzagiarentzat tenplura sartzea arruntagoa bazen ere, beste guztiek arau oso murriztaileak jasan behar zituzten tenplura sartzerakoan. Tenplua astroen behatoki bezala erabiltzeko ere pentsatua zegoen. Jarhibolen kasuan, jatorri aramearra zuela uste da. Eguzkiarekin eta urteko garai epelekin erlazionatzen zen. Azken honen gurtza, tenplurik gabeko Efqa iturriko santutegian burutzen zen. Aglibol, berriz, ilargiarekin identifikatzen zen. Palmirako hirukote astral nagusi honen gurtzak, lotura estua zuen naturako elementuek eta naturako zikloek uzten oparotasunean duten eraginarekin.

Aglibol, Baalshamin eta Malakbel jainkoek ere hirukote garrantzitsua osatzen zuten hirian. Jainko hauek beste hirukote bat osatzen zutela dakigu kontserbatu diren erliebeei esker. Hala ere, horren inguruko inskripziorik mantentzen ez denez, ez dago argi triada bat osatzen bazuten. Kasu honetan, Aglibolen atributu nagusia ilargiarekin zuen harremana zen, aurreko ereduan bezala. Malakbel, eguzkiarekin identifikatzen zen. Triada nagusiaren kasuan bezala, nekazaritzaren eta naturaren zikloen arteko harremana eta garrantzia kultu honen oinarrietan kokatu ditzakegu. Baalshamin triada honetako jainko nagusia zen. Azken hau, “Zeruetako Jaun” bezala ezagutzen zen herri semitiko eta mesopotamiko ezberdinen artean. Kultu honen erliebe bat mantentzen da eta horretan hiru jainkoak agertzen dira panoplia erromatarrarekin jantzita eta armatuta. Agian, armadako kideen edo beteranoen enkarguz burututako maisulana izango zen.

Aipatutako hirukote hauen atributuen artean agertzen diren zeruko elementuek, garrantzi handia zuten nekazaritzan, garai erromatarrean arreta handia jasotzen zuena. Kultu hauetan ikusten da basamortuko hiri honetan eguraldi zikloek sor zezaketen tentsioa.

Rostovtzeff autoreak; Arsu, Azizu eta Shamash jainkoen inguruko ikerketa sakona egin zuen. Arsu eta Azizu jatorri ezberdina eta antzeko atributuak dituzten bi jainko dira. Merkatarien karabanen gidari eta zaindari lana betetzen zuten bi dibinitate hauek. Azizuk Siriako iparraldean du jatorria eta zaldien zaindaritzat har daiteke. Ekialde hurbileko zaldi asko Siriatik zetozen. Arsu jainkoa, berriz, gameluekin identifikatzen da, izar jainkotiarra da eta karabanak gauez zaintzen ditu Shamash jainkoak egunean gauza bera egiten duen bitartean. Rostovtzeff autoreak Arabian kokatzen du Arsuren jatorria. Arabiako eta Sinai penintsulako haitzetan gamelu eta zaldi ugari errepresentatzen dira, gameluak batez ere. Arsu jainkoa, agian, emakumea zen jatorriz eta generoa aldatu zitzaion Azizurekin errepresentatua izateko. Indo-europar erlijioetan bidaiarien jainkoak bikoteka errepresentatzen dira askotan. Arsu eta Azizu batera agertzen dira erliebe batzuetan, Azizu zaldi baten gidari bezala eta Arsu gamelu baten gidari bezala errepresentatzen direlarik.[17]

Greziatik eta Erromatik heldutako sineskera sakratuak

aldatu

Erromako hirian eta inperioko lur gehienetan zehar ohikoak ziren kultuak, bigarren mailako garrantzia izan zuten Palmirako hirian. Erromako ohitura jarraituenak urrun gelditzen ziren Palmira bezalako hiri periferiko batean. Hala ere, kutsu greziarra eta erromatarra erakusten dituzten hainbat ekintza erlijioso aipa ditzakegu.

Afroditaren kultuak garrantzi nabarmena zuen hirian. Edertasunaren eta ugalketaren jainkosa greziar honen tenplura bideratutako prozesio famatu bat burutzen zen Palmiran. Badirudi ospakizun horren ibilbidea K.o. II. mendean eraikitako tetrapiloi monumentaletatik abiatzen zela.

Kultu erromatarrak ere jarraitzen ziren Palmiran. Caesareum eraikina gurtza inperialei eskainitako tenplua zen. Hala ere, inperioan zehar ohikoak ziren erritualen adibideak ez ziren jarraituenak Palmirako hirian. Bi inskripziok frogatzen dute Caesareum baten existentzia.[19] Ted Kaizer autoreak, kultu inperialerako tenpluaren kokapenaren inguruan aritzen da bere lanean: “Tenplu inperialaren kokapen zehatza ezezaguna da. Batzuetan Arkupe zentralean kokatzen zela uste izan da, antzerkiaren mendebaldean, industu gabeko gunea da…”[20]

Horrez gain, inperioko beste hiri askotan bezala, ekintza erlijiosoak burutzen ziren merkatuaren inguruan. Oturuntzetarako gela, plazan kokatzen zen eta kontseiluak antolatzen ziren bertan. Leku berean, aldare bat aurkitzen zen. Badirudi, gune horretan sakrifizioak eta erritual ezberdinei lotutako oturuntzak egiten zirela.

Arabiatik eta Greziatik heldutako jainkosen arteko sinkretismoa

aldatu

Vassilios Christides autoreak dioenez, Al-lat-Atena jainkosaren sinkretismo kasuan, mitologia aurreislamikoan agertzen den Al-lat eta mitologia greziarreko Atena elkartzen dira. Honelako bikoteen kultuak antolatzen zirenean, nolabaiteko harremana egon behar zen nortasun jainkotiarren artean. Bi jainkosen iruditik abiatuta, nortasun sakratu berri bat antolatzeko aspektu garrantzitsuena amankomunean zituzten atributuak ziren. Al-lat eta Atenaren kasuetan, biak zituzten ezaugarri martzialak edo militarrak. Horrez gain, biak gurtzen ziren hiriko zaindari bezala eta autodefentsarako “efektu apotropaikoa” sor zezakten. Hirugarren ezaugarri bezala, biak ziren euren kultura mitologikoan agertzen ziren jainko nagusien alabak, Allah eta Zeusenak, hurrenez hurren. Arabiako beduino asko Palmiratik pasatzen ziren eta denborarekin, horietako batzuek, hirian finkatuko ziren, Al-lat jainkosarena bezalako kultuak hirian hedatuz. Jatorriz, Al- lat ez zen irudikatzen mitologia arabiarrean. Hala ere, Palmirako hirian, jainkosa horren gurtzarako irudiak garatu ziren denborarekin. Adituen arabera, Al-lat-Atena jainkosaren kultuan ohitura erritual ezberdinen bizikidetza bat garatu zen Palmiran. Badirudi ikonorik gabeko gurtza egiten zutenen taldearen eta ikono ezberdinak erabiltzen zituzten beste talde batzuen arteko bereizketa existitzen zela. Al-lat jainkosaren tenpluan, mendebaldeko ezaugarriak bakarrik erakusten zituen Atenaren estatua bat aurkitu zen. Aurkikuntza hau nahiko bitxia izan zen, mantendu diren Palmirako jainkoen eta jainkosen irudiak, normalean, erliebeetan topatzen direlako. Gurtzarako estatua hori tenplura eraman zutenek erromatar armadan zerbitzatutako soldaduak izango ziren seguraski, beharbada Palmirako beteranoak. Mendebaldetik etorritako estatua horren bidez gurtzen zutenek, Atenaren beste atributu batzuk goraipatuko zituzten seguraski. Aldi berean, Al-lat-Atena jainkosaren irudirik gabeko eta beste irudi batzuen bidezko kultuak burutzen ziren tenpluan. Talde bakoitzeko kideek, besteek kontuan hartzen ez zituzten atributu ezberdinak adoratzeko aukera zuten.[21]

Kristautasunaren etorrera

aldatu

Kristautasunak Erromatar Inperioaren garaian Palmiran lortutako hedakuntza maila ezagutzea ez da erraza. Hala ere, fede berri horri eskainitako tenpluei eta sinodoetan egiten ziren aipamenei begira hainbat ondorio atera ditzakegu.

Matthew Selmer autoreak dioenez, kristautasun goiztiarraren eragina hirira heldu zen Aurelianok agindutako suntsiketaren aurreko urteetan. 263an, Palmirako kristauek Paulo Samosatakoa aukeratu zuten Antiokiako apezpiku bezala. Fede berriaren erreferente bihurtu zen pertsonaia hau, hiriko prokuradore fiskala izatera ere heldu zen. Alderdi batzuek Paulo boteretik baztertzeko ahaleginak egin zituzten sinodoetan eta horietako batean euren helburua lortu zuten. Hala ere, apezpikuaren alde jarri ziren palmiriar guztiek, indar nahikoa izan zuten Samosatakoak Antiokian lortu zuen boterea mantendu zezan Zenobiaren inperioa jausi zen arte. Beraz, Palmirako lehen komunitate kristauek baztertutako gizarte talde bat osatzen bazuten ere, bertako partaideen jarduera garrantzizko eraginkortasuna izan zuen eremu hartako sinodoen ospakizunetan.[22]

Erdi Aroko mendeetan, kristautasunaren inguruko doktrina guztien artean, kristautasun erromatarra eta Ekialdeko Eliza Ortodoxoa nagusituko ziren, bakoitza bere esparru geografiko nagusia izango zuelarik. Hala ere, III. mendean, doktrina kristau (arrianismoa, Eliza Koptoa...) ezberdinen arteko eztabaidak ohikoak ziren hiri askotan. Palmirako biztanle kristau gehienak, baztertutako talde judu-kristauetako kideak eta monofisismoaren (beste eduki batzuen artean Kristoren natura espirituala eta gizatiarraren arteko konfusioa aldarrikatzen duen doktrina) aldekoak ziren. Ondorioz, Palmira monofisismoaren doktrina espiritual horren erreferente izatera heldu zen nolabait. Korronte erlijioso ezberdinen arteko gatazkak ugariak ziren garai horretan, non Zetaren Bideko hiri honetako kristauen iritziak, Alexandriako kristau gehienen eta Antiokiako sinodoetako erabakien aurkakoak ziren.[22]

III. mendeko palmiriar kristauek euren fedea jendaurrean aldarrikatzen zutenean, erromatar autoritateen jazarpenak pairatzera arriskatzen ziren. Garai horretan, hiriko hiru emakumek martiri izendapena hartuko zuten: Santa Leonides eta Santa Libia ahizpak eta 12 urteko Santa Eutropia neskatxa.

Hurrengo mendeetan egoera aldatzen joango zen, Konstantino I enperadoreak Milango Ediktuaren bidez (313) erlijio kristaua legalizatu ondoren, Palmirako tenplu pagano asko eliza bezala erabiltzen hasi ziren eta eliza berriak eraikitzen ere. Belen tenplua horren adibide da.[23] Prozesu horren bigarren intentsifikazio bat Teodosio enperadoreak Tesalonikako Ediktuaren bidez (380) kristautasuna inperioko erlijio ofizial bihurtzean gertatu zen.

Turismoa

aldatu
 
Belen Tenplua, Palmiran.

Palmirako turismogune nagusia, hiriko hondakinak dira, horien artean, Bel jainkoaren tenplua nabarmentzen delarik. 32an eraikia, Bel jainkoaren gurtzara sagaratua izan zen, Baal hitz babiloniarretik eratorria, jauna edo jabea esan nahi duena. Hiriko biztanleen jainko gorena zen, jainkoen jainkoa. Tenpluan, IV. mendean eliza bihurtua izan zena, animalien sakrifizioak egiten ziren.

Tenplutik metro gutxira, 1200 metroko kolomadi handi bat hasten da, antzinako hiriaren ardatza zena, 200.000 biztanle izatera iritsi zen (biztanleria handia garai hartako hiri batentzako). Zutabeen artean, kale zabaletik, animaliak zebiltzan eta, zutabeen azpian, pertsonak ibiltzeko bidezidorrak zeuden. Kolomadi handiaren alboetan, kontserbazio maila handi edo txikiagoan dauden hondakinak daude: babiloniar jainkoa zen Neboren tenplua, hil tenplua, Diokleziano erromatar enperadorearen kanpamendua, aurretik Zenobia erreginaren jauregia izan zena; antzokia, eta, beste batzuen artean, agora, non merkataritza lanak eta eztabaidatu egiten zen. Kolomaditik pixkat aldendua, tenplu eder bat dago, honen funtzioa zehaztasunez ezagutzen ez dena, baina eraikina oso ondo kontserbatua dago.

Hiritik irten eta mendietan kilometro bat barneratuz, egonezina eta tristezia eragiten duen paisaia duen toki bat dago, karratuak eta trinkoak diren dorreak bezalako eraikinekin: Hilobien harana da. Hiru hilobi mota daude, eta Kristo ondorengo garaiko lehen hiru mendeetan eraikiak izan ziren. Eraikin hauetakoren batzuk, 500 gorpu izatera ere hel zitezkeen.

Siriako Gerraren ondorioak

aldatu

2011. urtean Siriako Gerra hasi zenetik, bertako biztanleek, egoera oso gogorra bizi izan dute. Lurraldearen azken urteetako testuinguruak, historiako eta arkeologiako adituen lana konplikatu du. Palmira jihadisten eskuetan erori zenean, bertako ondare kulturala arrisku handiagoan geratu zen. Egoera horretan, Khaled Al-Asaadek, Palmirako antzinatasunen arduraduna zenak, hiriko ondasun material ugari ezkutatu zituen horiek babesteko asmoz. Estatu Islamiarreko kideek, Khaled hil zuten 2015eko abuztuaren 18an. Ondorioz, Palmirako hirian 50 urtetan kontserbazio eta ikerketa lanak egiten jardun izan zuen aditu baten trebetasunari agur esan behar izan zioten historiaren eta arkeologiaren eremuek.[24]

Galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
  3. (Gaztelaniaz) Pérez Largacha, Antonio. (2007). Historia Antigua de Egipto y del Próximo Oriente. Akal, 306 or. ISBN 8446025957..
  4. a b c (Ingelesez) Smith II, Andrew M.. (2013). Roman Palmyra: Identity, Community, and State Formation. Oxford University Press, 59 or. ISBN 9780199861101..
  5. a b c (Ingelesez) Southern, P.. (2008). Empress Zenobia: Palmyra´s Rebel Queen. Hambledon Continuum, 20 or. ISBN 1847250343..
  6. (Ingelesez) Smith II, Andrew M.. (2013). Roman Palmyra: Identity, Community and State Formation. Oxford University Press, 125 or. ISBN 9780199861101..
  7. (Gaztelaniaz) Agudo Villanueva, Mario. (2016). Palmira: La ciudad reencontrada. Confluencias, 33-77 or. ISBN 9788494529863..
  8. (Gaztelaniaz) Veyne, Paul. (2016). Palmira: El tesoro irremplazable. Ariel, 11-87 or. ISBN 9788434424456..
  9. (Ingelesez) Edwell, Peter M.. (2008). Between Rome and Persia: The Middle Euphrates, Mesopotamia and Palmyra under Roman control. Routledge, 31 or. ISBN 041542478..
  10. a b c (Gaztelaniaz) Egea Vivancos, A.. (2005). Eufratense et Osrhoene: poblamiento romano en el Alto Éufrates Sirio. Antigüedad y cristianismo: Monografías históricas sobre la Antigüedad tardía, 22, 94 or..
  11. (Ingelesez) Smith II, Andrew M.. (2013). Roman Palmyra: Identity, Community and State Formation. Oxford University Press, 25 or. ISBN 9780199861101..
  12. (Ingelesez) Smith II, Andrew M.. (2013). Roman Palmyra: Identity, Community and State Formation. Oxford University Press, 26 or. ISBN 9780199861101..
  13. (Gaztelaniaz) Agudo Villanueva, Mario. (2016). Palmira: La ciudad reencontrada. Confluencias, 71 or. ISBN 9788494529863..
  14. (Gaztelaniaz) Agudo Villanueva, Mario. (2016). Palmira: La ciudad reencontrada. Confluencias, 23-77 or. ISBN 9788494529863..
  15. (Ingelesez) Smith II, Andrew M.. (2013). Roman Palmyra: Identity, Community and State Formation. Oxford University Press, 16-21 or. ISBN 9780199861101..
  16. a b c d e f (Ingelesez) Matthews, J. F.. (1984). The Tax Law of Palmyra: Evidence for Economic History in a City of the Roman East. Journal of Roman Studies (JRS), 157 or..
  17. a b c Rostovtzeff, Journal of Roman Studies (JRS). (1932). «The Caravan-Gods of Palmyra» Journal of Roman Studies 22 (1): 107–116.  doi:10.2307/297093. ISSN 0075-4358. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
  18. Smith II, Andrew M.. (2013). Roman Palmyra: Identity, Community, and State Formation. Oxford University Press, 59 or. ISBN 9780199861101..
  19. (Ingelesez) Kaizer, T.. (2002). The Religious Life of Palmyra: A Study of the Social Patterns of Worship in the Roman Period. Franz Steiner Verlag Stuttgart, 148 or. ISBN 3515080279..
  20. (Ingelesez) Kaizer, T.. (2002). The religious Life of Palmyra: A Study of the Social Patterns of Worship in the Roman Period. Franz Steiner Verlag Stuttgart, 150 or. ISBN 3515080279..
  21. (Ingelesez) Christides, V.. (2004). Religious Syncretism in the Near East: Allat-Athena in Palmyra, CCO. , 65-81 or..
  22. a b (Ingelesez) Selmer, M.. (2006). The Effects of Romano-Persian Interaction on the Cultures of the Cities on the Syrian Limes of the Roman Empire, Honors Projects 2. , 24-37 or..
  23. (Ingelesez) Richmond, I. A.. (1963). Palmyra under the Aegis of Rome. Journal of Roman Studies (JRS) 53, 43-54 or..
  24. (Gaztelaniaz) Agudo Villanueva, Mario. (2016). Palmira: La ciudad reencontrada. Confluencias, 9 or. ISBN 9788494529863..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu