Otomandar Inperioa

Otomandar Inperio» orritik birbideratua)

Otomandar Inperioa[1] (otomandar turkiera zaharrean: دولت عالیه عثمانیه, Devlet-i Âliye-yi Osmâniyye; azken otomandar turkieran eta egungo turkieraz: Osmanlı Devleti edo Osmanlı İmparatorluğu) 1299tik 1922 arte turkiarrak buru zituen inperioa izan zen, etnia eta erlijio anitzekoa.[2] Boterearen erpinean (XVI. eta XVII. mendeetan), hiru kontinentetan zehar hedatzen zen: hego-ekialdeko Europan, Ekialde Hurbilean eta Iparraldeko Afrikan. Mendebaldean, egungo Marokoko mugetaraino; ekialdean, Kaspiar itsasoraino; iparraldean, egungo Austriako mugetaraino; eta hegoaldean, egungo Somaliaraino. Hogeita bederatzi probintzia —gehi bere mendeko Moldavia, Transilvania eta Valakia printzerriak— izatera iritsi zen. Otomandar Inperioari batzuetan Ate Gorena ere esaten zaio. Hala ere, deitura horrek berez Otomandar Gobernua izendatzen du, sultanaren jauregian kanpotarrentzat irekita zegoen ate bakarra baitzen.[1][3]

Otomandar Inperioa
دَوْلَتِ عَلِيّهٔ عُثمَانِیّه
Devlet-i ʿAliyye-i ʿOsmâniyye
Yüce Osmanlı Devleti
Otomandar Estatu Gorena
1299 – 1923
Autokrazia
Otomandar Inperioko bandera

Otomandar Inperioko armarria

Geografia
HiriburuaSöğüt (1302–26)
Bursa (1326–65)
Edirne (1365–1453)
Istanbul (Constantinopla) (1453–1922)
Kultura
Hizkuntza(k)Otomandar turkiera (ofiziala) eta beste asko
ErlijioaIslam sunia eta beste gutxiengo batzuk.
Historia
Sorrera1299
I. Konstituzioa1876 - 1878
Sultanerriaren ezeztapena1922ko azaroaren 1a
Lausannako Tratatua1923ko uztailaren 24
Aurrekoak
Bizantziar inperioa
Rumeko Sultanerria
Ondorengoak
Turkiako Behin-behineko Gobernua
Lehen Heleniar Errepublika
Egiptoko Kediverria
Bosnia-Herzegovinako probintzia inperiala
Diriyahko Emirerria
Albaniako Behin-behineko Gobernua
Errumaniako Erresuma
Bulgariako Printzerria
Britainiar Zipre
Frantziar Aljeria
Tunisiako frantziar protektoratua
Kuwaiteko Sheiksuna
OELA
Libia italiarra
Yemengo Erresuma
Otomandar Inperioaren mapa.

Konstantinopla hiriburua izanik, eta Mediterraneoko arroaren inguruko lurren kontrola hartuta, Otomandar Inperioa ekialdeko eta mendebaldeko munduen arteko elkarrekintzen erdian egon zen sei mendez. Nahiz eta lehen uste izan Inperioa gainbeheran sartu zela Suleiman I.a hil ondoren, iritzi hori ez dute babesten unibertsitateko historialari gehienek. Inperioak ekonomia, gizartea eta armada indartsu eta malguak mantendu zituen XVII. eta XVIII. mendearen zati handi batean.[4][5][6] Otomandarrek porrot militar larriak jasan zituzten XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, eta, horren ondorioz, Tanzimat izeneko eraberritze eta gaurkotze prozesu zabal bati ekin zioten. Hala, XIX. mendean zehar, Otomandar estatua askoz indartsuago eta antolatuago bihurtu zen, nahiz eta lurralde galera gehiago izan, batez ere Balkanetan, non estatu berriak sortu baitziren.[5] Inperioa XX. mendearen hasieran Alemaniarekin aliatu zen, azken lurralde galerak eragin zituen isolamendu diplomatikotik ihes egin nahirik, eta, hala, Lehen Mundu Gerran sartu zen Erdialdeko Inperioekin batera.[7] Ez zen oso prestatua gerra moderno batean parte hartzeko, eta inperioak barne tentsio garrantzitsuei ere aurre egin behar izan zien, batez ere bere arabiar lurraldeetan, 1916-1918ko arabiar iraultzarekin. Bien bitartean, Otomandar gobernuak abusuak egin zituen, baita genozidioa ere, armeniarren,[8] asiriarren eta greziarren[9] aurka.

Inperioaren gainbeheraren erdian, Lehen Mundu Gerraren ondoren potentzia aliatuek haren lurraldearen zati bat okupatu zutelarik, Otomandar Inperioa zatitu egin zen; Ekialde Hurbileko lurraldeak galdu zituen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren artean banatuta, Nazioen Ligaren aginduen arabera, aintzat hartutako lurraldeen independentziaren zain: Palestina, Mesopotamia (geroago Irak izango zena), Siria eta Libano. Turkiako independentzia gerrak okupatzaile aliatuen aurka izandako arrakastaren ondorioz, Turkiako Errepublika sortu zen, 1923ko urriaren 29an, Ankaran, Anatoliaren bihotzean aldarrikatua, eta monarkia otomandarra indargabetu zen.[10]

Historia aldatu

 
Otomandar Inperioa, 1683. urtean.

Jatorria aldatu

Turkiarren jatorria Asia erdialdeko estepetan aurki daiteke, Turkestanen, abeltzaintza transhumanteari, bereziki zaldiei, eskainitako etnia batean, eta merkataritzan, modu sasi nomadan. Turkiarrak laster erlazionatzen dira inguruko kultura musulmanekin, haiekin harreman komertzialak sortu zituzten eta islama hartu zuten beren adar sunitan. Harreman hori Zetaren Bideari zor dakioke, merkatari musulmanak segur aski otomandarrak bizi ziren lurraldeetan ibiliko baitziren.

Geroago Otomandar Inperioa izango zen eskualdean tribu turkiarren lehen sarrerak eremu militarrean eman ziren, Abbastar Kalifa-herriko armadek IX. mendean zehar barne borroketarako eta kristau eta bizantziarren aurkako borroketarako soldaduak behar izan zituztenean. Horregatik, mugako lurraldeetara jo zuten hango herritarrak erreklutatuz. Kalifa-herriaren barruan ikus daiteke turkiarrak armadan eta administrazioan posizioak igotzen ari zirela. Eremu horretan tribu turkiarren sartze motela bi modutara egin zen: talde tribalek lurraldea pixkanaka okupatuz eta denbora luzez eskualde hau menperatu zuen, eta militarki deuseztatu zuten Bizantziar Inperioaren aurka borrokatuz.

Seljuktarren etxea turkiarren adar bat zen, IX. mendean Kaspiar itsasoaren eta Aral itsasoaren iparraldean kokatua. X. mendean, seljuktarrak mendebaldera mugitzen hasi ziren, Anatolia aldera. Manzikerteko guduaren ostean, tribu horiek hortxe finkatu ziren 1071n. Horren ondorioz, Anatoliako seljuktar sultanerria osatu zen, Asiako erdialdea bereganatuta zeukan Seljuktar Inperioaren adar independentea. 1243an, mongolek seljuktar armadak garaitu eta suntsitu zituzten. Astiro, inperioa desegin zen. Kinka horretan, Osman (edo Otman) I.a buru zuen turkiar estatua garatu zen, Otomandar Inperioa eratu arte, seljuktar eta bizantziarren hutsunea betetzeko. Osman izenetik eratorria da estatuaren izena beraz.

Europarantz hedatzea aldatu

Haren ondorengoek hedapen politikari eutsi zioten. Otomandar Inperioak Gallipoli hartu zuen, bere lehen

europar lurraldea, 1347an. Balkanetako egoera politikoa oso ezegonkorra zen. Erromatar Inperioa etengabeko gerra zibilean zegoen, Bulgaria duke aurkariaren artean zatituta eta Grezia potentzia lokalen eta latindarren artean banatzen zuten. Italiako itsas errepublikek ekialdeko Mediterraneoko merkataritza kontrolatzen zuten eta eskaintzaile onenari ematen zioten zerbitzua. Bestalde, Veneziak eman zien bidea turkiarrei ―funtsean lurrekoa den herria― Dardaneloen itsasartea zeharkatzeko, Gallipolira bidean. Otomandar Estatuak armada eraginkorra zuen, eta inguru horretara hedatzeko aprobetxatu zuen. Aurre egin zezakeen potentzia bakarra Serbia zen. Arazo hori 1389an konpondu zen, Kosovoko guduan garaipen erabakigarria lortu baitzuen inperioak, eta erresuma serbiarrak bertan amaitu ziren.

Balkanak konkistatzea abantaila bikoitza izan zen otomandarrentzat. Alde batetik, horrek aukera eman zion baliabide fiskalak lortzeko, otomandarren mende dauden kristauek djizia ordaindu behar baitzuten beren erlijioa praktikatu ahal izateko. Bestetik, lege sistemari esker, gazte kristauak beren familietatik erauziak izan zitezkeen otomandarren guda talde berezietan sarrarazteko. Izan ere, jenizaroek osatzen zuten armadako elitea, baina baita administrazio atal bereziki eraginkorra ere.

Nahaste garaia aldatu

Sultan nabarmen bat Bayezid I.a «Yildirim» izan zen. 1389ko Kosovoko guduan aita hil zitzaionean, botereaz jabetu zen, bere ugazanaia hil ostean.

Buruzagi militar bikaina izan zen, eta kanpaina handiak egin zituen, konkista ugarirekin. Greziako iparraldea eta Bulgaria beraren esku erori ziren. Gero, Germiyanen eta Karamanen Turkiako emirerri anatoliarrak menderatzea lortu zuen, printze kristauen laguntza bikainarekin. Konstantinoplako hormak bakarrik egin zioten aurre. Bitan, 1391n eta batez ere 1394tik 1398ra, hiria setiaturik eduki zuen. Turkiarrek, ordea, ez zuten itsas armadarik hiriaren blokeo eraginkor baten bitartez hiria gosez errendiarazteko, ez eta hiriaren babes hormak zulatzeko adinako indarreko gailurik ere. Hala ere, 1398an arrisku bat iritsi zen ekialdetik, Bayezid setioa altxatzera behartu zuena: Tamerlan garaiezinak Anatolia mendean hartu zuen. Mehatxuaren aurrean, Bayezidek bere armada bildu behar izan zuen hari aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, Tamerlanen tropa mongolek garaitu egin zuten, estrategikoki eta taktikoki aurreratuago baitzeuden. Bayezid atxilo hartu zuten

Turkiar-mongol herrien etengabeko barne liskarren atal askik ezagun bat hasi zen orduan: ondorengotza gerra. Sultanaren ondorengotzari dagokionez araurik ez zutenez, Bayeziden seme bakoitzak botere gorena eskuratu nahi izan zuen. Hamar urteko gerra zibilaren ondoren, Mehmed I.a izan zen irabazlea. Kostua, baina, astuna izan zen: inguruko potentziek beren onera etortzeko astia hartu zuten, anatoliar emirerriek independentzia berreskuratu zuten eta Erromatar Inperioak lurralderen bat eskuratzea lortu zuen.

Konstantinopla erori zenekoa aldatu

   
Otomandar Inperioa Mehmed II.a hil zenean. Mendeko lurraldeak berde argiz agertzen dira.
 
Konstantinoplaren erorialdia (1453).

Serbia menderatu zuten otomandarrek, 1459an, Smederevo erori ondoren. 1453an, Mehmed II.a sultanak gidatuta, otomandar armadek Konstantinopla hartu eta Bizantziar Inperioari amaiera eman zioten, 1453an. Hala, Otomandarren Inperioa Ekialdeko Mediterraneoko kristau gehienen gainera hedatu zen. Europako gurutzada batzuk Nikopolis, Varnan edo Aljerren izan ziren garaituak eta deseginak.

Konstantinopla hartu eta gutxira, hiriburuaren historia mitikoari buruzko testu ugari agertu ziren. Mehmed II.ak eskatuko zien apaizei eta jakintsu bizantziarrei hiriaren historia aurkezteko.[11]

Goren garaiak aldatu

Inperio berria aldatu

Otomandarrek roumi deitzen zieten kristau herrietako biztanleei, Ekialdeko Erromatar Inperioko herritarren estatutu zaharrari aipamen eginez. Otomandar Inperioak pixkanaka bere subiranotasuna Mediterraneoko munduaren hego-ekialdean zabaldu zuen, Oran inguruetatik Raguseraino (Dubrovnik), Afrika iparraldeko, Ekialde Hurbileko, Itsaso Beltzeko, Greziako eta Albaniako kostaldeak ia osorik hartuz. Hala ere, esan beharra dago Inperioaren agintea nominala dela lurralde askorentzat. Hain zuzen, Istanbuldik zenbat eta urrunago egon, orduan eta ahulagoak ziren inperioaren eta probintzien arteko loturak. Hala, Egipto mamelukoek gobernatzen zuten, autonomia handiz. Erregeordea zuten Tripoli, Aljer eta Tunisia tropa jenizaroz ongi hornituak zeuden, Europatik etor zitezkeen inbasioei aurre egiteko, baina politika propio bat gauzatzen zuten praktikan. Danubioko printzerriak (Transilvania, Valakia eta Moldavia) zergapean zeuden, baina beren bidea egiten hala zuten, batzuetan nagusiaren aurkako matxinada egiteraino.

Otomandar sultanek beren titulua aberastu egin zuten XV. mendean, turkiarren khan klasikoari erantsita padishah pertsiarra, eta XVI. mendean, kalifa izenburu turkiarrarekin, hau da, Mahomaren ondorengoa eta umma edo komunitate musulmanaren burua.

Inperioaren lurraldeetan lotura edo menderatze estatus desberdinak aplikatzen ziren: iyi edo probintziak zeuden, paxa-beylerbey batek gobernatuak, baita zatiketa txikiagoak ere (sandjakak, xarifatak edo valierriak). Mendeko estatuek urtero zerga behar zuten, leialtasun soilik formala zuten eta «opariak» bidali behar zituzten (pexkex, bakxix) une edo data jakin batzuetan; batzuk kristauak ziren (printzerri errumaniarrak edo georgiarrak), beste batzuk musulmanak (Aljer, Tunisia eta Tripoliko erregeordetzak, Krimeako Khanerria). Libano aldi baterako banandu zen Fachr ad-Dīn II.a (1590-1613) emir druzoaren garaian.

Salbuespen batzuk izan ezik ―herrialdearen egituragatik edo Inperioaren erdigunean egoteagatik― paxa-beylerbey bakoitza «errege zen bere erresuman», diban izeneko kontseilu baten laguntzaz eta tokiko ohiturak nahiz egitura tradizionalak errespetatuz.[12] Beren lurraldeetan duten kontrola aldakorra da. Valakiako eta Moldaviako printzerri kristauak, eta, aldi batez, Transilvania ez ziren otomandar probintzia bihurtu, baina sultanari tributu bat ordaintzen ziotenez, Dar al-Ahd (arabieraz دار العهد, «itunaren eremua») eremuan kokatzen ziren, ez Habsburgotarrak edo Errusia bezala, haiek Dar al-Harb (arabieraz دار الحرب, «gerraren eremua») eremuan baitzeuden.

Otomandar Inperioa millet sistemaren arabera antolatzen zen. Bosniatik hasi eta Anatoliaren azken bazterreraino, pomaktarrak ere tartean hartuta, kristau pobre asko (eslaviar, greko, armeniar...), baita judu eta erromani asko ere islamera bihurtu ziren, ez gehiago ordaindu behar izateko jizya (musulmanak ez direnen gaineko zergapetze bikoitza), eta πνδιδοάμθω edo devşirme ―haurren bahiketa, jenizaroen gudarosteetan borrokatzera behartuta.

Dönme edo sinestun berri bihurturik, gehienetan Ate Gorenaren leialak baino ez ziren, mumīnīn edo fededunei zor zitzaien konfiantzaz baliatzeko. Horregatik, Turkiako gaur egungo biztanle gehienak kaukasoar tipokoak dira, baina Erdialdeko Asiako turkiar herriak asiar fenotipokoak dira. Era berean, horregatik ere XIX. mendean erromani eta armeniar milletetako kide gehienak jabe eta merkatari aberatsak ziren, langile txiroak baino askoz gehiago, aberatsek soilik ordaintzen ahal baitzuten jizya zerga bikoitza.

Inperio berriak bere kohesioa finkatu zuen otomandar igogailu soziala aise erabilita: jenizaro guztiek, behin gudarostea utzi ondoren eta norberaren gaitasunen arabera, funtzio gorenetara iristeko aukera zuten, hala nola bey, drogman, paxa edo bisir, eta adibideak ugariak dira. Kristau iraun zuten greziar fanariota aristokratek ere aukera izan zezaketen voivoda izendatuak izateko, zergapeko kristau printzerrietan.

Urrezko aroa aldatu

 
Otomandar inperioa Selim I.aren heriotzan. Mendeko estatuak berde argiz adierazita daude.

Pragmatikoak eta ez dogmatikoak, otomandar sultanek ez zuten bizantziar zibilizazio deuseztatu, baizik egokitu eta garatu egin zuten; horren lekuko dira Meskita Urdina, Santa Sofia basilikaren arkitektura erabiltzen duena edo termak, aro modernoan turkiar bainu izendatzen direnak. Bizantziar hezkuntza, zientziak, teknikak eta unibertsitateak oinordetzan hartzen jakin zuen Inperioak, otomandar bihurtuta eta Erdi Aroaren amaieran Europa osoan ospe handikoak. Ekialdeko unibertsitate haiek, gainera, mendebaldean egindako aurkikuntzen berri izan zuten: Piri Reis almiranteak Kristobal Kolonek egindako Amerikaren maparen kopia bat egin ahal izan zuen, eta mapa galdu zelarik, Reisen kopia da kontinente berriaren mapa zaharrena.Mundu guztiko intelektual eta finantzari ugarik hartu zuten Inperioan babes, hala nola judu sefardiek, Espainiaren eta Inkisizioaren errepresiotik ihesi, eta, ondoren, Andaluziako moriskoak.

1517an, Selim I.ak Egipto mendean hartu eta mamelukoen sultanerriari amaiera eman zion. Al-Mutawakkil III.a abbastar kalifa Konstantinoplara eraman zuten bahituta, eta Sinestunen komandante titulua (Emir al-mumimin) utzi behar izan zuen. Selimek Mahomaren erlikia batzuk Konstantinoplara eraman bazituen ere, zalantzagarria da abbastar kalifa-herriaren herentzia jaso nahi ote zuen, tesi hori askoz geroago agertu baitzen.[13] Bizantziar inperioa amaitu eta handik ia mende batera, otomandar turkiarrek abbastarren dinastia arabiarraren ondorengotza hartu zuten.

 
Suleiman I.a

XVI. mendean, Suliman Handiaren erregealdiaren garaian, otomandar armadak Vienaraino iritsi ziren, 1529an eta 1532an, baina ezarritako setioa alferrikakoa izan zen. Gertakari hark ezarri zuen Inperioaren mendebaldeko hedapenaren muga.

 
Prévezako gudaldia(1538).

1533tik 1536ra, Anatolia, Azerbaijan eta Yemengo ekialdea gehitu zituen inperioak, mendeko lurraldeen zerrendara. Aljerren ezarriak ziren turkiar kortsarioek Tunisia kendu zieten Hafsidarrei 1534an, nahiz gero galdu egin zuten Karlos V.ren tropen aurrean. Tripoliko paxa turkiarrak Kairuan hartu zuen 1557an, eta 1569an berreskuratu zen behin betiko Tunisia. Otomandarrek Marokon egindako esku hartzeei esker, Fez hiria mendean hartu zuen Inperioak 1554an eta 1576an, Watasiden eta Saadien arteko botere gatazketan sartu ziren, portugaldarren aurka Ksar el-Kebirreko guduan azken horien alde egiteko 1578an,[14] eta, ondoren, Alauien aurkako zenbait mugimendu lagundu zituzten, azken horiek boterea hartu ondoren. Kabyliak, oro har, burujabe izaten jarraitu zuen; Aljerreko erregeordetzako tropek hiru aldiz egiten zuten porrot Beni Abbesen erresumaren aurka (1553an, 1559an eta 1590ean).

   
Bizantziar Inperioa bere goren aroan Justiniano I.aren garaian, 550. urtean (ezkerreko mapa). Otomandarren konkistak hark utzitako hutsunea bete zuen hein handi batean (eskuineko mapa).[15]

Inperioak flota militar bat sortu zuen, Mediterraneoan nagusitu nahirik Italiako hirien gainetik, eta une batez eskura izan bazuen ere, Lepantoko guduan izandako porrotak, 1571n, Espainiako eta Veneziako floten aurka, Inperioaren nagusitasuna deusean utzi zuen. Sokollu Mehmet Paxak berrantolatua, otomandar flota potentzia garrantzitsua izan zen gerora ere, eta Veneziaren jabetzak (Zipre eta Egeo itsasoko uharteak) Inperioari gehitu zitzaizkion pixkanaka, baina Mediterraneoko merkataritzaren alderdrdi garrantzitsuenak Veneziaren, Genovaren, Portugalen eta Espainiaren kontrolpean zeuden.[16]

Inperioak bere lekua hartu zuen Europako joko diplomatikoan, non Frantziaren aliatu bat bilakatu baitzen, Habsburgotarren aurkako zeharkako aliantza batean, Frantzisko I.aren erregealditik aurrera.

 
Vienako setioa (1529).

Munduko potentzia zalantzan aldatu

Suleiman I.aren heriotzak, 1566an, Otomandar Inperioaren urrezko aroaren amaiera markatu zuen; XVI. mendean, Inperioaren azalerak 5.200.000 km2 zituen. Portugaldarrak Indiako Ozeanoan sartu zirelarik, Atlantikora bideratu zen Indietako merkataritzaren zati handi bat, eta Goa eta Maskaten aurka otomandarrek antolatutako espedizioek ez zuten eraginik ukan. Hala ere, Sortaldeko merkataritza XVI. mendearen amaieran berpizten hasi zen berriro.

Otomandar Inperioak itsas espedizio handien bitartekoak zeuzkan oraindik (Zipre konkistatu zuen 1570ean, eta Kreta 1669an), eta lurrez austriarren zein errusiarren aurka egiteko gaitasuna ukan zuen. Mosku 1571n erre zuten, eta Viena, Austriako Habsburgotarren hiriburua, 1683an setiatu zuten. Inperioak mundu mailako botere sena gordetzen zuen oraindik. Sokollu Mehmet Paxa, Selim II.aren bisir handiak kanal proiektu bati ekin zion Suezen, eta beste bat Volga eta Don artean, baina ez zuen egiterik lortu.

Hego Europan, estatuen koalizio bat sortu zen Otomandar Inperioa itsasoetan garaitzeko asmoz, lehorreko borroketan garaiezina baitzirudien. Lepanton, Felipe II.a erregeak bidalia, koalizioko flota batek (Aita Santuen Lurraldea, Veneziako Errepublika eta Espainia) aurre egin zion turkiar flota handiari. 1571n, Lepantoko guduan 250 galera turkiar baino gehiago suntsitu zituen koalizioko flotak. Alabaina, etorkizunik gabeko garaipena izan zen, ez baitzituen otomandar boterearen oinarriak ukitu. Otomandar bisir handiak ministro veneziar bati hala esan zion gudu osteko negoziazioetan: «Zipre hartuta, besoa moztu dizuegu. Gure flota hondoratuta, bizarra moztu diguzue. Moztutako besoa, ordea, ez da berriro hazten».[17] 1573an, otomandar itsas armada berrituak bakea negoziatzera behartu zituen veneziarrak. Horri esker, Iparraldeko Afrikari berriro begira jartzeko aukera eman zion sultanari.

 
Otomandar armadaren desfilea Sofia inguruan; hurbileko gotorlekuetatik kanoi tiroak (grabatu alemana, 1788). Sultanak bere mendekoen gainean ―musulmanak izan ala ez― zeukan nagusitasuna adierazteko eta nekazari gazteak konprometitzera bultzatzeko modu bat zen.
 
Lepantoko gudua.

Otomandar mugak ez ziren ia aldatuko ehun urte luzez, 1566tik 1683ra bitarte. Gerrak statu quo bihurtzen dira, eta Suleiman I.aren garaipenak iragan loriatsu gisa gelditu ziren oroimenean. Pertsiako Sefavidek etengabe bota zituzten atzera turkiarren erasoak. Danubioko eskualdeetan, Inperioak aurre egin behar zien Austriaren botere aurkariari eta printzerri errumaniarren matxinadei, Mihai Viteazu (1593-1601) buru zutela.

Borroka eremuetan, otomandar armadak, edo, hobeto esanda, Turkiako kronistek deitzen zioten moduan, «islamaren armadak» potentzia izugarria izaten jarraitzen zuen.[18] Indar ugari, logistika handia, eliteko jenizaroak, eta beti arkuz edo erriflez hornitutako soldadu samalda ikaragarriak. Austriaren aurkako Gerra Luzeak (1593-1606) giza baliabide handiak eskatu zizkien otomandarrei. 30 milioi biztanleren kemenari esker, gerra ahalegin handiak egin ahal izan zituzten, baina nabaritzen hasia zen Mendebaldearekiko atzerapen ekonomiko eta teknikoa.

Gainbeheraren atarian aldatu

Garai nahasiak aldatu

Mehmed III.aren (1595-1603) eta haren seme Ahmed I.aren (1603-1617) erregealdien garaian, Inperioak matxinada eta altxamendu militarrei egin behar izan zien aurre, batez ere Konstantinoplako sipahi edo zipaioei, 1603. urtearen hasieran. Beren boterea ziurtatzeko, sultan otomandarrek maiz aldatzen zituzten bisirrak, kontseilariak, buru militarrak eta goi administrazioko kideak. Horren ondorioz, izendatutako kargudunak bide guztietatik dirutza azkarrak lortzen saiatzen ziren; beste horrenbeste, menpeko funtzionarioak.[19] Ustelkeria giro hartan, menderatutako herriak turkiarren kontra altxatzen hasi ziren, batez ere druzoak.

1590ean Sefavidekin sinatutako itun umiliagarriaren ondotik, otomandarrek Georgia, Chirvan, Lorestan eta Tabriz hartu zituzten, Azerbaijanen parte batekin.[20] Gerra 1603an hasi zen berriro, Abbas I.a Pertsiakoak Tabriz berreskuratu zuenean; urte gutxiren buruan, ostera mendean hartu zituen Azerbaijan, Georgia eta Mesopotamia, Bagdad barne (1612).[21]

 
Poloniaren eta Otomandar Inperioaren arteko gerra (1620-1621).

Europan, Zsitvatorokeko itunak amaiera eman zion Germaniako Erromatar Inperio Santuaren aurkako Gerra Luzeari. Sultanak lehenengoz onartu behar izan zuen enperadorearekin parez pare solastatzea, eta urteko zerga «opari» bihurtu zuten.[22] Otomandarrek Nagykanizsa, Esztergom eta Eger gorde zituzten, baina Vác eskualdea utzi behar izan zuten. Mendebalderanzko bidea eten egin zitzaien.

XVII. mendearen hasieran, otomandar armadak 150.000-200.000 bat gizon zituen. Hiru osagai zituen:

Kontingente bat eman behar zuten mendeko lurralde militarrei (zipaio) esleitutakoak (timar eta zaim) jauregiko zerbitzarien esku gelditu ziren pixkanaka, eta horren ondorioz armadarekiko betebeharretatik aske.

Jenizaroen goraldia aldatu

Probintzietako tropatan gero eta soldadu gutxiago zenbatzen ziren; 1560tik 1630era, odjakak ugaritu egin ziren, batez ere jenizaroen gorputza, lau aldiz biderkatuta. Presio fiskala areagotu egin zenez, probintzietan gero eta arazo gehiago sortu ziren. Jenizaroek, berriz, estatu bat osatzen zuten Estatuaren barruan, gero eta gehiago musulmanen artean errekrutatuta. Ezkontzeko eskubidea zutenez, garnizio bizitzan kokatzen ziren, batez ere Konstantinoplan. Turkiarrek jenizaroen artean zerbitzatzeko baimena lortu zuten, lehen esklabo kristauek bakarrik osatzen zuten bitartean. Horrela, pretoriar guardia bat bihurtu zen, lehiaketa dinastikoen arbitro.[23]

1648an Ibrahim I.a sultana hil ondoren eta 1656ra arte, Mehmet Köprülü bisirrarekin batera, aldi bat nabarmendu zen: emakumeen sultanatoa deitutakoa. Izan ere, garai hartako sultan gehienek benetako botere gutxi zuten. Sultanaren amak zuzendutako harem inperialak zuzentzen zuen botere politikoa. Emakume boteretsu haietako bat Nur-banu izan zen, 1560ko hamarkadako Inperioko benetako zuzendaria. Suleiman I.aren emazte Hürrem Sultan nabarmendu zen, emakume boteretsuen artean. Ibrahim I.aren ondorengotzan (1640-1648), harem inperiala gatazka orokor baten eszenatokia izan zen konkubina batzuen eta Ibrahimen ondorengo Mehmed IV.aren amaren artean.[24]

Berpizkunde labur bat aldatu

Azkenik, garai horretan kontrabotere bat sortu zen, bisir handiena, Köprülü familiako kideak bisir handi izendatuak izan baitziren. 1656tik 1703ra bitarte, Inperioa eta haren handitasuna berregituratzen hasi ziren. Mehmed Paxa Köprülü armadaren erreformarekin hasi zen. Gero, haren ondorengo semeak «emakume sultanen» boterea ezabatu zuen. Köprülütarren bisir garaiak sultanen boterearen murrizpena baliatu zuen beren botere eta handitasun nahia asetzeko. Batez ere eremu militarrean lortu zuten otomandarren ospe higatua pixka bat edertzea. Transilvanian Inperioaren botere berrezarri zen, Kreta 1669an erabat mendean hartu zuten, Podolia 1676an poloniarrei hartu zieten.[25]

 
Kara Mustafa bisirraren setioa Vienaren aurka, 1683an.

Etengabeko gatazka aldi hura Kara Mustafa (Köprülütar bat, baina familiak adoptatua) bisir handiaren agintaritza osoan luzatu zen, gerra piztu baitzuen austriarrekin, ez baitzuen berritu nahi izan Vasvárreko bake ituna, 1664an epemugara iritsi ostean. 1683an Viena setiatu zuen. Azkenik, Poloniako Joan III.a Sobieski erregeak turkiarrak garaitu zituen. Köprülü familiaren boterea ia guztiz hautsi zen jenizaroek Kara Mustafa hil zutenean, sultanaren aginduz. Liga Sainduaren kristau aliantzak tropa turkiarrak garaitu zituelarik, 1699an Karlowitzeko ituna sinatzera behartu zuen Otomandar Inperioa. Itunaren ondorioz, Inperioak lurraldeak galdu zituen lehen aldiz, besteak beste Hungaria eta Banat. Ekonomikoki porrot eginda eta etsaiek militarki itota, kale itsuan sartuta gelditu zen.

Bi sultanek bakarrik jakin zuten beren denbora boterearekin markatzen: Murad IV.a (1623-1640), berreskuratu zituena Erevan 1635ean eta Bagdad 1639an, Safaviden dinastiaren lepotik; eta Mustafa II.a (1695-1703), Habsburgotarren aurka gerran jarraitu zuena, eta Lipoya. Lugoj eta Caransebeş berreskuratu zituena, nahiz porrota jaso zuen Sentako guduan (Serbia, 1697-09-11).

Inperioa setiatua aldatu

 
Austriaren eta Inperioaren arteko gerra, 1716-1718. Mihise gaineko olioa, Hungariako Museo Nazionalean ikusgai.

Geldialdi garai hartan, Danubioko lurraldeetako batzuk Austriaren esku laga zituen Otomandar Inperioak. Aljerreko erregeordetza eta Egipto, esaterako, gero eta independenteagoak dira Konstantinoplari buruz. Iparraldeko mugan, gaur egungo Ukrainarantz, otomandarrek Petri I.aren errusiar inperioa atzerarazi zuten, baina Katalina II.aren erregealdian porrot sail handi bat pairatu zuten, errusiarren ontzidiak Egeo itsasoan Krimea hartu baitzuen 1782an.

 
Ahmed III.a sultana.

Garai hartan, sultanak eta bisirrak buru-belarri ahalegindu ziren gainbeheran zetorkien inperioa indarberritzen. Tulipen mendean (Lâle Devri turkieraz, Ahmed III.a sultanak loreari zion maitasunagatik hala deitua), Otomandar Inperioaren itzulera antzeko bat gertatu zen, Europako eszena ekonomiko eta politikoen buru. Austriaren aurkako gerra bat berriro ere galdu bazuen ere 1718an, eta Passarowitzeko itunean inperioa belaunikatu behar izan bazen ere, Ahmed III.ak berebiziko ahalegina egin zuen erreforma berriak sartzen: zergak arindu zituen, inperioaren irudiak ospea hartu zuen berriro eta Europako manufakturen antzeko enpresa ugari sortu ziren. Armada modernizatzen ere saiatzen da, Europako aholkulariekin.

1730ean, Albaniar jatorriko Patrona Halil jenizaroak konplot bat antolatu zuen Ahmed III.a sultanaren aurka, ez baitzituen bete Halilek proposatutako erreforma proposamenak. Horren aurrean, Patrona Halilk eta beste jenizaro batzuek Mahmud I.a aldarrikatu zuten sultan. Ahmed III.ak astia izan zuen Halil exekutatzeko, baina boterea utzi behar izan zuen matxinadaren ondoren.

Beste arazo bat gehitu zitzaion 1731n Otomandar Inperioaren egoera txarrari: Kaukasia. Errusiarrek eta persiarrek Kaukasiaren gaineko burujabetza aldarrikatzen zuten. Errusiarren aitzakia zen lurralde haietan antzinako kosakoak bizi zirela; persiarren zuribidea, urte luzez haien mende egon zirela. Kaukasoko iparraldeko zirkasiar haiek, berez, Ukrainako antzinako kosako etorkinak ziren. Azkenean, tirabira politikoak gerrara eraman zituen Errusiar eta Austriar Inperioak, alde batetik, eta Otomandar Inperioa, bestetik, 1735etik 1739ra. Errusiarrek Krimea eta Danubioko printzerriak (Valakia eta Moldavia) hartu eta otomandarren mendeko tartaroak zapaldu eta gero, Dniester ibaia zeharkatuta, Besarabia ere mendean hartu zuten. Errusiak ez zituen, ordura arte, otomandarrenak izandako hainbeste lurralde kontrolatu.

Otomandarren egoera zaila profitatuta, Nadir Xah Persiako xah berria erasora atera zen Inperioaren aurka. Lehenik, sultanarentzat preziatuak ziren hiri edo probintziak mendean hartu zituen (Bagdad, kasu), berari interesatzen zaizkionen truke aldatzeko; horrela, Bagdad otomandarrei itzuli zien, Armeniaren eta Georgiaren truke. 1735ean, itun bat sinatu zuen errusiarrekin, besteak beste haiek otomandarren aurka zeukaten gerra amaitzen zuena.

 
XVIII. mendeko moskete otomandarrak (1750-1800).

Jenizaroen indarra aldatu

 
Jenizaroak. Antzinako Erromako pretoriar guardiak bezala, XVIII. mendearen amaieran sultanei ezarri zieten beren politika.

Inperioaren boterea gero eta itxurazkoagoa zen. Gainbehera nabarmena izan zen XVIII. mendean, Mustafa III.aren erregealdian. 1763an, Raghib Paxa bisirra hil zenean, boterean bakarka jarraitzea erabaki zuen. Politikari trebeziarik gabea zenez, ez zekien aholkulari edo komandante militarrak egokiz inguratzen. Voltairek «ezjakin handi» bat zela zioen, Katalina II.a Errusiakoari bidalitako gutun batean.[26] Ezgaitasun nabarion aurrean, jenizaroek beren boterea nagusiarazi zuten, sultanak egin nahi zituen erreforma guztiak blokeatuta. Ez zen lehenengo aldiz gertatzen eliteko soldaduen esku hartzea politikan, XVII. mendean lau sultan hil edo boteretik kendu baitzituzten (Mustafa I.a, Osman II.a, Ibrahim I.a eta Mehmed IV.a). OInezko soldatuen gorputz horren boterea handituz joan zen etengabe. Abdulhamid I.ak, Mustafa III.aren anaiak, ezin izan zuen eragotzi Krimea mendean hartzea, 1783an, Katalina II.ak. Ordutik aurrera, Itsaso Beltza ez zen gehiago otomandarren kontrol bakarraren mende. Selim III.aren erregetzan, aurrekoari jarraituta, jenizaroen boterea goratu besterik ez zen egin, eta haren ideia erreformatzaileak onartzen ez zituztenez, 1807an matxinatu egin ziren: Selim III.a boteretik kendu eta haren ordez Mustafa IV.a jarri zuten, eta 1808an hil egin zuten. Jenizaroen gorputza 1826an desegin zutelarik, indartu egin zuen Ekialdeko auziari buruz Europako indarrek zeukaten norgehiagoka. Izan ere, Europako potentzia handiak (batez ere Frantzia, Erresuma Batua eta Errusia, eta, neurri txikiagoan, Austria, Italia eta Alemaniar Inperioa) lehian ari ziren, pixkanaka desegiten ari zen inperio haren eskualdeetan nolabaiteko eragina edukitzeko.[27]

Gainbehera eta porrota aldatu

Modernizatzeko ahalegina aldatu

 
Otomandar Inperioaren mapa 1806an, Armenia, Kurdistan, Palestina eta abar barne.
Sakontzeko, irakurri: «Tanzimat»

XIX. mendean, Inperioak lurraldeak galdu zituen, baina modernizazio prozesu bati ekin zion, garai bateko boterea eta oparotasuna berreskuratzeko xedez. Aldi hori 1808an hasi zen Aliantzaren Gutunarekin (turkieraz Sened-i Ittifak); sultanaren eta buruzagi feudalen artean sinatutako itun bat zen, azken horiek administrazio zentralaren aurrean zuten boterea berresten zuena. Haren ondotik hasi zen Tanzimat (Berrantolaketa) izeneko berrikuntza aroa, 1839tik aurrera, non administrazio zentralak Inperioa modernizatzeko lege neurriak iragarri baitzituen. Garai hartan, Europako zenbait herrialdek, hala nola Frantziak eta Erresuma Batuak, eragin handia izan zuten Otomandar Inperioan. Une hartan hasitako beste erreforma bat izan zen esklabotza indargabetzea, 1847an. Erreformak 1856an sinatutako Parisko Itunak azkartu zituen, eta 1876ko abenduaren 23an lehen Konstituzio monarkikoa onartu zen.

 
Litografia grekoa, 1908ko Otomandar Konstituzioari agur egiten diona. Kateetaik askatzen diren Inperioaren eta Otomandar Nazioaren komunitateak biltzen ditu. Aingeruak idazkun bat darama, «askatasuna, berdintasuna, anaitasuna» aipatuz.

1830ean, Greziak, mendebaldeko potentzien laguntzarekin, independentzia lortu zuen. Egiptoko gobernadore Mehmet Alik subirano independente gisa jokatzen zuen, eta bere semea haren ondorengoa izatea lortu zuen, aurrekari bat ezarriz. Inperioak Errusiaren hedapenari aurre egin ahal izan zion, soilik Erresuma Batuak eta Frantziak babesten zutelako, batez ere Krimeako gerran. Babes garestia izan zen, baina: Frantziak Aljeria hartu zuen lehenbizi, Tunisia gero; Erresuma Batuak, Egipto, de facto XIX. mendearen hasieratik independentea zena.

Krimeako Gerrak Inperioaren ahultasun finantzarioa jarri zuen agerian: ez zuen benetako aurrekonturik, diru sarrera fiskalak guztiz irregularrak ziren, zorpetze gero eta handiagoa zeukan. Inperioaren finantza eta aduanak 1863an partzuergo frantses-ingeles batek sortutako Otomandar Bankuaren begiradapean pasatzen ziren.[28]

Inperioa ez zen gauza izan Balkanetako zenbait herrialderen independentzia galarazteko, Europan gero eta lurralde gehiago galduz. 1876ko urtarrilaz geroztik, zailtasunak izan zituen Bosniarren matxinada baten eraginez, Bulgarian altxaldi handi batekin batera gertatu baitzen, finean gatazka militarra sortu zuena Errusiaren eta Otomandar Inperioaren artean.[29] Azpiratua, Turkiak errefusatu egin zuen potentzia handiek Londresen egindako protokoloa sinatzea, eta horrek kezka handia sortu zuen inbertitzaileen artean: hilabete bakar batean, erreferentziako mailegu publiko frantsesak lau puntu galdu zituen, italiarrak sei puntu eta errusiarrak hamar puntu.

Porrota aldatu

 
Balkanetan, Anatolian eta Ekialde Hurbilean mintzatzen ziren hizkuntzak (1913).

1908an, Abdulhamid II.a sultan zurrunaren eta korronte erreformisten arteko tentsioak bultzatu zuen Turkiako Gazteen alderdia boterea hartzera. Erreformak aurrera eraman arren, Inperioak Ipar Afrikako lurraldeak galdu zituen lehenbizi; gero Dodekanesoa, Italiaren eta Tuirkiaren arteko gerran (1911); eta, azkenik, Europako ia lurralde guztiak Balkanetako gerretan (1912-1913).

Inperioa berriro altxatu nahirik, Alemaniar Inperioarekin aliantza bat egin zuten otomandarrek. 1914an gerra deklaratu zioten Entente Hirukoitzari, eta eraso handiak egin zizkioten Egiptori eta Kaukasoari. Porrotak izan ziren guztiak: Inperioak ez zuen bitartekorik ekimen politiko haiei erantzun egokirik emateko, epidemiek eta goseteek suntsiturik zeukaten. Egoera ahul hartan, barne tentsioak ugaritu egin ziren inperio osoan. Arabiar matxinada handia gertatu zen 1916 eta 1918 artean, Hussein bin Ali, Mekako xerifea, buru zela, Arabiako penintsula askatzeko eta Alepotik Adenera doan estatu arabiar bateratua sortzeko. Sultanak islamaren kalifa gisa egindako gerra santurako deiak ez zuen oihartzun handirik ukan. Inperioaren beraren existentzia mehatxupean gelditu zen, bai barne bai kanpo arazoengatik.

1915ean, alderdiaren muinak, Talat Pasha barne ministroaren agindupean, armeniar otomandarrak erbesteratu eta erailtzeko ekimen bat antolatu zuen, armeniar genozidioa izenez ezagutzen dena: 1.200.000-1.500.000 hildako eragin zituen, historialari gehienen arabera,[30] eta 600.000-800.000 biktima inguru, egungo Estatu turkiarraren arabera. Talat, Enver Pasha eta Turkiako beste buruzagi batzuen erruduntasuna Otomandar justiziak aitortu bazuen ere (1919ko uztailean heriotzara zigortu zituen), egungo turkiar Estatuak ukatu egiten du «genozidioa» egon zenik, eta nahiago du «sarraskiak» egon zirela esatea. Orobat, justifikatu egiten ditu, esanez armeniar populazio kristauak eta Pontoko greziarrak ―Errusiar tropen aldekotzat jotzen zirenak― Turkiaren osotasunerako mehatxu bat zirela.[31] Frantziako Parlamentuak 1998ko maiatzaren 26an onartutako txostenak azpimarratzen duenez, 1923ko Lausanako Hitzarmenaren ondoren, «dozenaka mila armeniar batzuk baino ez dira geratzen Turkian, gehientsuenak Istanbulen».[32]

Armeniaren eta Greziaren aburuz, armeniarren eta Pontoko greziarren genozidioak (azken horiez, 1916 eta 1923 artean, 350.000-360.000 bat hildako)[33][34] XX. mendean gertatutako lehenengoetakoak izan ziren.[35] Otomandar Inperioko kristau populazio horien bi heren suntsituak izan ziren. Testuinguru nahasgarri hartan gertatu zen, baita ere, asiriar genozidioa, 1914tik 1920ra bitartean, 500.000-750.000 bat pertsona hil zituena; hau da, garai hartako asiriar populazioaren % 70 inguru.[36][37]

 
Sèvreseko Itunaren baldintzak.

Otomandar Inperioarentzat, Lehen Mundu Gerraren ondorioa erabat kaltegarria izan zen, austro-hungariarrentzat eta alemaniarrentzat bezala, garaituen eremuan baitzegoen. Sèvresko Ituna guztiz zorrotza izan zen:

Otomandar Inperioak burujabetza osoa Anatolia zentral eta iparraldekoan bakarrik gorde zuen. Herritarren eta armadaren begietara, sultanak zilegitasun guztia galdu zuen, halako itun bat sinatzeagatik.

Errepublikarantz aldatu

Sèvresko Itunaren baldintza ezin zorrotzagoek turkiar sentimendu nazionala piztu zuten. Soldadu ohiak Mustafa Mustafa Kemal Atatürk militarraren inguruan bildu ziren. Europarrak Anatoliatik kanporatuta, gobernuburu gisa nagusitu zen, sultana ohorezko zereginetara zokoratuta. 1923an, Otomandar Inperioa eta kalifatoa deuseztatu zituen, independentzia gerraren bidez Turkia modernoa edo Turkiako Errepublika sortzeko, Otomandar Inperioaren ondorengo estatua gelditzen ziren lurraldean: Anatolia, Armeniar goi-ordokiaren mendebaldeko zati handi bat eta Ekialdeko Trazia.[39] Kemal Atatürk presidente bihurtu zen 1923an. Otomandar azken sultana, Abdulmezid II.a kargugabetzean, 1923an, Kemal Atatürkek aldaketa politiko bat burutu zuen, otomandar dinastia amaiarazi baitzuen. Kalifatoa deuseztatuta, 1924an, aldaketa erlijioso bat eragin zuen, Islam sunitaren mendez mendeko erakunde nagusia suntsitu baitzuen (Abdulmezid II.a mundu musulmaneko 101. eta azken ohiko kalifa izan zen). 1990eko hamarkadatik aurrera, kalifa-herria berpiztu eta kalifa autoizendatzeko saioak ugaritu ziren, besteak beste Abou Bakr al-Baghdadi irakiarrarena.

 
Otomandar Inperioaren armarria.

Inperioaren antolaketa aldatu

Otomandar Inperioak mendeetan zehar garatu zuen Sultan inguruan oso gobernu zentralizatua. Estatuaren antolamendua, probintzien, herritarren eta funtzionarioen gaineko kontrol eraginkorra izan zuen. Aberastasuna eta posizio soziala ez ziren nahitaez herentziaz jaso behar, baina merituak aitortzearen bidez eskuratu zitekeen. Kargu sozialen bilakaera hori, hala nola, Bisirren eta Agharren izenburuen esleipenak markatzen zuen. Zerbitzu militarra funtsezko elementua zen hierarkian aurrera egiteko.

Probintziak aldatu

Otomandar Inperioko probintziak erakunde administratiboak ziren, administrazio militarrean eta zibiletan eta funtzio exekutiboetan oinarritutakoak. Administrazio horren ezartzea bi fasetan egin zen: lehena Inperioaren eraikuntzarekin lotuta dago eta boterearen igoerarekin eboluzionatu da; bigarrena 1864ko administrazio-erreforma zabalengatik eta inperioaren deseginarekin amaitu zen.

Kultura aldatu

Hainbat mendetan, Otomandar Inperioak ikuspuntu ekonomiko zein kultural batetik aldi aberatsak ezagutu zituen. Inguruko herrialdeetan eragin handia izan zuen: Mendebaldean (Europa, Afrika iparraldea), eta Ekialdean (Erdialdeko Asia, Persia, India). Bere posizio geoestrategikoak asko lagundu zion botere kultural nagusia izateko garaian.

Inperioaren hizkuntza ofiziala Otomandar turkiera izan zen, Turkiako, arabiar eta persiar nahasketa, arabiar karaktereetan idatzita zegoena. Inperioan, hainbat esparruetan, idaztea ezinbestekoa zen: jarduera ekonomikoetan, antolaketa judizialean, administrazioan, erlijioan eta hezkuntzan. Artxiboetan gordetako dokumentu ugariek garrantzi honi erakusten dute.[40]

Otomandarrek hainbat idazkera desberdin erabiltzen zituzten, estiloan zein funtzioetan. Zerbitzari zibilek divanî estiloan idazten zuten, hau da, kantzilerraren idazketa erabiltzen zuten. Idazlan horren helburua boteretik zetozen dokumentuak identifikatzea zen. Gutunen eta hitzen arteko diseinua ez zuen etenik, eta horrek ezinezkoa egiten zuen dokumentuak faltsutzea. Idazketa estilo batzuk apenas irakurtzen ziren otomandar gehienentzat. Hori da, bereziki, kontabilitaterako erabiltzen zen siyakat idazkera; oso azkar idazten duenak, hau da, idazkera oso kurbagarria dela esan nahi du. Gaur egun, idazkerari dagokionez, Nesih estiloan idazten da; hau zen kopiatzaileen idazketa. Bziren ere beste estilo batzuk baina hauek ziren nagusiak.[41]

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Euskaltzaindia. Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia. .
  2. «Otomandar Inperioa - Lugares - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  3. «Otomandar Inperioa» Google Arts & Culture (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  4. (Ingelesez) Gábor Ágoston, Bruce Alan Masters. Encyclopedia of the Ottoman Empire. www.worldcat.org ISBN 978-0816062591. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  5. a b (Ingelesez) Donald Quataert, Halil İnalcık. An economic and social history of the Ottoman Empire, 1300-1914. www.worldcat.org ISBN 978-0521574563. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  6. (Ingelesez) Virginia H. Aksan. (2007). Ottoman Wars 1700-1870: An Empire Besieged. Longman/Pearson ISBN 978-0-582-30807-7. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  7. (Ingelesez) Carter V. Findley. Turkey, Islam, nationalism, and modernity : a history, 1789-2007. www.worldcat.org ISBN 978-0300152616. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  8. (Ingelesez) Donald Quataert. The Ottoman Empire, 1700-1922. www.worldcat.org ISBN 978-0521839105. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  9. (Ingelesez) Dominik J. Schaller; Jürgen Zimmerer. (2008-03). «Late Ottoman genocides: the dissolution of the Ottoman Empire and Young Turkish population and extermination policies—introduction» Journal of Genocide Research 10 (1): 7–14.  doi:10.1080/14623520801950820. ISSN 1462-3528. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  10. (Ingelesez) Douglas A. Howard. (2017-01-09). A History of the Ottoman Empire. Cambridge University Press ISBN 978-1-108-10747-1. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  11. (Frantsesez) Frédéric Hitzel. L' empire ottoman : XVe - XVIIe siècles. WorldCat.org ISBN 978-2251410166. (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  12. (Frantsesez) Lemnouar Merouche. Recherches sur l'Algérie à l'époque ottomane. WorldCat.org ISBN 978-2912946317. (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
  13. (Frantsesez) Dominique Sourdel. (1978). «Khalifa» Encyclopédie de l'islam (G.P. Maisonneuve et Larose) (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
  14. (Ingelesez) Marinos Sariyannis (editore nagusia), Gülsün Aksoy-Aivali, Marina Demetriadou, Yannis Spyropoulos, Katerina Stathi eta Yorgos Vidras. (2021-10-23). New Trends in Ottoman Studies: Papers presented at the 20th CIÉPO Symposium, Rethymno, 27 June–1 July 2012. IMS Publications (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
  15. (Frantsesez) Yves Ternon. (2002). Empire ottoman : le déclin, la chute, l'effacement. WorldCat.org ISBN 978-2866454258. (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
  16. (Frantsesez) Louis Gardet. (1977). Les hommes de l'Islam. WorldCat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
  17. (Frantsesez) Michel Lesure. (2021). Lépante : La crise de l'Empire ottoman. WorldCat.org ISBN 978-2072564055. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  18. (Frantsesez) Evliya Çelebi, Faruk Bilici. (2000). La guerre des Turcs : récits de batailles : extraits du "Livre de voyages". WorldCat.org ISBN 978-2742725496. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  19. (Frantsesez) Pierre Claude François Daunou et al. (ed.). (1832). Journal des sçavans. Éditions Klincksieck (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  20. (Frantsesez) Joseph Hammer-Purgstall, J. J. Hellert. (1993). Histoire de l'Empire ottoman depuis son origine jusqu'à nos jours. Les Éditions Isis (WorldCat.org) ISBN 978-9754280425. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  21. (Ingelesez) M. Th Houtsma. (1993). E.J. Brill's first encyclopaedia of Islam, 1913-1936. WorldCat.org ISBN 978-9004097964. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  22. (Frantsesez) Pierre Claude François Daunou et al. (ed.). (1832). Journal des sçavans. Éditions Klincksieck (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  23. Gábor Ágoston. (2014). «Firearms and Military Adaptation: The Ottomans and the European Military Revolution, 1450–1800» Journal of World History 25 (1): 85–124.  doi:10.1353/jwh.2014.0005. ISSN 1527-8050. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  24. (Ingelesez) Leslie P. Peirce, Ayşe. Berktay. (1996). Harem-i Hümayun : Osmanlı İmparatorluğunda hükümranlık ve kadınlar = The imperial Harem : women and sovereignty in the Ottoman Empire. WorldCat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
  25. «Köprülü» The Columbia Encyclopedia (web.archive.org) 2017-11-29 (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
  26. (Frantsesez) Voltaire. 26 lettres autographes à l'impératrice Catherine II de Russie | Ferney, 29 janvier 1768 - 24 janvier 1777. Sotheby's.
  27. (Frantsesez) Marc Nouschi. (2016). Petit atlas historique du XIXe siècle. Armand Colin ISBN 978-2200614638. (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  28. (Frantsesez) André Autheman, Jacques Thobie. (2018). La Banque impériale ottomane. Institut de la gestion publique et du développement économique ISBN 978-2111294219. (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  29. (Frantsesez) Alfred Colling. (1949). La prodigieuse histoire de la Bourse. Paris: Société d'éditions économiques et financières (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  30. (Ingelesez) Merrill D. Peterson. (2004). "Starving Armenians": America and the Armenian Genocide, 1915-1930 and after. Charlottesville: University of Virginia Press ISBN 978-0813922676. (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  31. (Frantsesez) «Génocide arménien: Erevan ménage la Turquie» L'Express (web.archive.org) 2009-04-24 (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  32. (Frantsesez) «Nª 925 - Rapport de M. René Rouquet, proposition de loi relative à la reconnaissance du génocide arménien de 1915» web.archive.org (Assemblée Nationale) 1998-05-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  33. (Ingelesez) Vasileios Th Meichanetsidis. (2015-01-01). «The Genocide of the Greeks of the Ottoman Empire, 1913–1923: A Comprehensive Overview» Genocide Studies International, 9: 104. ISSN 2291-1847. (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  34. (Ingelesez) «Parliamentary question | Recognition of the Pontic Greek genocide | E-002754/2018 |» web.archive.org (European Parliament) 2018-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  35. Herero eta nama herrien genozidioa hartzen da lehenengotzat, alemaniar kolonialistek Namibian egindakoa 1904-1908 bitarte.
  36. (Ingelesez) Anahit Khosroeva. (2007). The Assyrian Genocide in the Ottoman Empire and Adjacent Territories. New Brunswick: Transaction (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  37. (Ingelesez) Hannibal Travis. (2006). «'Native Christians Massacred': The Ottoman Genocide of the Assyrians During World War I» Genocide Studies International 1(3) ISSN 2291-1847..
  38. (Frantsesez) Henry Laurens. (2003). «Comment l'Empire ottoman fut dépecé» Le Monde diplomatique (Archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-05-28).
  39. (Ingelesez)« Al-Qaeda leader's claims to exalted lineage signal desperation: experts », al-shorfa.com, 16 décembre 2013.
  40. Frédéric Hitzel, L'empire ottoman: XVe - XVIIIe siècles, Paris, Société d'édition Les Belles Lettres, 2010, 319 or. (ISBN 9-782251-410166), 193.or.
  41. Ibidem, 194.or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu