Oskar Astarloa

gipuzkoar hamabosteko errugbilaria

Oskar Astarloa Uriarte (Elgoibar, 1974ko irailaren 6a) gipuzkoar errugbilari ohia da, hirugarren lerroko hegal eta hirugarren lerroko erdiko postuetan aritzen zena. Besteak beste, Getxo RT, Aviron Bayonnais, Saint-Jean-de-Luz Olympique eta Ordizia RE taldeetan ibili zen. Espainiako selekzioarekin 1999ko Munduko Errugbi Kopan eta zazpiko errugbiko 2001eko Munduko Kopan parte hartu zuen.[1] Espainiako eta Euskadiko gazte mailako selekzioen entrenatzailea da gaur egun.[2]

Oskar Astarloa
Bizitza
JaiotzaElgoibar1974ko irailaren 6a (49 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhamabosteko errugbilaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J P
Espainiako errugbi selekzioa1998-2006
 
Posizio edo espezialitateahirugarren lerroko erdikoa
hirugarren lerroko hegala
Pisua100 kilogramo
Altuera190 zentimetro

Bizitza

aldatu

Oskar Astarloa Uriarte Elgoibarren jaio zen, 1974ko irailaren 6an, eta Elorrion hazi. Futbolean eta txirrindularitzan probatu ostean, 15 urterekin hasi zuen errugbiko ibilbidea, Elorrio Rugby Taldean. Luzea baina osatu gabeko mutikoa zen artean. Aitarekin mendira joaten zen gorputza lantzera, aizkorarekin ere aritzen zen... 19 urterekin, Hego Euskal Herriko talderik garrantzitsuenak eskaintza egin zion: Getxok.[3]

1998an, Euskariansen eta Ipar Irlandaren arteko partida jokatu zen Anoetan.[4] Neurketa hartan, Astarloak bigarren zatia jokatu eta interesa piztu zuen Iparraldeko ikuskatzaileengan: Biarritz eta Aviron; bata lehenbiziko mailan, eta bestea, bigarrenean. Astarloak Peio Dospitalen eskaintza onartu, eta Baionara joan zen.[3]

Hiru denboraldi eman zituen Aviron Bayonnaisen eta, besteak beste, Frantziako lehenbiziko mailara igotzeko kanporaketa jokatu zuen. Bestalde, 1999an Munduko Errugbi Kopan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin, non eta Eskozian, errugbiaren sorgunean. Haren kirol bizitzako esperientziarik zirraragarrienetako bat izan omen zen.[3]

Ondoren Federal 1eko Saint-Jean-de-Luz Olympiquen jokatu zuen, 2004an Avironera itzuli aurretik. Orduko Top 16an zeuden baionarrak, eta taldea erabat profesionala zen. Lehenbiziko urtea oso ona izan zuen; Stade Toulousain handiari irabazi zioten asteburuan, esate baterako, Frantziako txapelketako hamabosteko hoberenean sartu zuten, bizkarrean 8a zeramala. Bigarren urtean, ordea, entrenatzaile aldaketa zela eta, taldetik kanpo geratu zen.[1]

Iparraldeko ibilbidea amaiturik, Espainiako Ohorezko Mailako Ordiziak kontratatu zuen 2006an. 2009tik 2011ra, Bera Beran jokatu zuen, eta Gernikan ondorengo lau urteetan, horietatik bi jokalari-entrenatzaile. Bigarren urtean Europan ere aritu zen Gernika, Amlin Kopan. Txapelketa horretan, Rovigo Italiako taldeari irabazi zioten, etxean eta kanpoan.[5]

Gernikak aurrekontu handiko egitasmoa zuen arren, hainbat jokalarik utzi zuten dirurik gabe gelditu zelarik. Talde barruan arazo asko izan ziren.[5] Astarloak 40 urteak beteak zituen orduko, baina errugbian jarraitu nahi zuen. 2015-2018 bitartean, Ohorezko B mailako Durangon ibili zen, eta Hernanin 2018tik 2020ra.[1] Horretaz gain, 2018an Espainiako 18 urtez azpiko hautatzaile izendatu zuten.[5]

Ibilbidea

aldatu

Palmaresa

aldatu

Espainiako selekzioa

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Corral, Iñigo. Astarloa, toda una vida en el rugby: adiós tras 30 años de servicio al último héroe español del Mundial 99. El Español, 2020ko maiatzak 12, elespanol.com (Noiz kontsultatua: 2024-4-11).
  2. Pagola, Jon. Oskar Astarloa: La leyenda vasca del rugby, una vida nómada, valores y 30 años de carrera. Diario de Noticias, 2024ko otsailak 6, noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2024-4-12).
  3. a b c Iruin, Lander. Trenaren azken geltokia ote?. Berria, 2012ko abenduak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-4-11).
  4. Alduntzin, Koldo. Euskarians-Ipar Irlanda, gozatzeko. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko ekainak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-4-12).
  5. a b c Magro Eizmendi, Imanol. Oskar Astarloa: "Errugbia droga bezalakoa da: zaila izango da nik hura uztea". Berria, 2019ko urriak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-4-11).
  6. Oscar Astarloa Uriarte. en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2024-4-14).

Kanpo estekak

aldatu