Orgaz dorrea

eraikitako euskal ondare nabaria Lantaronen

Orgaz dorrea Lantaróngo Fontecha herrian (Araba) dagoen dorretxea da. 2002ko uztailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Orgaz dorrea
Kultura ondasuna
RI-51-0005123 Torre del Condestable 008.jpg
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaFontetxa eta Lantaron
Koordenatuak42°44′41″N 3°1′31″W
Ondarea
BICRI-51-0005122
40

DeskribapenaAldatu

Orgaz Dorrea, Fontechako hiribilduan dago. Fontecha Arabako Lurralde Historikoaren mendebaldean dago eta Lantarongo udalerrikoa da.

Dorrea herriaren hegoaldean dago Miranda Ebroko bidea hirira sartzen den inguruan, hiriaren erdiko gunetik oso hurbil.

Kondestable dorrearen antzera, toki ezin aproposagoan kokatuta dago, Akitaniatik Astorgara doan erromatar galtzadatik hurbil, eta baita honako hauetatik ere: Deobriga mansioa, Cabriana, Komunioi eta Leciñana del Camino gune erromanizatuak eta aztarna eta toponimo latinoak dituzten beste paraje batzuk.

Horrez gain, Fontecha gatzaren merkataritzaren giltzarri zen, funtsezko gunea baitzen Gesaltzatik Gaztelara eta Bizkaira eramaten zen gatzarentzat.

Eraikinaren lehen erabilera militarra izan zen eta gerorantz etxebizitza bihurtu zen.

Dorreak eta jauregiak osatzen duten multzoa XV. mendearen azken aldean edo XVI.aren hasieran eraikitakoa izango zen, hori pentsatzeko bidea ematen baitute, duen galeriak, portadako elementuek eta duen Mendozatarren eta Guzmandarren heraldikak.

Duen harlandua bikaina da eta horri esker kontserbatu da gaur arte. Gaztelako dorreen eragin nabarmena erakusten du, Gaubean Gaztelak izan zuen eraginaren ondorio eta baita Hurtado de Mendozatarren gainontzeko jauntzen eraginez ere, Gaztelan jabetza handiak izan baitzituzten.

Kanpo aldeaAldatu

Bi bolumen nabarmentzen dira: dorrea, erabat exentu dagoena, eta jauregia ia-ia dorrearen hegal bati erantsita dagoena. Multzoak harresia izan zuen, jauregiarekin berarekin bat egiten zuena, baina XX. mendearen hasieran eraitsi egin zuten eta bakarrik iparraldeko zati bat mantendu da zutik.

Multzoa aldats behera dagoen gune batean kokatuta dago, dorrea gunerik garaienean dago eta jauregia aldatsak beherantz egiten duen gunean. Kokapen hori dela-eta, ondasunaren altxaera garaiagoa da.

DorreaAldatu

Dorreoia jatorrizko multzoaren erdian kokatua dago eta gainontzeko eraikinen gainetik gailentzen da. Oin errektangeluarra dauka 17,20 x 13,45 metrokoa, altuera 25 metrotik gorakoa eta hormak 2 metroko lodierakoak.

Behe solairu oso garaia zuen eta tarteko altuera bi, eta horiez gain, almenen parean beste altuera bat izango zuen.

Hormaren goi-buruan kurbadura hirukoitzeko modiloiez eutsitako hegalkia du. Modiloiak ordenan eta izkinak ondo moldatuz jarrita daude. Horren ondorioz ateratzen den perfila almena itxurakoa da.

Fatxadak Kondestable dorrearen antzerako itxura dute: erdi inguruan kokatutako leiho bizkiak hegaletan gezileihoak dituztelarik, bai alboetako hegaletan bai azpiko aldean. Leihoak barruko aldera irekitzen dira eta bankuak dituzte albo banatan.

Arabako dorreen ezaugarri dira arku lobulatuz errematatutako gezileihoak eta baita puntu erdiko arkuz errematatutakoak. Arku lobulatuzko bi daude ekialdeko fatxadan eta bat hegoaldekoan. Ekialdeko fatxadaren behe solairuan puntu erdiko arkuzko bi daude.

Dorrearen fatxada nagusiak jauregiaren aldera ematen zuen, mendebaldera, tartean patio txiki bat zelarik. Fatxada nagusian zegoen sarbide zen atea. Arku zorroztu handi samar bat zuen, eta lehen solairuaren parean zegoenez gero, arku baten bitartez egindako eskailera bat behar zen bertara iristeko. Sarrera defendatzen bi gezileiho daude laprandura handia dutenak. Beheren dagoen gunean ere bazen sarrerako atea ondo landua, bere arku eta gezileihoekin.

Dorrearen barruan ez dago ezer baina egurrezko bermapuntuen arabera eta Anuncibay jaunak (eraikinean azken bizi izan zenak) Micaela Portilla andreari esandakoarengatik, badirudi dorreak beheko solairuan erdiko euskarria zuela. Euskarri horretan egurrezko zutabe bat oinarritzen zen eta horrek habe nagusi bati eusten zion alde batetik bestera jarrita zegoena eta albo bietako hormetan bukatzen zena. Ikusten diren bi forjatuek habeen eta gapirioen ordena 90.º biratuta dituzte.

JauregiaAldatu

Oin errektangeluarra du. Fatxada luzeek eta nagusiak 27,30 metro dituzte eta fatxada laburrak 13,50 metro. Atze aldeko fatxadaren eta dorrearen artean patio estu bat dago.

Jauregia aldatsean kokaturik dagoenez gero, bertara sartzeko solairua dorrearen behe solairua baino solairu bat baxuagoa da. Sarrera horretan atari zabal bat zegoen, zalditegiak eta gela akzesorioak.

Portada arraba baten barruan kokatutako arku konopial batek apaintzen du; arkuari zutabe gotiko erdiek eusten diote eta horiek basamentu garaietan jarrita daude eta pinakuluz errematatuak. Arkuaren gainean armarri bi daude, Hurtado de Mendozatarrena eta Guzmandarrena.

Jauregiaren fatxada nagusiak bederatzi gezileiho-leiho zabal ditu guztira, eta zabaltasun horrek XV. mendearen azken aldea edo XVI. mendearen hasiera aldekoak direla erakusten du. Baditu erdi aroko beste leiho batzuk ere, harrez gero aldatu eta bao errektangeluar bihurtu izan direnak. Aipatu beharrekoak dira bi leiho zatituak, harri bakar bat landuz egindakoak eta arku lobulatu irekia dutenak eta hiru armarri landu. Bada beste bao bat ere arku bikoitza duena goiko solairuan, eta beherengo solairuan kanoi-zulo bat dago su-armetarakoa eta beraz, garaiari erreparatuz gero, besteak baino berandukoagoa dena.

Jauregiaren iparraldeko fatxadak bao handi bat du, puntu erdiko arkuduna, egun estalita dagoena eta "Castillos de España" (1943) izeneko liburuan dagoen grabatu baten arabera zortzi metroko altuerako atea izan zena. Izan daiteke hori izatea inguruan zen ur-hobiaren gainetik pasatzeko zubi altxagarria beheratzen zen atea.

Fatxada honek leiho bikia du, sarrerako arkuaren gainean kokatuta baina pixka bat alde batera jarrita daudena eta kanoi-zulo bat. Fatxada nagusiaren antzera honek ere baoak ditu antzina kadalso bati eusteko erabiliko zirenak.

Fatxada horretan bertan sarrerako ate bat dago, jira guztian gezi-leiho hirukoitzezko ilara bat duena. Gune hau eta ekialdeko altxaerarako buelta dira azken aldian obra gehien pairatu dutenak, hala nola, bigarren solairua eta estalkia. Badirudi altueran izan duen igoera XX. mendekoa dela.

Hegoaldeko fatxadan bakarrik jauregiaren fatxada-zatia dago zutik, eta ez du eraikinak baino interes gehiagorik. Beste fatxaden antzera gezileihoz eta leiho bikoitzez defendatua dago.

Jauregiaren hegoaldeko altxaerak, dorrearen eta bere artean zegoen patiora ematen zuenak, arkeriazko galeria bat eduki behar izan zuen baina apenas ezer kontserbatu den.

Ur-hobiaAldatu

Ez da askorik geratzen, baina, fatxada nagusian antzeman daiteke zatiren bat.

Barruko aldeaAldatu

Ez dago ezer, bakarrik, aipatutako habeei eta gapirioei eusteko modiloiak.

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa