Galiziar Antolakunde Errepublikar Autonomoa
Galiziar Antolakunde Errepublikar Autonomoa (jatorriz Organización Republicana Gallega Autónoma, ORGA) galiziar alderdi politiko bat izan zen, ideologia errepublikazale eta autonomista zuena. 1929an sortu zen A Coruñan bertako Irmandades da Fala elkarteen eskutik eta Kasino Errepublikarraren laguntzaz. Azken erakunde honen zuzendaria, Santiago Casares Quiroga, izan zen ORGAren lehen zuzendaria. Hasiera batean, alderdian galegistak nagusi zirenean, ideologia federalista izan arren, denborak aurrera egin ahala ideologia autonomistara jo zuen.
Galiziar Antolakunde Errepublikar Autonomoa | |
---|---|
Datuak | |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Espainia |
Kokapen politikoa | ezker politiko |
Historia | |
Sorrera | 1929 |
Desagerpena | 1934 |
Koloreak |
Ibilbidea
aldatuORGA batzordeen bidez antolatuta zegoen, behe mailan tokiko batzordeak zeudelarik, erdi mailan probintzia mailakoak eta azken mailan zuzendaritza nagusia, Lurralde Asanbladak aukeratutako Lurraldeko Batzorde Exekutiboa hain zuzen. Alderdiko militante gehienak hiri inguruetako klase ertaineko pertsonak ziren, baina landaguneetara hurbiltzea ere lortu zuen Galiziar Nekazarien Antolakundearen bidez.
1930eko martxoan Galiziar Federazio Errepublikarra antolatu zuen eta bertan Alderdi Erradikalak eta Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialistak parte hartu zuten besteak beste. Errepublika ezarri ostean aipatutako bi alderdietatik urrundu zen.
ORGAk Espainiako Errepublikako lehen gobernuan parte hartu zuen Santiago Casares Quirogaren bidez eta Galiziako lehen indar politikoa izan zen Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan, 15 eserleku eskuratu baitzituen. Gainera Espainiako Kongresuan Galiziar Gutxiengoa taldea osatu zuen, zeinetan Castelaok eta Ramón Otero Pedrayok parte hartu zuten.
1932ko maiatzean ORGAk izena aldatu eta Alderdi Galiziar Errepublikarra izen hartu zuen (jatorriz Partido Republicano Gallego, PRG). Urte horretako urrian alderdia krisialdian sartu zen, Pontevedrako probintzia Ekintza Errepublikarraren mende geratu baitzen. 1933ko hauteskundeetan soilik bost eserleku eskuratu zituen Espainiako Kongresuan eta 1934an Ekintza Errepublikarrarekin eta Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialistarekin batu zen Ezker Errepublikarra alderdia eratzeko.
Galiziako estatutua
aldatuORGA bi korrontetan banatzen zela esan daiteke: bata galegista, Galiziako errealitate nazionalaz jabetua zegoena, herrialde harentzat autogobernua eskuratzea helburu nagusitzat zuena; bestea autogobernuarekiko axolagabeagoa, helburu nagusitzat hori ez zuena. Hala ere, Espainiako Errepublika aldarrikatu ondoren ORGAk 1931ko ekainaren 4an Galiziarentzako estatutu bat eratzeko asanblada bat antolatu zuen, zeinatik estatutu-proiektu bat atera zen, baina ez zuten lortu hura aurrera eramatea. Beste saiakera bat ere egin zen urte beraren amaieran, baina hura ere ez zen aurrera atera.
Horren ondoren, Santiago de Compostelako alkateak, ORGAko militantea zenak, 1932an udalerrien arteko asanblada bat deitu zuen eta hortik estatutu-proiektu berri bat eta Galiziako Autonomiaren Batzar Orokorra sotu ziren, azken hau Osorio Tafallek zuzendu zuelarik. Ezin aipatu gabe utzi proiektu berri horren bultzatzaile nagusia ez zela ORGA izan, baizik eta Alderdi Galegista, izan ere, garai hartarako ORGAren barnean zati galegistak gero eta pisu txikiagoa zuen, asko Alderdi Galegistara igarotzen hasiak zirelako. Gainera, ORGAko buru Casares Quirogak, Espainiako Gobernazio ministro ere bazenak, behin baino gehiagotan jarri zizkion trabak proiektu horri.
ORGAk berea izan zuen galegismoaren lekukoa Alderdi Galegistak jaso zuen hortik aurrera eta hori horrela, ORGAko sektore galegista ia bere osotasunean Alderdi Galegistara igaro zen. ORGAko azken buruzagi galegista Antón Vilar Ponte izan zen eta hau 1934aren hasieran igaro zen Alderdi Galegistara.
Prentsa
aldatuORGAk hasieran ez zuen izan prentsa organo ofizial bat bere ideiak zabaltzeko, nahiz eta arrakastarik gabe koruñar aldizkari batzuk erosten saiatu. 1931ko ekaina eta 1932ko uztaila artean El Orzán izan zen bere aldizkari ofiziala. 1932ko apirilean El País-ek ere lagundu zuen (A Coruñako tokiko astekari bat), baina denbora tarte laburrez. Urte bereko azarora arte Pontevedrako El País-en babesa ere izan zuen. 1933an alderdiaren zuzendaritzak Casares Quirogak zuzentzen zuen aldizkari zahar bat berriz editatzen hastea erabaki zuen, Tierra Gallega izenekoa eta hura urte hartako urtarrilaren 25ean hasi zen argitaratzen, baina ez zuen lortu egonkortzea eta urte bereko ekainean itxi egin zuten.
Bibliografia
aldatu- Alfonso Bozzo, Alfonso (1976). Los partidos políticos y la autonomía en Galicia, 1931-1936. Madril: Akal. ISBN 84-7339-135-7.