Orconera Iron Ore Company Limited

eraikitako euskal ondare nabaria Muskizen
Orconerako kargalekua» orritik birbideratua)

Orconera Iron Ore Company Limited Euskal Herriaren industrializazioan rol garrantzitsua izan zuen enpresa izan zen. 1873ko uztailaren 17an sortu zen Londresen[1], nazioarteko kapitalarekin, Ortuella, Barakaldo, Abanto eta Trapagaranen zeuden Magdalena, Orconera, Previsión, Carmen, Ser, San Antonio, Mora eta Union meatzeetako burdina ustiatzeko[2]. Meatze hauek eta kontzesioak zuen trenbidea Ybarra Hermanos y Compañíarenak ziren[1].

Orconera Iron Ore Company Limited
Datuak
Motanegozioa eta industria ondarea
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Honen parteKostaldeko Donejakue bidea
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1873ko uztailaren 17a

1876 eta 1936 bitartean bertatik atera zen Bizkaian ustiatutako burdinaren bosten bat[3]. 1940ko hamarkadatik aurrera Bizkaiko Labe Garaiek erosi zituzten, eta 1968an Agruminsa azpi-enpresaren menpe utzi zituzten. 1993an itxi ziren.

Aurrekariak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Industrializazioa Euskal Herrian»
 
Goian, Orconerako meatzearen ikuspegi orokor bat. Behean, ezkerrean, Franco-Belga meatzearen kargalekua; eskuman, Orconerako kargalekua.

Bizkaiko burdina betidanik ustiatu den baliabidea da. Burdinolek, eta Somorrostrotik ateratzen zen kalitate handiko metalak merkatu ona zuten Europako Atlantikoan. Gainera, Bilboko portua leku estrategikoa zen nazioarteko merkataritza hori egiteko: produkzio lekutik gertu, Gaztelako artilearen portu naturala zen, Europan asko kontsumitzen zen produktua[4]. Barkuek artile hori garraiatzen zuten, eta burdina pisua emateko erabiltzen zuten[5], bereziki Ingalaterrara[6], baina baita Amerikara ere[7]. Burdina zeramaten itsasontziek bueltako bidean beste produktu batzuk ekartzen zituzten, eta bide horretan garrantzia hartu zuen Bilbo-Cardiff bideak: Galesera burdina eramaten zen, eta bueltan ikatza ekarri, Asturiasen produzitzen zena baino kalitate hobea zuena[8]. 1856an egoera guztiz aldatu zen: Henry Bessemerrek bere izena daraman prozesua patentatu zuen[9]. Bizkaiko burdinak askoz emaitza hobeak ematen zituen, fosforo gutxi zuelako; Erresuma Batura egindako esportazioak biderkatu ziren[10]. 1863tik aurrera burdinaren salmenta erraztu zen, fiskalitatea aldatzearen ondorio[11].

Egoera horretan, Bizkaiko meatzaritzak gorakada handia izateko aukera guztiak zituen. Ingalaterrak minerala eros zezan, azpiegitura antolatu zen lehenengo: burdina meatzetatik itsasontzietara eraman behar zen, eta horretarako idien bidez gurdietan eramateko sistema hobetu behar zen. Meatzaritza enpresei, garraio enpresak eta mearen salerosketa enpresak gehitu zitzaizkien. Sistemaren antolaketan bost maila zeuden: meatzeen jabeak, burdina erauzten zuten enpresak, meatzetik portura minerala zeramaten enpresak, esportazio enpresak eta ontzigileak. Maila horietan guztietan atzerriko eta Bizkaiko enpresen kapitala nahastu zen, baina denborarekin atzerritarren kapitala handituz joan zen[11].

Foruen amaierarekin komunalak izan ziren lurren desamortizazioa eman zen. Meatzeetan kontzesioak ematen hasi ziren, eta horien artean oso onak ziren batzuk Ybarra familiak erosi zituen. Normalean, meatzeen jabeek ez zuten ustiapena egiten. Beste enpresa bati, askotan kanpo kapitalekoa, alokatzen zitzaion kontzesioa tonako diru finko baten truke[12]. Orconerako kasuan, Ybarra anaiek meatzearen, materialaren, haren garraioaren eta lan siderurgikoaren truke irabazi zuten dirua.

Geologia aldatu

Aspaldidanik ezagutzen ziren Triano inguruan zeuden burdin baliabideak. Mota ezberdinetako burdina aurki zitekeen: hematitea eta goethita, erraz molda eta ustia daitezkeen burdin oxidoa; txirtea, buztinarekin nahastutako minerala karstifikazioaren ondorioz; eta siderita, burdin karbonatoa. Bizkaiko antiklinorioan kokatua, Toucasiako kareharria moduan ezagutzen den unitatean zegoen ustiatutako minerala[oh 1]. Unitate hau Aptiar garaiko arrezife batean sedimentatutako material karbonatatuz osatuta dago. 50 eta 150 metro arteko lodierako pakete baten agertzen zen, material detritikozko bi unitate lodiz inguratuta: azpian 1.100 metroko lodierako hareharriak eta lutitaketa gainean Bilboko tupa bezala ezagutzen den tupa eta hareharrizko bi unitate elkargurutzatuta. Talde osoa ipar-ekialdetik Sol failak mugatuta dago, eta faila planoan siderita ugari agertzen da, filoi baten eran. Gaur egun ustiatutako zonaldeak askoz beherago geratu dira, eta putzuak eratu dira bertan, Hostión, Parkotxa eta Blondis bezalakoak[13].

Toucasiako kareharriaren barruan mineralizazioa NO-SE norabidean ematen da, itxura lentikularrarekin. Kareharri grisak dira, argiak gainazaletik eta ilunak apurtzerakoan. Estratuak dituzte, nahiko argiak. Oxidoetan burdin kantitatea %50-60 ingurukoa da eta karbonatatuetan %35-40 artean[14]. Orconera izeneko ustiapen eremua ere bi failek mugatzen zuten, Orconera V eta Orconera VI izenekoak, biak NO-SE norabidekoak.

Historia aldatu

Enpresaren sorrera eta lehen urteak aldatu

 
Bizkaiko meatzeen eremuak. Gorriz eta berdez, Orconerak ustiatutako eremuak.
 
Enpresako jabeen bisita 1883an.

Enpresa Londresen sortu zen, Dowlais, Consett eta Kruppek kapitalaren laurden bana jarrita. Beste laurdena Ybarra Hermanos y Compañíaren esku geratu zen. Hasiera batean Dowlais eta Ybarraren arteko negozio gisa aurreikusi zen, baina beranduago Consett eta Kruppi ere sarbide eman zitzaien[1]. Ez zen izan urte horietan sortutako meatzaritza enpresa bakarra: Bilbao Iron Ore eta Luchana Mining enpresak urte batzuk lehenago sortu ziren eta Franco-Belga urte batzuk beranduago; guztien helburua burdin lingotea Bessemer altzairua egiteko ekoiztea zen[3]. Enpresak 200.000 tona bidali behar zituen atzerrira urtean, eta beste 100.000 Barakaldon geratzen ziren. 1882tik aurrera Bizkaiko Labe Garaien esku geratu ziren 100.000 tona horiek, pezeta erdi ordainduz tona bakoitzeko[1].

Trenbidea eraiki eta Bigarren Karlistaldia amaitu eta gero (gerran zehar ezin zuten lehergailurik erabili) enpresa funtzionamendu betean jarri zen. 1880an 452.000 tona mineral atera zituzten, 629.000 ziren 1885an eta ia milioi bat tona 1890an. Mende berria hasi zenean ez zuen aurkari zuzenik, José Martínez Rivasena izan ezik[1]. 1876 eta 1936 bitarte berrehun milioi tona atera ziren Bizkaitik, eta horietatik gutxienez 40 milioi tona Orconera Iron Orerenak ziren[3]. Ybarra familiak meatzea, garraioa eta siderurgia kontrolatzen zuen, eta beraz denbora horretan 80 bat milioi pezeta lortu zituzten Orconeratik, beste 20 milioi Franco-Belgatik eta 50 bat milioi siderurgiatik[15].

1886an, langile kopuru batek enpresari galdetu zion ea euren diruaren zati bat enpresaren kontuan gorde zitekeen, aurrezki kutxa gisa eginez. Enpresak Bilboko Bankuari galdetu zion ea posible zen kontu bat horrela erabiltzea, eta baiezkoa jasotako Bizkaiko lehen enpresa izan zen aurrezki kutxa propio bat izan zuena[16].

1900ean, hala ere, mea kopurua gutxitzen joan zen. Garai horretara arte ustiatutako hematitea agortzen ari zen eta meatzariak beste material batean jarri zuten arretan: buztinekin nahastuta agertzen ziren burdin zatiak, garai horretara arte hondakintzat hartzen zirenak. Material horri txirte izena ematen zitzaion eta guneei txirtera[oh 2]. Material horren garbiketarako tromel izeneko garbilekuak instalatzen hasi ziren[12].

Langile mugimendua eta grebak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «1890eko Bizkaiko greba orokorra»
 
1890eko Bizkaiko greba orokorreko pasarte batzuk, La Ilustración española y americana aldizkarian jasoak. Orconerako meatzeak ikus daitezke irudietako batean.

Orconera meatzea garrantzitsua izan zen Euskal Herriko langileen mugimenduarentzat. 1890eko Bizkaiko greba orokorra bertan hasi zen urte horretako maiatzaren 13an. 200 langilek greba hasi zuten, eta laster hedatu zen inguruko meatzeetara. Gallarta eta Ortuellara jaitsi zen, ondoren: maiatzaren 14an 7.000 edo 9.000 langile inguru manifestatu ziren bertan. Barakaldo eta Sestaoko enpresetara iritsi zenerako, 30.000 langile zeuden jada greban. Facundo Perezagua sozialistak hartu zuen langile mugimenduaren gidaritza, baina armadak ez zien utzi Bilboraino iritsi. José María Loma jeneralak bitartekaritza egin zuen, patroiak paktu bat sinatzera behartuz: barrakoietan bizitzea ez zen derrigorrezkoa izango eta lan-ordutegia 10 ordutara murriztu zen[17]. Loma jeneralak langileen bizi-baldintzak zuzenean ikusi nahi izan zituen, eta bere deskribapenaren arabera 300 langile inguru bizi ziren «txerrientzat ere balio ez zuten» barrakoietan[18].

Greba hori bereziki garrantzitsua izan zen langile mugimenduarentzat, baina aldi berean langileek ikusi zuten eurek bakarrik lor zitzaketela helburuak eta, beraz, sindikatuen sarrera geldotu zuen. 1892 eta 1893an berriro egon ziren protestak, horietako lehena Orconeratik abiatuta, baina 1910eko greba orokorra hasi arte ez zen egon beste gatazka garrantzitsurik. 1910eko uztailaren 15ean bederatzi orduko lan-aldia eskatzeko greba piztu zen, baina patroiek ez zutenez nahi, bi hilabetez hedatu zen greba. Irailaren 6an Martínez Rivasek onartu zituen eskariak, eta hurrengo egunean Horacio Echevarrietak. Patroinala bereizita, irailaren 20an eskariak onartu zituzten. Azken finean, Rivas eta Echevarrietaren meatzeak Orconeraren meatzeez inguratuta zeuden, Zugaztietan[1]

Facundo Perezaguaren ordez PSOEren gidaritza Indalecio Prietok hartu zuenean gatazkan baino negoziazioan oinarritutako politika ezarri zen. Orconerak, garai horretan, meatzeetan egiten zuten 6.900 langiletik 1.700 zituen kontratupean[19].

Gerren arteko tartea aldatu

 
Orconeraren instalazioak, trenbidea eta aireko tranbia.

Lehen Mundu Gerran Bilboko burdinak garrantzi handia izan zuen, neutraltasunari esker esportazioak posible zirelako[20], nahiz eta beherakada nabarmena izan. 1913an Bizkaiak esportatzen zuen burdinaren %64 Erresuma Batura zihoan, %28 Alemaniara eta bestea Bizkaian bertan, Frantzian edo Belgikan erabiltzen zen[21]. 1914an esportazioak murriztu ziren, gerraren hasiera zela eta, eta 1915ean Alemaniara ez zen ezer ere esportatu. Alemaniak blokeoa ezarri zion Erresuma Batuari[oh 3], eta Orconera Iron Oreren jabeetako bat Krupp zenez, alemaniarra, kasua epaitegietan egon zen Erresuma Batuan, "etsaiarekin negozioen aurkako legea" erabilita[22]. Pobeñako garbilekuan (ikus beherago) garbitzen zen metal gehiena Kruppek erosten zuen, eta horregatik esparru hori ia geldi egon zen 1915etik aurrera. Orconerak 1913an 636.000 tona ekoiztu zituen eta 1915ean 400.000 izan ziren.[21]

1913 eta 1936 artean Bizkaiak bere burdinaren %72 esportatu zuen eta 1918an %94,5 izan zen.[23]. Izan ere, 1916 eta 1918 artean Erresuma Batuak behar gorria zuen. Barne baliabideekin aritu ziren hasieran, batez ere txatarra eta mineral fosforikoarekin altzairua egiten, baina Bizkaitik zetorren metal ez-fosforikoa oraindik beharrezkoa zitzaien eta, horregatik, 1916ean prezioa igo zen, Alemaniara egiten ziren bidalketa eza ere ordainduz[21].

1929ko kraxaren osteko egoera ekonomikoan krisi larria sortu zen, eta esportazioak asko murriztu ziren[23]. 1927tik aurrera Erresuma Batuko siderurgia ere krisian sartu zen, eta pezeta alemaniar markoarekiko indartu zen, Alemaniara esportazioak zailduz. Baina ez hori bakarrik, Erresuma Batuak ere Bessemer sistema alboratu eta euren minerala eta txatarra erabiltzen zuten sistemak hobetu zituen, eta txatarra baliabide merkea zen Lehen Mundu Gerra amaitu ostean[21]. Espainiako Gerra Zibila bitartean ere, ustiaketak erritmoa mantendu zuen, milioi bat tona urtean, nahiz eta eredua krisian egon, mundu mailako egoera ekonomikoa zela eta[23]. Hala ere, Bilboko gudua amaituta burdina Erresuma Batura bidali beharrean barkuak Alemaniara bideratzen hasi ziren frankistak. Orconeratik zetorren burdinik gabe, Erresuma Batuak gobernu bilera egin zuen eta Robert Hodgson izendatu zuen enbaxadore gobernu frankistaren aurrean, mineral hori berriro lortu ahal izateko. Aldi berean, Hermann Göringek izendapen berriak egin zituen ziurtatzeko Orconerako burdina Alemaniara iristen zela[24] Bigarren Mundu Gerran zehar produkzioa jaitsi zen, hala ere[1].

Gainbehera eta itxiera aldatu

Frankismoaren hasieran meatzeak agortzen hasi ziren, eta geroz eta garestiagoa zen bertatik minerala ateratzea. Hala ere, siderurgiak behar handia zuen, nahiz eta Rifetik zetorren mineralarekin ere asetzen ziren. Espainiak ekonomia autarkikoa zuen, eta barne produktuen beharra zuen bere sistema mantentzeko[25]. Beste meatze batzuetan bezala, Orconerak ere presoak erabili zituen derrigorrezko lanetan, 200 inguru 1939ean[26], Bizkaia batailoikoak[27]. 1940eko hamarkadan Bizkaiko Labe Garaiek Orconerako akzioak erosi zituzten, eta 1950ean meatzeen eskubideak erosi zituen, 21 milioi pezeta ordainduta. 1870tik Ybarratarren ondorengoei ordaintzen zien erabilera eskubidea, baina jada 100 baino gehiago ziren[15].

1968an Labe Garaiek meatze guztiak Agruminsa enpresan batu zituzten. Gainazaleko hematite guztiak agortuta zeuden, eta tuparen azpian zeuden karbonatoak atera behar zituzten, 120 metroko sakoneran[25]. 1961ean Bodovalleko lur-azpiko meatzea ustiatzen hasi ziren, Suediako Strössa meatzeko sistema erabiliz, askoz seguruagoa langileentzat: galeriatan sakontzen zuten, eta ondoren gela modukoak egiten zituzten, 13 metroko zabalera, 50 metroko altuera eta 100 metroko sakonerarekin. 1976an sistema hau bikoiztu zen, 25 metroko zabalera eta 100 metroko altuerarekin, euren artean zutabeak jarriz.[25] Europako bigarren burdin meatzerik handiena zen, 30 urtetan 60 kilometro galeria eraiki zituzten, 8 milioi metro kubo atera zituzten eta galeriarik sakonera itsas-maila baino 205 metro baxuago zegoen.[25]

Urtero 200.000 tona ateratzen zituen Agruminsak, aurretik zeuden meatze guztiak batuta. 1993an itxi zuen.[1]

Meatzeak aldatu

Orconerak Meatzaldean hainbat esparru ustiatu zituen, Trapagaran eta Ortuellan bereziki.

Azpiegiturak aldatu

Bizkaiko meatzaritzaren hasieran idi, zaldi, gurdi eta portuko emakume kargatzaileek garrantzia izan zuten. Orconeran azpiegitura ugari eraiki ziren sistema horiek eraikitzeko, tartean trenbide, aireko tranbia, kargalekuak eta Arkimedesen torlojuak[28].

Orconerako trenbidea aldatu

 
Orconerako trena, mineralez betea.
 
Orconerako trena, 1890-1910 artean.

Orconera Iron Orek jadanik Ybarra familiak zuen tren kontzesioa ere ustiatu zuen, urteroko diru baten truke. Juan eta Gabriel Ybarrak eta Cosme Zubiriak euren seme nagusiei minerala ekartzeko trenaren ustiaketa oparitu zieten. José Antonio Ybarra Arregi, Fernando Luis Ybarra Aranbarri eta José María Zubiria Ybarrak, esfortzu handirik gabe, negozio oso garrantzitsu bat eskuratu zuten. 1871 eta 1873 artean etorkizunean Orconerako zuzendari izango ziren batzuk eta diputatu talde batek José Antonio Ybarraren agindupean lortu zuten euren trenbidea eraikitzeko ordaindu beharreko muga-zergez salbuetsita egotea[1].

1871eko azaroan lortu zuten Ignacio Goenaga ingeniariaren txosten baten ostean trenbidearen onura publikoa aitortzea, beharrezko lurrak desjabetzeko aukerarekin. Pablo Alzola Minondo izan zen bidearen diseinatzailea, 30.000 pezeten truke[1]. 1873an Orconera enpresak trenbidea eraikitzeko baimena alokatu zuen eta eraikuntza lanetan hasi zen. Bertatik igarotzeko, enpresak Ybarra familiari 4 penike ordaintzen zizkion mineral tona bakoitzeko, eta beste enpresen minerala garraiatzeagatik tasa altuagoa[1]. Lehen trena 1877ko abuztuaren 21ean pasa zen, Bigarren Karlistaldia amaitu eta gero[29]. Trenbidearen eraikuntzan 11.235.000 pezeta inbertitu ziren[30]

Trenbidea Lutxanan hasten zen, itsasadarreko kargalekuetan. Lehenengo bi kilometroak Ansio inguruan egiten zituen, eremu lauetan. Ondoren goranzko bidea hartzen zuen Trianora, 22,5 milesimako igoera batekin. Erdibidean Granada izeneko geltokia zegoen, Granada errekatik gertu. Bide guzti hori burdinbide bikoitzarekin egiten zen. Granadatik bi bide ateraten ziren: lehenengoak bi kilometro zituen, trenbide bakarrean, eta Triano mendian barrena joaten zen César meatzeraino, 200 metroko altueran; bigarrena %17ko malda hartzen zuen plano inklinatu bat zen, Orconerako meatzeraino iristen zena, 330 metrotan, Zugaztietatik gertu. Azkenik, Lutxanatik 1.800 metroko beste bide bat ateratzen zen Barakaldon Ybarra anaiek zuten El Carmen enpresaraino[oh 4][29] César meatzetik plano inklinatu eta burdinbide sare batekin meatze guztietara heltzen zen: guztira 60 kilometro burdinbide zeuden minerala biltzeko[29].

Orconerako trenbideak, bere une gorenean, milioi bat tona mineral mugitzen zituen meatzeetatik kargaleku eta fabrikara. Horretarako, egunero berrogeita hamar tren baino gehiago pasatzen ziren norabide bakoitzean, XIX. mendean oso ez-ohikoa zen tren kopurua[29].

Kargalekuak aldatu

Meatzeetatik ateratzen zen burdin gehiena esportatzen zen, eta horretarako kargalekuak eraiki zituzten Bilboko itsasadarrean, Olabeagatik Sestaora. Kargaleku hauek enpresa bakoitzak zituen trenbideen amaiera ziren. Bizkaian, XIX. mendearen amaieran 23 kargaleku zituzten bederatzi enpresek, egunero 30.000 tona burdin barkuetan kargatzeko gaitasunarekin[31].

Orconerak halako bost ireki zituen, bata bestearen ondoan, 1877ko abenduaren 11an Lutxanan. Errotabarria etxea eta Lutxana dorrearen artean 464 metro zituzten kargaleku horiek eraikitzeko[32]. Egurrez eraiki zituzten, altuera ezberdinetan, itsasaldia edozein izanda ere kargatu ahal izateko. 1884an lehen aldaketak egin zituzten, goiko plataforma hedatuz barkuetan errazago kargatzeko; izan ere, barku gehienak jada ez diren 1.000 tonakoak baizik eta 2.000koak[33]. 1920ko hamarkadan erdiko bi kargaleku kendu eta handiago bat eraiki zuten, barku handiagoak kargatu ahal izateko. Azkenik, hamarkada horren amaieran, metalezko kargaleku bat eraiki zen[34], zinta sistema batekin[33].

Meategiko aireko tranbiak eta garbilekuak aldatu

 
Orconerako aireko tranbia garbilekura bidean, Muskizen. Sistema honen azalpen zehatza duzu hemen.

Lehen aipatu den bezala, 1900 inguruan txirta izeneko materiala ustiatzen hasi ziren, eta horretarako garbilekuak instalatu ziren. Garbileku horietan tromel izeneko makinak zeuden (alemanez: Trommel, danborra), basikoki Arkimedesen torlojua erabiltzen zuen makina birakari bat. Minerala buztinarekin sartzen zen alde batetik eta urarekin garbitzen zen; bestetik burdin zatiak ateratzen ziren eta bertan emakumeak eta haurrak egoten ziren aukeratu (gaztelaniaz: escoge) deitzen zen fasea egiteko. Hezetasun handiarekin eta ekipamendurik gabe egiten zen lana zen honakoa[12]. Garbileku hauek ur sarrera handia behar zuten, baina batez ere ur-irteera ondo zaindu behar zen, buztinek ibaiak ez betetzeko. Horretarako dekantazio putzuak eraiki ziren, laku artifizial txikiak. Oraindik ere horrelakoak ikus daitezke meatzeen inguruan[12].

Orconerak txirtera bat zuen Carmen VII gunean, gaur egungo Ortuellan. Bere arazoa zen ezin zuela ur kantitate handia haraino eraman, itsas-mailatik 400 metrora baitzegoen. Soluzioa itsaso-ondora eramatea zen, Pobeñara (Muskiz). Joan etorriko airezko tranbia bat eraiki zuten: garbitu gabeko materiala Pobeñaraino iristen zen, han garbitzen zen, eta bueltan berriro eramaten zuten Orconerako tren-geltokira, Gallartan, Putxetako geltokian zegoen desbideraketa hartuz. Guztira 300 metroko altuera salbatzen zuen materialak airetik 8 kilometro eramanez[12][oh 5].

Pobeñako garbilekuak hondartzarako bidea itxi zion herriari, bertakoen kexekin. Ura Valles eta Morenillo ibaietatik ateratzen zen, 380 metroko tuberia batenbidez eta garbilekuraino igotzen zen. Gaur egun itsasora ireki da garbilekua zegoen eremua eta padura txiki bat da[12].

Langileentzako etxeak aldatu

XIX. mendearen amaieran, industrializazioaren ondorioz egondako migrazio izugarriak etxebizitza arazoak sortu zituen lantokiak ezartzen ziren herrietan. Hainbat enpresek erabaki zuten Etxe Merkeak (gaztelaniaz: Casas Baratas) izeneko proiektuak egitea, langileentzat alokairu merkearekin, fabrikatik gertu. Bide honetan, langileek euren enpresarekiko leialtasuna handitzen zuten, eta langileen autonomia zein mugimendu sozialista eta anarkisten gorakada eten[35]. Orconerak Lutxanan zein Trianon horrelako etxebizitzak planifikatu zituen. Gaur egun Zugaztietan kontserbatzen diren etxeetako batzuk, Orconerak bere langileentzat eraikitakoak izan ziren[36].

Beste azpiegitura batzuk aldatu

Enpresaren hedadura dela eta, hainbat azpiegitura sortu zituzten langile eta familientzat. Fernando Luis Ybarra Aranbarrik hainbat eraikin bultzatu zituen, tartean Zugaztietako zahar-egoitza, meatzarien seme-alabentzako San Fernando Asiloa izeneko eskola edo Trianoko Meatzarien Ospitalea. Eraikin hauek nola edo hala izan zuten Orconera eta Ybarra Anaien babesa.[37] Trianoko Meatzarien Ospitalea kontsultorio txiki bat zen, baina Areiltza doktorea bertako zuzendari izendatu eta gero baliabideak asko hobetu ziren[38][39].

Lehen aipatu den bezala, Espainiako Gerra Zibilean kontzentrazio esparruak ezarri ziren Zugaztietan, eta derrigorrezko lanetan aritu ziren hainbat preso. Orconerako eraikin batzuk erabili ziren horretarako, tartean San Fernando eskola edo Guardia Zibilaren kuartela, Orconeraren jabetza zena[27].

Ondarea aldatu

 
Sefanitro eta Orconerako kargalekuak.
 
Orconera konpainiaren eraikinetako bat Barakaldoko Lutxana auzoan. Gaur egun Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa bertan dago.

Orconera Iron Orek eraikitako azpiegitura guztien artean gutxi geratzen dira gaur egun. Meatzeetako batzuen inguruan Meaztegi Golf zelaia eraiki da, arrasto asko desagerraraziz.

Eusko Jaurlaritzak Zugaztietako meatze-herrian eraikin batzuk babestu ditu. Orconera enpresarenak ziren Arenal kaleko 1, 3, 4 eta 5 zenbakiak[40] eta Santa María Magdalena kaleko 20, 22 eta 24 zenbakiak[41] babestuta daude.

Trenbidearen zatiak eta egindako lur-erauzketak ere babestuta daude, Abanto-Zierbenako inguruan[42]. Pobeñako garbilekuen eremuan egindako eraikuntzak (administratiboak, makinaria gordetzekoak...) hutsik daude, eta paretetako batzuk falta zaizkie. Hala ere, babesturiko eraikinak dira[42]. Zutik geratzen den kargalekua, beste enpresa batzuen kargalekuekin batera, babestutako azpiegiturak dira[43].

Oharrak aldatu

  1. Toucasia errudista genero bat da.
  2. Bizkaian txirte izena hartzen du Anthus pratensis hegaztiak, kolore antzekoa duena
  3. Ikus Lehen Mundu Gerra artikuluan Gerra itsasoan atala informazio gehiagorako. Hego Euskal Herrian honek izandako eraginari buruzko atala ere badago artikuluan, Hego Euskal Herria izenekoa.
  4. Enpresa hau gerora Bizkaiko Labe Garaiak izango zenaren parte bat zen.
  5. Puntu guzti hauek mapa batean ikusteko aukera duzu hemen

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k «ORCONERA IRON ORE COMPANY LIMITED - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  2. Malacate, Publicado por. Minas de Orconera, Ortuella, Vizcaya. (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  3. a b c Escudero Gutiérrez, Antonio. (1998). Minería e industrialización de Vizcaya. Crítica ISBN 8474239052. PMC 432552752. (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  4. (Ingelesez) Bilbao, Luis Mª. «Auge y crisis de la siderometalurgia tradicional en el País Vasco (1700-1850)» La Economía española al final del Antiguo Régimen (M. Artola dir.). Tomo III: Manufacturas (P. Tedde ed). Alianza Editorial y Banco de España. Madrid, 1982. (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  5. Zabala Uriarte, Aingeru. (1970-01-01). «Tráfico y comercio maritimo entre Ribadeo y Bilbao a finales del siglo XVIII» Ohm : Obradoiro de Historia Moderna (19)  doi:10.15304/ohm.19.475. ISSN 2340-0013. (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  6. Heckscher, Éli F.. (1932). «Un grand chapitre de l'histoire du fer, le monopole suédois» Annales 4 (14): 127–139.  doi:10.3406/ahess.1932.1504. (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  7. (Gaztelaniaz) Uztáriz, Jerónimo de. (1724). Theorica y practica de comercio y de marina en diferentes discursos .... (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  8. (Gaztelaniaz) IZA-GOÑOLA DE MIGUEL, Francisco Javier. «Luces y sombras de la industrialización vasca. 1880-1980 (I/II)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  9. Needham, Joseph, 1900-1995,. Science and civilisation in China. ISBN 052105799X. PMC 779676. (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  10. Flinn, M. W.. (1955). «British Steel and Spanish Ore: 1871-1914» The Economic History Review 8 (1): 84–90.  doi:10.2307/2591781. ISSN 0013-0117. (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  11. a b (Gaztelaniaz) «El negocio de las minas» El Correo 2010-05-09 (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  12. a b c d e f Km130. (2013-11-02). «Km 130: Tranvía aéreo y lavadero de mineral de la Orconera» Km 130 (Noiz kontsultatua: 2019-07-09).
  13. «Explotación a cielo abierto de La Reineta-La Arboleda» LIG (Eusko Jaurlaritza).
  14. «MapasIGME - Portal de cartografía del IGME: MAGNA 50 - Hoja 61 (BILBAO)» info.igme.es (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  15. a b Díaz Morlán, Pablo, 1968-. (2002). Los Ybarra : una dinastía de empresarios, 1801-2001. (1. ed. argitaraldia) M. Pons ISBN 8495379430. PMC 54377061. (Noiz kontsultatua: 2019-07-07).
  16. (Gaztelaniaz) Martín, José Víctor Arroyo. (2012-04-24). «La banca de Bilbao en el proceso de industrialización, 1850-1914» Historia Contemporánea 0 (25) ISSN 2340-0277. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  17. Fusi Aizpurúa, Juan Pablo, 1945-. ([1975]). Política obrera en el país vasco (1880-1923). Ediciones Turner ISBN 9787485137155. PMC 1623255. (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  18. (Gaztelaniaz) «Unidos por una causa» El Correo 2011-05-15 (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  19. Olabarri Gortazar, Ignacio. (1978). Relaciones laborales en Vizcaya (1890-1936). L. Zugaza ISBN 8474060273. PMC 4133100. (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  20. (Gaztelaniaz) Uriarte, Natalia González de. «La Primera Guerra Mundial en Euskadi» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  21. a b c d (Ingelesez) Escudero, Antonio. (1986-9). «La mineria vizcaina durante la Primera Guerra Mundial» Revista de Historia Económica / Journal of Iberian and Latin American Economic History 4 (2): 365–387.  doi:10.1017/S0212610900014452. ISSN 0212-6109. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  22. (Ingelesez) «UK ore resources during WWI - ProQuest» search.proquest.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  23. a b c Miralles, Ricardo. «La crisis económica de los años 30 en el País Vasco» Ekonomiaz 9-10.
  24. Harvey, Charles E.. (1978-2). «Politics and Pyrites during the Spanish Civil War» The Economic History Review 31 (1): 89.  doi:10.2307/2595802. (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  25. a b c d Diego Iraeta, Esteban; Villar Ibáñez, José Eugenio. Agruminsa. Transformaciones de la propiedad, del sistema productivo y del paisaje de la cuenca minera vizcaína en la segunda mitad del siglo XX. .
  26. (Gaztelaniaz) Mendiola Gonzalo, Fernando. (2012-6). «El impacto de los trabajos forzados en la economía vasconavarra (1937-1945)» Investigaciones de Historia Económica 8 (2): 104–116.  doi:10.1016/j.ihe.2011.08.016. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  27. a b (Gaztelaniaz) triskelpablo. (2017-10-14). «LOS PRESOS DEL BATALLON MINERO Nº 1 DE VIZCAYA.» Crónicas a pie de fosa. (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  28. Portilla, M. G.. (1986). «Los medios de transporte en el desarrollo de la minería de hierro de Vizcaya 1865-1900» Actas del III Congreso de la Sociedad Española de Historia de las Ciencias: San Sebastián, 1 al 6 de octubre de 1984 (Editorial Guipuzcoana): 177-182..
  29. a b c d Olaizola, Juanjo. (2012-11-23). «Historias del tren: LOS FERROCARRILES DE LA ORCONERA; VIZCAYA» Historias del tren (Noiz kontsultatua: 2019-07-10).
  30. Angel Mª Ormaechea. «Los ferrocarriles mineros en el País Vasco» VICongresodeHistoriaFerroviaria–VI.TrenbideaHistoriaBatzarra.
  31. (Gaztelaniaz) Joaquin. (2018-01-30). «Los cargaderos de la Orconera Iron Ore, en la revista K Barakaldo 03» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  32. (Ingelesez) «Revista K-Barakaldo Aldizkaria 03» Issuu (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  33. a b (Gaztelaniaz) Joaquin. (2016-12-07). «Los cargaderos de mineral de la Orconera Iron Ore Co. Ltd. en Lutxana, Barakaldo» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  34. (Gaztelaniaz) Nov 8, Publicado por Ezagutu Barakaldo |; destacados | 1, 2015 | Artículos. (2015-11-08). «De la mina a la rí­a. El transporte del mineral» Ezagutu Barakaldo (Noiz kontsultatua: 2019-07-08).
  35. Domingo Hernández, María del Mar. (2005-04-15). Vivienda obrera en Bilbao y el Bajo Nervión: las casas baratas, una nueva forma de alojamiento (1911-1936). Universitat de Girona ISBN 9788468930923. (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  36. «CASA ARENAL 1-3-4-5. Ondarea. Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  37. «Bilbaopedia - Fernando Luis Ybarra y Arámbarri» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  38. Montalbán Goicoechea, Jesús.. (2008). El doctor Areilza : médico de los mineros. Muelle de Uribitarte ISBN 9788493604530. PMC 273501998. (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  39. «Areilza Arregui, Enrique - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  40. «Arenal 1-3-4-5 etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  41. «Santa María Magdalena 20-22-24 etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  42. a b «Orconerako trenbidearen lur-erauzketa eta tunelak. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).
  43. (Gaztelaniaz) Joaquin. (2016-09-14). «Protección como Conjunto Monumental, de los embarcaderos de mineral y muelles de carga de Barakaldo (Bizkaia).» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2019-07-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu