Ireki menu nagusia

Orbaizetako ola

Orbaizetako kultura ondasuna

Orbaizetako Munizioen Errege Fabrika, eskuarki Orbaizetako ola deitua, Espainiako Koroaren arma fabrika izan zen, Orbaizetan kokatutakoa, Nafarroa Garaian. 1784an eraiki zen, Karlos III.a Espainiakoaren aginduz, eta 1884an gelditu zen behin betiko. Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen 2008an.[1]

Orbaizetako ola
Kultura ondasuna
Orbaitzetako ola erreka.jpg
Legarza erreka ola gurutzatzen
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Nafarroa
Herria Orbaizeta eta Nafarroa Garaia
Koordenatuak 43° 00′ 35″ N, 1° 13′ 40″ W / 43.00972222°N,1.22777778°W / 43.00972222; -1.22777778Koordenatuak: 43° 00′ 35″ N, 1° 13′ 40″ W / 43.00972222°N,1.22777778°W / 43.00972222; -1.22777778
Historia eta erabilera
Irekiera1748
Arkitektura
Ondarea
BIC RI-51-0012022

Eduki-taula

KokapenaAldatu

Orbaizetan dago, Aezkoa ibarrean, herritik 4,5 kilometro iparraldera. Mendilatz eta Arlekia mendien artean eraiki zuten, 840 metroko garaieran, Urkulu aldera doan bidean. Legarza edo Itolazko errekak zeharkatzen du.

HistoriaAldatu

1432an Zuria I.a Nafarroakoak baimena eman zion Zangotzako merioari burdinola bat ezartzeko Orbaizetako Larraun alderdian.[2][3] Nafarroako konkistaren ondoan, 1523an, burdinola konfiskatu zioten garai hartan errentan hartua zuen Santxo Esakoari, 1521eko nafar kontraerasoan parte hartu zuela egotzirik. Ondoko mende eta erdian, burdinolaren funtzionamendua aski gorabeheratsua izan zen; Orbaizetako herriaren jabetza zen, eta zenbait errentari izan zituen, hala nola Joanes Olagarai, Mikaela Amasorrain eta Etxauzko bizkondea.[4]

XVIII. mendearen amaieran, Eugiko arma fabrikak hornitzen zuen munizioz Espainiako armada. Hura XVI. mendean eraiki zuten baina, egurra urrituz joan zenez, handik hurbil beste lantegi bat eraikitzea erabaki zuen Espainiako Koroak. Horretarako Orbaizeta hautatu zuten, Aezkoa haranean. Izan ere, inguruko basoetan egur ugari zegoen, eta burdin meategiak eta ura ere ez ziren falta. Lehen urratsa Aezkoako Batzarrak herriko mendien ustiapen eskubidea uztea izan zen. Koroak, gezurretan aritu ondoren, lortu zuen eskubidea. Aezkoarrek lana eta onurak eskuratuko zituztela hitzeman zien Espainiako Koroak, baina gero hori ez zen gertatu.[5] Arma fabrika eraikiko zen tokia hautatu zuen Jose Sangenisek, ordea, ez zituen aurreikusi Frantziako muga hain gertu izateak ekar zitzakeen arriskuak.[4]

 
Maria Sortzez Garbia eliza

1784an bereganatu zituen koroak Larraungo burdinola eta Aezkoako mendiak. Burdinola zaharberritu ondoren, 1788an hasi ziren eraikitzen arma fabrika berria,[6] Meltxor Maritxalar eta Josef Sagastibeltzaren proiektuari jarraiki. Hasieran 1.200.000 erreal kuartoko aurrekontua bazuen ere, 1790eko 6 milioi erreal gastatuak ziren. 1794an, arma ola abian jarri eta lau urtera, Konbentzioaren Gerrako frantziar armadak erabat suntsitu zuen.[4]

1800eko irailean hasi ziren arma fabrika berreraikitzen. Kostu handiko obrak izan ziren, lau urte iraun zutenak, baina etekin txikikoak, Napoleonen armada lantegiaz jabetu baitzen 1808an. Frantsesek produkzioa handitu zuten, eta 1813 arte eduki zuten martxan. Urte horretan, arrapaladan alde egin behar izan zuten, Francisco Espozen gudarosteak eraso egin baitzien. Erasoan, arma fabrika errausturik gelditu zen.[4] Ekonomia arrazoiak tarteko, arma ola geldirik egon zen 1816-1829 bitartean. Azken urte horretan berriz ere abiarazia, Zumalakarregiren tropen esku geratu zen 1834an, baina bertan behera utzi behar izan zuten bi urte geroago. Lehen Karlistaldia amaitu zenetik aurrera izan zuen fabrikak garairik oparoena, 1869an piztu zen sute batek ia erabat kiskali zuen arte.[6] 1873an, Bigarren Karlistaldian, armada karlistak hartu zuen, eta gelditzen ziren langile gehienak ihesi joan ziren. Azkenik, 1882an behin betiko itxi zen.[4]

Arma fabrika itxi bazen ere, mendiak ez zitzaizkion Aezkoako Batzar Nagusiari itzuli, behin eta berriz eskatu zuen arren. 1893an, Espainiako estatuak enkantean jarri zituen zenbait eraikin eta lur eremu, eta partikular batzuek erosi zituzten. 1980ko hamarkada arte ez zituen Aezkoak herri lurrak berreskuratu. Fabrika, berriz, erabat utzia egon zen hamarkada luzez. Denbora igaro ahala, teilatuak lurreratu, paretak desegin eta sasiak hartu zituen hondakinak.[7] 1986, 1987, 1988, 1989, 1990 eta 1991n kanpaina arkeologikoak egin ziren. 2011n, Espainiako Sustapen Ministerioak eta Aezkoako Batzar Nagusiak arma ola zaharberritzeko hitzarmena sinatu zuten. Helburu bereko beste hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Aezkoako Batzar Nagusiak 2014an.[8]

ArkitekturaAldatu

Arma fabrika Argien Garaiko arkitektura industrialaren eredu bikaina da, Iberiar penintsulako hoberenetakoa.[3] Olaren goialdean ostatua, eskola, eliza, agintarien jauregia eta langileen etxebizitzak zeuden. Beheko partean, berriz, lantegia bera.[5] Bi labeak, munizioen garbitegia, sarraila eta molde tailerrak, eta gabien eraikinak erdialdean zeuden, eta alboetan, berriz, ikaztegiak eta mea biltegiak.[4] Ikaztegietatik plazara edo lantegiko beste geletara zeuden egurrezko gaineko pasabideek olaren sailak elkarrekin lotzeko balio zuten. Adibidez, meategietako burdin minerala labeetako ahoetara eramateko edota menditik ekartzen zen egur-ikatza pasabide jaso hauen bidez garraiatzen zen. Olaren arkitekturak zenbait mailatan lan egiten zela adierazten du. Lantegia diseinatu zutenek oso ongi baliatu zuten orografia zaila, eta komunikazio ezin hobea lortu zuten ikaztegi eta biltokien eta labeen ahoen artean.[5]

 
Orbaizetako olaren planoa: 1.- Ikaztegiak; 2.- Ikaztegien pasabidea; 3.- Munizioen aztergunea; 4.- Munizioen garbitegia; 5.- Buztinezko moldeak egiteko tailerrak; 6.- Labe eraikina; 7.- Galdaketa labeak; 8.- Haize makinak; 9.- Gurpil hidraulikoak; 10.- Ubidea eta bokartea; 11.- Sarraila-tailerrak; 12.- Zurgindegia; 13.- Biltegiak; 14.- Gabien I. eraikina; 15.- Mea biltegia; 16.- Etxebizitzak; 17.- Santa Barbara labea; 18.- Gabien II. eraikina; 19.- Baratzea; 20.- Eskola; 21.- Komunak; 22.- Eskailerak; 23.- Eliza; 24.- Jauregia; 25.- Aezkoako atea; 26.- Ogi labea; 27.- Ostatua; 28.- Kaserna; 29.- Ofizialen etxebizitzak; 30.- Hilerria; 31.- Auritzeko atea; 32.- Frantziako atea; 33.- Munizioen plaza; 34.- Etxarteak; 35.- Legartza erreka; 36.- Aezkoako bideko zubia; 37.- Tailerretako korridoreak; 38.- Ikaztegietarako bidea; 39.- Deskargatzeko arrapala; 40.- Plaza

Sistema hidrauliko baten bidez mugitzen ziren lantegiko gailu guztiak. Zurezko ubide batek bideratzen zuen Itolazko errekako ura Txangoako errekan zegoen urtegiraino. Handik abiatzen zen harrizko ubideak fabrikaraino eramaten zuen ura, eta horren indarrak birarazten zituen gabien eta bokartearen gurpilak. Fabrikaren azpitik kanalizaturik zegoen Iturroiko errekak, berriz, labeetako hauspoen gurpilei eragiten zien. Bi labe nagusiak Santiago eta San José ziren; hirugarrena, Santa Bárbara, probak egiteko erabiltzen zen. Bokarteak zepa birrintzen zuen, burdin hondarrak bildu eta berriz urtzeko.[4]

Fabrikaren funtzionamenduaAldatu

 
Fabrikaren ikuspegia

Arroiandieta (Luzaide) eta Olaldeako (Orotz-Betelu) meategiek hornitzen zuten burdinez Orbaizetako ola. Lehenbizikoan 25 meatzari aritzen ziren lanean, eta 10 bigarrenean. Garraiatu aurretik mea kiskali egin behar izaten zen. Meategiak fabrikatik nahiko urrun zeudenez, 16 eta 22ra kilometrora hurrenez hurren, mandazain eta langile ugari aritzen ziren garraioan (60 meatze bakoitzean). Txangoa eta Mendilazko meategiek garrantzi txikiagoa izan zuten. Labe eta sutegietan erabiltzen zen egur-ikatza txondorretan ekoizten zen, Aezkoako mendietako pagadietan. Labeen barnealdea estaltzeko eta moldeak egiteko behar ziren adreilu erregogorrak Zalbidegiko teilerian produzitzen ziren.[4]

Ekoizpen handieneko garaian 300 enplegatu baino gehiago izan zituen, arma olako langileak, meatzariak, ikazkinak eta mandazainak barne, eta urtean 3.600 bonba ekoiztera iritsi ziren.[7] Behargin gehienak zibilak baziren ere, diziplina militar gogorra ezarri zieten armadako agintariek. Langileentzako eta haien familientzako zerbitzuak kokatu ziren plaza nagusiaren inguruan: etxebizitzak, eliza, eskola, ostatua eta janari-denda. Hasieran, Hiriberriko medikuaren ardura izan zen osasun arreta, baina luze gabe ulertu zuten sendagile finkoa behar zela fabrikan. Izan ere, maiz gertatzen ziren istripuak, erredurak batez ere. Laguntza espiritualari dagokionez, jai egunetan Orbaizetako erretorea joaten zen meza ematera. Erabaki zutelarik Santa Barbara elizak egunero behar zuela apaiza, euskalduna izan zedin eskatu zuten. Kontuan hartu behar da euskara zela langile gehienen hizkuntza, Aezkoa, Baigorri, Baztan, Malerreka eta Bortzirikoak baitziren.[4]

Arma ola kulturanAldatu

 
Legarza errekaren gaineko tunela

Artista asko inspiratu dituzte Orbaizetako olako horma urratu eta huntzez estalitakoek. Jose Angel Irigarayk Aiezkoako mendietan olerkia idatzi zuen,[9] Benito Lertxundik musikatu eta 1977ko Zuberoa/Askatasunaren semeei diskoan argitaratu zuena, Orbaizetako arma olaren kantua-rekin batera. Izan ere, olaren argazkia ageri da disko horren azalean:

«

Orbaitzetako arma-olaren
horma zaharrak
suzko ekaitz dardartsu guziak
jaurtikiaz jasanik,
kondaira urratu baten
ezaugarri bezala,
xoilki,
bakardadean geldituak.

»

ErreferentziakAldatu

  1.   Declarada Bien de Interés Cultural la Fábrica de Armas de Orbaitzeta navarra.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-02 .
  2. Arma fabrikatik 2 kilometro inguru iparraldera daude Larraungo burdinolaren hondakinak, Txangoa eta Azpegira doazen bideen gurutzean. Egun Olazar izena ematen zaio bazter horri.
  3. a b   Etxegoien, Jose La Real Fábrica de Armas de Orbaizeta rutasnavarra.com . Noiz kontsultatua: 2018-10-29 .
  4. a b c d e f g h i   Egia, Victor Manuel La real fabrica de municiones de Orbaizeta Nabarralde, 2015-12-14, nabarralde.eus . Noiz kontsultatua: 2010-10-29 .
  5. a b c   Arrizurieta, Irene Olaren zori txarra Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 . Noiz kontsultatua: 2018-10-29 .
  6. a b   Elizegi, Ane Orbaizetako arma fabrika erreala Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2010-10-29 .
  7. a b   Arma fabrika turismo.navarra.es . Noiz kontsultatua: 2010-11-02 .
  8.   Nafarroako Gobernuak eta Aezkoako Batzarre Nagusiak hitzarmena sinatu dute Orbaizetako fabrika birgaitzeko navarra.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-02 .
  9.   Irigaray, Jose Angel Aiezkoako mendietan susa-literatura.eus . Noiz kontsultatua: 2010-10-29 .

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Orbaizetako ola