Garona ibaiaren ondoan kokatua, 760.000 biztanle inguru zituen 1999an. Haren metropolialdea kontuan hartuta, ia 1.000.000 biztanle, Frantziako hegoaldeko bigarren hiria da, bai eta Europa osoan hazten ari den azkarrenetakoa ere. Izan ere, Europako industria aeroespazialaren kokagunea da. Artzapezpikutegia ere bada.
Gipuzkoako Tolosa herritik desberdindu behar denean, Tolosa Okzitania erabili behar da[2].
Iberiar kulturako herri bat bizi zen Okzitaniako Tolosa aldean, K.a. IV. mendean herri zelta bat, volsco tectosagoak, nagusitu zenean. K.a. 120. urtean konkistatu zuten erromatarrek eta hiri berri bat eraiki zuten. V. mendearen hasieran, Galiako hego-ekialdeaz jabetu ziren bisigodoak eta bertan ezarri zuten beren erreinuko hiriburua. 508an frankoak nagusitu ziren hirian, eta bertatik ekin zioten herri eusko-akitaniarren aurkako erasoari. VII. mendetik aurrera Akitaniako dukerriko hiriburua izan zen eta VIII. mendearen hasieran musulmanek hartu zuten. 721. urtean, Eudon Akitaniakoak bertan menderatu zituen musulmanak; VIII. mende bukaeran frankoen esku geratu zen berriro, eta Tolosako konderria sortu zuten haiek (778). IX-XIII mende bitartean dukerri independente gisa jardun zuen, baina XI. mendetik aurrera lurralde asko galdu zituen. XIII. mendearen hasieran, erlijio gerra giroan bizi izan zen hiria (albitarren aurkako gerra, Tolosako setioa, 1218) eta 1249an Frantziako erresumaren barnean geratu zen. XIII. mendetik aurrera kultura eta unibertsitate hiri guztiz garrantzitsua izan zen. 1420tik Frantziako Iraultza arte bertan egon zen Languedoceko Parlamentua, eta XVI. mendean, erlijio gerren garaian, katolikoen aldeko hiria izan zen. Merkataritza hiri tradizionala izan zen XVIII. mende amaiera arte, eta XIX. mendean, burdinbidea bertaraino iritsi ondoren, hasi zen hazten eta inguruko lurraldeetako laborari jendea hartzen.
Tolosa Okzitaniak eta bere metropoli-eremuak gaur egun bi linea ( linea eta linea) dituen metro-sarea dute, X. intersekzio-formakoa, hiriaren erdigune neuralgikoa den Jean Jaurès geltokian.
Institut d'Estudis Occitans, okizitanierako Akademia, Tolosan dago. Honela, Tolosa kultura okzitaniarraren hiriburu ezofiziala da. Gurutze okzitaniarra hiriko ikurtzat hartu da.
Nekazaritza eremu oparo bateko merkataritza-gune garrantzitsua da. Industria (hegazkinak, altzairuak, ehunak, papera, zapatak, beira, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, kimika industria) da ekonomia jarduera nagusia. Industria aeroespazialean, Airbus hegazkin ekoizlearen egoitza da.
↑Idem (192 or.) Izen hau Euskal Herrian dagoen Tolosa izen bereko herritik bereizi behar denean, honela erabiliko da:
– Izenburu gisa: Tolosa Okzitania.
– Testuetan, deklinaturik eman behar denean: Tolosa Okzitanian gertatu zen.