Oinarrizko elikagaia pertsona baten dieta estandarrean anoa garrantzitsua osatzen duen eta ia egunero jaten den elikagaia da. Oinarrizko elikagaiek pertsonak behar duen energiaren zatirik handiena hornitzen dute eta, oro har, gainerako mantenugaien sarreraren ehuneko garrantzitsua ere bermatzen du. Gizarte jakin batek bere oinarrizko elikagaiak egunero, eta egunean behin baino gehiagotan, jan ditzake, eta jende asko oinarrizko elikagaien multzo txiki batez osatutako dieta batekin bizi da.[1]

Espelta oinarrizko elikagai garrantzitsua izan da historian zehar.
Zenbait patata aldaera.

Munduko eskualde bakoitzean, oinarrizko elikagairik arruntena desberdina da. Normalean, biziraupenerako eta osasun egokia izateko derrigorrezkoak diren hiru makromantenugaietako bat (karbohidratoak, proteinak eta gantzak) gutxienez hornitzen duen elikagai merkea eta eskuratzeko erraza izan ohi da. Oinarrizko elikagai ezagunenetako batzuk dira patatak eta sustraiak, zerealak, lekaleak eta beste hazi batzuk. Lehen, nekazaritza gizarteek balio handia ematen zieten, mantenugaiak emateaz gain, erraz eta denbora luzez biltegiratu ahal ziren oinarrizko elikagaiei. Hain zuzen, erraz kontserbatzen ziren elikagaiak janaria eskuratzeko modu bakarra ziren beste janaririk ez zegoenean, esaterako sasoi lehorretan edo neguan. Oinarrizko elikagai nagusiak landareetatik zein animalietatik eratorritakoak dira. Nagusienak honakoak dira: zerealak (arroza, garia, artoa, sorgoa), almidoia duten tuberkuluak edo sustraiak (patata, manioka, ñamea edo taroa), okela, arraina, arrautza, esnea eta esnekiak.[1] Lekaleak eta beste zenbait ere multzo horretan daude.[2]. Eskualdearen arabera, garrantzitsuak dira, baita ere, oliba olioa, koko olioa eta azukrea.[3][4][5]

Mundu mailako erabilera aldatu

Batez besteko kcal/pertsona/egun, 1979-1981
Batez besteko kcal/pertsona/egun, 2001-2003

     daturik ez      <1600      1600-1800      1800-2000      2000-2200      2200-2400      2400-2600      2600-2800      2800-3000      3000-3200      3200-3400      3400-3600      >3600

Janari kontsumoa pertsonako eta eguneko, munduan zehar.

Munduan diren 50.000 landare jangarri guztietatik, ehunka gutxi batzuk besterik ez diote ekarpen esanguratsua egiten gizakien janari hornidurari. Adibidez, zerealen familian 10.000 espezie baino gehiago badaude ere, gutxi batzuk baizik ez dira laboratu azken 2.000 urteetan.

Munduko eskualde bakoitzean nagusi diren oinarrizko elikagaiak askotarikoak dira, klimaren, lurzoruaren, nekazaritza eta abeltzaintzarako mugen, kulturen eta ekosistemen arabera. Esaterako, Afrikako dieta arruntenean, oinarrizko elikagai gehienak zerealak dira (ehuneko 46), ondoren sustraiak eta tuberkuluak (ehuneko 20) eta animalietatik eratorritako produktuak (ehuneko 7). Europako Mendebaldean, berriz, batez besteko dietaren oinarrizko elikagaiak animalia produktuak dira (ehuneko 33), ondoren zerealak (ehuneko 26) eta sustraiak eta tuberkuluak (ehuneko 4).

Giza populazioaren gehienak jarraitzen duen dietak honako elikagaietako batean oinarritzen da: arroza, garia, artoa, artatxikia, sorgoa, sustraiak eta tuberkuluak (patatak, manioka, ñamea eta taroa), eta animalietatik eratorritako produktuak: okela, esnea, arrautzak, gazta eta arraina. Zenbait eskualdetan beste honakoak ere erabiltzen dira: zekalea, soja, garagarra, oloa, eta tefa.

Hamabost laborek janariaren bidezko munduko energia sarreren ehuneko 90a ematen dute, eta hiruk (arrozak, artoak eta gariak) giza kontsumoaren bi heren betetzen dute.[6].

Sustraiak eta tuberkuluak, berriz, mila milioi pertsonarentzako oinarrizko elikagai dira garapen bidean dauden herrialdeetan, eta Saharaz hegoaldeko Afrikako populazioaren erdiak jaten duenaren ehuneko 40a inguru da. Janari multzo hori aberatsa da karbohidratoetan, kaltzioan eta C bitaminan, baina proteina gutxi du. Manioka 500 milioi pertsona ingururen oinarrizko jana da.

Garapen ekonomikoari esker, herrialde askotan mantenugai gutxiko oinarrizko elikagaiak baztertzen joan dira eta mantenugai gehiagoko janariak gailendu dira, eta aldi berean, okelaren kontsumoa handitu da. Haatik, betiko oinarrizko elikagaiek duten garrantzia gero eta gehiago nabarmentzen da. Ahaleginak egiten dira elikaduraren, gaixotasunekiko erresistentziaren eta uzta handiagoen aldetik ezaugarri hobeak dituzten aldaerak lortzeko.

Beste janari batzuk oinarrizko elikagai izan ziren duela mende asko, baina izaera hori galdu dute. Andeetan lantzen den kinoaren kasua da, adibidez,[7] bai eta amarantoarena ere. Elikagai horien erabilera oso txikia da gaur egun, baina azken aldian berreskuratzen ari dira munduko zenbait tokitan.

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) United Nations Food and Agriculture Organization: Agriculture and Consumer Protection. Dimensions of Need - Staples: What do people eat?. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  2. (Ingelesez) Around the world in dishes made with pulses. 2015-11-18 (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  3. (Ingelesez) African Food Staples. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  4. (Ingelesez) Olive Oil & Health - All Olive Oil. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  5. (Ingelesez) How Sugar Went From a Condiment to a Diet Staple. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  6. (Ingelesez) Dimensions of Need: An atlas of food and agriculture. .
  7. (Ingelesez) E.A. Oelke. Quinoa. .

Kanpo estekak aldatu