Oihaneder Euskararen Etxea


Oihaneder Euskararen Etxea 2014-2022 urteen artean Gasteizko Montehemoso kulturunean euskal kulturaren sorgune, erakusleiho, plaza, ikerketa eta berrikuntza-gunea den kultur proiektua izan zen. Kultur zaleen, euskaltzaleen, eragileen eta sortzaileen gune erreferente bilakatu zen, eta hauen arteko sareak sustatu zituen.

Euskararentzako arnasgune berri bat izateko jaio zen: kulturaren bitartez euskararen normalizazioan eragin, eta hizkuntzaren erabilera aktibatzea izan zuen helburu.

Oihaneder Euskararen Etxea Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoaren lehen zutabe gisa jarri zen martxan, eta 2014ko urriaren 15ean ireki zituen bere ateak. Zortzi urte hauetan burututako jardunari esker Gasteizko eta Euskal Herriko euskaltzale eta kultur zaleentzat erreferente bilakatu zen.

900 jarduera baino gehiago antolatu dira denbora tarte honetan, eta 66.500 lagun baino gehiago izan dira Oihanederreko ateak zeharkatu dituztenak jarduera ezberdinetan parte hartzeko.

Egitasmoak Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen arteko lankidetza izan du oinarri, eta martxan jarri zenetik, elkarte honek izan zuen kudeaketaren ardura. Halaber, Lazarraga Kultur Elkartea Oihaneder ezagutarazten eta sendotzen aritu zen bezala, etorkizuneko GKAren egitasmoan jarraitu zuen lan egiten, Gasteizko Udalarekin zein euskalgintza eta kulturgintzako erakunde desberdinekin.

Oihaneder Euskararen Etxeko jardunari 2022ko ekainaren 30ean eman zitzion bukaera.

2. Aurrera begiraAldatu

Gasteizko Kafe Antzokia-Oihaneder Euskararen Etxea proiektua 2023. urtetik aurrera Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian kokatuko da. Proiektua egokitu eta berriztu egingo da kokapen berrirako.

Espazio berri honek gune eszeniko bat izango du. Egun Oihaneder Euskararen Etxean programatzen diren jarduerak ez ezik, formatu ertaineko kontzertuak, antzerkiak eta mota ezberdinetako ikuskizunak eskaini ahal izateko. Halaber, proiektuak ostalaritza zerbitzua izango du uztartuta.

Lehen aipatu bezala, Lazarraga Kultur Elkarteak kulturgune euskaltzale berri baten egitasmoaren lanketa prestatzen jarraitzen du, Gasteizko Udalarekin zein euskalgintza eta kulturgintzako erakunde desberdinekin.

 
Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza (Frai Zacarias Martinez kalea, 2. 01001 Gasteiz). Montehermoso Kulturunea

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

[1][2]

Kanpo estekakAldatu

  1. Kortabarria, Amaia Ramirez de Okariz. (2019). «"Oihaneder euskararentzako arnasgune bilakatu da"» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
  2. Etxenausia, Unai. (2022). «Etxe berri bat euskarari» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).