Organización Revolucionaria de Trabajadores

ORT» orritik birbideratua)

Organizacion Revolucionaria de Trabajadores (ORT, euskaraz: «Langileen Organizazio Iraultzailea») jatorri kristauko alderdi marxista-leninista-maoista izan zen 1970eko hamarkadan Hego Euskal Herrian eragin handia izan zuena. Nafarroa Garaian, esate baterako, oposizio antifrankistako alderdirik garrantzitsuena eta dinamikoena izan zen, Iruñerrian, Leitzan eta Erriberako landa-guneetan errotzea lortu baitzuen. Halaber, Tolosaldean eta Bizkaian ere militante ugari izan zuen.

Organización Revolucionaria de Trabajadores
Datuak
Motaalderdi politikoa
HerrialdeaEspainia
Ideologiamarxismo-leninismoa
Agintea
Idazkari orokorraJosé Sanromá Aldea
Historia
Sorrera1969
Desagerpena1979
Koloreak    

Sorrera: AST elkarte kristaua aldatu

ORT alderdiaren sorrera Acción Sindical de Trabajadores (AST) sindikatu kristauri zor zaio. 1960 hamarkadatik, Vatikanoko II. kontzilioaren eraginez, zenbait elkarte kristau sortu ziren langile klasearen egoeraren inguruko kezka soziala zeukatena. Vanguardia Obrera Social (VOS) jesuitek bultzatutako elkartea zen horietako bat. Langile klasearen alde egiteko zerbait gehiago egin behar zela ohartuta, VOSeko zenbait kidek 1964an AST sindikatua sortu zuten Madrilen. Handik sindikatua Andaluziara, Nafarroara eta Kataluniara hedatu zen eta bere lehendabiziko urteetan CCOOren sorreran parte hartu zuen elkarteetako bat izan zen, PCErekin batera.

1969-1970 inguruan, lan gatazken dimentsio politikoaz konturatuta, militante kristau horiek sindikatua alderdi politiko bihurtzeko erabakia hartu zuten, eta modu hartara ORT eratu zen. Handik gutxira, 1971ean, ikasle talde bat sartu zen alderdian eta hauen ekimenez alderdiak marxismo-leninismoa, bere korronte maoistan, bereganatu zuen. Ikasle hauen artean, José Sanroma (ezizenez Camarada Intsausti) zuzendari historikoa zegoen. Prozesu honetan, zenbaitek ez zuten ideologia politiko hura onartu eta Kataluniako kide gehienek alderdia utzi zuten.

Jatorri kristaua izanagatik, oso alderdi ortodoxoa izatearen fama izan zuen, planteamendu politikoetan zurrunegiak omen zirelako. Oso alderdi zentralizatua zen eta zuzendaritzaren erabakiek pisu handia zuten. PCErekin oso etsaituta zegoen, eta etengabeko kritikak egiten zizkioten, Carrilloren alderdia errebisionismoan eta erreformismoan erori zelakoan. ORTk Sindikatu Bertikalerako hauteskundeetan boikota eskatzen zuen, PCEk hauetan parte hartzea defendatzen zuen bitartean, carrillozaleek borrokarako zirrikitu legal guztiak aprobetxatu behar zirela uste baitzuen. Alderdia oso goiz ezarri zen Nafarroan, eta ondorioz, langile mugimenduaren hegemonia izan zuen, oposizio antifrankistako buru izan zelarik. Alderdi erradikal honek probintzia hain kontserbadorean hainbesteko arrakasta izateak ezustekoa sortu zuen.

Frankismoaren bukaerako urteetan, Euskal Herriko Langile Komisioetan zatiketa bat izan zen: PCEk kontrolatzen zituen komisioek sortu zuten Comisión Obrera Nacional de Euskadi (CONE) eta ezker iraultzaileak (ORT, MCE eta LCR-ETA VI) kontrolatzen zituztenen artean Coordinadora de Euskadi de Comisiones Obreras (CECO). ORT CECOko kidea zen eta 1974ko abenduko Hego Euskal Herriko greba orokor arrakastatsuaren bultzatzaileetako bat izan zen. Plataforma de Convergencia Democrática (PCD, Plataforma) eta Coordinación Democrática (CD, Platajunta) oposizioko erakunde unitarioetan parte hartu zuen, nahiz eta ez zen sekula batere gustura sentitu eta biak utzi egin zituen.

Unión de Juventudes Maoistas (UJM) zen alderdiaren gazte sekzioaren izena. PTEk bezalaxe, 1976ko Bartzelonako asanblada gatazkatsuaren ondorioz, CCOO utzi eta Sindicato Unitario (SU) sindikatua eratu zuten, orokorrean arrakasta gutxi izan zuena (Nafarroan izan ezik). Lehendabiziko hauteskundeetan Agrupación Electoral de Trabajadores (AET) izenpean aurkeztu zen.

Frankismoaren bukaera adostua gaitzetsi zuen arren eta hausturaren alde egin zuen arren, Konstituzioaren baiezko bozka kritikoa eskatu zuen 1978ko erreferendumean. PTEk bezalaxe hauteskundeetan konfiantza handia jarririk zuten, baina kanpaina ordaintzeko alderdikide asko pertsonalki zorpetu ziren arren, emaitzak ez ziren espero zirenak izan. Atsekabe hark, arestian aipaturiko PTE eta ORTren arteko fusioa behartu zuen.

Alderdia disolbatzerakoan, ORTko kide asko PSOEn integratu eta kargu garrantzitsuak eskuratu zituzten, baina beste askok militantzia politikoa utzi zuten.

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu