Norbert Elias
Norbert Elias (Breslau, Alemaniar inperioa, 1897ko ekainaren 22a – Amsterdam, 1990eko abuztuaren 1a) idazle eta soziologo alemaniarra eta judua izan zen. Soziologiaren historian mugarritzat hartzen den “Zibilizatze prozesuari buruz” (Über den Prozeß der Zivilisation. Soziogenetische und psychogenetische Untersuchungen) lanaren egilea da. Bere atentzioa boterea, portaera, emozioa eta ezagutzaren arteko harremanean finkatu zuen eta “soziologia figurazionala” deritzonari itxura eman zion. 1970an “berraurkitua” izan arte nahiko ezezaguna zen arlo akademikoan. Soziologia historiko baten aldeko bere lanari esker, gizarte egitura konplexuen eta gizabanakoen portaeren inguruko azalpenak uztartzeko ahalmena izan zuen.
Bizitza
aldatuMerkatari judu aise familia batean jaioa, seme bakarra izan zen. Alemaniako Silesia eskualdean jaio zen, Breslau-en, gaur egun Polonia (Wroclaw).
1907 eta 1915 bitarte Breslau-ko Johannes-Gymnasium ikastetxean ikasi zuen[1].
Lehen Mundu Gerran deitu zuten 1915ean eta sei hilabete pasa zituen ekialdeko frontean transmisio zerbitzuan[1]. Ondoren mendebaldeko frontera mugitu zuten, “seguruen 1916ko irailean, Somme-ko bigarren bataila deitutakoa gertatu zenean[2]. Frontean hil arte ahaztuko ez zuen urtebeteko esperientzia traumatikoaren ondoren[3], bere herrira itzuli zen eta gerrako zaurituak laguntzeko erizain laguntzaile bezala aritu zen. Bitartean, 1918an, medikuntza ikasketak hasi zituen Breslauko Unibertsitatean. Paraleloki, filosofia ikasketak hasi zituen Breslau, Heildelberg eta Friburgoko Unibertsitateetan eta soziologia alemaniarraren ezagutza egiten du. Garai hartan, Freuden psikoanalisia puri-purian zegoen. Nahiz eta mugimendu psikoanalistatik urrundu, onartzen zuen Freudenganako zorra, izan ere, “hark egin zuen gizabanakoaren modelorik argiena eta aurreratuena”[4]. Medikuntza ikasketak bazterrean utzi zituen baina hartu zituen ikaspenak oso gogoan izango zituen bere ondorengo ibilbidean[3].
1924an filosofia doktoretza eskuratu zuen “Ideia eta gizabanakoa. Nozio historikoaren azterketa kritikoa” tesiarekin (Idee und Individuum. Eine kritische Untersuchung zum Begriff der Geschichte), nahiz eta Richard Hönigswald bere zuzendariaren, ikuspegi neokantiarrarekin bat ez etorri. 1929an Davos-eko bigarren ikastaro unibertsitarioetan parte hartuko du auditore gisa Frantziako eta Alemaniako beste hainbat intelektualekin batera. Heilderbergo Unibertsitatean Alfred Weber-ekin batera, Max Weber-en anaia, egin behar zuen habilitazio proiektua bertan behera utzi ondoren, 1930ean Frankfurtra doa bertako Institut für Sozialforschung-en habilitazioa prestatzera Karl Mannheim-en eskutik. Habilitazioa 1933an erregistratu zuen baina ez zuen sekula defendatu; nazional-sozialistak boterean jarri ziren urte hartan, eta ondorioz, bere habilitazio memoriaren argitalpena debekatu egin zen[1]. 1969a arte ez zen publikatu eta "Gorteko Gizartea. Monarkiaren soziologia eta gorteko aristokraziaren inguruko ikerketa" izena izan zuen. Alemania nazitik ihesi, Suitzara erbesteratu zen lehenik 1933an, eta ondoren, Parisera, non postu bat lortzen saiatu zen, alperrik.
Alexandre Koyré-ren laguna egin zen, ideien historiako espezialista handia, eta azkenean Londresen ezarriko du egoitza 1935ean. Bertan Zibilizatze prozesua liburuaren idazketan buru belarri jarriko da judu errefuxiatuen laguntzarako batzordearen babesari esker[5][3]. Lan hori azkenean Basilean argitaratuko da bere aitari esker 1939an. Bere ama atxilotua eta Auschwitzera deportatua izango da eta bertan hilko da, 1941ean seguruen. Hortik aurrera behin-behineko irakasle ibilbidea hasiko du Ingalaterran zehar. Judu errefuxiatu gisa Man uhartean zortzi hilabetez barneratua egon ondoren, ikerketa laguntzaile kontratu bat lortuko du London School of Economics-en. Gerra ondoren ikastaro partikularrak eta hitzaldiak emanez atertzen du bizimodua. 1954an, azkenik, 57 urte zituela, irakasle-ikerlari postu bat lortuko du Leicester-eko Unibertsitatean eta 1962an hartu zuen erretreta[6]. Badoa orduan Ghanako Unibertsitatera, bi urtez bertako soziologia saila zuzentzera.
Apurka-apurka, 1969an Alemanian bere Zibilizatze prozesua lanaren berrargitalpenari esker, ezaguna bilakatzen hasten da. Theodor-W.-Adorno saria 1977an eta Amalfi-ko sari europearra 1987an jaso zituen. Urte horretan Honoris Causa dotore egingo dute Estrasburgoko Letren eta Giza Zientzien Unibertsitatean.
1979tik 1984ra Bielefeleko Unibertsitatean arituko da. 1975ean Amsterdamen ezarriko da. Hainbat ikerketa argitaratu ondoren, besteak beste, Alemanenei inguruko Ikerketak, 1990eko abuztuaren 1ean hil zen Amsterdamen.
Pentsamendua
aldatuHistoriaren gorabeherek erabat baldintzatu zuten Eliasen lanaren harrera: hirurogeigarren hamarkadaren bukaera arte ez zen bere lanik itzuli. Gai nagusiak, biolentziaren autokontrolaren historia eta emozioen barneratzea (oso esparru desberdinetan: kirola, musika, sexuen arteko harremanak edo heriotza), eta elkarren menpekotasun harremanen berdefinizioaren ondorioak (denborarekin, erreferentziazko taldearekin edo egoerarekin loturik). "Zibilizatze prozesua" liburuarekin bere pentsamenduaren originaltasuna agerian geratzen da; objektu berriak asmatzen jakiteaz gain, ikerketa soziologikoari ekiteko modu berriak ekarri zituen.
Elkarren menpekotasunaren nozioa Eliasen teoriaren muina da. Berak honela azaltzen zuen:
« | Xake jokoan bezala, independentzia erlatibo batean buruturiko ekintza orok eragina du gizarte-tablero osoan. Ekintza horren ondorioz, ekidinezina da beste gizabanako batengan erantzun-jokaldia eragitea (gizarte-tableroan, berez, gizabanako askok erantzun-jokaldi asko egiten dituzte era berean), eta horrek, lehenengo jokalariaren ekintza baldintzatu egiten du.[7] | » |
Eliasek gizabanako eta gizartearen arteko (itxurazko) dikotomia gainditu nahi du eta horretarako liburu bat idazten: Gizabanakoen gizartea (Die Gesellschaft der Individuen; 3 artikulu dira, 1939an, 50. hamarkadan eta 1987an idatziak). "Bi soziologien" arteko eztabaida kontzeptual eta ideologikoa gainditu nahi izango du, eta horretarako, elkarren menpekotasunaren eta epe luzeko prozesuen analisia aldarrikatuko du. Gizabanakoak badu berezko identitatea, baina harreman inguru batean txertatzen da, eta inguru horrek baloreak, portaera jarraibideak eta ohitura sozialak transmitituko dizkio. Bera "hura" da, bere izenordaina, baina baita ere "haiek" da (eta erakundeak) zeinekin hezi egin den,; non bere izenak adierazkortasuna duen; eta zeinengan dependitzen duen (eta alderantziz). Indibidualizazio prozesua, paradoxikoki, inguru sozialaren kontrol estuagoarekin batera gertatzen da, "gizarte" deitzen dugun hori (tribu, herri, nazio) hazten denean, espezializazioak koordinazio, automatismo eta autokontrol gehiago eskatzen duenean, eta elkarren menpekotasuna katea konplexuagoa egiten den heinean. Liburu honen lehen artikulua jatorrian Zibilizatze prozesuaren ondorioa izan behar zuen. Norbert Eliasek gogorazten du haur baten hezkuntza, mendeetan zehar gizarteak eraiki dituen autokontrol mekanismo guztiak urte gutxi batzuetan barneratzean datzala.
Norbert Elias mikro eta makro nozioen a priorizko definizioen inguruan zuhurtzia eskatzen zuen: nozio erlatiboak dira: harreman nazional bat mikroa izango da harreman internazional baten aurrean, baina makro izango da tokiko 4 katuren arteko joko batekin erkatzen badugu. Horrez gain, ikuspegi eboluzionistak eta teknologiaren historiari loturikoak baztertuko ditu[8].
Garrantzitsua da ere aipatzea Eliasen Zibilizatze Prozesua Europako mendebaldeko gizarteen azteketa sakonean oinarritzen dela, batez ere bertako estatuen osaketan, eta beraz, klase aristokratikoen eta burgesen arteko menpekotasunean. Stephen Mennell-ek agerian uzten du Eliasen kontzeptuak gaizki egokitzen direla Iparramerikako gizartearen osaketa analizatzeko[3].
Zibilizatze prozesuari buruz (Über den Prozeß der Zivilisation)
aldatuLiburua 1939an publikatu zen. Eliasek mendebaldeko zibilizazioren analisia instintuak eta desioak maneiatzeko, eta oinarrizko eta sakoneko giza pultsioen otzantzeko prozesu baten gisa ikusten zuen. Haren ustez, gorteen gizarte-antolakuntzak zerikusi handia izan zuen gizartearen eboluzio mantso honetan.
Prozesu hori Norbert Eliasek "gortetze" efektu baten antzera ulertzen zuen, hau da, gortearen azturak gizartean zabaltzea: gortea, bereziki Versailleseko Luis XIV.arena, gorte europarraren eredua izan zena hauen garai klasikoan, bere kideei ohituren baketzea (horietatik, dueluaren debekua da adibide nagusia) eta norbere buruaren muturreko kontrola inposatzen zien, bereziki pultsio agresiboen kontrola. Norbere kontrol guzti honen ondorio bezala bi fenomeno gertatu ziren: jarreren aurrean aldentze intelektuala (ezeren irudia ez ematea, indiferentzia itxura) eta hitza ematearen garrantzi berria, hizkera "noble", "fin", "berezitu" baten garrantzia (zeinaren apaindura eta preziosismoa karikaturaren tankera izango duen). "Gorte-gizarteak", beraz, norberari buruzko hausnarketa erraztu du, bereziki pultsio eta emozio eutsi eta erreprimituen inguruan, eta analisi psikologiko horren inguruan zenbait idazlek hausnartu dute, beteak beste, La Rochefoucauld (Réflexions ou sentences et maximes morales 1665) eta Louis de Rouvroy Saint-Simongoa. XIX. mendean zibilizatze prozesua eten egingo da burgesiaren, eta ondoren, klase herrikoien igoerarekin.
Hans-Peter Duerr-en Nudité et pudeur. Le mythe du processus de civilisation[9] lanak Norbert Eliasen tesia zalantzan jartzen du eta antzinako zibilizazioek araudi-sistema normatiborik eta garaturik ez zutela azpimarratzen du.
Kirolaren inguruan ere(Sport et civilisation : la violence maîtrisée), Eliasen tesiaren arabera, eten nabarmena dago antzinako praktika oso bortitzen eta kirol moderno arautuaren artean.
Lanak (alemanez)
aldatu- 1939 : Über den Prozeß der Zivilisation. Soziogenetische und psychogenetische Untersuchungen. Erster Band. Wandlungen des Verhaltens in den weltlichen Oberschichten des Abendlandes and Zweiter Band. Wandlungen der Gesellschaft. Entwurf einer Theorie der Zivilisation. Basel: Verlag Haus zum Falken.
- 1965 (eta John L. Scotson) : The Established and the Outsiders. A Sociological Enquiry into Community Problems, London: Frank Cass & Co. (jatorriz (Ingelesez))
- 1969 : Die höfische Gesellschaft. Untersuchungen zur Soziologie des Königtums und der höfischen Aristokratie. Neuwied/Berlin: Luchterhand.
- 1970 : Was ist Soziologie?. München: Juventa.
- 1982: Über die Einsamkeit der Sterbenden in unseren Tagen, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1982 Scientific Establishments and Hierarchies. Sociology of the Sciences Yearbook 1982, Dordrecht: Reidel.
- 1983 : Engagement und Distanzierung. Arbeiten zur Wissenssoziologie I, edited by Michael Schröter, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1984 : Über die Zeit. Arbeiten zur Wissenssoziologie II, edited by Michael Schröter, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1985 : Humana conditio. Betrachtungen zur Entwicklung der Menschheit am 40. Jahrestag eines Kriegsendes (8. Mai 1985), Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1986 (eta Eric Dunning) : Quest for Excitement. Sport and Leisure in the Civilizing Process. Oxford: Blackwell.
- 1987 : Die Gesellschaft der Individuen, edited by Michael Schröter, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1987 : Los der Menschen. Gedichte, Nachdichtungen, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1989 : Studien über die Deutschen. Machtkämpfe und Habitusentwicklung im 19. und 20. Jahrhundert, edited by Michael Schröter, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1990 : Über sich selbst, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1991 : Mozart. Zur Soziologie eines Genies, edited by Michael Schröter, Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 1991 : The Symbol Theory. London: Sage.
- 1996 : Die Ballade vom armen Jakob, Frankfurt am Main: Insel Verlag.
- 1998 : Watteaus Pilgerfahrt zur Insel der Liebe, Weitra (Austria): Bibliothek der Provinz.
- 1998 : The Norbert Elias Reader: A Biographical Selection, edited by Johan Goudsblom and Stephen Mennell, Oxford: Blackwell.
- 1999 : Zeugen des Jahrhunderts. Norbert Elias im Gespräch mit Hans Christian Huf, edited by Wolfgang Homering, Berlin: Ullstein.
- 2002 : Frühschriften. Frankfurt am Main: Suhrkamp.
- 2004 : Gedichte und Sprüche. Frankfurt am Main: Suhrkamp.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c Ralf Baumgart/Volker Eichener, Norbert Elias zur Einführung, Junius, 1991, 183. or.
- ↑ Stéphane Audoin-Rouzeau, Combattre, Ed. Seuil, 2008, 45-46. or.
- ↑ a b c d Quentin Deluermoz (zuz. pean ), Norbert Elias et le XXe siècle, Perrin, 2012
- ↑ Elias: Au-delà de Freud : Sociologie, psychologie, psychanalyse, Editions La Découverte, 2010, ISBN 2707157600
- ↑ Ralf Baumgart/Volker Eichener, op. cit., 184 or.
- ↑ Ralf Baumgart/Volker Eichener, op. cit., 184.or.
- ↑ Elias, La Société de cour. (Gorteko gizartea) 152-153 or.
- ↑ Nathalie Heinich, La Sociologie de Norbert Elias, La Découverte, 2002
- ↑ Hans Peter Duerr, Nudité et pudeur. Le mythe du processus de civilisation, Paris, Maison des sciences de l'Homme, 1998.
Kanpo loturak
aldatu- (Ingelesez) Norbert Elias fundazioa