Nevenka Fernández

Espainiako ekonomialaria eta Ponferradako zinegotzia

Nevenka Fernández García (1974ko urriaren 25a) ekonomialari espainiarra da. 1999tik 2000ra, Ponferradako Ogasuneko zinegotzia izan zen.[1]

Nevenka Fernández


Ponferradako zinegotzi

1999ko uztailaren 3a - 2001eko martxoaren 26a
Bizitza
Jaiotza1974ko urriaren 25a (49 urte)
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
HeziketaCEU San Pablo Unibertsitatea
Madrilgo Complutense Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakekonomialaria eta politikaria

Nevenka Fernándezek Ismael Álvarez Alderdi Popularreko Ponferradako alkatea sexu-jazarpenagatik salatu zuen eta politikariaren kondena lortu zuen, Espainian arrazoi horrengatik kargu politiko baten zigorra erdietsi duen lehen emakumea delarik.

Ibilbidea aldatu

CEU-San Pablo Unibertsitateko Ekonomia Zientzietan lizentziatua da, eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean Auditoriako masterra egin zuen. Arthur Andersen multinazionalean lan egin zuen, Madrilen. 1999ko udal-hauteskundeetan, karrera amaitu baino lehentxeago, Carlos López Riescok Ismael Álvarez buru zuen Ponferradako Alderdi Popularraren zerrendako hirugarren postua izateko eskaintza egin zion.[2] Hauteskundeak irabazi ondoren, Ponferradako Udalean Ogasuneko Zinegotzi ardura hartu zuen.[3]

2000ko irailean baja eskatu zuen Udaletxean depresioagatik, eta 2001eko martxoan, Ismael Álvarez alkatea salatu zuen sexu jazarpenagatik.[2]

Alderdi Popularreko kideek ez zuten babestu eta Ismael Álvarezen alde jarri ziren.

Sexu-jazarpenagatiko salaketa jarri ondoren, zailtasunak izan zituen Espainian lana aurkitzeko, eta horregatik, Chesterrera (Ingalaterra) eta gero Irlandara joan behar izan zuen. Gero, Irlandan bizi izan da.[4][1]

Sexu-jazarpenagatiko salaketa aldatu

2000ko irailean, 26 urte zituela, baja eskatu zuen depresioagatik Ponferradako Udaletxean eta Madrilera joan zen. Nevenkak salatu zuen 2000. urtean Ismael Álvarezek, garai hartako Ponferradako Alderdi Popularreko alkate eta kideak, jazarri egin zuela sexualki eta lan-esparruan, 1999ko amaieran hasi eta zenbait hilabetez biek izan zuten harremana amaitu eta gero.[5] 2001eko martxoaren 26an Nevenka Fernándezek jendaurrean salatu zuen Ismael Álvarez sexu-jazarpenagatik.[6]

2001eko apirilean, berretsi egin zuen kereila Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. «Hitz egiteak salbatu nau», adierazi zuen bertan.[7]

Apadema elkarteak (Asociación para la Defensa de la Mujer Acosada) hasieran akusazio partikularra egin zuen, baina epaiketa hasi baino lehentxeago erretiratu zen, Nevenka Fernándezekiko konfiantza galdu zuela argudiatuz.[8]

2002ko maiatzaren 30eko epaian Ismael Álvarez alkate ohiari gutxieneko zigorra ezarri zioten, baina epai hura mugarri gogoangarria izan zen: lehen aldiz Espainiako politikari bat kondenatua izan zen sexu-jazarpenagatik.[8]

Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak Ismael Álvarez sexu-jazarpenagatik kondenatu zuen; bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion, eta baita 6.480 euroko isuna eta biktimarentzako 12.000 euroko kalte-ordaina ere. Ismael Álvarezek, epaia argitaratu zen egun berean, dimisioa eman zuen Ponferradako alkate gisa bere borondatez, ez PPk ezta ezein legek ere kargua uztera behartu ez baitzuen.[9] Ana Botellak, José María Aznar orduko Gobernuko presidentearen emazteak, jazarlearen jokabidea goraipatu zuen: «Errespetu osoa izan behar da Ponferradako alkatearekiko, epai irmo bat izan baino lehen dimititzean jarrera ezin hobea izan baitu», adierazi zuen.[10] Uste berekoa izan zen Pío García-Escudero, garai hartako Senatuaren eta Madrilgo Erkidegoko PPren lehendakaria.[11]

José Luis García Ancos fiskalak oso galdeketa polemikoa egin zion biktimari, bere salaketa zalantzan jarriz: «Zu ez zara Hipercor-eko langilea! Langile horrek, atzealdea ukitzen badiote, jasan egin behar du, bere seme-alaben ogia delako!». Irrati-elkarrizketa batean ere esan zuen epaiketako lekukotza batek «aditzera ematen zuela Nevenka, eskola-ume bat baino ez zenean, urdanga bat zela». Fiskala kasua uztera behartu zuten[12][8].

Epaiketaren ondorioetan, bai fiskaltzak bai akusazio partikularrak kasu hartan perituen probaren garrantzia azpimarratu zuten. Proba horretan, psikiatria eta psikologiako bost aditu bat etorri ziren, eta adierazi zuten salatzailea, kereila aurkeztu zuenean, ez zebilela "asmakerietan", eta garbi zegoela haren sintomak jazarpena jasan zuen pertsona batenak zirela.[9]

Ondorioak aldatu

Nevenkak epailearen aurreko borroka irabazi zuen, baina gizartearen aurrekoa, berriz, galdu egin zuen. Salaketa egin ondoren, oso zaila gertatu zitzaion Espainian lana aurkitzea, eta horregatik, Londresera joatea erabaki zuen. Álvarezek, ordea, Ponferradan jarraitu zuen, eta berriro aurkeztu zen udal-hauteskundeetara 2011n. Hauteskunde horietan, 5719 boto (%16,53) eta bost zinegotzi lortu zituen.[11][13] Boto gehien jaso zituen hirugarren indar politikoa izan zen, baina gainerako alderdien emaitzen aldeak oso txikiak izan zirenez, bere taldea erabakigarria izan zen alkatetzaren eraketan. Erasotzaileak izen handiko pertsonen elkartasuna izan zuen, Amancio Prada kantautore ponferradarrarena, adibidez.[14]

Juan José Millás kazetariak kasu honi buruzko liburu bat idatzi zuen 2004an: 'Hay algo que no es como me dicen: El caso de Nevenka Fernández contra la realidad'.[8]

Nevenka Fernándezen kasua erreferente historikoa bihurtu zen, Espainian sexu-jazarpenagatik kargu politiko baten kondena lortu zuen lehen espainiarra izan zelako. Denen gogoan izan zen, bereziki, 2017an, Me Too mugimendua sortu zenean.[5]

Esker onak aldatu

2023an, Ponferradan aitortua izan zen Nevenka Fernándezek jasandako sexu-jazarpena salatzean izan zuen ausardia. Salaketak emakume askok isilean jasandako jokabide matxistak agerian uzten lagundu zuen.[15]

Nevenkaren herriaren esker ona agerian uzteko, Castillo etorbideko biribilgunean monolito bat jarri zuten. Monumentuan, Nevenkaren aurpegiaren ondoan mezu hau dago: Gracias por tu valentía. Inaugurazio-ekitaldian Victoria Rosell-ek, Gobernuaren indarkeria matxistaren aurkako ordezkariak, parte hartu zuen.[16] .[17]

Urte berean, Espainiako Berdintasun Ministerioak Nevenka saritu zuen erresilientzia kategorian. Sari hori Ministerioak urtero aitortzen dituen aintzatespenetako bat da, azaroaren 25ean ospatzen den emakumeen aurkako indarkeria desagertarazteko nazioarteko eguna dela eta.[18] Adierazpen hauek egin zituen saria jasotzean:

«Oraindik ere, batzuetan, kosta egiten zait beldurrari aurrez aurre begiratzea; baina gauza batetaz ohartu naiz: begiratzen diogunean, bakarrik, izenda dezakegu, eta behin izena eman diogula garaitu ere egin dezakegu. Historiako aurrerapen handi guztiak beldurrari egindako lehen begirada ausart horrekin sortu dira. (...) Mintzatzen bagara, salatzen badugu, bizitzeko da; eta egiten dugunean, orain badakigu, nahiz eta batzuetan galdu, irabazi dugu».[19]

Nevenka telesaila aldatu

2021eko martxoaren 5ean, Netflix-ek Maribel Sánchez-Marotok zuzendutako Nevenka dokuseriea estreinatu zuen. Dokumentalean, Nevenka Fernándezek bere bizipenak kontatzen ditu lehen aldiz salaketa eta epaia eman eta 20 urtera.[6][11][20][21]

Nevenka antzezlana aldatu

Histrión Teatro konpainiak María Goricelayak idatzi eta zuzendutako Nevenka antzezlan dokumentala estreinatu zuen 2023ko martxoaren 10ean Granadako Alhambra Antzokian.[22]

Bibliografia aldatu

Liburuak aldatu

Aldizkarietako eta prentsako artikuluak aldatu

Erreferentziak aldatu

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Nevenka Fernández» artikulutik itzulia izan da, 2023-03-31 data duen 150252568 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-03-31 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b «Nevenka Fernández: el ídolo feminista de los 90 que rompe su silencio en Netflix» El Confidencial 2021-03-05.
  2. a b Ordaz, Pablo. (2002-05-11). El destierro de Nevenka. ISSN 1134-6582..
  3. «La nueva vida de Nevenka» www.elmundo.es 2 de junio de 2002.
  4. La nueva vida de Nevenka. 2 de junio de 2002.
  5. a b «Nevenka, la primera que se atrevió a denunciar al jefe acosador: ganó pero vive exiliada» El Español 2017-12-09.
  6. a b Cinemanía. (2021-02-08). «'Nevenka': la docuserie de Netflix aborda la histórica condena por acoso sexual a un político en España» Cinemanía.
  7. «Nevenka recupera la sonrisa» La Voz de Galicia 2001-04-20.
  8. a b c d «Further | Nevenka Fernández y el acoso sexual antes de #MeToo» theobjective.com.
  9. a b «El alcalde de Ponferrada dimite tras ser condenado por acoso sexual a Nevenka Fernández» abc 2002-05-30.
  10. «Nevenka Fernández se queja por el trato que ha recibido del PP» Cinco Días 2002-06-04.
  11. a b c «El calvario de Nevenka» Punto de Fisión 2021-02-09.
  12. «Nevenka Fernández dice tener miedo por su familia y el ex alcalde pide que le «deje en paz»» abc 2002-05-31.
  13. «Nevenka, la primera que se atrevió a denunciar al jefe acosador: ganó pero vive exiliada» El Español 2017-12-09.
  14. «Nevenka nunca duerme» www.leonoticias.com.
  15. SER, Cadena. (2023-03-29). «Ponferrada homenajeará este jueves a Nevenka Fernández por su 'valentía' y por ser 'pionera' en la denuncia del acoso sexual» cadena SER.
  16. «Nevenka Fernández recibe, 22 años después, el homenaje de Ponferrada por ser pionera en la lucha contra el acoso sexual» El Plural 2023-03-30.
  17. León, Diario de Castilla y. (2023-03-30). «Ponferrada dedica una glorieta a Nevenka Fernández, la primera mujer que consiguió una condena por acoso sexual contra un político» Diario de Castilla y León.
  18. (Gaztelaniaz) EFE. (2023-11-10). «Nevenka Fernández, premiada por Igualdad por su resiliencia, con motivo del 25N» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  19. (Gaztelaniaz) «Nevenka, ante el Premio de Igualdad: "Hace 22 años enfrentarme a mi agresor y a la sociedad sexista casi me costó la vida"» Diario.es - Redacción El Bierzo 2023-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  20. El calvario de Nevenka, David Torres, Público, 9 de febrero de 2021
  21. Caso Nevenka Fernández: todas las claves (y las injusticias) del primer Me Too de España que ahora llega a Netflix, Women Now, 9 de febrero de 2021
  22. (Gaztelaniaz) M.V.. (2023-03-08). «El Teatro Alhambra estrena 'Nevenka', la primera condena a un político por acoso sexual» Granada Hoy (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  23. a b Intxausti, Aurora. (2004-02-19). La dignidad de Nevenka. ISSN 1134-6582..
  24. El acoso laboral y sexual a las mujeres en la novela española del siglo XXI (Tesis Doctoral), Milica Lilic, Universidad de Granada.
  25. En dialnet: Milica Lilic, Acoso sexual en la novela testimonial sobre el "caso nevenka" de Juan José Millás, Raudem: Revista de estudios de las mujeres, ISSN-e 2340-9630, Nº. 5, 2017, págs. 165-191
  26. Acoso sexual en la novela testimonial sobre el "caso nevenka" de Juan José Millás, Raudem: Revista de estudios de las mujeres, ISSN-e 2340-9630, Nº. 5, 2017, págs. 165-191

Kanpo estekak aldatu