Negozio-plana abian jarri nahi den negozioaren deskribapen zehatza da; proiektu dinamikoa da, eta negozio horrek denboraldi jakin batean nola jardungo duen eta nola garatuko den deskribatzen du. Plan hau, enpresa-helburuen multzo baten dokumentu formala da, eta proiekzio- eta ebaluazio-fase gisa eratzen da.

Negozio-plana garrantzitsua da, enpresaren funtzionamendua ebaluatzen laguntzen digulako, eta hala,  aurreikusitako agertokian har ditzaken bide desberdinak ere. Negozio-plan batek enpresaren erabiltzaileei, bankuei, inbertitzaileei eta finantza-erakundeei informazioa emateko balio du, baldin eta momenturen batean enpresari finantza-laguntza eman badiezaiokete.

Jatorria aldatu

Plangintza-tresna hau, 1960ko hamarkadan sortu zen Estatu Batuetan (XX. mendea), korporazioek beren kapital-soberakinak inbertitzeko zuten beharrari erantzuteko, baina 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera, enpresa-garapenak teknologiaren inguruan izandako boomaren ondorioz, Silicon Valley-n zabaldu zen.

Zertarako balio du? aldatu

Negozio-plan batek aurkezten dituen aplikazio nagusiak honako hauek dira:

1. Tresna oso erabilgarria da sustatzaile-taldearentzat berarentzat, aukera ematen baitu akatsak detektatzeko eta inbertsioa hasi aurretik negozioa abian jartzeko plangintza egokia egiteko.

2. Banku-finantzaketa lortzea errazten du, negozioaren ekonomia- eta finantza-egoeren aurreikuspena jasotzen baitu eta haren bideragarritasunari eta kaudimenari buruzko informazio egokia ematen baitu.

3. Hornitzaileekiko negoziazioa errazten du.

4. Bazkide edo laguntzaile berriak erakartzea.

5. Emaitzak neurtzea erraztuko duten hainbat etapa definitzea.

6. Epe laburrerako eta ertainerako jomugak ezartzea.

7. Espero diren azken emaitzak argi definitzea.

8. Neurketa-irizpideak ezartzea, lorpenak zein diren jakiteko.

9. Aplikazioan aprobetxatzeko aukera posibleak identifikatzea.

10. Aplikazioan parte hartuko duten exekutiboak parte hartzea.

11. Hura aplikatzeko koordinatzaile edo arduradun bat izendatzea.

12. Sor daitezkeen zailtasunak eta neurri zuzentzaileak aurreikustea.

13. Argia, zehatza eta informatiboa izatea.

Negozio-plan baten egitura aldatu

 Eskema ohikoena honako jarraibide hauetan oinarritzen da:

1.  Laburpen exekutiboa: Lehenengo urratsa dokumentu labur bat egitea da, bi orrikoa gutxi gorabehera, non planean zehar garatuko diren ondorioak jasoko diren modu eskematikoan. Dokumentu honen ezaugarriak honako hauek izango dira: laburra, murritza eta kontzeptu garbikoa.

2.  Produktuaren/zerbitzuaren definizioa: (Merkatuak asetzen ez duen premia horri nola erantzungo diogun azaldu). Atal honetan negozio-idea deskribatuko da. Aurrera eramango den negozio-ideiak premia bati erantzun, arazo bat konpondu edo merkatuak dagoeneko eskaintzen duenari beste zerbait eskaini beharko dio. Gainera, ideiaren abantailak eta eragozpenak deskribatu beharko dira, non oso zintzoak izan behar garen hauek azaltzerako orduan; ondoren, azaldutako arazoak nola ebatziko diren eta lehiakideengandik nola bereiziko garen deskribatzeko.

3.  Lantaldea: Behin produktua deskribatua, hurrengo pausua lantaldea finkatzea izango da. Izan ere, lantaldearen gaitasunak gaineratuta, produktua nahiz zerbitzua lehiakideena baino hobea eta osatuagoa izatea lortuko dugu taldearen gaitasunei esker.

4.  Merkatu-plana: Urrats hau oso garrantzitsua da, izan ere, merkatu batean sartu aurretik, ezinbestekoa izango da merkatuaren ikerketa bat egitea honen nondik norakoak eta baita tamaina ere ezagutzeko. Ikerketa hau egin ondoren, benetan ikusiko dugu ea negozio-ideia bideragarria den edo ez, hau da, benetako aukera bat dagoen ala ez.

Atal honetan, gure “target”-aren, hau da, kontsumitzaile potentzialen profila deskribatu beharko dugu ondoren, sortutako produktua zehazki kontsumitzaile hauengana bideratzeko.

5. Negozio-eredua: Zer eta nola eskainiko den azaldu behar da urrats honetan, baita nork erosiko duen eta diru-sarrerak eta beharrezko baliabideak sortzeko zein metodo erabiliko den ere. Planaren indargune garrantzitsuenetako bat da, marketinari dagokion atala izango baitu barne, enpresaren arrakasta edo porrota finkatuko duen funtsezko alderdia.

6. Finantza-plana: Negozio-ideia guztietan, finantza arloak duen papera oso garrantzitsua da; izan ere, honen bitartez ideia baloratu eta bideragarritasun ekonomikoa aztertuko da. Aurretik planteatutako guztia “zenbakietara” eraman beharko dugu eta negozioa nola monetizatuko den azaldu beharko da. Prezioen, kostuen, marjinen eta gastuen egitura bat finkatu beharko da.

7. Arriskuen analisia: Urrats honek, baita ere, garrantzizko papera hartzen du, oso garrantzitsua baita negozioaren arriskuak ebaluatzea, merkatuaren mehatxuak identifikatzea eta egoera korapilatsuei erantzuteko plangintza zehatza planteatzea.  Zer egingo zenuke gauzak zuk uste bezala gertatuko ez balira?

8. Ezarpen-plana: Azkeneko atal honetan, plangintza xehatu bat egin beharko litzateke, honela burua orientatu eta denborak zehazteko. Eta, amaitzeko, azken helburura bideratuta dauden egunerokotasuneko ekintza eta eginkizun onenak identifikatu beharko lirateke.

Motak aldatu

Atal honetan enpresek erabiltzen dituzten negozio-planak azalduko dira. Negozio-plana, egiten den momentuaren arabera, edota norentzat egiten den arabera, beharrezkoa izango da mota bateko edo beste batekoa izatea. Hala ere, denak dira beharrezkoak arrakasta lortzeko. Beraz, negozio-planak bi multzotan sailka ditzakegu:

Negozio-planak, egiten diren unearen arabera aldatu

Oso desberdina izango da enpresa bat sortzeko egin den negozio-plana eta dagoeneko sortuta dauden enpresen negozio-planak.

  • Enpresa berrientzako negozio-planak: Negozio-plan hauek laster garatu nahi dugun enpresa-proiektu bat deskribatzeko egiten dira.
  • Funtzionatzen ari diren enpresentzako negozio-planak: Negozio-plan horiek kontuan hartu behar dituzte enpresaren egungo egoera eta planteatzen diren enpresa-helburuak. Enpresan emaitza hobeak lortzeko egiten da.

Negozio-planak, norentzat egiten diren arabera aldatu

Argi izan behar da ez dela gauza bera norberarentzat edo inbertitzaile batentzat negozio-plan bat egitea.

  • Administratzaileentzako negozio-planak: Enpresak oraingo eta geroko bidea erakusteko egiten dira. Egin behar den lanaren gida gisa balio du, eta zuzendariei erakundean erabakiak hartzen laguntzen die. Helburuak lortzeko prozesu eta estrategietan jartzen du arreta.
  • Inbertitzaileentzako negozio-planak: Banku baterako negozio-planean bezala, inbertitzaileentzako plan horietan, planteatzen den negozio-ideiari buruzko informazio guztia jaso behar da, bai eta alderdi ekonomiko eta finantzario guztiak ere, hala nola enpresarentzat beharrezkoa den dirua edo inbertsioaren itzulera, inbertsioa ziurtatzeko gehien interesatzen zaiena.

Negozio-eredu vs Negozio-plan aldatu

Negozio-eredua zure ekintzailetzaren ideia baliozkotzeko lehen urratsa da, eta batez ere zure ekimenaren hasieran egitea gomendatzen da. Negozio-plana, berriz, ekintzailetzaren helburuak deskribatzen dituen dokumentua da, eta honako hauek erakusteko aukera ematen du:

1. Negozio-eredua

2. Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa zehaztea

3. Etorkizuna proiektatzea, enpresa hirugarrenek baloratzeko

Negozio-plana Negozio-ereduaren osagarria eta ondorengoa da, eta zure ekintzailetza garatzen ari denean egitea gomendatzen da.

Erreferentziak aldatu

[1][2][3][4][5][6]

  1. (Gaztelaniaz) Plan de negocio. 2020-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-17).
  2. (Ingelesez) Business plan. 2020-03-08 (Noiz kontsultatua: 2020-03-17).
  3. Caurin, Juanma. (2017-07-19). «Tipos de plan de negocio | Clasificación de planes de negocio» Emprende Pyme (Noiz kontsultatua: 2020-03-17).
  4. «Enpresa bat sortzea» Gaztenpresa (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  5. (Ingelesez) «Steve Blank No Plan Survives First Contact With Customers – Business Plans versus Business Models» Steve Blank 2010-04-08 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  6. (Gaztelaniaz) ¿QUÉ DIFERENCIA HAY ENTRE MODELO DE NEGOCIO Y PLAN DE NEGOCIO? | Yo creo. (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).

Kanpo estekak aldatu