Nazioarteko zigorrak Donbasseko gerran

Jarraian, Donbasseko gerra (2014)n zehar egon ziren nazioarteko zigorrak ageri dira zerrendatuta.

Errusiaren edo Ukrainako pertsona edo erakundeen aurka zigorrak jarri zituzten lurraldeak
     Errusia      Zigorrak jarri zituzten herrialdeak      Europar Batasunaren parte ziren eta zigorrak jarri zituzten herrialdeak

Testuingurua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Donbasseko gerra (2014)»

Errusiaren aurkako zigorrak aldatu

Hirugarren zigor multzoa[1] aldatu

Uztailaren 29an, Errusiaren kontrako zigor berriak iragarri zituen Barack Obama AEBetako presidenteak, Ukrainan matxino errusiazaleei emandako babesagatik. Energia, defentsa eta finantza sektoreen aurkako zigor ekonomikoak biltzen zituen hirugarren zigor sortak. Hit VTB, Bank of Moscow eta Russian Agricultural Bank bankuak zigortu zituzten AEBek. Horrela, hirurek epe ertainera zein luzera dolarretan kapitalen merkatuan jokatzeko aukerarik ez zuten izango, Altxorraren Departamentuak agiri batean azaldu zuenez. Era berean, United Shipbuilding Corporation konpainiaren aktiboak blokeatu zituen Washingtonek. Europar Batasuneko gobernuak akordio politiko batera iritsi ziren, Errusiaren aurkako zigor pakete bat ezartzeko. Zigor finantzarioak zekartzan Europako kapital merkatuetarako sarbidea mugatzeko, baita arma-blokeoa ere kontratu berrietarako. Bestalde, AEBetako Gobernuak iragarri zuenez, Errusiak aldebiko tratatua hautsi zuen, armen kontrola betetzean, misilei zegokienez[2].

Abuztuaren 8an, Ukrainak ere zigorrak jarriko zizkion Errusiari, "krimenak" egotzita. Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak jakinarazi zuenez, zigortuko zituzten konpainia eta norbanakoek "terrorismoa babestu eta finantzatzen dute, eta harreman zuzena dute Ukrainako lurraldean egin diren krimenekin". 26 zigor izan ziren guztira, eta neurri horien artean zeuden aktiboak izoztea, lizentziak kentzea eta funtsak ateratzea galaraztea. Zigorren inguruko lege proiektu bat onartu zuten, eta espero zen abuztuaren 12an lege bihurtzea, Parlamentuaren onespenarekin[3].

Abuztuaren 14ean, Ukrainako Rada Gorenak (Parlamentuak) lege proiektu bat onartu zuen, Errusiaren aurkako 29 zigor mota ere ezarri ahal izateko. Besteak beste, Moskuk Europara esportatzen zituen hidrokarburoen igarotzea debekatzeko aukera. Proiektuak 244 diputatuen botoak lortu zituen, beharrezkoak zirenak baino 18 gehiago. Legea onartu aurretik, Yatseniukek aurreratu zuen CSNDri zigortuak izateko hautagaien zerrenda aurkeztuko ziola. 172 lagun eta 65 enpresa zeuden bertan, Errusiakoak eta beste herrialde batzuetakoak. Gobernua aztertzen ari zen neurrien artean, aktiboen izozketa, merkataritza-eragiketak murriztea edo aire-espazioa zati batez edo erabat ixteko aukera zeuden[4].

Irailaren 5ean, Errusiaren aurkako zigorrak gogortzeko egitasmo bat aurkeztuko zuen Europar Batasunak. «Ahalik eta eragin handiena» lortzeko diseinatuta zegoenneurri sorta hori: alde batetik, kapitalen salerosketa zorroztuko zuen, eta nabarmen zailduko zion Errusiari armak eta energia sektoreko teknologiak erostea; bestetik, Errusia nazioarteko hainbat ekitalditatik baztertzeko proposatuko zuen Bruselak: besteak beste, 1 Formulako lasterketetatik, futbol txapelketetatik eta bestelako kirol ikuskizun edo ekitaldi kulturaletatik. Boikot horrek 2018ko Munduko Futbol Txapelketari ere eragin ziezaiokeen[5].

Irailaren 6an, EB Europar Batasunak adostutako zigor sorta berriari erantzun egingo ziola adierazi zuen Moskuk. Ulergaitza zitzaion Errusiari Kieven eta matxinoen arteko su-etena adostutako egunean bertan zigor gehiago ezartzea. Uztailaren hasieran jarritako neurriak gogortu nahi zituen EBk, Moskuk Ukrainako ekialdeko egoera desegonkortu zuelakoan. Finantza alorrean, defentsan eta teknologia produktuen salmentetan debekuak ezarri zituzten orduan. Ondorioz, Errusiako Estatuko bankuei eta energia konpainiei nazioarteko funtsen bidez finantzatzea zailago egingo zitzaien. Halaber, Artikoa ikertzeko eta petrolioa ur sakonetan aurkitzeko elkarrekin hasitako proiektuak bertan behera utzi zituzten. Horretaz gain, Errusiako Gobernuaren gertuko beste 24 lagun zigortuko zituzten[6].

Irailaren 8an, EB Europar Batasunak onartu egin zuen Errusiari uztailean ezarritako zigorrak gogortzea. Errusiako Estatuko bankuei eta enpresei kapitalen merkaturako sarrera galarazi, eta defentsa eta teknologiako produktuen salmentetan ezarritako debekua gogortuko zuen neurriak. Horrez gain, matxinoen gertuko beste 24 laguni EBra bidaiatzea debakatuko zieten eta ondasunak izoztuko zizkioten[7].

Irailaren 12an, Errusiako energia, defentsa eta finantza alorrei eragingo zieten zigorrak indarrean sartu zituen Europako Batasunak. Zigorrak iragan ostiralean hitzartu zituzten, eta astelehenean onartu. Bruselak ordura arte onartutako zigorrik gogorrenak ziren, Moskuk Ukrainako gatazkan izan zuen esku hartzeari aurre egiteko. Bruselak Errusiari zigor gogorragoak jartzea onartu zuelarik, Europako hegazkin konpainiei aire eremua ixteko mehatxuarekin erantzun zuen Moskuk. Aurreko zigorren ondorioz, barazkiak inportatzeko debekua ezarri zuen, eta irailaren 11ean, bigarren eskuko autoen eta ehungintza gaien inportazioak mugatzeko aukera aipatu zuen. Obamak egun berean jakinaraziko zituen AEBen zigor gehiago[8].

Egun berean, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Europako Batasunaren azken zigorrak gaitzetsi zituen. Haren arabera, su-etenaren ondoren egoera "egonkortasuna" irabazten ari zen, baina halako zigorrekin "bake prozesua aztoratu" nahi izatea leporatu zion EBri[9]. Egun berean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak jakinarazi zuenez, Europar Batasunak (EB) eta AEBek Errusiaren aurka jarritako zigor ekonomikoek egileei kalte egiten zieten, Moskurentzat galerak “minimoak” ziren bitartean[10].

Abenduaren 18an jakin zenez, Krimeara zabalduko zituen zigorrak EBk[11].

Errusiaren zigorrak aldatu

Abuztuaren 6an, Ukrainako gatazka zela-eta Errusiaren aurkako zigorrak babestu zituzten herrialdeen inportazioak debekatzeko agindu zuen Vladimir Putin presidenteak[12].

Abuztuaren 7an, Errusiak indarrean sartu zuen Europako Batasuneko, AEBetako, Norvegiako, Australiako eta Kanadako elikagai produktuak inportatzeko debekua. Ukrainako gatazka zela-eta herrialde horiek jarri zizkioten zigorrei emandako erantzuna izan da. Halaber, Kremlinek jakinarazi zuen aztertzen ari zela Mendebaldeko hegazkin konpainiei Errusiako aire eremua debekatzea. Asiarako bidaiei eragingo ziekeen[13].

Gasa Ukrainan aldatu

Irailaren 2an, lehen aldiz Eslovakiatik hasi zen jasotzen gasa Ukraina. Bi herrialdeak lotzen dituen gas hodia martxan jarri zuten; herrialdeak behar zuen gasaren %14 eskuratuko zuen bide horretatik. Errusiarekiko mendekotasuna gutxitu nahi zuen horrela Kievek. Salmenta prezioaren inguruko liskarrak zituzten bi herrialdeek, eta, zorren ondorioz, gas emaria eten zuen Moskuk. Poloniatik eta Hungariatik ere jasotzen zuen energia Kievek[14].

Zigorren ondorioa: Errusiaren blokeoa lehengaietan aldatu

Abuztuaren 8an, Errusiaren blokeoak neurrizko kezka sortu zuen euskal enpresarien artean. Nafarroaren kasuan, soilik, 130 enpresek esportatzen zuten Errusiara. Iaz bakarrik 1,6 milioi euroko esportazioak egin zituzten Errusiarekin elikagai freskoen bitartez. Beste aldetik, EAEko enpresariek ikuspuntu baikorragoarekin begiratzen zioten blokeoari, Nafarroatik Errusiara esportatzen zen gehiengoa elikagaiak baziren, EAEtik egindakoak industriara mugatzen baitziren. Beraz, ez zuten Moskuk ezarritako blokeoa nozituko. Nafarroako esportatzaile nagusia Volkswagen zen, nahiz eta Nafarroak Errusiarekin egiten zituen esportazioak guztiaren %0,6a ziren soilik (4 milioi euro).

EAEko ekonomiak, aldiz, gutxiago sufritu zuen, aipatutako herrialdearekin egiten zituen negozioak ez baitziren guztiaren %0,3ra heltzen. EAEn eta Nafarroan egoera ez zen arriskutsua, baina Europako hainbat tokitan urduritasuna azaleratzen hasi zen, herrialde bakoitzaren egoera guztiz ezberdina baitzen. Arazoaren muina Europak Errusiara elikagai freskoak esportatzeagatik urtero lortzen zituen bi mila milioi euroak ziren. Blokeo honek sorrarazi zitzakeen ondorioak larriak izan zitezkeen, Alemaniaren kasuan, adibidez[15].

Abuztuaren 11ean, elikagaiak inportatzeko debekuak sektorean izango zuen eragina formalki aztertzen hasi zen Europar Batasuna (EB). Horrela, mertxiken eta nektarinen ekoizleak laguntzeko aurreneko neurriak proposatu zituen Bruselak. Europako Batzordearen adituen lantaldea bildu zen lehen aldiz Errusiaren betoa eta nekazariak laguntzeko neurriak aztertzeko. Jerzy Bogdan Plewa EBko Nekazaritza zuzendari nagusiak lantaldea zuzentzen zuen. AEB, Australia, EB, Kanada eta Norvegiako txahalkia, txerrikia, barazkiak eta ortuariak, frutak, arraina, gaztak, esnea eta esnekiak urtebetez inportatzeko debekua adostu zuen Moskuk abuztuaren 7an. Bestalde, Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroak Espainiako sektorearekin (EBko seigarrena da ekoizpenean, 338 milioi euroko kaltearekin) bildu eta gero ziurtatu zuenez, "produkzioak berehala bertan behera uzteko" eskatuko zuten helduko zen osteguneko bileran[16].

Egun horretan erabaki zenez, Nafarroako melokotoiak laguntza izango zuen Errusiari erantzuteko. Ez zen erabateko laguntzarik izango, baina Nafarroako melokotoi ekoizleek edozein laguntza eskertu zuten. Europako Batzordeak jakinarazi zuen hainbat neurri hartu zituela fruta hori eta nektarina ekoizten zituztenen alde; betiere, Errusiak EBko janariei jarritako betoari erantzuteko. Sartaguda inguruan zeuden Nafarroako melokotoi ekoizlerik gehienak. Fruta horren aldeko neurria zen %5etik %10era igoko zela banaketa librean saltzeko produkzioa. Ekoizle Elkarteetan eta haietatik kanpo zeuden nekaraziek eskatu ahal izango zuten aukera hori. Frutaren salmenta sustatzeko, funts berezi bat ere sortuko zuen EBk. Kaltea bazegoen ordurako; Arguedasko Congelados de Navarra enpresaren kontainer bat gerarazi zuten Valentziako portuan, adibidez. Barazki izoztuak esportatzen zituen Errusiara enpresa horrek[17].

Horren aurrean, Argentinako Gobernuak iragarri zuen Moskuk EBko eta AEBetako elikagai eta lehengaiei jarri zien betoa «aukera» gisa aprobetxatu eta Errusiarako esportazioak indartuko zituela. «Errusiak elikagaien eskari handia dauka, eta Argentinak hornitu dezake», azaldu zuen Jorge Capitnich Argentinako kabinete buruak[18].

Abuztuaren 14ean, Europar Batasuna osatzen zuten 25ek bilera egin zuten, Bruselan, EBko nekazaritza-produktuentzat (fruta eta barazkiak, haragia, arraina eta esnekiak) Errusiako merkatua ixteak izango zuen eragina aztertzeko. Hala, arazo gehien jasatzen ari ziren sektoreak identifikatu eta onartuko zituzten laguntza ekonomikoak zehazten ahaleginduko ziren. Espainiako merkatutik produktuak kendu zirela eta, Bruselan egin zen bileran horren ordaina eskatuko zuela iragarri zuen Isabel Garcia Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroak[19].

Egun berean, Europako Batzordeak (EBk) adierazi zuenez, zetorren asterako neurri gehiago ari zen prestatzen Errusiak ezarritako betoak eragindako ekoizleei laguntzeko. Errusiak ezarritako murrizketek kaltetu ahal zituzten produktuak zeintzuk ziren zehazten saiatu ziren. Halaber, jarraipen mekanismoa abiatzea ere erabaki zuten; horrela, merkatuaren datuetarako sarbide azkarra eta hobea izango zuten, kideak diren Estatuen laguntzarekin. Errusiaren enbargoaren eragina 5.252 milioi eurokoa izan ahal zela balioetsi zuten; Espainiari zegokionez 338 milioikoa zen. Batzordeak emandako aurreko datuen arabera, eta 2013ko zifretan oinarrituta, beto errusiarrak EBren txerri haragiaren %1,7ri eragiten zion, behi-haragiaren %0,4ri eta oilasko haragiaren ekoizpenaren %0,6ri. Fruta eta barazkiei zegokienez, madarien europar ekoizpenaren %8ri eragiten zion; sagarren % 7ri; fruitu gorrien, marrubien eta kiwien % 6ri; txanpiñoien, mertxiken eta nektarinen % 4ri; azaburu zuriaren % 3ri; tomateari, tipulari, piper gozori, pepinori, pepinotxori eta zitrikoei dagokienez, % 2ri; eta azenarioen, arbien, azaloreen eta brokolien % 1i. Esnekietan, Errusiak EBetik gaztaren ekoizpenaren % 2,6 bereganatu zuen, gurinaren % 1,7 eta esnearen gazuraren % 1,1. Bestalde, Errusiak aldaketa bat jakinarazi zuen, debekatutako produktuen zerrendan. Izan ere, produktu batzuk herrialdean bertan egin ahal izateko lehengaia lortzea zen aldaketa horren asmoa[20].

Abuztuaren 25ean, Carlos Cabanas Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusiak adierazi zuenez, Europar Batasunak ez zuen Amankomuneko Nekazal Politikaren krisiaren deitutako "funtsa" erabiliko Errusiaren betoaren kontrako bi neurriak finantzatzeko. Europako Batzordeak berak jakinarazi zuen lehenengo bi neurrien 155 milioi euroko diru-partida ez zela funtsa horretatik aterako, baizik eta EBren ordungo aurrekontutik[21].

Irailaren 5ean, Europar Batasuneko Nekazaritza ministroek bilera egin zuten Errusiak ezarritako betoak Europako nekazaritza merkatuetan izan zuen eragina aztertzeko eta neurri gehiago hartu behar ziren erabakitzeko. Larrialdi laguntzak iragarri zituen Bruselak abuztuan melokotoi, nektarina eta tomate ekoizpenentzat. Krisi honen eraginez, 300 milioi euroko galerak izan zituela iragarri zuen Espainiak. Batzordeak 125 milioi euro zuzendu zituen garaian garaiko fruta eta barazkien ekoizpenera (tomatea eta sagarra), 33 milioi euro melokotoiaren eta nektarinaren ekoizpenera, eta 10 eta 20 milioi arteko laguntzak gurinaren, gaztaren eta esne-hauts gaingabetuaren biltegiratzera[22].

Erreakzioak aldatu

Abenduaren 9an, Errusiak onartu zuen AEBek bultzatutako nazioarteko zigor ekonomikoen kaltea jasan zuela, baina bi herrialdeek eztabaidagai dituzten kontuetan jarrerari eutsiko ziela esan zuen[23].

Erreferentziak aldatu

  1. Oharra: aurretik beste bi zigor multzo egon ziren Errusiaren aurka: martxoan, 2014ko Krimeako krisiarengatik eta apirilaren amaieran
  2. «Zigor gehiago ezarri dizkiote AEBek eta EBk Errusiari», EiTB, 2014-07-29
  3. «Ukrainak ere zigorrak jarriko dizkio Errusiari, "krimenak" egotzita», Berria, 2014-08-08
  4. «Ukrainako Parlamentuak Errusiaren kontrako zigorrak onartu ditu», EiTB, 2014-08-14
  5. Samara Velte, «Zigorrak igota, Errusia hainbat sektoretatik at utzi nahi du EBk», Berria, 2014-09-04
  6. A. G., «EBk zigorrak ezarriz gero, Errusiak erantzun egingo du», Berria, 2014-09-07
  7. Adrian Garcia, «Ukrainako matxinoek 1.200 gatibu askatu dituzte, bake planari jarraikiz», Berria, 2014-09-09
  8. Xabin Makazaga, «Errusiaren kontrako zigor berriak gaurtik indarrean jartzea erabaki du Bruselak», Berria, 2014-09-12
  9. «Su-etena zigorrekin "aztoratu" nahi izatea egotzi dio Errusiak Bruselari», Berria, 2014-09-12
  10. «Zigorrek EBri eta AEBei kalte egiten dietela ohartarazi du Putinek», EiTB, 2014-09-12
  11. «Krimeara zabalduko ditu zigorrak EBk», Berria, 2014-12-19
  12. «Errusiak zigorren aurkako neurriak hartu ditu», Berria, 2014-08-07
  13. «Errusiak Mendebaldeko elikagai produktuak debekatu ditu», Berria, 2014-08-08
  14. «Eslovakia bidez hasi da jasotzen gasa Ukraina», Berria, 2014-09-03
  15. «Errusiaren blokeoak neurrizko kezka sortu du euskal enpresarien artean», EiTB, 2014-08-08
  16. «Errusiaren betoa aztertu eta lehen neurriak proposatu ditu EBk», EiTB, 2014-08-11
  17. «Nafarroako melokotoiak laguntza izango du Errusiari erantzuteko», Berria, 2014-08-12
  18. «Argentinak gehiago esportatu nahi du Errusiara», Berria, 2014-08-12
  19. «EBk bilera egingo du gaur Errusiaren betoari irtenbidea bilatzeko», EiTB, 2014-08-14
  20. «Laguntza handiagoa, Errusiaren betoak eragindako ekoizleentzat», EiTB, 2014-08-14
  21. «Bilera egin dute Errusiaren betoaren kontrako neurriak aztertzeko», EiTB, 2014-08-25
  22. «Errusiaren betoari aurre egiteko neurri gehiago aztertuko dituzte 28ek», EiTB, 2014-09-05
  23. «Errusia: «Ez dugu AEBen aitzinean amore emanen»», Berria, 2014-12-09

Kanpo estekak aldatu