Naomi Klein (Montreal, Quebec, 1970eko maiatzaren 8a) Kanadako kazetari, idazle, zinegile eta aktibista da. Ezaguna da globalizazio korporatiboaz eta kapitalismoaz egindako azterketa eta kritikengatik. Ezagun egin zen nazioartean No Logo (1999) liburuarekin. Gero idatzi zituen Fences and Windows (2002), The Shock Doctrine (2007) izugarri arrakastatsua, This Changes Everything (2014), No Is Not Enough (2017) eta The Battle For Paradise (2018). Horrez gain, artikulu mordoa argitaratu ditu egunkari eta aldizkari askotan. Orobat, gidoia idatzi zuen The Take (2004) egiteko, dokumental bat Argentinako fabrika okupatuen inguruan; baita The Shock Doctrine film laburrerako.

Naomi Klein

(2017)
Gloria Steinem Endowed Chair in Media, Culture and Feminist Studies (en) Itzuli

2018 - 2021
associate professor (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaMontreal1970eko maiatzaren 8a (54 urte)
Herrialdea Kanada
Familia
AitaMichael C. Klein
AmaBonnie Sherr Klein
Ezkontidea(k)Avi Lewis
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaTorontoko Unibertsitatea
London School of Economics
St. George's School of Montreal (en) Itzuli
HizkuntzakKanadako ingelesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, gidoilaria, idazlea, dokumentalgilea, soziologoa, ekonomialaria eta climate activist (en) Itzuli
Lantokia(k)Toronto
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Kidetza350.org (en) Itzuli
MugimenduaEkologismoa
Antikapitalismoa
Justizia klimatikoa
Genero artistikoasaiakera

naomiklein.org
IMDB: nm1468859 Allocine: 101545 Allmovie: p345422 TV.com: people/naomi-klein
Facebook: naomikleinofficial Twitter: NaomiAKlein TED: naomi_klein iTunes: 211992950 Musicbrainz: e74c2c6b-220c-4cf0-a914-e4058bcc7f43 Discogs: 1013232 Edit the value on Wikidata

Kleinek sari eta aitorpen ugari jaso ditu nazioartean, bere lanengatik eta baita ingurugiroaren alde egin duen ahaleginagatik ere. Sarri agertzen da pentsalari eraginkorrenen zerrendetan. [1] Zuzendaritzako kide da 350.org klimaren aldeko erakundean. [2]

Familia

aldatu

Naomi Klein Montrealen jaio zen, Quebec-en, familia judu bakezale batean. Haren gurasoak hippie mugimenduko kide izan ziren, eta 1967an AEBetatik Montrealera aldatu ziren bizitzera, Vietnamgo gerraren aurka zeudelako. Amak, Bonnie Sherr Klein, dokumentalak egiten zituen, ezagunena Not a Love Story, film luze bat pornografiaren kontrakoa; aita, Michael Klein, medikua da eta Gizarte Erantzukizunerako Medikuen elkarteko kidea; neba, Seth Klein, Politika Alternatiboetako Zentruko zuzendaria da, Columbia Britainiarrean.

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, Naomi Kleinen aitaren parteko aiton-amonak komunistak ziren, baina 1939an Sobiet Batasunaren kontra bihurtu ziren, Molotov-Ribbentrop itunaren ondorioz. 1942an, aitona, berau animatzailea Disney faktorian, kaleratu egin zuten 1941eko grebaren ondoren, eta handik lanera joan zen ontziola batzuetara. 1956rako utzia zuten komunismoa. Kleinen aita hazi zen gizarte-justizia eta arrazen arteko berdintasun ideiez inguratuta, baina aitortu zuen “zaila eta beldurgarria zela komunisten haurra izatea”, alegia “pardel gorriko haurrak” zeritzenak.

Kleinen senarra, Avi Lewis, jaio zen familia batean ondo konektatua, bai politikan eta baita kazetaritzan ere. Telebista-kazetaria da, eta dokumentalak egiten ditu. Haren aitona, Davis Lewis, New Democratic Party Kanadako partidu sozialistaren sortzailetako bat izan zen. Lewis-Klein bikoteak seme bat dauka, Toma, 2012ko ekainaren 13an jaioa.

Lehen urteak

aldatu

Nerabezaroko urterik gehienak saltoki handietan igaro zituen Klein gazteak, markako produktuekin obsesionatuta. Haur eta nerabe zela, gogorra egin zitzaion “ama feminista ezaguna” edukitzea, eta baztertu egin zuen politika. Aldiz, topera besarkatu zuen kontsumismoa.

Bi gertaerak aldarazi zioten ikuspegia. Lehena izan zen haren ama Bonniek infarto bat jaso izana, Naomi prestatzen ari zela Torontoko Unibertsitatera joateko, bertan Filosofia eta Literatura ikastera. Aita eta nebarekin batera, Klein arduratu zen ama zaintzen, hura ospitalean zen bitartean. Urtebetez, alboratu egin behar izan zituen ikasketak. Hantxe utzi zion “ume mukizu izateari”. Torontoko Unibertsitatera joan zenean, orduan gertatu zitzaion bigarren gertaera inportantea, Montrealgo sarraskia, non mutil gazte batek hil zituen 14 neska ikasle Montrealgo Eskola Politeknikoan. Horrek feminismoan murgildu zuen buru-belarri.

Idazle gisa, lehen urratsak egin zituen Torontoko Unibertsitateko aldizkarian, The Varsity, non lan egin zuen erredakzio-buru moduan. Hirugarren urtea amaitutakoan, ikasketak utzi eta The Globe and Mail egunkarira joan zen lanera. This aldizkarian ere lan editoriala egin zuen. 1995ean amaitu zituen unibertsitate-ikasketak.

Lan nabarmenak

aldatu
aldatu

1999an Naomi Kleinek argitaratu zuen No Logo (Logorik ez) liburua, zeina askoren iritziz bihurtu zen Globalizazioaren aurkako mugimenduaren manifestu. Bertan egileak salatzen ditu hainbat korporazio, munduko herrialderik pobreenetan langileak esplotatzeagatik, irabazi handiagoen bila. Adibide gisa, Kleinek kritikatu zuen hain zorrotz Nike enpresa, ezen azken horrek puntuz-puntuko erantzun bat argitaratu behar izan baitzuen. No Logo bihurtu zen nazioarteko bestseller, eta saldu zituen milioitik gorako kopia, 28 bat hizkuntzatan.

Fences and Windows

aldatu

2002an Kleinek idatzi zuen Fences and Windows (Hesiak eta Leihoak), artikulu bilduma bat Globalizazioaren aurkako mugimenduaren alde idatziak. Liburutik ateratako irabaziak Fences and Windows fondora bideratu ziren.

The Take

aldatu

2004an Kleinek eta haren senarrak, Avi Lewis, dokumental bat egin zuten, The Take (Jabetzea), eta bertan kontatu zuten zelan Argentinan langile batzuk jabetu ziren itxitako fabrika batez, eta zelan hasi ziren lanean kooperatiba gisa. Lehen aldiz Hego Afrikan proiektatu zen, Durban hirian, Abahlali baseMjondolo mugimenduaren sehaskan.

Z Communications aldizkariak kritikatu zuen dokumentalak oker aurkeztu zuela sozial demokratatzat Juan Domingo Perón general eta politikari argentinarra.

The Shock Doctrine

aldatu
 
Naomi Klein liburuaren polonierazko itzulpena aurkezten, Varsovian.

2007an kaleratu zen Kleinen hirugarren liburua: The Shock Doctrine (Xok doktrina). Bestseller izan zen The New York Times egunkarian, eta 28 hizkuntzatara itzuli zen. Liburuak dio Milton Friedman Nobel saridunaren eta Chicagoko Ekonomia Eskolako merkatu libreko politikak ezarri zirela Txilen, Argentinan, Polonian eta Errusian une jakin batzuetan, non hondamendi, inbasio edo suntsipen batek eragozten zuen hiritarren partehartzea. Adibide horiekin batera, egileak azaltzen ditu New Orleanseko eta Irakeko kasuak, lehena Katrina urakanak hondatuta, eta bigarrena AEBetako armadak inbaditu ostean.

Kleinen tesia ondorengoa da: gizarte bat hondamendi handi batek jotzen duenean, berau izan ekonomikoa, politikoa, militarra edo naturala, kasu horietan bilatzen da arazoa lehenbailehen konpontzea, modu azkar eta eraginkorrean. Horrek dakar, kasu askotan, jendeak nahi ez dituen neurriak ezartzea, azaroarekin zerikusirik ez dutenak. Kleinen iritziz, zenbaitetan, xok horiek nahita eragiten dira. Haren ustez, “xok doktrina” da kapitalismoaren “sorkuntza suntsitzailearen” azken maila, Joseph Schumpeter ekonomistak sortutako ideia bat.

2009an Berlingo Nazioarteko Zinemaldian Xok doktrina dokumentala estrenatu zen, Naomi Kleinen liburuan oinarritua. Gerora, Donostiako eta Rio de Janeiroko zinemaldietan ere ikusi da, baita Youtube plataforman ere. [3]

Xok doktrina liburuak izugarri areagotu zuen Naomi Kleinen garrantzia. The New Yorker aldizkariak dio Klein dela “ezker amerikarreko figurarik nabarmen eta eraginkorrena; Howard Zinn eta Noam Chomsky zirena orain 30 urte”. 2009ko otsailaren 24an, Naomi Kleinek Warwick saria jaso zuen, Warwick-eko Unibertsitateak emana, Ingalaterran.

This Changes Everything

aldatu

Kleinen laugarren liburua, This Changes Everything: Capitalism vs the Climate (Honek dena aldatzen du: kapitalismoa vs klima), 2014ko irailean argitaratu zen. Liburuak argudiatzen du merkatu neoliberalaren hegemoniak blokeatu egiten dituela klimaren aldaketa geldiarazteko erreformak. [4] Liburuak irabazi zuen Hilary Weston Writers’ Trust saria fikzioaz ez besteko kategorian, eta 2015ean izendatu zen Idazkuntza Politikorako Shaughnessy Cohen sarirako.

No Is Not Enough

aldatu

Kleinen bosgarren liburua, No is Not Enough: Resisting Trump’s Shock Politics and Winning the World We Need (Ez esatea ez da nahikoa: nola aurre egin Trumpen xok politikei, eta nola irabazi behar dugun mundua), 2017ko ekainean kaleratu zen. Lan honek indartu egiten ditu Xok doktrinan aipatutako ideiak, eta gehitu egiten ditu gaur egungo adibideak.

The Battle For Paradise

aldatu

Liburu hau, The Battle For Paradise: Puerto Rico Takes on the Disaster Capitalists (Paradisua konkistatzeko bataila: Puerto Ricok aurre egin die hondamendi-kapitalistei), 2018ko ekainean argitaratu zen. Bertan aztertzen da Maria urakanak Karibeko uhartean eragindako hondamendia eta kolonialismoak hura aprobetxatuz eragindako krisi humanitarioa.

Kritika Irakeko gerrari

aldatu

Naomi Kleinek artikulu asko idatzi ditu gaur-gaurko gaiez, tartean Irakeko gerra. 2004ko irailean idatzi zuen Baghdad Year Zero (Bagdad, zero urtea) Harper’s aldizkarirako. Bertan dio, uste zabalduaren kontrara, Bush administrazioak bazuela plan bat Irak inbaditu ondorengorako: merkatu libreko ekonomia bat ezartzea. Orobat, Kleinek azaltzen ditu AEBek zelako planak zituzten Irak arpilatzeko, eta zelako metodoak erabili ziren horretarako. Artikulu horretan oinarrituta egin zen War, Inc. filma, 2008an estrenatu zena.

2004ko abuztuan, The Nation astekariak argitaratu zuen Bring Najaf to New York artikulua (Eraman Najaf New Yorkera), non Kleinek eskatzen baitu eztabaida publikoa irekitzea Najaf hiri irakiarraren inbasioaz. Artikulugileak azaltzen du AEBetako armadaren ekintza Al-Mahdiren armadaren kontra, milizia bat Muqtada al-Sadr elizgizonak lideratua. Artikuluan Kleinek defendatzen du Sadr-ek nahi izan arren Irak teokrazia bihurtu, Iranen antzekoa, inbasioaren unean hark eskatu zuela hauteskundeak deitzea eta okupazioa amaitzea. Artikuluak eragin zuen Marc Cooper kazetariaren erantzuna, berau ere The Nation astekariko kolaboratzailea, non zenbait puntutan erakutsi baitzuen Kleinen kontrako ikuspegia. Amaieran idatzi zuen ez zuela uste Al-Sadr mulak nahiko zuenik judu laiko feminista sozialista baten babesik.

Venezuela

aldatu

2004an Kleinek eskari bat sinatu zuen, “We would vote for Hugo Chavez” (Hugo Chavezen alde bozkatuko genuke). 2007an adierazi zuen Chavezen agindupeko Venezuelan “herritarrek berritu zutela fedea demokraziak zelako ahalmena duen beraien bizitzak hobetzeko”. Haren iritziz, Chavezen politikak babestu egiten zuen Venezuelan kapitalismoak eragindako xok ekonomikoetatik. Todd Gitlin-ek, berriz, “erromantikotzat” jo zuen Klein, zeinak espero baitzuen Chavezen gobernuak etorkizun distiratsua ekarriko zuela, non langileek kudeatutako kooperatibek zuzenduko zuten ekonomia. Venezuelako ekonomia kolapsatu zenean Nicolas Maduroren agindupean, James Kirchick eta Mark Milke neokontserbadoreek kritikatu egin zuten Klein eta Chavez babestu zuten guztiak.

Kritikak Israeli

aldatu

2008ko martxoan Klein izan zen hizlari nagusia Alliance of Concerned Jewis Canadians (Judu Kanadar Arduratuen Aliantza) elkartearen urteroko konferentzian. 2009ko urtarrilean, Gazako istiluen garaian, Kleinek babestu zuen Boycott, Divestment and Sanctions (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpaina, Israelen kontrakoa, argudiatuz “okupazio odoltsuarekin amaitzeko modurik onena da Israel mugimendu bateko helburu bihurtzea, Hego Afrikako arrazismoa amaiarazi zuenaren tankerakoa”.

2009ko udan, Xok doktrina hebreerara itzuli zela-eta, Kleinek bisitatu zituen Israel, Zisjordania eta Gaza, eta uztartu zituen liburuaren sustapena eta BDS kanpaina. Ha'aretz (Lurra) egunkariak egindako elkarrizketa batean, Kleinek adierazi zuen berarentzat inportanteena zela “ez israeldarrei boikota egitea, baizik eta boikota egitea Israel eta Gatazka normalizatzeari”. Ekainaren 27an Ramallahn egindako hitzaldi batean, barkamena eskatu zien palestinarrei, BDS kanpainia lehenago ez partekatzeagatik. Bertan nabarmendu zuen “[Zenbait juduk] uste dute beti dugula genozida-izateko-txartel-librea”. Iritzi horrek eragin zuen Noam Schimmel kazetariaren erantzuna Jerusalem Post egunkarian, zeinak “biolentotzat” eta “anti-etikotzat” jo baitzuen Kleinen iritzia, eta “herri juduaren gaineko ikuspegirik perbertituena, judu gaizto eta okerraren gaineko estereotiporik zaharkituena”.

2009ko TIFF zinemaldian, Toronton, intelektual, zinegile eta idazle talde bateko bozeramalea izan zen Klein, zinemaldiak Tel Aviv hiriari eskainitako leku nabarmenagatik, haien ustez Israelen erretratu selektibo eta gezurrezkoa eskaitzen baitzuen.

Ingurumena

aldatu
 
2015ean, Seattlen

XXI. mendeko bigarren hamarraldiaren hasieran Naomi Kleinek ingurumenean zentratu du arreta, bereziki klima aldaketan, [5] zeinari buruz liburu bat idatzi baitu: This Changes Everything (2004). Haren webguneak dioenez, liburuak eta berorretan oinarritutako pelikulak aztertzen dute “zelan klimaren krisiak bultza dezakeen eraldaketa ekonomikoa eta politikoa”. Klein buru-belarri sartu da 350.org erakundean, eta parte hartzen ari da “Do the Mat” (Atera kontuak) kanpainan, dibertsitatearen aldeko aldarriarekin.

Kleinek Occupy mugimendua sustatu du, indarrak batzeko ingurumenaren aldeko mugimenduarekin, eta esan du finantza-krisiak eta klima-krisiak erro bera dutela: korporazioen zekentasun neurrigabea. Hitzaldi bat egin zuen Occupy Wall Street mugimenduan, eta bertan azaldu zuen mundua “hankaz gora” dagoela, jokatzen baitugu “benetan agortua dagoenak —erregai fosilak eta horien emisioak absorbitzen dituen atmosferak— amaierarik izango ez balu bezala” eta “mugak baleude bezala benetan ugaria denerako, behar dugun gizartea eraikitzeko finantza-baliabideak”.

Klein bereziki kritiko izaten ari da Athabasca-ko galipot-hareak erauztearekin, Albertako probintzian, Kanadan, zeina deskribatu baitzuen TED talk saio batean “lurra larrutzeko” formatzat. 2011ko irailaren 2an manifestazio batean hartu zuen parte Keystone XL enpresa hodigilearen kontra Etxe Zuriaren kanpoaldean, eta atxilotu egin zuten. Ingurumenaren aldeko mugimenduaren garaipentzat hartu zuen Obamaren erabakia Keystone XL gasbidea 2013a arte atzeratzea.

2009an parte hartu zuen Klimaren aldeko goi bileran, Kopenhagen. Orduan, Barack Obamari leporatu zion bilera haren porrota, eta deskribatu zuen bere herrialdea, Kanada, “klima-kriminaltzat”. Aurkeztu zion Angry Mermaid (Sirena haserrea) saria (sari satirikoa, ematen zaiona klimaren gaineko negoziazioak hobetoen saboteatu dituen korporazioari) Monsanto konpainiari.

Sandy urakanaren ondoren idatzi zuen klimaren krisia sekulako aukera zela suntsipen-kapitalistentzat eta krisitik etekina atera nahi duten korporazioentzat. Era berean, klimaren krisia “izan daiteke une historiko bat, markatzen duena aldaketa aurrerakoiaren hastapena edo People’s Shock (Herriaren xoka).

2016ko azaroaren 9an, AEBek aukeratu zutenean Donald Trump 45. presidente, Kleinek nazioarteko kanpaina bat proposatu zuen AEBei zigor ekonomikoak ezartzeko, baldin eta ez bazituen betetzen Parisko hitzarmenaren baldintzak.

Bestelako jarduerak

aldatu
 
Naomi Klein Occupy Wall Street mugimenduko jendeari hitz egiten (2011)

Kleinek hedabide hauetan idazten du: The Nation, In These Times, The Globe and Mail, This aldizkaria, Harper's aldizkaria eta The Guardian. Hitz egin izan du London School of Economics-en globalizazioaren kontrako mugimenduaz. 2004an Kleinek Hugo Chavez babestu zuen presidentziarako hauteskundeetan, Venezuelan.

2005ean 11. sailkatu zen Interneten egindako galdeketa batean intelektual globalen artean, Prospect eta Foreing Policy aldizkariek munduko 100 intelektualekin egindako zerrenda bat. 2010ean G-20 erakundeak Toronton egindako goi bileraren kontrako manifestazioetan hartu zuen parte, eta gaitzetsi egin zituen poliziaren indarra eta gehiegikeriak.

2011ko maiatzean, Kleinek jaso zuen Ohorezko gradua Saint Thomas Unibertsitatean. Urte berean, urriaren 6an Occupy Wall Street bisitatu zuen, eta bertan esan zuen protesta-mugimendu hura zela “munduko gauzarik inportanteena”. Urte berean, azaroaren 10ean, eztabaida batean parte hartu zuen Occupy Wall Street mugimenduaren geroaz, beste hizlari batzuekin, tartean Michael Moore, William Greider eta Rinku Sen.

Lan zerrenda

aldatu

Liburuak eta ekarpenak

aldatu
  • Klein, Naomi (1999ko azaroa). No Logo. Knopf Canada and Picador. ISBN 0-312-42143-5.
  • Klein, Naomi (2002ko urria). Fences and Windows: Dispatches from the Front Lines of the Globalization Debate. Vintage Canada and Picador. ISBN 0-312-42143-5. OCLC 50681860.
  • Klein, Naomi (2003ko urria). "Rescuing Private Lynch, Forgetting Rachel Corrie". In Kushner, Tony; Solomon, Alisa. Wrestling with Zion: Progressive Jewish-American Responses to the Israeli-Palestinian Conflict. New York City: Grove Press. orr. 69–71. ISBN 978-0-8021-4015-9.
  • Klein, Naomi (2007). The Shock Doctrine. Knopf Canada. ISBN 978-0-676-97800-1. OCLC 74556458.
  • Klein, Naomi (2009ko azaroa). "Capitalism, Sarah Palin–Style". In Kim, Richard; Reed, Betsy. Going Rouge: Sarah Palin, An American Nightmare. OR Books. ISBN 978-0-9842950-0-5.[46]
  • Klein, Naomi (2015). This Changes Everything: Capitalism vs. the Climate. ISBN 9788449331022
  • Klein, Naomi (2017). No Is Not Enough: Resisting Trump's Shock Politics and Winning the World We Need. ISBN 9781608468904
  • Klein, Naomi (2018). The Battle For Paradise: Puerto Rico Takes on the Disaster Capitalists. Haymarket Books. ISBN 978-1608463572.

Artikuluak

aldatu
  • Klein, Naomi (September 2004). "Baghdad year zero: Pillaging Iraq in pursuit of a neocon utopia". Harper's Magazine (New York City): 43–53. ISSN 0017-789X.
  • Klein, Naomi(November 28, 2011). "Capitalism vs. the Climate: What the right gets — and the left doesn't — about the revolutionary power of climate change". The Nation (New York City).ISSN 0027-8378.

Filmografia

aldatu
  • The Corporation (2003) (elkarrizketatua)
  • The Take (2004) (idazlea)
  • The Shock Doctrine (2009) (idazlea)
  • Catastroika (20012) (gonbidatua)
  • This Changes Everything (2005)

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «The Maclean's 2014 Power List, Part 2 - Macleans.ca» Macleans.ca 2014-11-20 (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).
  2. (Ingelesez) «Meet the 350.org Team» 350.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).
  3. «Munduarekiko duzun ikuspegia aldatuko duten dokumentalak 2/2 | Ikusi makusi... zer ikusi?» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).
  4. «'Beldurrak ezin du gidaria izan, hori da mugimendu ekologistaren akatsa'» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).
  5. «Naomi Kleinen deia: klimaren krisia jarri ezkerraren ardatz» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).

Kanpo estekak

aldatu