Nafarroako Aldizkari Ofiziala

Nafarroako Aldizkari Ofiziala edo NAO (gaztelaniaz Boletín Oficial del Navarra edo BON) Nafarroako Foru Erkidegoaren aldizkari ofiziala da, erkidego horretan argitaratu behar diren xedapen orokor, administrazio egintza eta arau guztiak argitaratzen dituen hedabidea.[1] Gaur egun edizio elektronikoa soilik argitaratzen da, gaztelaniaz eta euskaraz. 58/2009 foru dekretuak (2009ko uztailaren 2koa) arautzen du Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

Nafarroako lehenbiziko aldizkari ofiziala 1838ko martxoaren 1ean argitaratu zen, Boletín Oficial de Pamplona izenarekin. 1847tik aurrera Boletín Oficial de la Provincia de Navarra bihurtu zen, eta 1975tik aurrera Boletín Oficial de Navarra izena hartu zuen. Euskararen Foru Legean ezarritakoaren ondorioz, 1989tik aurrera gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen da, argitalpen banatan, aldi berekoak baina bereiz.

Edizio elektronikoa 1996ko maiatzaren 1ean hasi zen, paperezkoarekin batera. Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen atarian argitaratzen da. Lehenbiziko testu bertsio modura eta 2001etik aurrera jatorrizkoaren faksimile gisara, dohainik begira daitekeelarik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko 11/2007 Foru Legeak (2007ko apirilaren 4koa), bere 43. artikuluan, bertsio elektronikoak paperezko argitalpen inprimatuak dituen lege ondorio berak dituela zehazten du.

Maiztasunari dagokionez, 58/2009 foru dekretuak zehazten du astean Nafarroako Aldizkari Ofizialaren hiru ale arrunt argitaratuko direla gutxienez. Gaur egun, astelehenetik ostiralera argitaratzen da, jaiegunetan izan ezik.

Egitura aldatu

  1. Nafarroako Foru Komunitatea.
    1. Xedapen orokorrak.
      1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak.
      2. Foru dekretuak.
      3. Foru aginduak.
    2. Agintariak eta langileak.
      1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak.
      2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan Publikoaren Eskaintza.
    3. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza.
    4. Diru-laguntzak, laguntzak eta bekak.
    5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak.
    6. Nafarroako Kontseilua.
    7. Bestelakoak.
  2. Nafarroako Toki Administrazioa.
    1. Oposizioak eta lehiaketak. Lan Publikoaren Eskaintza.
    2. Xedapen eta iragarkiak, herrien arabera antolatuak.
  3. Estatuko Administrazioa.
  4. Prozedura judizialak.
  5. Hauteskunde prozedura.
  6. Bestelako iragarkiak.
    1. Jakinarazpen ediktuak.
    2. Partikularren iragarkiak.

Erreferentziak aldatu

  1. «NAO zer den», Nafarroako Aldizkari Ofizialaren webgunea.

Kanpo estekak aldatu