Nada Naumović

partisano serbiarra

Nadežda (Nada) Naumović (serbieraz zirilikoz Надежда Нада Наумовић) –Kragujevac, Jugoslaviako Erresuma (egun, Serbiako Errepublika); 1922ko apirilaren 22-Šumarice, Kragujevac udalerria, Okupaziopeko Serbia (egun, Serbiako Errepublika), 1941ko urriaren 21-, serbiar eta jugoslaviar partisano komunista bat izan zen. Kragujevaceko sarraskian hila, guda ostean Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatu zuten.

Nada Naumović
Bizitza
JaiotzaKragujevac (en) Itzuli1922ko apirilaren 22a
Herrialdea Serbia
HeriotzaKragujevac (en) Itzuli1941eko urriaren 21a (19 urte)
Heriotza moduaberezkoa ez den heriotza
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Belgrade School of Medicine (en) Itzuli
Hizkuntzakserbiera
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Jugoslaviako Komunisten Liga

Hasierako urteak aldatu

Kragujevacen jaio zen, aita okina zuen[1], eta han egin zituen Lehen Hezkuntza zein Bigarren Hezkuntza. Ikasle oso ona izan zen[1]. Bigarren Hezkuntzako seigarren maila ikasten ari zela hasi zen kontaktuan mugimendu iraultzailearekiko[1][2]; iturri batzuen arabera, orduan egin zen Gazteria Komunistako kide (Naumovićekin batera beste 12 neska zeuden institutu horretan Gazteria Komunistaren kide zirenak)[3]. Nada Naumović eskolatikbotatzear izan ziren, izan ere eskola-eguna hasi aurretik aitaren egiteari uko egiten bazion, baina ikasle ona izateak ekarri zuen bere kaleratzea berriz kontsideratu izana[1].

Bigarren Hezkuntza bukatuta Naumović Belgradera joan zen Medikuntza ikastera, non Ikasleen Elkartearen kide egin zen, eta 1940an[2] edo 1941an[4] (iturriaren arabera) Jugoslaviako Alderdi Komunistan sartu zen.

Partisanoa aldatu

1941ko apirilean Ardatzaren inbasioa hasi zenean, Naumović Kragujevacera itzuli zen Alderdiarentzat lan egitera[5]; momentu horretan Kragujevaceko Gazteria Komunistako buru aukeratu zuten[1]. 1941ko ekainean Serbian gertatu zen matxinada handia antolatzen lagundu zuen, bere etxea izan zen partisanoentzako larrialdi-sorospenetarako ikastaroen lehen egoitza Kragujevacen. Lehen egun horietan hezkuntza politikoko eta irakurketa taldea antolatu zituen eta partisanoentzako mediku-laguntza eta arropa biltzen lagundu zuen[2]; baina horrez gain, Naumović Kragujevaceko Nazio Askapenerako Fronteko (Alderdi Komunistaren masa-erakundea edo “fronte popularra”; partisanoen beso politiko bezala funtzionatzen zuena) zuzendaritzako kide ere izan zen[1][5].

Hurrengo asteetan Naumovićek bestelako lanen ardura hartu zuen. Bere lagunetako batek polizia bezala lan egiten zuenez, haren bidez faltsututako nortasun-txartelak lortu zitzakeen alderdikideek eta partisanoek erabil zitzaten. Belgradera ere hainbatetan bidaiatzen hasi zen, halako materiala banatzera[1][2].

1941ko urriaren 20an alemaniarrak Kragujevacera sartu ziren, Serbiako Mendebaldean partisanoek askatu zituzten lurren (Užiceko Errepublikaren) kontrako ofentsiba bat prestatzeko (Užice Operazioa edo Etsaiaren Lehen Ofentsiba). Hauek hiria berriz okupatu ostean, Ljotić politikari faxistarenaldekoek beren milizia kolaborazionistarako, Serbiar Indar Boluntariorako (Srpski Dobrovoljački Korpus/Српски добровољачки корпус[6]) gazte batzuk errekrutatu zituen: Naumovićek “traidore!” hots egin zien. Hori dela eta atxilotua izan zen[1].

Kragujevaceko masakrea aldatu

Orduko matxinadari aurre egiteko, alemaniarren politika, hildako soldadu bakoitzeko ehun serbiar eta zauritu bakoitzeko berrogei eta hamar hiltzea izan zen, Franz Böhmek irailaren 16an eman zuen ordena baten arabera[7]. Kraljevo hirian, 1.736 herritar[8][9] hil zituzten urriaren 15 eta 20 artean, partisanoen eta txetniken eraso batek hamabost soldadu alemaniar hil ostean[10][11][12]. Pixka bat geroago, kragujevactarrei paratu zitzaien genozidioaren biktima izatea: urrian partisanoek eta txetnikek alemaniar armadaren 714 Dibisioaren aurkako eraso batean bederatzi soldadu eta hogei eta zazpi hil ostean alemaniarrek mendeku hiltzailea Kragujevaceko herriaren kontra zuzentzea erabaki zuten. Urriaren 18an Kragujevacen bertako judutar batzuk eta komunista ezagunak atxilotu zituzten alemaniarrek[13]. Urriaren 19an, lehen masakrea egin zuten herrixka batzuei su emanez eta 442 pertsona hilez: 234 Grošnica herrian, 103 Maršić herrian eta 78 Mečkovac herrian (egun, Ilićevo)[14][15]. Baina are gogorragoa izan zen urriaren 20tik aurrera Kragujevac herrian egin zutena, hiri horretan geratzen ziren hamasei eta hirurogei urteko gizonezko guztiak atxilotzeko agindua eman zuten alemaniarrek (Administrazio kolaborazionistako langileak, kolaborazionistek “beharrezkotzat” jotzen zuten pertsonala eta Zbor alderdi faxistako kideak izan ezik –eta noski, mendian erresistentzian zirenak ezin atxilotu zituzten-[10][14]), guztira zazpi mila bat atxilotu zituzten[16][17], eta Stanovija Zelaian, non jugoslaviar armadaren barrakoiak zeuden sartu zituzten[16]. Atxiloketok egiteko Kragujevac aukeratu zuten “hiri handia zelako eta behar bezalako kuota betetzeko hainbat jende zuelako”[18]. Atxiloketak nahiko baketsuak izan ziren, izan ere, antza denez alemaniarrek “ohiko kontrolak” zirela esan zuten eta fusilamenduak ez zituztela egingo[19][20]. Atxilotuen artean, langileak, irakasleak eta baita ere eskoletako umeak izan ziren[16][19][20][21], eta baita ere inguruetako eliza eta monastegietako moje eta apaizak[13][16]. Atxilotuei euren gauzak lapurtu zizkieten[16]. Egun horretan izan ziren lehen fusilaketak, aurreko egunetan –urriaren 18an- atxilotutako judu eta komunistak hil zituzten, 70 guztira, urriaren 20ko arratsaldeko seietan[15][16]. Baina hilketa gehienak hurrengo egunetik aurrera izan ziren.

Gaua enparantza publiko batean pasatu zuten atxilotutakoek. Exekuzioak hasi aurretik, Zbor alderdi faxistako bi zuzendari gerturatu ziren, atxilotuen azken errepasoa egitera eta horietatik “benetako abertzaleak izanagatik” zeinek salbatzea zukeen erabakitzera; guztira 3.000 bat apartatu zituzten zerrendatik (Jovan Byforden arabera, kolaborazionistentzat errekuperagarriak zirenak apartatu nahi zituzten hilketa zerrendetatik[17]). Urriaren 21ean, goizeko zazpiak eta eguerdiko ordu biak artean, Šumarice deitutako ingurura eraman zituzten, 50 eta 120 arteko pertsonen multzotan, kasu askotan ikasgela osoak mugitu zituzten irakaslearekin[22][23]. Urriaren 21 eta 22 artean bi mila zortzirehun bat pertsona[24][25][26][27][28], umeak baita ere, hil zituzten; nahiz eta iturri batzuek, adibidez John Coxek[29] edo Matteo Milazzok[30], zazpi mila hildakoren zenbakia ematen duten -beste iturri batzuek 2.300 bat hildakoren zifra ematen dute[10][17][22][31][32][33], zenbaki hau alemaniarrek onartutakoa ere bada[14]-. Hildako gehienak Hej Slaveni (“Aizue, eslaviarrok”) ereserki paneslavistaJugoslavia Sozialistan Estatuaren ereserkia izango zena- abestuz hil ziren. Hiltzera zihoazen talde batean irakasle bat zegoen bere ikasleekin, zeinak ez zion bere azalpenak emateari utzi, exekutatzerakoan “klasea ematen ari naiz!” esan zuen[23]. Kragujevaceko Oroimen-parkearen arabera, 217 adin txikiko hil zituzten[15]; Ivan Tor kazetariaren arabera, 15 urtetik beherako 40 ume hil zituzten[20].

Hil ez zituztenak (Zborreko jendearen “aholkuz” hilketa zerrendetatik apartatutakoak), pixkanaka askatu zituzten, hain zuzen ere, batzuk bahitu bezala mantendu nahi zituzten lehen askatutakoak mendira joan ez zitezen. Hildakoak markatu gabeko tokietan ehortzi zituzten.

Kragujevaceko masakrean, alemaniarrez gain, Serbiako Indar Boluntarioak (SDKk) ere parte hartu zuen, presoen lehen atxiloketak, exekuzio-tokietara garraiaketak eta hauek mantentzeak SDKk egin zituen[20][34][35] (beste iturri batzuek, adibidez Djoko Slijepčevićek ukatu egiten dute, esaten dutenez, alemaniarrek SDKren Kragujevaceko basea eta errekrutatze zentrua blokeatu zuten SDK egun horretan bere instalazioetatik atera ez zedin. Hala ere Slijepčevićek ere onartzen du SDKren tokiko erregimenduko jeneral Marisav Petrovićek Kragujevaceko “komunisten” zerrenda bat eman ziela alemaniarrei “baina zerrenda hori pasa zienean komunista guztiak jada exekuzio bidean zeuden”[36]). Gainera, SDKko kideek, tartean Marisav Petrović berak, zenbait pertsona atxilotzeko aukeraketa prozesuan ere parte hartu zuten[37][38]. Jovan Byfordek esan zuen moduan, Zborreko kideek egin zuten aukeraketa, 3.000 atxilotu hiltzeko zerrendetatik apartatu zutenekoa “ez zen bizitzak salbatzeko, baizik eta kolaborazionistak errekrutatzeko asmoa zutelako baino” –hain zuen ere, aukeraketa hori ideologikoa izan baitzen, “susmagarriak” nahita uzten zituzten hiltzeko moduan[17]-. Horrez gain, urriaren 19an, Kragujevac ondoko herri batean, Grošnican, egindako sarraskian, Serbiako Gobernu kolaborazionistaren (Milan Nedić buru zuen Gobernuaren) hegazkinak pasa ziren herrian eskuorriak botaz, herritarrei etxean geratzeko eskatuz, hala eginez gero “ezer ere gertatuko ez zitzaiela” esanez[15].

Naumović urriaren 21ean, hil zuten[2]. Hurrengo egunean alemaniarrek hilketa iragartzeko Kragujevacen jarri zuten afixen arabera, beste hamabi emakumerekin batera hil zuten[39]. Hiltzerakoan “Gora Alderdi Komunista!” (Живела Комунистичка партија!) eta “Gora Sobietar Batasuna!” (Живео Совјетски Савез!) oihukatu zuen, bere azken hitzak horiek izan zirelarik[40].

Oroimena aldatu

1951ko abenduaren 20an, Jugoslaviako Herri Errepublika Federalaren Asanbladaren dekretu baten bidez, Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten[2].

Bere omenez monumentu bat eraiki zuen Ante Gržetić artistak Šumaricen, exekutatu zuten tokian, 1959 urtean. Kragujevacen eta Belgradeko Voždovac auzoan kale bana dago bere izena daramana. Kragujevacen haur-eskola batek ere bere izena darama. Batočina udalerriko Badnjevac herrian beste eskola batek bere izena zeraman, baina 1992an izena aldatu zioten azken eskola horri eta Sava Donearen izena eman.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 267 or..
  2. a b c d e f (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Narodni heroji Jugoslavije (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). Belgrad: Mladost (Gazteria).
  3. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 261 or..
  4. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). ASKOREN ARTEAN: Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 261-262 eta 267 or..
  5. a b (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). ASKOREN ARTEAN: Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 262 or..
  6. Milizia hau Zbor alderdi faxistaren indar paramilitarra zen.
  7. Alexander Prusinen arabera, lehen aldiz “100:1 formula” uztailean erabili zuten alemaniarrek partisanoek eta txetnikek eraso bateratu batek Mačva eraso eta han Gobernu kolaborazionistaren aldeko serbiar jendarme batzuk hiltzean. PRUSIN, Alexander: Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. University of Illinois Press. AEB, 2017, 80. or.
  8. (Ingelesez) TOMASEVICH, Jozo. (1975). War and Revolution in Yugoslavia, 1941-1945: The Chetniks. Stanford (AEB): Stanford University Press, 146 or..
  9. (Ingelesez) LEVENE, Mark. (2013). Annihilation: The European Rimlands, 1939-1953. The Crisis of Genocide. 2 Oxford: Oxford University Press, 84 or..
  10. a b c (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 97 or..
  11. (Ingelesez) PAVLOWITCH, Stevan K. (2007). Hitler’s New Desorder: The Second World War in Yugoslavia. New York: Columbia University Press, 62 or..
  12. (Ingelesez) BROWNING, Christopher R. (1985). Fateful Months: Essays on the Emergence of the Final Solution. New York: Holmes & Meyer, 343 or..
  13. a b (Serbokroazieraz) MANOŠEK, Valter. (2007). Холокауст у Србији (Holokaustoa Serbian). Belgrad: Службени лист СРЈ (Jugoslaviako Errepublika Federaleko Kazeta Ofiziala), 162 or..
  14. a b c (Ingelesez) NURENBERGEKO NAZIOARTEKO AUZITEGIA. (1946-1949 Trials of War Criminals before the Nuernberg Miliitary Tribunals (11 lib: “The Hostage Case”)). Nurenberg: Nuernberg Military Tribunals.
  15. a b c d (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1964). Крагујевачки октобар (Kragujevactar urria). Kragujevac (Serbia): Спомен-парк Крагујевац (Kragujevaceko Oroimen-parkea), 28-31 eta 36-39 or..
  16. a b c d e f (Ingelesez) GLENNY, Misha. (2012). The Balkans. Nationalism, War and the Great Powers. 1804-2012. Toronto: Anansi Press, 492 or..
  17. a b c d BYFORD, Jovan: “The Collaborationist Administration and the Treatment of the Jews in Occupied Serbia” in RAMET, Sabrina eta LISTHAUG, Ola: Serbia and the Serbs in World War Two (109-127 orr.). Palgrave Macmillan. New York, 2011, 126. or.
  18. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (2007). «BISCHOFHAUSEN, Otto von: “Извештај капетана Бишофсхаусена од 20. X 1941 год. о масовном стрељању у Крагујевцу” (“Bischofhausen kapitailaren 1941ko urriaren 20ko txostena Kragujevaceko exekuzioen inguruan”) (226 dokumentua)» Зборник докумената војноисторијског института (Institutu Historiko-Militarraren Dokumentuen Bilduma). 1 “борбе у Србији” (“Borrokak Serbian”) Jugoslaviako Institutu Historiko-Militarra.
  19. a b (Serbokroazieraz) MANOŠEK, Valter. (2007). Холокауст у Србији (Holokaustoa Serbian). Belgrad: Службени лист СРЈ (Jugoslaviako Errepublika Federaleko Kazeta Ofiziala), 163 or..
  20. a b c d (Serbokroazieraz) TOR, Ivan. (2013). «“У Шумарицама одата почаст стрељанима” (Šumaricen exekutatuak ohoratu zituzten)» politika.rs.
  21. John Lamperen arabera, sarraskiaren kuota betetzeko adina heldu ez zeudela konturatzerakoan, umeak eta nerabeak atxilotzeari ekin zioten, hala kuota betetzeko. LAMPE, John R: Yugoslavia as History: Twice There Was a Country. Cambridge University Press. Cambridge. 2000 [1996], 217. or.
  22. a b (Ingelesez) GLENNY, Misha. (2012). The Balkans. Nationalism, War and the Great Powers. 1804-2012. Anansi Press., 493 or..
  23. a b (Ingelesez) LAMPE, John R. (2000 [1996]). LAMPE, John R: Yugoslavia as History: Twice There Was a Country. Cambridge: Cambridge University Press, 217 or..
  24. (Ingelesez) ĆIRKOVIĆ, Sima. (2004). The Serbs. Erresuma Batua: Blackwell Publishing House, 271 or..
  25. (Ingelesez) JELAVICH, Barbara. (1983). History of the Balkans. Twentieth Century. 2 Cambridge: Cambridge University Press, 268 or..
  26. (Ingelesez) «NIKOLIĆ, Kosta eta STAMBOLIJA, Nebojša: “Royalist Resistence in Yugoslavia during the Second World War (9-36 orr.)”» Istorija XX. veka (XX. mendearen historia) 36-2: 15-16..
  27. Kragujevaceko oroimen-parkeko zuzendari Staniša Brkićen arabera, 2.796koa da zenbakirik fidagarriena. BRKIĆ, Staniša: Име и број - Крагујевачка трагедија 1941 (Izenak eta zenbakiak. 1941eko Kragujevaceko tragedia). Спомен-парк „Крагујевачки октобар“ („Kragujevactar urria“ oroimen-parkea). Kragujevac (Serbia), 2007
  28. Jozo Tomasevichek "ia 3.000 hildako" esaten du. TOMASEVICH, Jozo: War and Revolution in Yugoslavia, 1941-1945: Occupation and Collaboration. Stanford University Press. Stanford (AEB), 2001, 69. eta 745. or.
  29. (Ingelesez) COX, John k. (2002). The History of Serbia. Connecticut (AEB)/Londres (Erresuma Batua): Greenwood Publishing Group, 86 or..
  30. (Ingelesez) MILAZZO, Matteo J. (2019). The Chetnik Movement and the Yugoslav Resistance. Baltimore (AEB): Johns Hopkins University Press, 31 or..
  31. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 79 or..
  32. (Ingelesez) TREW, Simon. (1998). Britain, Mihailović and the Chetniks. Erresuma Batua: Palgrave Macmillan, 31 or..
  33. (Ingelesez) KURAPOVNA, Marcia. (2010). Shadows of the Mountain. The Allies, The Resistence and the Rivalries that Doomed WWII Yugoslavia. New Jersey (AEB): John Wiley & Sons, 166-167 or..
  34. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 58 or..
  35. (Ingelesez) COHEN, Philip. (1996). Serbia's Secret War: Propaganda and the Deceit of the History. College Station. Texas University Press, 38 or..
  36. SLIJEPČEVIĆ, Djoko: Jugoslavija uoči i za vreme Drugog svetskog rata (Jugoslavia Bigarren Mundu Gudaren garaiaren aurretik eta haren zehar). Munich, 1978, 340-342. Hala ere, kontutan izan behar dugu Slijepčević Zborreko kidea izan zela, eta ziurrenik bazuela SDKren irudia garbitzeko interesa.
  37. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1964). Крагујевачки октобар (Kragujevactar urria). Kragujevac (Serbia): Спомен-парк Крагујевац (Kragujevaceko Oroimen-parkea),, 67-73 or..
  38. (Serbokroazieraz) BRKIĆ, Staniša. (2007). Име и број - Крагујевачка трагедија 1941 (Izenak eta zenbakiak. 1941eko Kragujevaceko tragedia). Kragujevac (Serbia): Спомен-парк „Крагујевачки октобар“ („Kragujevactar urria“ oroimen-parkea).
  39. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 268-269 or..
  40. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 267 eta 271 or..

Kanpo estekak aldatu