Munsterreko Errepublika

Munsterreko Errepublika, ingelesez: Munster Republic, Irlandako Gerra Zibilan Anglo-irlandar Itunaren aurkako irlandar errepublikarrak Munster probintzian denboraldi batez nagusi izan ziren lurralde eremuak jaso zuen izendapena da, hiriburua Cork zen.

Gerra Zibilaren lehen astea igaro ondoren, 1922ko ekainaren 28tik uztailaren 5era, Anglo-irlandar Itunaren aldekoek eta Irlandako Estatu Askeko Armada sortu berriaren soldaduek Dublin hirian nagusitzea lortu zuten. Hortaz, Anglo-irlandar Itunaren aurkariak Munster probintziako zati handi bat beren gotorleku bilakatu zuten, alegia, usadioz, Irlandako uhartean errepublikazaleena zen eremua, Irlandako hego-mendebaldea. Eremu hau Limerick eta Waterford hirien arteko lerroaren hegoaldean zegoen. Liam Lynch, IRAkidea eremu honetako buruzagi nagusia bilakatu zen, bere asmoa lurralde honetan gotortu eta Irlandako Estatu Askearekin Anglo-irlandar Ituna bernegoziatzea izan zen, azken helburu bezala Irlandako Errepublika bat aldarrikatu eta berrosatzeko asmoz. Ondorioz, Lynchek Anglo-irlandar Itunaren aurka zeuden joera gogorragoko beste errepublikar batzuen kritikak jaso zituen, horien ustez Anglo-irlandar Itunaren aurkariek joera erasokorra izan eta Gerra Zibila lehen bai lehen irabazi beharra baitzegoen.

Halere, Anglo-irlandar Itunaren aurkariek, IRAren gehiengoaren babesa izan arren, Irlandako Estatu Askeak eta bere gudaroste osatu berriak Erresuma Batuaren laguntza militarra, artileria, armak eta hegazkinak jaso zituen, laguntza honek bi aldeen arteko oreka argi eta garbi apurtu zuen, Anglo-irlandar Itunaren aldekoei berebiziko abantaila emanez. 1922ko uztailean Irlandako Estatu Askeko Armadak Munsterreko Errepublikaren aurkako erasoari ekin zion. Limerick eta Waterford erraz bereganatu zituzten, eta Cork konderria Irlandako Estatu Asketik konderri independientea izaten azkena izan zen.

Michael Collinsek Irlandako Estatu Askeko Armadaren gudarostea itsasoz Cork hiriko udaletxera eta Kerry konderriko Fenit udalerrira bidali zuen, jada Musterreko Errepublikako azken eremuak menperatzeko asmoz. Munsterreko Errepublikako mendebaldeko muturrean erresistentzia handiena jazo zen, Anglo-irlandar Itunaren aurkako gerrilak landa eta baserri eremuetan geldituz, batez ere Mendebaldeko Cork eskualdea eta Kerry konderrian.

Kanpo estekak aldatu