Mundaneum munduko informazio guztia bildu, katalogatu eta aurkezteko helburua zuen egitasmoa izan zen. 1910ean, Brusela hiriko Palais du Cinquantenairen, Paul Otlet (1868-1944) eta Henri La Fontaine (1854-1943) abokatuek sortu zuten. Egungo Interneten aurrekaritzat jotzen da[1], nahiz eta World Wide Weba ez bezala, hau zentralizatuta proposatzen zen[2].

MUNDANEUM Bibliografia Sistema Unibertsalaren fitxategi bibliografikoen kaxoiak. Mons (Belgika).

Historia aldatu

Egitasmoa gauzatzeko, Sailkapen Hamartar Unibertsala sistema asmatu zuten. Guztira hamabi milioi txartel sortu eta sailkatu zituzten. Otletek mahai biribil handi bat egiteko asmo zuen, txartelez jositako gurpil erraldoia. Erabiltzaileek txartelak irakurtzeaz gain, bertan idazteko aukera izango zuten, dokumentuen arteko loturak ipin zitzaten. “Dokumentu bakoitzak beste guztiekin dituen loturak ezarriz, Liburu Unibertsala osatuko da”, Otleten beraren hitzetan.[1]

Bruselako jauregia txiki geratu zitzaienez, Otletek egoitza berria Genevan (Suitza) eraikitzeko enkargua egin zion Le Corbusier arkitektoari, 1929an. Baina lanak ez ziren hasi ere egin. Ekimen faraonikoa hasierako laguntzak galtzen joan zen pixkanaka eta, azkenean, 1934an bertan behera geratu zen.[1] Jorge Oteizak interesa izan zuen Le Corbusierren proposamenak zuen espiral formarengatik, eta antzeko diseinua proposatu zuen Donibane Lohitzunen egitekoa zen ikerketa zentrorako[3].

Mundaneumeko materiala museoko pieza da gaur egun, Bruselan bertan. Baina Otlet eta La Fontaineren irudimenean zegoena bizi-bizirik dago egun. Orduan ere, Otletek ez zuen amore eman eta ekimena gauzatu ez bazen ere, buruan zeukana paperean argitaratu zuen 1932an, Traité de documentation izenburuko lanean. “Hemen, obren orrialdeak ez dira liburutan egongo”, idatzi zuen ameslari belgikarrak.[1]

Otletek etorkizunean informazioa berehala eta modu unibertsalean eskura egongo zela uste zuen:[1]

« Horien ordez, pantailek eta telefonoek garrantzi handiagoa izango dute. Liburu guztiak eta horien inguruko informazioa eskaera-bulego batean egongo dira. Galderak telefonoz egingo dira, eta bulegoan horiei erantzuteko beharrezko orrialdeak irakurriko dituzte. Erantzunak pantaila baten bidez emango dira. Pantaila bi, lau, edo gehiago behar izanez gero, hamar zatitan banatuko da, hainbat testu edo dokumentu batera kontsultatuz ondoren. Bozgorailuak erabiliko dira irudiek ahozko azalpena behar badute. Hobekuntzak lortu ahala, deiak eta pantaila bidezko erantzunak automatizatu ahal izango dira. Zinema, fonografoak, irratia, telebista: tresna horiek guztiak liburuaren ordezkotzat hartuta, Liburu Berria osatuko dute, giza pentsamendua hedatzeko hitzik garrantzitsuenen bilduma, irratiz emandako liburutegia, telebistaz emandako liburua »


Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2008-11-02). «Internet 1910» Argia CC-BY-SA lizentzia.
  2. Van Acker, Wouter. (2011-05). «Internationalist Utopias of Visual Education: The Graphic and Scenographic Transformation of the Universal Encyclopaedia in the Work of Paul Otlet, Patrick Geddes, and Otto Neurath» Perspectives on Science 19 (1): 32–80.  doi:10.1162/posc_a_00025. ISSN 1063-6145. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  3. Txantiloi:Sp Sarasola Rubio, Fátima. (2016-05-01). Lauburus, espirales y laberintos en los proyectos arquitectónicos de Jorge Oteiza.. (Noiz kontsultatua: 2023-06-08).

Kanpo estekak aldatu

50°27′27.67″N 3°57′19.62″E / 50.4576861°N 3.9554500°E / 50.4576861; 3.9554500