Ireki menu nagusia

Muhammed VII.a Granadakoa

Muhammed VII.a Granadakoa (13701408) Granadako sultana izan zen 1392 eta 1408 artean.

Muhammed VII.a Granadakoa
Granadako emirra

1392 - 1408
Yusuf II, Sultan of Granada Itzuli - Yusuf III, Sultan of Granada Itzuli
Bizitza
Jaiotza Granadako Erresuma, 1370 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Granadako Erresuma
Heriotza Granada, 1408 (egutegi gregorianoa) (37/38 urte)
Familia
Aita Yusuf II, Sultan of Granada
Leinua Nazariak
Jarduerak

BiografiaAldatu

1391ean, Granadan, Yusuf II.a Granadakoa erresuma nazariko errege izendatu zuten Muhammed V.a Granadakoa hil eta gero. Agintaldi laburrean arteak eta zientziak bultzatzen ahalegindu zen, baita barne gatazkak itzaltzen ere. Hainbat senitarteko giltzapetu eta hil zituen konspirazioak itzaltzeko asmoz. Baina tronuan eseri eta berehala Muhammed seme gazteena buru zuen matxinadak zalantzan jarri baitzuen bere agintaldia. Ozta-ozta lortu zuen semearen saiakera bertan behera uztea[1].

Hurrengo urtean, 1392an, sultana modu misteriotsuan hil zen (ziurrenik, pozoituta), eta Muhammedek aukera baliatu zuen bere burua errege izendatzeko. Aitak egin bezala, Muhammed VII.aren lehen lana familia eta gortea mehatxuetatik garbitzea izan zen. Zerrendan lehena bere anaia zaharrena zen, Yusuf, aitak ondorengo izendatu zuena. Salobreñako gazteluan giltzapetu zuen anaia nagusia, Granada hiriburutik 50 bat kilometrora. Hantxe eman zituen Yusufek hurrengo hamasei urteak, Muhammed VII.ak agintean eman zituen berberak[1].

1408an Granadako sultana gaixorik zegoen eta, heriotza gertu ikusita, ondorengotza ondo lotzea erabaki zuen. Bere semea errege izan zedin beste hautagai nagusia, Yusuf, garbitu behar zuen. Ez zen nahikoa gaztelu batean giltzapean sartuta egotea, eta anaia hiltzeko agindu zuen[1].

Heriotza-agindua idatzita zeraman mezularia Salobreñara iritsi zenean, Yusuf xakean ari zen alkaidearekin. Alkaideak gutuna irakurri zuen, Yusufi erakutsi zion, eta agindua bete beste erremediorik ez zuela esan zion. Yusufek, hil baino lehen emaztea ikusi nahi zuela esan zuen. Baina azken nahi hori ukatu zioten. Kondenatuak, orduan, jokatzen ari ziren xake partida hura behintzat bukatzeko eskatu zuen. Eta alkaideak beste nahi hori onartu zion[1].

KondairaAldatu

Asko luzatu omen zen partida eta kondairak dio azkenean Yusufek irabazi zuela, alfil bat mugitu eta xake matea lortuta. Orduantxe, anaiaren agindua betetzea besterik geratzen ez zenean, beste mezulari bat iritsi omen zen Granadatik, oso bestelako mezua eskuetan: Muhammed VII.a hilda zegoen, eta Yusuf III.a Granadakoa nazarien dinastiaren 14. errege izendatu zuten[1].

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e Nagore Irazustabarrena, Bizia eta tronua xakean irabazi, Argia, 2017ko urriaren 15a