Montessori hezkuntza edo Montessori pedagogia haurraren askatasunean, autonomian eta auto-garapenean oinarrituta dagoen hezkuntza metodologia bat da. Haurren hezkuntza ikusteko modu desberdintzat jo izan da hasiera-hasieratik. Maria Montessorik (1870-1952) sortu zuen.

Haurrak Montessori pedagogiako elementuekin ikasten.

Ikuspegi metodologiko honen arabera, irakasleak baliabideak eman behar dizkie ikasleei beraien ikaskuntza prozesua garatu dezaten, baina, ezin dute prozesu honetan eskua gehiegi sartu, umearen garapenaren gidari soil bihurtzen da. Emaitza bezala, haurra bere garapenaren protagonista bihurtuko da eta aldi berean inguruan egokitzea lortuko du.

Metodologia

aldatu

Montessori metodoak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren erdigunetzat ikaslea hartzen du. Irakasteko modu honek, ez du haurren arteko konpetentzia suspertzen, gainera, bakoitzari bere beharren eta garapenaren araberako ekintzak planteatzen zaizkie, horregatik, umea, ikaslea, izango da bere ikaskuntzaren protagonista.

Montessori metodoan adin desberdinetako haurrak batera egoten dira, horren eraginez, gizarte trebetasunak eta berdinen arteko ikaskuntza garatzen dute beraiek baino nagusiagoak diren umeak imitatzen, ondorioz, pertsonenganako enpatia garatzen laguntzen du eta lehiakortasuna ikasi beharrean kooperatibismoan parte hartzen ikasten dute.

Kontu jakina da haurrek jakin mina dutela beraien inguruko edozer gauzarengatik. Metodo honek, hori aprobetxatuz, ikasleen sormenaren garapenari garrantzi ikaragarria ematen dio. Ikasleen sormenaren bitartez, inguruan dituzten aukera desberdinak esperimentatu ditzakete eta esperimentazio honen bidez hainbat gertaera desberdin ikusi eta bizi ahal izateko aukera izango dute.

Horretarako, pedagogoak ikasleen ingurumenaren esperimentazio eta objektuen manipulazioaz baliatzen dira, horrela umeek bizipenak eta esperientzia baliotsuak izango dituzte Ikasleek norberarentzako baliagarria izango den jakintza bihurtu dituzte bizi izandako esperientziak eta nolabait erreproduzitzeko gaitasuna garatuko dute.

Metodo honek duen haurren garapenarentzako beste alde positibo bat, banakako ikaskuntza eta curriculum egokituak izango lirateke. Hau da, irakasleak umearen beharren arabera hainbat ekintza planteatzen dizkio ikasleari, baina ikaslea izango da burutu nahi duen ekintza aukeratuko duena. Ondorioz, erabakiak hartzeko independentzia izango du eta bere gustu eta gaitasunak kontuan hartuko dira. Bestalde irakasleak prozesu horretan ez du esku hartuko, umearen askatasun maila hobetzeko helburuarekin, bere papera prozesua erraztera mugatuko da.

Azkenik, esan beharra dago metodo honek ez duela hezkuntza sistemaren trinkotasunean eta Curriculum itxietan sinesten, defendatzen duena zera da, haurrek sentitzen duten autonomia behar hori, beraien zentzumenen bitartez heztea, beti ere metodo zientifikoetan oinarrituz.

Umeen faseak

aldatu

Haurren behaketaren eraginez, Montessori, zenbait gauzaz ohartu zen, haietako bat umeen etapa sentikorrak izango lirateke. Ikusi zuen nola, ekintza jakin batzuk adin tarte batean errepikatzen zituzten. Gainera, momentu horretan ekintza hori behien eta berriz errepikatzera jotzen dute. Honen ustez, ikaskuntza garatzen den momentuak izango dira etapa sentikorrak, hauek, sei etapatan desberdinduko ditu.

Fase baten beharrezko informazioa jaso ostean, hurrengo fasera igaroko lirateke. Planteatzen dituen fase hauek umearen garapen naturala errespetatzea du helburu.

Hona hemen aipatutako sei etapa sentikorrak:

  • Ordenarekiko sentikortasuna, lehenengo urtetik bigarren urtera doan etapa da. Umeek beraien bizitzan orden bat beharrezkoa dute, bizi dituzten esperientziak kategorietan jarri ahal izateko. Inguru ezagun batean egotea beharrezkoa dute, galduta sentitu ahal direlako aldaketa txikien aurrean. Badakite objektuak mugitzerakoan ingurua aldatu dezaketela, baina desorientatua sentituko da objektuak lekuz aldatzen badira.
  • Hizkuntzarekiko sentikortasuna, jaiotzatik hasten den etapa da, hazkuntza prozesuan ezinbestekoa den sentikortasuna da. Gutxi gora behera sei urte dituztenean, irakaskuntza zuzenik gabe, hiztegi zabal bat lortzen du, jaiotzen den momentutik entzuten dituen ahots, ezpainen mugimendu eta lengoaiaren erabilerari esker. Honek ez du esan nahi horrela guztizko konpetentzia lortzen duela, baina aurrerago esaldi konplexuagoak egingo ditu.
  • Ibiltzerakoan duen sentikortasuna, hamabi eta hamabost hilabete bitartean gertatzen da, gaitasun hau praktikotasunaren bidez hobetu behar du. Garai honetan, ibiltzeko arrazoia ez da nonbaitera joateko, beraien mugimenduak hobetzeko helburuarekin ibiltzen dira, beti ere beraien erritmoa errespetatu behar da.
  • Bizitzako aspektu sozialekiko sentikortasuna, bi edo hiru urte inguruan umea, talde sozial baten parte dela jakiten hasten da. Bere adin berdineko umeenganako interesa sortzen zaio, beraiekin jolasten hasten da modu kooperatibo batean. Helduen jarrera ikustearekin batera, taldearen arau sozialak hartzen dituzten garaia ere bada.
  • Objektu txikiekiko sentikortasuna, umeak bere mugikortasuna garatzen hasten doazen heinean, ez dira ingurumenen, orokorrean, hainbeste zentratzen eta garrantzi gehiago ematen hasten dira gauza txikiei, intsektuak, jostailuetako piezak, harriak … Edozer gauza hartu eta hurbiletik begiratzen hasten da, askotan ahora eramanez. Etapa honek mundua pixka bat gehiago ulertzen laguntzen die.
  • Zentzumenen bidezko ikasketarekiko sentikortasuna, umea jaiotzen den momentutik, zentzumenen bitartezko informazioa jasotzen du. Hasieran, entzumena eta ikusmena aktibatuta ditu, gero mugimendua garatzen doan heinean, gutxika, ukimenarekin joango da informazioa bereganatzen. Haurrak bere independentzia garatu dezan eta ingurumenarekin harremanetan jartzeko, beharrezkoa da mugak ez jartzea.

Kritikak

aldatu

Montessori hezkuntzak, Montessori ikuspegi metodologikoak, mota askotako kritikak jaso izan ditu hasiera-hasieratik[1], hala ere Maria Montessori hil eta zazpi hamarkada beranduago, oraindik ere "Montesori metodologia" eskaintzen duten hainbat ikastetxe daude munduan zehar.

Ikus, gainera

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Conde Masa, C. & Martín Girón, M. (2015) Principales pensadores de la educación infantil (pp. 69-79). Palencia.
  • Miguel Borge, E. (2015) La didáctica Montessori adaptada a la educación infantil actual en el entorno rural de Saldaña, Universidad de Valladolid. Palencia.
  • Oren, R. N. (1980). El Método Montessori de Educación Diferencial. Barcelona: Paidós.
  • Santerini, M. (2013) Grandes de la educación. María MontessoriUniversità Cattolica del Sacro Cuore, Milano Italia
  • Serrano, L. (1945). El método Montessori. Buenos Aires: Losada.

Erreferentziak

aldatu
  1. L'Ecuyer, Catherine. (2023). «Montessori: origen y razones de las críticas a una de las pedagogas más controvertidas de la historia» Revista española de pedagogía 81 (285): 251–270. ISSN 0034-9461. (Noiz kontsultatua: 2023-07-03).

Kanpo estekak

aldatu