Molukak[1] Indonesiako uhartedia da, Ozeano Barean dagoena, Sulawesi eta Timor uhartearen artean. 74.505 kilometro koadroko eremua du, eta 2006an 2.100.000 biztanle zituen. Hiriburua Ambon da.

Molukak
Maluku Islands en.png
Moluka uharteak
Geografia
KokapenaHego-ekialdeko Asia
Uharteak denera~1000
Uharte nagusiakHalmahera, Seram, Buru, Ambon, Ternate, Tidore, Aru uharteak, Kai uharteak
Azalera74.505 km²
Punturik garaienaBinaiya
Politika
Herrialdea Indonesia
ProbintziakMolukak, Ipar Molukak
Hiri populatuenaAmbon
Gizartea
Biztanleria2.100.000 bizt. (2006)
Dentsitatea28,2
Talde etnikoakNuaulu, Manusela

IzenaAldatu

Lehen, txinatarrek eta europarrek Espezien uharteak esaten zieten, espezia asko zegoelako han. Egungo izena arabiar merkatariek erabiltzen zuten deituratik dator: Jazirat al-Muluk («Erregeen uhartea»).[2]

GeografiaAldatu

Moluka uharteak hego-ekialdeko Asian daude. Mendebaldean Sulawesi dute, iparraldean Filipinetako itsasoa, Filipinak eta Ozeano Barea, ekialdean Ginea Berria, eta hegoaldean Arafura itsasoa eta Timor[3]. 1027 uharte direla jotzen da; handienak Halmahera eta Seram dira, baina biztanle dentsitate handiena Ambon eta Ternaten dago. Uharte gehienak menditsu eta oihantsuak dira; mendirik garaiena, Binaiya (3.027 m) Seramen dago. Uharte batzuk, Ternate esaterako (1721 m), itsasotik azaleratutako sumendiak dira. Klima montzoi haizeen mende dago.

HistoriaAldatu

Portugaldarrek esploratu zituzten Moluka uharteak 1512an. Herbehereek eskuratu zituzten XVII. mendean, eta XIX. mendearen hasieran ingelesak jabetu ziren uhartediaz, urte gutxiz izan bazen ere, ondoren berriro ere Herbehereen eskuetara igaro baitziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren uhartedia Indonesiaren eskuetan geratu zen, eta ordutik aurrera bertako probintzia da. 1950ean Moluka uharteen burujabetasunaren aldeko higikundea sortu zen Ambonen. 1999 eta 2002 artean, musulman eta kristauen arteko liskar latzak izan ziren[4]. 2010ean, Richter eskalaren arabera 6,1 graduko indarra hartu zuen lurrikarak astindu zuen uhartedia[5].

Banaketa administratiboaAldatu

Moluka uharteek Indonesiako probintzia bakarra osatu zuten, 1999an bitan banatu zituzten arte: Ipar Molukak (Maluku Utara) eta Molukak (Provinsi Maluku). Ipar Molukak probintzian daude, besteak beste, Ternate, Bacan, Halmahera, Morotai, Obi uharteak, Sula uharteak eta Tidore. Molukak probintziako uharte nagusiak, berriz, hauek dira: Ambon, Aru uharteak, Babar uharteak, Banda uharteak, Buru, Kai uharteak, Kisar, Leti uharteak, Seram, Tanimbar uharteak eta Wetar.

EkonomiaAldatu

Oraindik lantzen dira espezia batzuk, hala nola iltzea eta intxaur muskatua, eta baita kakaoa, kafea eta fruituak ere. Hala ere, arrantza da ekonomiaren oinarria, bereziki Halmahera eta Bacanen. Aru uharteetatik perlak esportatzen dira, eta Serametik otarrainak. Zenbait uharteetan zur baliotsuak ekoizten dira, teka eta ebanoa esate baterako.

IruditegiaAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
  2. Ricklefs, M.C.. (1991). A History of Modern Indonesia Since c.1300. (2. argitaraldia) Londres: MacMillan, 24 or. ISBN 0-333-57689-6..
  3. Moluccas. global.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-9-16).
  4. Troubled history of the Moluccas. news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-9-16).
  5. 6,1eko lurrikara Indonesian, Moluka uharteetan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-9-16).

Kanpo estekakAldatu