Ming dinastia

Ming Txina» orritik birbideratua)

Ming dinastia 1369tik 1644ra arte Txinan boterea izan zuen dinastia da. Yuan dinastiaren garaian sortu zen ezegonkortasun sozialak Kiangsu eta Zhejiang lurraldeetan Zhu Yunzhang errebeldeak boterea lortzea ekarri zuen eta 1369an Ming dinastia sortu zuen, Txinako historia guztian hegoaldeko lurretan sortu zen dinastia bakarra, hiriburutzat Nanjing hartuz. Bere semeak Beijingera eraman zuen gortea.

Ming Handia
大明
1368 – 1644
Monarkia
Ming dinastiaren garaiko Txina bere hedapenik handienean, Yongle enperadorearen erreinualdian.
Geografia
HiriburuaNanjing
(1368–1421)
Beijing
(1421–1644)
Biztanleria65.000.000 (1393)
AzaleraTxina km²
Kultura
Hizkuntza(k)Txinera
ErlijioaBudismoa, taoismoa, konfuzianismoa
Historia
Aurrekoa
Yuan dinastia
Ondorengoak
Qing dinastia
Shun dinastia
Zhu Yuanzhang enperadorea.

Ming dinastiako agintariek gobernu sistema tradizionala ezarri zuten. Funtzionario izateko, azterketa bat gainditu beharra zegoen. Hala ere, dinastia berriak intelektual eta artista independenteei esetsi zien; Txou Wi eta Txao Yuan margolariak, adibidez, hiltzera kondenatu zituen.

XV. mendearen hasieran Beijing izendatu zuten inperioko hiriburu, eta jauregiak, marmolezko terrazak eta lorategiak egin ziren.

Yonglen garaian Txina munduko itsas potentziarik handiena bilakatu zen, Zheng Hek Asia eta Afrika inguruan bidaiak egin zituen, baina koste ekonomiko handiegiarekin.

Ming garaian paper moneta erabiltzeari uko egin zioten eta zilarra erabili zen berriro. Zilarra lortzeko negozio bideak ireki ziren Japoniarekin eta XVI. mendetik aurrera Portugalekin Macao hiriaren bitartez. Hauek zilarra Filipinetatik Amerikara bidaltzen zuten.

Artea aldatu

Ming dinastiak Inperioko Pintura Akademia zabaldu zuen berriro, baina XV. mendearen lehen erdia arte ez zen erabat indarrean sartu. Akademia berriak, baina, ez zuen zerikusirik Song garaikoarekin. Akademia artea maite zuten enperadoreen ardurapean egon zen eta Ming garaiko akademiako paisajistek, berriz, aurreko aldietako pintoreak antzeratu baizik ez zuten egin, beren lanei ezaugarri berezirik eman gabe.

Akademia ofizialetik kanpo, taldeetan aritzen ziren pintore independenteak, Txe- Kiangen eta Hang-txoun. Estatuak haien kontra jo zuen, ez heren pintura lanen gaiengatik, paisaiak egiten jarraitzen baitzuten, beren independentziagatik baizik.

Ming dinastiaren lehen urteetan Txien Txin (1369-1415) poeta gailendu zen kaligrafo gisa. Kaligrafia etzana (tsao) erabiltzen zuen, deszifratzen oso zaila, baina kaligrafia klasikoan (kai) ere oso trebea zen; enperadoreak berak eusten omen zion tintontziari bera lanean ari zela. Dena den, Ming garaiko kaligrafoetan hoberena Wen Txen-min (1470-1559) izan zen. Eragin handia izan zuen bere garaiko artisten eta intelektualengan. Kaligrafia klasikoa landu zuen dotoretasun handiz, eta oraindik ere haren ideogramak erabiltzen dituzte Txinako eskola umeek.

Ming dinastiaren garaian portzelana asko egin zen, portzelana zuria marrazki urdinekin (kobalto urdina), batetik, eta bost koloreko portzelana deitua (gorri, urdin, berde, hori eta beltz), bestetik. Apaingarri gisa, jadezko tailek eta lakazko grabatuek ere arrakasta handia izan zuten garai hartan.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu