Mexikoko historia aberatsa da oso, bertako zibilizazioek, espainiarrek eramandako Europako kultura, XIX-XX. mendeko iraultzek eta egungo indar ekonomiko eta kulturalak eraginda. Mexikon gizakia bizi izan zela frogatzen duten aztarnak antzinakoak dira. K. a. 5000. urte inguruan nekazaritzan oinarritutako kulturak bizi ziren, eta haien ondoren beste jasoago batzuk sortu ziren, gizarte eta politika egituratua zutenak eta monumentu ikusgarriak eraiki zituztenak: olmekak, maiak, Teotihuacango zibilizazioa, zapotekak, huastekak, toltekak, mexikak edo aztekak, taraskoak, totonakak, mixtekak.

1519an, Espainia orain Mexiko den lurraldea konkistatzen hasi zen, Ameriketako konkista kanpaina nagusietakoa. Bi urte geroago, 1521ean, azteken hiriburu zen Tenochtitlan hartu zuten espainiarren eta tlaxkalteken arteko koalizioak (tlaxkaltekak azteken etsai nagusiak ziren). Horrela, 300 urteko aginte espainiarra ezarri zen. Mexiko Hiria Espainia Berriko erregeordetzako hiriburua izan zen, Espainiar Inperioko lehen hornitzailea, herrialde populatuena eta Ipar Amerika, Karibe eta Filipinetako aginte gunea. Hala bada, Mexikoko gizartearen oinarria garatuz joan zen eta bertakoen eta europar kulturen nahasketa berezia sortuz.

1810eko irailaren 16an, berriz, Miguel Hidalgo apaizak Mexikoren independentzia aldarrikatu zuen Dolores herrixkan (Guanajuato). Independentista errepublikazaleen eta Espainiari leial zirenen arteko gerra luzea hasi zen. 1824an herrialdeko lehen konstituzioa indarrean jarri zen, Mexikoko Estatu Batuak izenpean, sistema federala ezarriz. Hala ere, federalisten eta zentralisten arteko liskarrak sortu ziren, Texas eta Yukatan estatu burujabeak zirela aldarrikatzeraino, 1836an. 1845ean Ameriketako Estatu Batu sortu berriak Texas beregenatzen saiatu ziren, eta hori zela kausa, Mexikori gerra egin zioten. AEBak izan ziren garaile eta Kalifornia, Arizona, Mexiko Berria, Colorado eta Nevada estatuez eta Utaheko eta Wyomingeko zenbait zatiz jabetu ziren.

1910eko azaroaren 20an, Mexikoko Iraultza hasi zen, Porfirio Díaz jeneralaren aurka,tartean Francisco Maderok, Pancho Villak, eta Emiliano Zapatak zihardutela. Urte batzuen ondoren, iraultzaren botere guztiak bateratu nahian, Alderdi Nazional Iraultzailea sortu zen (Partido Nacional Revolucionario) Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren aitzindaria (Partido Revolucionario Institucional, PRI). Alderdi hark Mexikon eragin nagusia izan zuen, 70 urtez botereko ia maila guztiak bete baitzituen.

Kolonaurreko garaia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Maia» eta «Azteka»
 
Chichen Itzako Gaztelua izeneko piramidea.

Amerikako lehen gizakiak ipar-ekialdeko Asiatik iritsi ziren, Bering itsasartean barrena, duela 30.000 urte baino gehiago. Aztarna arkeologikoek erakusten dutenez, duela 8.000-10.000 urte ehiztari-biltzaileak bizi ziren Mexikoko lurraldean. Ondoko milurtekoetan, bertako landare batzuk etxekotzea lortu zuten, hala nola artoa, kuia eta babarruna. Eguneroko janaria ziurtaturik, gizakiak sedentario bilakatu eta lehenbiziko herrixkak sortu ziren. K. a. 1500ean, buztinezko tresnak eta iruditxoak egiten zituzten.[1]

Aro Klasikoan, K. a. 200 eta K. o. 900 artean, oso zibilizazio aurreratuak garatu ziren Mesoamerikan. Garai hartan, artea eta zientziak loratu ziren, idazkera, matematika eta astronomia batez ere. Erlijio politeista zuten; Quetzalcoatl lumadun sugea zen jainko nagusia eta jakitate guztien iturria. Metalak aro horren amaiera arte erabili ez bazituzten ere, egitura arkitektoniko izugarriak eraiki zituzten, esaterako, Teotihuacan eta El Tajíngo piramideak, eta Palenqueko Eguzkiaren tenplua. Nekazaritza zen ekonomiaren oinarria. Teotihuacan (Mexikoko erdialdean), Monte Albán (Oaxacako hegoaldean), eta hiri maiak (Chiapas, Tabasco, Campeche, Yucatán eta Quintana Roo estatuetan, eta baita Honduras, Guatemala eta Belizen ere) dira Aro Klasikoko kokagune nagusiak. 650tik aurrera, Teotihuacan erori eta Yucatán penintsulako hiri-estatu maiek egin zuten gora. 900tik aurrera, ordea, maien zibilizazioak gainbehera azkarra izan zuen. Beheraldi horren arrazoiak (uzta txarrak, izurriteak, idorteak, gainpopulazioa edota auzo herri erasoak) ez dira ongi ezagutzen.[1]

X. mende amaieratik aurrera, Aro Postklasikoa hasi zen. Militarismoa izan zen garai horren ezaugarri nagusia, eta hiriak gotortu ziren. Zibilizazio ugariren goraldi eta beheraldia gertatu zen, hala nola tolteka, zapoteka eta mixtekena.[1] XIII. mende hasieran, aztekak iritsi ziren Texcoco aintzirako uharteetara (alegia, egungo Mexiko Hiria dagoen lekura). Uharte horietako batean Tenochtitlán hiria sortu zuten, denborarekin agintegune nagusi bilakatu zena. 1376an, monarkia ezarri zuten; Acamapichtli izan zen lehen erregea. Gizarte egitura konplexua zuten: aristokraziak bere esku zituen kargu administratiboak, erlijiosoak eta militarrak; merkatarien taldeak auzitegi, jainko eta elkarte propioak zituen; herritar xeheak nekazaritza eta eskulangintzatik bizi ziren; eta mailarik apalenean esklaboak zeuden. XVI. mende hasierarako, aztekek menderaturik zeuzkaten erdialdeko Mexikoko gainerako herriak, eta zergak ordainarazten zizkieten: kakao, kotoia, artoa, lumak, metal eta harri baliotsuak, maskorrak eta jaguar larruak. Mendean hartutako hiriek soldaduak eta esklaboak ere eman behar izaten zizkieten, baina aztekak ez ziren sartzen hiriko barne arazoetan[2]

Espainia Berria aldatu

 
Izamal herriko eliza

1518. urtean Diego Velázquez Kubako gobernariak espedizio bat bidali zuen Mexikora Hernán Cortésen (1485-1547) gidaritzapean. 1519an Cortések Veracruz hiria sortu zuen, eta bere kabuz, ez baitzuen lurraldea konkistatzeko baimenik, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Txalkalteka indiarren laguntzaz, azteken inperioaren hiriburuan, Tenochtitlanen, sartu zen 1519ko azaroaren 8an. Moctezuma azteken buruzagiak harrera ona egin zion Cortési baina honek preso hartu eta Espainiaren aginpidea onartzera behartu zuen. Velázquezek gudaroste bat bidali zuen Cortés preso hartzeko eta Kubara eramateko aginduarekin, eta Cortés gudaroste hari aurre egitera joan zen bitartean Tenochtitlango aztekak matxinatu egin ziren. Hala, Tenochtitlanera itzuli zirenean aztekek gogor eraso zieten. Espainiako gudarosteak, Tlaxcalan babesturik, indarrak batu eta handik gutxira, 1521eko abuztuaren 13an, aztekak menderatu eta hiriburua suntsitu zuen. Han bertan hiri berri bat eraiki zuten, Mexiko . Horrela 300 urteko aginte espainiarra ezarri zen. Mexiko Hiria Espainia Berriko erregeordetzako hiriburu bihurtu zen, Espainiar Inperioko lehen hornitzailea, herrialde populatuena eta Ipar Amerika, Karibe eta Filipinetako aginte gunea. Horrela, Mexikoko gizarte oinarria garatzen joan zen, bertako eta europar kulturen nahasketa berezia sortuz.

1522an Karlos I.a Espainiako erregeak kapitain jeneral eta Espainia Berriaren gobernari izendatu zuen Cortés, 1527an Audiencia izeneko gobernu erakundea sortu zen, eta 1534an Espainia Berria erregeorde baten aginpidean geratu zen. Espainiarrak Guatemala eta Honduras konkistatzera abiatu ziren, eta iparraldera ere, zilar meak aurkitu zirenetik batez ere, zabaldu ziren. Konkistatzaileek eta agintariek zibilek nahiz elizgizonek lan gogorretara behartu zituzten indiarrak. Horrek, eta espainiarrek eramandako eritasunek indiarren artean sortutako izurriteek, urte gutxiren buruan, asko urritu zuten hango biztanleria. Lehenagoko zibilizazioa eta erlijioa desagertu ziren. Espainiako kolonizatzaileak lur eta aberastasun guztien jabe egin ahala liskarrean hasi ziren. Veracruzeko portuaren bidez metal bitxiak, artilea eta hango beste gai batzuk esportatzen ziren. Espainia Berriak XVIII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina aberastasuna espainiarren, elizgizonen eta goi mailako kriolloen eskuetan geratu zen, erdi mailako kreoleen eta herri xehearen (indiarren, mestizoen eta mulatoen) kaltetan.

Independentzia aldatu

 
Miguel Hidalgo apaiza eta Mexikoren "aita" (1890 eta 1913 artean).

Frantziako Iraultzaren ideia berrietan oinarriturik, Ipar Amerikako Estatu Batuen independentziak bihotz emanik, eta Napoleonen inbasioak Espainian (1808) eragin zuen krisiaz eta aginpide ezaz baliaturik, sortu ziren independentziaren aldeko lehen higikundeak. Mexikoko burgesiak, José de Iturrigaray erregeorde liberalaren laguntzaz, gobernu batzorde bat eratu zuen, baina kontserbadore ahaltsuek hura indarrez desegin eta erregeordea Espainiara alde egitera behartu zuten. 1810ean, Miguel Hidalgo apaizak nekazariz osatutako gudaroste bat antolatu zuen; Guadalajaran gobernu bat eratzea lortu zuen, esklabotasuna debekatu eta indiarrei lurrak itzultzea agindu zuena, baina 1811ko uztailean preso hartu eta fusilatu zuten. Handik gutxira, José María Morelos apaizak hartu zuen bizirik zirauen matxinadaren buruzagitza; 1813an, Apatzinganen, kongresoa eratu eta konstituzio bat onartu zuen, baina 1815ean Texmalakan preso hartu eta hil zuten. Haatik gerra ez zen amaitu. 1820an Espainian liberalek aginpidea lortzeak independentziaren aldeko jarrera hartzera eraman zituen goi mailako kreole kontserbadoreak, erregimen berriarekin militarren eta elizgizonen eskubideak arriskuan baitzeuden; hala, Vicente Guerrero gerrillaren buruzagiak eta Agustin de Iturbide jeneral espainiarrak independentzia hitzartu zuten Igualan, 1821eko irailaren 28an, Kordobako hitzarmenean gauzatu zena. 1824ko urriaren 4an kongresuak errepublika federala onartu zuen, eta Guadalupe Victoria jenerala izendatu zuten Mexikoko Estatu Batuetako lehen lehendakari (1824-29).

Hurrengo urteetan ekonomiaren egoerak txarrera egin zuen, istiluak izan ziren liberalen eta kontserbadoreen artean, indiarrak matxinatu egin ziren eta estatu kolpeak izan ziren. Santa Anna jeneralaren lehendakaritzapean (1833-53) Texas Mexikotik bereizi zen (1845) eta, horren ondorioz, gerra piztu zen Estatu Batuen eta Mexikoren artean; Guadalupe Hidalgo Itunean (1848) Mexikok Texas, Kalifornia Garaia eta Mexiko Berria galdu zituen, eta, gero, lurralde gehiago saldu zizkien Estatu Batuei hamar milioi dolarren truke. Abertzaleen haserrea zela eta Santa Annak Mexikotik ihes egin ondorengo urteetan, liberalen artean Benito Juárez indiar zapotekak ospe handia irabazi zuen; 1857an lehendakari hautatu zuten eta, elizaren eta kontserbadoreen gogoz kontra, konstituzio laiko eta aurrerakoi bat jarri zuen indarrean, hiru urte iraun zuen gerra ekarri zuena. Juárezek bere agintaldian administrazio, hezkuntza eta justizia guztiz eraberritu zituen. Elizaren ondasunak nazionalizatu eta erlijio ordenak debekatu zituen. Aginpide eragilea eta justiziako eta legegintzako aginpideak bereizi zituen. Nekazaritzaren erreforma abiatu zuen, eta kanpo zorra ez ordaintzea erabaki zuen. Aitzakia horretaz baliatuta Espainiak, Britainia Handiak eta Frantziak gudarostea bidali zuten. Frantsesek hiriburua hartu zuten 1863ko ekainaren 11n, eta Maximiliano Habsburgokoa (Maximiliano I.a, 1864-67) ezarri zuten enperadore. Iparraldean Juárezek bere indarra mantendu zuen eta 1867an liberalek enperadorea preso hartu eta fusilatu zuten.

Porfirio Díaz diktadorearen agintaldia aldatu

Benito Juárez lehendakaria hil ondoren, Porfirio Díaz jeneralak hartu zuen aginpidea (1877-1911), 1880-1884 bitartean Manuel Gonzálezi utzi zion denboran izan ezik. Haren aginpidean industrializazioa abiatu zen Mexikon, errepideak eta burdinbideak egin ziren, barne-merkataritza sendotu zen eta nazioarteko eginbeharrak bete ziren; hala ere, ustelkeria hedatu zen estatuan, eta aberatsen eta herri xehe behartsuaren eta alfabetatugabearen arteko aldea gero eta handiagoa zen. Hirietan erdi mailako klasea eta langileria sortzeak, lur banaketaren eta aldaketa politikoaren aldeko eskaerak, eta 1907ko krisi ekonomikoak gogor astindu zuten diktadura.

Mexikoko Iraultza aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko Iraultza»
 
Venustiano Carranza, Mexikoko iraultzaren sustatzailetakoa eta 1917ko konstituzioaren bultzatzailea.

1911n nazio osoko nekazariak Pancho Villa eta Pascual Orozcoren, eta Emiliano Zapataren gidaritzapean matxinatu egin ziren. Díaz diktadoreak aginpidea utzi behar izan zuen eta hurrengo hauteskundeetan Madero hautatu zuten lehendakari. Erreformak ordea ez ziren gauzatu eta Villa, Orozco eta Zapata hari oldartu zitzaizkion. 1913an Victoriano Huerta jeneralak estatu kolpe bat eman eta Madero hilarazi zuen. Iraultzaileek bat egin zuten Huerta aginpidetik kentzeko (1914), baina handik gutxira elkarren kontra hasi ziren borrokan; Villak eta Zapatak, elkar harturik, Venustiano Carranzari aurre egin zioten, baina honek, Alvaro Obregónen laguntzarekin, menderatu zituen. 1917an Carranzak konstituzio aurrerakoi bat egin zuen: herritarren eskubideei, lanari eta lurraren jabegoari buruzko erreforma, irakaskuntzaren sekularizazioa, ondasunen nazionalizazioa. Erreforma, ordea, ez zen gauzatzen eta Zapata berriro matxinatu zen, baina 1919an hil zuten. 1920ko hauteskundeetan Obregón hautatu zuten lehendakari (1920-24), eta iraultza armatua amaitutzat jo zen.

PRI eta azken urteak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Narkotrafikoaren aurkako gerra Mexikon»

1920. urteaz geroko sistema politiko berrian, hots, alderdi bakar bateko eta lehendakariaren aginpideko demokrazian, erakundeak sortu eta finkatu ziren, aginpide militarra, politikoa eta ekonomikoa zentralizatu ziren, militarren ahalmena murriztu eta hezkuntza bultzatu zen. Lázaro Cárdenas lehendakariaren agintaldian (1930-1934) hasi ziren iraultzan aldarrikatutako erreformak gauzatzen; burdinbideak eta petrolioaren ustiapena nazionalizatu ziren, elizaren eta estatuaren arteko harremanak hobetu ziren eta bakea sendotuz joan zen. 1950. urtetik aurrera industria bizkor hazi zen, eta horrek gizarte egituraren aldaketa handi bat ekarri zuen.

1988ko hauteskundeetan Carlos Salinas de Gortari hautatu zuten lehendakari. Estatu enpresak pribatizatzea izan zen Salinasen lehenengo lana. 1991n Merkataritza Librerako Ituna izenpetu zuen Mexikok Estatu Batuekin eta Kanadarekin, eta hitzarmen hori 1994an jarri zen abian. Hala sortu zen munduko merkataritza libreko eremurik handiena. Eremu hori sortzea eta pribatizazioak aurrera eramatea izan ziren Mexikoko ekonomia indartzeko Salinasek hartu zituen neurri nagusiak. 1993an Mexikoko gobernuak industrien % 80 saldu zuen, eta inflazioa % 15etik % 10era jaitsi zuen. Hala ere, ez zen neurri eraginkorrik hartu atzerriko zorra gutxiagotzeko. 1994. urtearen hasieran, Nazio Askapenerako Gudaroste Zapatistako (EZLN) talde batek Mexiko hegoaldeko lau herri hartu zituen mendean, Chiapas estatuan. Hauek ziren talde haren eskakizun nagusiak: autonomia, lurrak indigenei itzultzea, demokrazia antolatzea, indigenei osasun eta hezkuntza zerbitzuak ematea. Hala ere, Mexikoko gudarosteak berehala bereganatu zituen lurralde haiek.

1994ko abuztuan Ernesto Zedillo irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Zedillo PRI alderdiko (Alderdi Iraultzaile Instituzionala) kide zen. Mexikon izan den finantza krisi larrienetako bati egin behar izan zion aurre Zedillok: nazioarteko laguntza ugari izan zuen eta pribatizazio neurriak hartu behar izan zituen. Bien bitartean, Chiapas hegoaldeko matxinadak agerian utzi zuen indigenek bizi zuten egoera larria eta beren eskakizunak entzutera behartu zuen gobernua. 1997ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, PRIk gehiengo absolutua galdu zuen diputatuen ganberan, eta oposizioko alderdi nagusiek, PANek (Ekintza Nazionaleko Alderdia) eta PRDk (Iraultza Demokratikoaren Alderdia) hain zuzen, indartu egin zuten kongresuan ordu arte zuten lekua. PRIk, 68 urte aginpidean egon ondoren, gehiengoarekin jarraitzen bazuen ere senatuan eta Mexikoko udal nagusietan ere gehiengoa mantentzen bazuen ere, hauteskunde horien ondoren, hitzarmen ugari izenpetu behar izan zituen kongresuko oposizioko alderdiekin. Hala eta guztiz ere, gobernuaren eta indigenen arteko egoera larriagotu egin zen Altos de Chiapas lurraldean. 1997ko abenduaren 22an tzotzil etniako 45 indigena hil zituzten Acteal udalerrian indar paramilitarrek. Hildako gehienak emakumeak eta umeak ziren. Gobernazioko idazkari Emilio Chuayffetek eta estatuko gobernadore ordezkari Julio Ruiz Ferrok dimisioa eman behar izan zuten gertakizun larri haren ondorioz.

2000an, Ekintza Nazionaleko Alderdiak eta Alderdi Berdeak bat eginik aurkeztu ziren hauteskundeetara eta Vicente Fox Errepublikako presidente aukeratu zuten. 71 urtean lehen aldia zen PRI alderdikidea ez zen norbait lehendakaritzara iristen zena [3]. 2006an, krisian murgildu zen Mexiko, urte hartako hauteskundeetako gizarte polarizazioaren eraginez, eta liskar eta istilu handiak izan ziren hautagaien artean. Alde txikiz bada ere, Felipe Calderónek lortu zuen lehendakaritza.

Sakontzeko, irakurri: «Igualako bahiketa masiboa (2014)»

2014ko azaroaren 27an, Igualan gertatutako desagerpenen aurrean, antolatutako krimenaren aurkako neurriak jarriko zirela esan zuen Peña Nietok[4]. Gainera, konstituzioa erreformatuko zuen krimen antolatua udaletatik kanporatzeko[5]. Hori adierazi aurretik, burua moztuta zuten hamaika gorpu aurkitu zituzten Guerreron[6].

Abenduaren 17an, autodefentsa taldeen istiluetan 11 hildako egon ziren[7].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. a b c Merrill, Tim L.; Miró, Ramón. Ancient Mexico. Mexico: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1996., countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).
  2. Merrill, Tim L.; Miró, Ramón. The Aztec. Mexico: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1996., countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).
  3. Vicente Fox Biografiasyvidas.com
  4. «Antolatutako krimenaren aurkako neurriak iragarri ditu Peña Nietok», Berria, 2014-11-27
  5. «Peña Nietok konstituzioa aldatuko du krimen antolatua erauzteko udaletatik», Berria, 2014-11-28
  6. «Burua mozturik duten hamaika gorpu topatu dituzte Guerreron», EiTB, 2014-11-27
  7. «11», Berria, 2014-12-18