Megalitismoa[1] (antzinako grezierazko mega (μεγας), "handi" eta lithos (λιθος), "harri") Neolito aroaren amaierako adierazpen nagusia. Lehenengo eraikinak K. a. IV. mendearen erdialdean eraiki ziren, Kalkolitikoan zehar egiten jarraitu ziren, eta Brontze Aroaren hasiera arte ere iritsi ziren. Bestalde, Europa osora zabaldu zen adierazpen modu bat izan zen megalitismoa, aurkikuntzen hedadura geografikoak behintzat hala adierazten du: iparraldeko herriak, Poloniako eta Alemaniako itsasbazterrak, Herbehereak, Britainiar uharteak, Frantzia osoa eta Italiar penintsula, eta baita Mediterraneoko hainbat uharte ere.

Teknikak

aldatu
 
Sorginaren Txabola trikuharria Bilarren (Araba, Euskal Herria.)

Beraz, hainbat eta hainbat eraikin mota eta teknika dago[2]; eta mota eta teknika horiek, bestalde, asko aldatu ziren mendetik mendera.Hilobi megalitikoak, oro har, ez ziren ikusten, harriz edo lurrez estaltzen baitzituzten (cairns); eta estalkiaren azpian, bestalde, hilobi bat edo bat baino gehiago egon zitezkeen. Ganbara zen ehorzketa eraikin horien osagai nagusia: harlosez osatua zen, eta oina biribila, poligono formakoa edo laukia izaten zuen. Oinarrizko eraikin mota horiei trikuharri soil esaten zaie. Batzuek korridore moduko bat izaten dute ganbarara sartzeko, eta korridore hori areto batean baino gehiagotan bana daiteke: trikuharri korridoredun esaten zaie horiei. Batzuetan, ganbara eta korridorea ezin bereiz daitezke, batak zein besteak goratasun eta zabalera berdina izaten dutelako. Hala ere, hilobia era batekoa edo bestekoa izan, eraikinaren estalkia edo harlosa handiz osatua edo zurezkoa izaten zen, eta noiz edo noiz kupula faltsuak ere erabili zituzten. Nekropoli horiek guztiek ezaugarri komunak badituzte ere, herrialde bakoitzak zeinek bere ereduak landu zituen.

Megalito eraikinen artean mota hauek daude:

Eremu geografikoak

aldatu

Bretainia

aldatu
 
Carnaceko harri lerroak (Bretainia).

Bretainian, esate baterako, cairns-ak aurkitu dira: hobi handiak, hilobi bat baino gehiago biltzen dituztenak. Barnenezeko (Finistère) cairnsa bi cairnsek osatzen dute, bata bestearen gainean: behekoak 70 metroko luzera du eta dozena bat korridore hilobi ditu, kupula faltsuekin estaliak. Horiek eraikitzeko bertako lehengaiaz gainera (dolenita), herrialdetik kanpokoak ere erabili zituzten, Stere uharteko granitoa adibidez[3].

Carnaceko harri lerroetako batzuk 100 metrotik gora luze dira, 50 metro zabal eta bost metro garai. Eraikin horietako asko “santutu” egin dituzte bertan elizak eraikiaz. Gavirins uhartean (Morbihan), izen bereko hilobiko harlosez egindako grabatu ugari dituzte: espiralak, sigi-sagak… dira irudi nagusiak.

Irlanda

aldatu

Irlandako megalitismoak eta Bretainiakoak antzekotasun handia dute, bai egituraz bai sinbologiaz.

Ingalaterra

aldatu

Ingalaterrako eraikuntzek ezaugarri bereziak dituzte: Longs Barrows deitzen dira, eta lurrezko tumulu luzaranak dira, ehun metrotik gora luze, harlosez inguratuak, eta askotan, hilobi bat baino gehiagoz osatuak.

 
Stonehenge, Ingalaterra.

Iberiar penintsula

aldatu

Iberiako penintsulako megalitoak ez dira oinarrian eredu klasikoetatik urruntzen.

Dena dela, penintsula horretako eraikuntzen artetik Andaluziako eredua nabarmentzen da gehiena, batez ere, neurriagatik: adibidez, Mengako leizekoa, korridore luzea eta ateburuak dituena; edo Romeralekoa, ganbara kupula faltsuez itxia duena.

Erabilerak

aldatu

Eraikin megalitiko horien erabilera kontuan hartuta, ez da zalantzarik hildakoentzat eraikiak zirela. Hilobi horien indusketek erakusten dute gizatalde baten arbasoak, belaunaldiz belaunaldi, leku berean lurperatzen zituztela; hortaz, talde horiek leku berean bizi ziren, aldatu gabe. Ehorzten ziren gorputzak horniekin lurperatzen ziren; horni horiek, askotan, bereziki zeregin horretarako eginak ziren. Bestalde, denboraren joanean, asko aldatu ziren objektu horien formak eta materialak: zeramikazko ontziak, silexezko tresnak, tresna leunduak, metalezko objektuak (ziriak, sastakaiak) eta hainbat apaingarri (lepokoak, eskumuturrekoak, diademak, belarritakoak…)[4].

Gorputz bat ehorzteko, hobi berean zeuden antzinagoko gorputzak alde batera pilatzen ziren, gorputz berriari lekua egin ahal izateko. Zenbaitetan, ganbara gorpuez bete-bete zegoenean, korridoreetan eta tumuluetan ere ehorzten ziren gorputzak. Horren guztiaren ondorioz, oso zaila da hilobi horien analisi antropologiko zehatza egitea edo hileta horniak gizaki bati edo besteari dagozkion zehaztea, izan ere, hezur nahastea handia izaten baita. Trikuharrietan, oro har, gorpuak ehortzi egiten ziren, nahiz eta, noiz edo noiz errausten ziren; zenbaitetan, eraikin osoa erretzen zen, nahita.

Arkeologoek azterketa ugari egin dituzte trikuharrietan zein ehorzten zuten jakiteko.

 
La Roche-aux-Fées ("Maitagarrien Harkaitza"), Bretainia.

Baina galdera horrek ez du erantzun bakarra; izan ere, hileta prozesuak asko aldatzen baitziren herrialde batetik bestera, baita elkarren oso hurbil zeuden hilobien artean ere. Quanternes-eko hilobian (Orkada uharteetan), laurehun gorputik gora aurkitu dira: sexu eta adinaren araberako banaketak (%46 20 urtetik beherakoa, %17 20- 30 urte bitartekoa, eta %7 30 urtetik gorakoa) garai hartako gizarte eredua adierazten du.

Dena dela, ezin zehatz daiteke arau orokorrik,batzuetan argi eta garbi ikus baitaitezke trataera desberdina izan duten taldeak. Zenbaitetan, aurretik ehortziak ziren gorputzak trikuharri batera aldatzen zituzten. Nekropolis mota horien garai berekoak dira haitzuloetako ehorzketa kolektiboak: gizatalde bereko arbasoak berdin-berdin ehorzten ziren trikuharrietan eta haitzuloetan, baina ezin azal daiteke zehatz-mehatz zergatik gertatzen den bitasun hori.

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu