Meatzaritza eta giza eskubideak

Meatzaritza eta giza eskubideak loturik daude mundu zabalean, meatzaritza industriala komunitateen eta gizabanakoen eskubideen urratzaile nagusietako bat izan daitekeenez. Meatzaritza esparruan egindako azterketek erakusten dute konpainia oso gutxik jokatzen dutela giza eskubideen errespetuz.

Maila industrialean egindako meatzaritza hil ala bizikoa izan daiteke zenbait herrialderen garapen ekonomikorako, baina, aldi berean, eragin sozial, demografiko eta politiko larriak izan ditzake populazioarentzat.

Eragin kezkagarriak bost multzotan banatzen dira:

  • Enpresen jabetza.
  • Langileen lan egoera eta baldintzak.
  • Tokiko herrialdeen eta komunitateen bideragarritasuna.
  • Haurren esplotazioa.
  • Gobernantza arazoak.

Enpresen jabetza

aldatu

Burua mendebaldean, ustiapena beste nonahi

aldatu

Meatze konpainia nagusi gehienek Mendebaldeko hiri handi batean edo paradisu fiskal batean izan ohi dute egoitza nagusia, baina inbertsioak eta mineral erauzketa ―meatzeak, alegia― munduko beste herrialde pobreetan egin ohi dute. Egoera horretan, meatzean ari diren langileen beharrak eta eskaerak urrun gelditzen dira, ezkutuan askotan.[1]

Meategietako langileen lan egoera

aldatu

Lan baldintzak

aldatu

Meatzaritzaren segurtasun beharren aitzakiatan ―bereziki, metal preziatuak edo harribitxiak ekoizten direnean― zaintza pribatu zorrotzak ezarri ohi dituzte meatzeen inguruetan, eta, horren ondorioz, maiz zaila izaten da jakitea meategien barruko lana zein baldintzatan egiten duten langileek, bai laneko arriskuen aldetik begiratuta, bai ordutegien aldetik begiratuta, bai osasunaren aldetik.[2]

Meatzarien antolamendu eskasa

aldatu

Meategi ustiapenetan lan egiten duten langileak, askotan, maila sozioekonomiko beherenetan daudenak dira. Gainera, meategi konpainia handiek zailtasun, muga eta oztopo ugari jarri ohi dituzte langileak elkar daitezen, sindikatuetan edo bestelako antolamenduetan.[3][4]

Tokiko herrialdeen eta komunitateen bideragarritasuna

aldatu

Osasuna eta segurtasuna

aldatu
 
Urre meategi bat, Sahel eskualdean, Burkina Fason.

Meategien ustiapenen eragiketen ondorioz (sarritan, basogabetze sistematikoa, lur mugimendu itzelak, leherketa kontrolatuak, makineria eta garraio ibilgailu astunen etengabeko zirkulazioa...), inguruko biztanleen osasuna eta segurtasuna auzitan jartzen da.[5]

Tokiko erkidegoen bizibidea

aldatu

Batzuetan, meatzaritza ustiapenek hartu behar izaten dituzten lurralde zabalak direla eta, konpainien interes ekonomikoak jartzen dira, askotan, tokiko erkidegoen bizitokien eta garabidearen aurretik. Bestetan, meategiek lurretan, uretan eta airean sortu ohi duten kutsadurak mugiarazten ditu tokiko erkidegoak,[6] inguruko lurretan nekazaritza, artzaintza edo, orobat, bizigiroa ezinezkoa bihurtzen baita.[7][8]

Bizibideekiko mehatxuak

aldatu

Meatzaritza industrialak baliabideak monopolizatzeko joera dauka, lurra eta tokiko populazioen mendeko beste baliabide natural batzuk desagerrarazi, menpean hartu edo, gutxienez ere, konprometitzen dituen heinean. Horrela, inguruko komunitateak ohiko bizibideetatik urruntzen ditu, askotan haustura edo eten atzeraezinak sortzeraino.[5]

Bideragarritasun ekonomiko mugatua

aldatu
 
Aire zabaleko meategi baten aurkako zeinua, Ohion (AEB).

Meategi guztiek metal edo harri kopuru jakin bat gordetzen dutenez, gogoan izan behar da, lehenago edo geroago, agortu egingo direla. Alabaina, meatzaritza konpainia handiek ez dute, orobat, inolako aurreikuspenik egiten meategiak ixten direnerako, bereziki inguruko populazioak jasango dituen ondorio ekonomikoei dagokienez.[9]

Tokiko azpiegituren gainkarga

aldatu

Meategien garapenak tokiko azpiegiturak gainkarga ditzake, bereziki osasungintzako egiturak eta uraren kudeaketa (ur industrialaren, edateko uraren eta saneamenduaren eskaera). Meatzaritzaren bidez herrialdeak eskuratzen dituen irabaziak azpiegiturak hobetzeko erabili ezean, desoreka larriak gerta daitezke, eta ondorio sozial edo ekonomiko latzak, ur eskasiak, b esteak beste.[10]

Haurren esplotazioa

aldatu

Haurren esplotazioa eta behartutako lana

aldatu

Estatu Batuetako Lan Departamentuaren 2016an argitaratutako Haurren Lanaren eta Derrigorrezko Lanaren bidez Ekoitzitako Ondasunen Zerrendaren (Labour List of Goods produced with Child Labour and Forced Labour) arabera, haurren lana erabili izan zen Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako 34 herrialdetan, harrobi eta meategietan ekoitzitako 29 ondasunen ekoizpena egiteko.[11] Kasu batzuetan, gainera, ustiapen arautuaren esparrutik kanpo egiten dute haurrek lana meategietan, ustiapen industrialeko lansaioak amaitu ostean, gauez eta kontrol neurri guztietatik kanpo, biziraupeneko irtenbide bakarra baitute.[12]

Gobernantza arazoak

aldatu

Migrazio mugimenduak

aldatu
 
Meategi langileen etxebizitzak, Burkina Fason.

Meategi mota batzuek behar izaten duten eskulan handiaren eskariz, migrazio mugimendu aski zabalak eratzen dira maiz meatzaritza ustiapenaren inguruan. Mugimendu selektiboak izan ohi dira, gehienetan gizonezkoak bakarrik izaten baitira migratzaile. Horren ondorioz, migrazio mugimenduek meategien inguruko populazioetan gizarte kohesioa auzitan jar dezakete eta eritasunak ―bereziki, HIESa― zabaltzen lagundu.[13][14]

Gatazka eremuetako meategiak

aldatu

Gatazka armatuak diren herrialdeetan, bereziki Afrikan eta Latinoamerikan, meategietako segurtasuna bermatzen duten enpresak talde militar edo paramilitarrei konektatuta egon daitezke. Era horretako loturak gatazka iraunarazteko adina indarra izatera iritsi daitezke, kasu askotan meatzaritza konpainien interesekoa izan baitaiteke gatazka kroniko bat edukitzea meategien inguruan, populazioa beldurrarazteko baliagarri izateaz gain, meatze lana lehentasunezko izatera bultzatzen baitu, arrisku gutxieneko langintza bihurtzeraino, nekazaritzaren edo artzaintzaren aldean.[15]

Ustelkeria

aldatu

Meategiak ustiatzen diren herrialdeetan, gobernuko kideen eta funtzionarioen ustelkeria kasuak maiz gertatzen dira, meatzaritza konpainiek diru kopuru handiak erabiltzen baitituzte. Ustelkeriak eragin guztiz kaltegarria izan dezake herrialdearen ekonomian, estatuaren zerbitzuen murrizpen eta endekatze azkar bat sortzen baitu.[16]

Meatzaritza arduratsua

aldatu
 
Kromo meategi bat Pakistanen (2012).

Meatzaritza arduratsua, oro har, honela definitzen da: alde interesdun guztiak inplikatzen eta errespetatzen dituen meatzaritza, ingurumen inpaktua minimizatzen eta kontuan hartzen duena, eta onura ekonomiko eta finantzarioen bidezko banaketa lehenesten duena. Arreta berezia jartzen zaio alderdi interesdunen konpromisoari, gobernuek eta eragindako komunitateek parte hartzea ezinbestekotzat jotzen baita.[17][18]

Meatzaritza arduratsuaren atzean dauden printzipioak nazioarteko hitzarmenetan oinarritzen dira, hala nola, Rioko Deklarazioan eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH).; besteak beste, kutsaduraren gaineko erantzukizuna, ekitatea, partaidetzan oinarritutako erabakiak hartzea eta erantzukizuna edo gardentasuna eskatzen dituzte.[19] Lurrak mineral kopuru mugatua duenez, eta meatzaritza jarduera finitua denez, meatzaritza arduratsua terminoa erabiltzea hobe da, meatzaritza jasangarria baino.[20] Praktikan, meatzaritza arduratsuak zenbait interpretazio ditu, alde batetik, meatzaritza jarduera sakonetik aldatu beharrari dagokionez; eta, bestetik, meatzaritzako enpresek erabiltzen dituzten marketin estrategiei dagokienez, egiten dituzten operazioak ingurumenarekiko edo gizartearekiko zentzuzkotzat agerrarazteko.[17]

Meatzaritzak eta mineralek, oro har, eguneroko bizitzan erabiltzeko behar diren osagaiak ekoizten dituzte.[21] Gainera, meatzaritzaren industriak zeregin garrantzitsu bat dauka garapen bidean diren herrialde askotan, hala nola Kongoko Errepublika Demokratikoan, Filipinetan eta Angolan, baina historikoki harreman negatibo bat sortu du, mendekotasun ekonomikoak jarraitzen baitu, baliabide naturalak eta BPGa handitu arren herrialde horietan.[21] Meatzaritza industrian diharduten enpresek oreka bat berdindu nahi izaten dute, maiz, merkatuaren funtsezko osagaien eskariaren eta gizartearen itxaropenen artean, gizarte eta ingurumen erantzukizuna aintzat har dezaten.[22]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Maps and Tables | RMI Report 2020» web.archive.org 2023-03-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  2. (Ingelesez) «Working Conditions | RMI Report 2020» web.archive.org 2022-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  3. (Ingelesez) International Labour Organization. (2023-04-16). «Mining (coal; other mining) sector» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  4. (Ingelesez) Human Rights Watch. (2022-12-19). «Oil, Mining, and Natural Resources» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  5. a b (Ingelesez) «UNEP Finance Initiative - Human Rights Guidance Tool for the Financial Sector» web.archive.org 2023-01-14 (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  6. (Ingelesez) Human Rights Watch. (2023-04-26). «Ethiopia: Companies Long Ignored Gold Mine Pollution» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  7. Alboan Fundazioa - Gatazkarik gabeko teknologia. (2019). «Kordobako hegoaldeko (Kolonbia) urre-meatzeak eta tokiko erkidegoak, El Alacrán meatzearen kasua» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  8. (Ingelesez) Human Rights Watch. (2023-04-27). «Tanzania: Maasai Forcibly Displaced for Game Reserve» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  9. (Ingelesez) Intergovernmental Forum. (2022-12-02). «Mine Closure Challenges for Government and Industry» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  10. (Ingelesez) Mining Technology. (2022-12-30). «Managing water consumption in mining» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  11. (Ingelesez) International Labour Organization. (2019). «Child labour in mining and global supply chains» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  12. Ander Izagirre. (2010-03-23). «Lurpeko haurrak» Zuzeu (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  13. (Ingelesez) Mylène Coderre-Proulx, Bonnie Campbell, Issiaka Mmandé. (2016). «International Migrant Workers in the Mining Sector» International Labour Organization (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  14. (Ingelesez) Frank K. Nyame, J. Andrew Gran. (2023-05-05). «Implications of Migration Patterns Associated with the Mining and Minerals Industry in Ghana» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  15. (Ingelesez) Responsible Minerals Initiative. (2023-03-07). «Conflict Affected and High-Risk Areas (CAHRAs)» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  16. Zúñiga, Nieves. (2019). Corruption risk mitigation in the mining sector. (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  17. a b (Ingelesez) Robin Broad. (2014-03-01). «Responsible mining: Moving from a buzzword to real responsibility» The Extractive Industries and Society 1 (1): 4–6.  doi:10.1016/j.exis.2014.01.001. ISSN 2214-790X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-06).
  18. (Ingelesez) International Association for Promoting Geoethics. (2017-12-01). «White Paper on Responsible Mining» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-06).
  19. (Ingelesez) Marta Miranda, David Chambers, Catherine Coumans. (2005-10-19). «Framework for Responsible Mining: A Guide to Evolving Standards» Center for Science in Public Participation (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-05-06).
  20. (Ingelesez) Michelle E. Jarvie-Eggart. (2015). «Responsible mining: case studies in managing social & environmental risks in the developed world» WorldCat.org (Society for Mining, Metallurgy, and Exploration (US)) (Noiz kontsultatua: 2015).
  21. a b (Ingelesez) Byambajav Dalaibuyan. (2019-03-18). «Training manual on responsible mining | United Nations Development Programme» United Nations Development Programme (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-05-06).
  22. (Ingelesez) «Breaking new ground : mining, minerals, and sustainable development : the report of the MMSD project | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-06).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu