Artikulu hau fenomeno fisikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Masa kritiko (argipena)».

Fisikan, masa kritikoa kate-erreakzio nuklearra sortzeko behar den material fisionagarriaren kantitate minimoa da. Material fisionagarriaren masa kritikoan hainbat faktorek eragiten dute: bere propietate fisikoek (batez ere bere dentsitatea), bere propietate nuklearrek (isotopoen aberastasunak eta fisiorako zeharkako sekzioak), bere formak eta bere purutasunak, eta neutroien islagailu batez inguraturik dagoen ala ez.

1945ean gertatutako istripu baten birsortzean hartutako irudi honetan, itxurazko plutonio-esfera bat neutroi-islagailua den wolframio karburoen blokez inguraturik ageri da. Jatorrizko esperimentuan, beste bloke bat eransten zenean zenbat erradiazio sortzen zen neurtu nahi izan zen. Kalkuluek huts egin zuten eta masa superkritikoa erdietsi zen.

Kritikotasunaren azalpena aldatu

Kritiko terminoak orekan dagoen fisio-erreakzio bat (kate-erreakzio iraunkorra) adierazten du; egoera horretan, ez dago aldaketarik potentzian, tenperaturan edo neutroien kontzentrazioan.

Masa kritikoaren zenbakizko neurketa ondoko formularen bidez adieraz daiteke:

k = f − l

non k neutroien biderkatze-faktorea den, f fisio-gertakizun bakoitzak askatzen duen neutroi-kopurua den, eta l galdutako batez besteko neutroi-kopurua den. Azken parametro hau neutroiak sistematik irten daitezkeelako edo fisiorik gabeko gertakizun batek harrapa ditzakeelako hartzen da kontuan. k = 1 denean, masa kritikoa da.

Masa subkritikoa fisio-erreakzio bat mantentzeko gai ez den material fisionagarriaren kantitatea da. Material-kantitate subkritikoan neutroien multzo bat sartzen bada, bere kopurua jaitsi egingo da denboran zehar modu esponentzialean. Kasu honetan, k < 1 da. Fisio espontaneoaren tasa egonkor batek neutroi-jardueraren maila egonkorra sortzen du. Proportzionaltasun-konstantea igo egiten da k igotzen den neurrian.

Masa superkritikoa fisio-tasa hazkorra duen masa-kantitatea da. Materiala orekara eraman daiteke berriro (alegia, masa kritiko bihur daiteke berriro) tenperatura edo potentzia gehitzen bada edo masa suntsitzen bada. Superkritikotasunean k > 1 da.

Esfera biluzi baten masa kritikoa aldatu

 
Goian: Material fisionagarriaren esfera txikiegia da kate-erreakzioa iraunkorra izan dadin, fisioaren ondorioz sortutako neutroiak erraz ihes egin baitezakete. Erdian: Esferaren masa puntu kritikoraino handitzean, erreakzioak iraun egiten du. Behean: jatorrizko esferaren inguruan neutroien islagialul bat jarriz, errakzioaren eraginkortasuna handitu egiten da eta erreakzioa iraunkorra izan dadin laguntzen du.

Masa kritiko eta dimentsio fisiko txikienak dituen forma esfera da.

Ondoko taulan, zenbait isotopok esfera biluziaren forman eta dentsitate normalean daukaten masa kritikoak adierazten dira.

Isotopoa Masa kritikoa Diametroa Lotura
protaktinio-231 750±180 kg 45±3 cm
uranio-233 15 kg 11 cm [1]
uranio-235 52 kg 17 cm [2]
neptunio-236 7 kg 8.7 cm [3]
neptunio-237 60 kg 18 cm [4],[5]
plutonio-238 9.04–10.07 kg 9.5-9.9 cm [6]
plutonio-239 10 kg 9.9 cm [7],[8]
plutonio-240 40 kg 15 cm [9]
plutonio-241 12 kg 10.5 cm [10]
plutonio-242 75–100 kg 19-21 cm [11]
amerizio-241 55–77 kg 20-23 cm Dias et. al.
amerizio-242m 9–14 kg 11-13 cm ibid.
amerizio-243 180–280 kg 30-35 cm ibid.
kurio-243 7.34–10 kg 10-11 cm [12]
kurio-244 (13.5)–30 kg (12.4)–16 cm [13]
kurio-245 9.41–12.3 kg 11-12 cm [14]
kurio-246 39–70.1 kg 18-21 cm [15]
kurio-247 6.94–7.06 kg 9.9 cm [16]
kalifornio-249 6 kg 9 cm [17]
kalifornio-251 5 kg 8.5 cm [18]

Kanpo estekak aldatu