Martin Lopez Isasi

XVI. mendeko merkatari eibartarra

Martin Lopez Isasi (Eibar 1525 - ib., 1597ko maiatzaren 21a[1]), euskal ekintzailea izan zen XVI. mendearen bigarren erdian.[2][3] Martin Lopez de Isasi merkatarien artean nabarmen ageri zen, ordezkari trebe gisa, Gaztelako nobleek ofizio hori gutxietsi zuten garaian. Batzuentzat lehenengo euskal multinazionalaren sortzailea izan zen, kapitalismoa sortzen ari zirenean.[4]

Martin Lopez Isasi

Bizitza
JaiotzaEibar, 1525 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaEibar, 1597 (71/72 urte)
Jarduerak
Jarduerakmerkataria, ekintzailea eta enpresaburua
Lan nabarmenak

Industria-enpresa moderno baten antolatzailea, XVI. mendean aldatu

Angel Maria Garmendia Aldasoro ekonomialariak 2019an bere doktore-tesian Martin Lopez de Isasiren merkatal jarduera aztertu zuen. Tesi zuzendariak Santiago De Luxán Meléndez, eta Montserrat Gárate Ojanguren izan ziren. Tesiaren izenburua hau izan zen: Actividad empresarial vasca en el Atlántico en el siglo XVI : Martín López de Isasi (1525-1597), empresario vasco moderno (actividades, mercados y sistemas de control empresarial).[5] Euskaraz hau izan zitekeen izenburua: Euskal enpresa-jarduera Atlantikoan XVI. mendean: Martín López de Isasi (1525-1597), euskal enpresaburu modernoa (jarduerak, merkatuak eta enpresa-kontrolerako sistemak). Tesian azpimarratzen da Eibarren jaio zela 1525ean, eta, beraz, garaikidea zen bai Simón Ruizena, bai Felipe II.a Espainiakoarena. Oso gaztetatik hasi zen merkataritza-jardueretan lanean; izan ere, 18 urte zituela jada merkataritza-eginkizunak betetzen zituela Sevillan, hiri horretan bertan baitzeuden jada bere osaba-izebak, ozeanoz haraindiko merkataritzan ari zirenak. Ikerketaren helburu nagusia, enpresaren ikuspegitik, baleen arrantzaren eta ondoren merkaturatzearen azterketa zen hasieran (nekez esplikatuko liratekeela haien atzean, benetako enpresa-antolaketa modernoa izan gabe), batez ere XVI. mendeko euskaldunek egindako koipearen azterketa. Enpresaburu horietako bat, Martin Lopez de Isasi, jarduera horretan garrantzitsuenetariko bat izan arren, bere negozio ugarien zati bat besterik ez zen, agian ez garrantzitsuena, burdinazko manufakturak, elikagaiak (garia, fruta, olioa edo ardoa), ontziak, garraioa (Koroarako armak barne) edo finantza-bitartekotza ere egiten baitzituen, besteak beste. Balearen koipea Ternuan ekoizten zen, Europako Atlantikoko fatxada osoan banatzeko (Lisboatik Flandriaraino). Burdingintzako produktuak, armak eta ontziak Euskal Herrian egiten ziren, eta elikagaiak, batez ere Andaluzian, denak merkatu gisa: Euskal Herria, Sevilla eta Indiak. Beraz, tesi-egilearen ustez, enpresa-mota hori Alfred Chandler ekonomialariak proposatzen duen organigramaren barruan interpreta daiteke. Organigrama horren arabera, industria-enpresa moderno batek eskala handian ekoizten eta banatzen du nazioartean, eta, horretarako, ezinbestekoa da kudeaketa-metodoetan ere berrikuntza egitea, kudeaketa hori enpresa modernotzat hartzeko behar diren ezaugarriak betez, Chandlerren zentzu estuan ere.[5]

Martín López de Isasiren enpresa-pentsaera modernoaren ezaugarrien artean, marketinaren oinarrizko kontzeptua erabiltzea azpimarratu behar da, hau da, merkatuetan dauden eskariak asetzen saiatzea. Horrek esan nahi du bere jarduera-merkatuetan jada eskatzen ziren ondasunak lortu nahi zituela, bai zuzenean erosiz, bai ekoizte jakin batetik abiatu ordez, eta ondoren merkatuan jartzen saiatu.[6]

« BAKAILAOA DAKARREN ITSASONTZI BAT HELDU DA.

Bakailaoz kargatutako itsasontzi bat lehorreratu zen atzo arratsaldean Debako portuan. Dakarren zama baliotsua Eibarrera ekarriko denaren esperoan gaude; horretarako lehendabizi Altzolako ibai-porturaino garraiatu beharko da ala edo gailupa izeneko ontzietan. Ekonomikoki probetxuzko bidaia izatea espero duela adierazi du barkuko kapitainak. Itsasontziko sotoak Eibarko burdinaz kargatuta itzultzeko asmoa dauka: totxoak nahiz landutako piezak eramango ditu, arma zuriak (lantzak, pikak, ezpatak, labanak...), suzkoak (arkabuzak, fusilak, kainoiak...) edo eraikuntzarako ezinbestekoak diren iltzeak eta horrelakoak. Lehenengo Sevillatik pasatuz, Ameriketara abiatuko da bueltan. Sevillan bizi dira, izan ere, Martin Lopez Isasi, Kristobal Ibarra eta Frantzisko Iñarra eibartar bizilagun prestuak. Gure hiribilduko beste merkatariekin batera, Indietako burdinaren salerosketaren monopolioa lortu dute hauek.

BAKAILAOA DAKARREN ITSASONTZI BAT HELDU DA. Eibar erregimen zaharrean. Eibarko berripapera. Armagintza Museoa 2012[7]

»


Bizialdia aldatu

 
Filipe II.a Espainiakoa (1527 - 1598)

Eibarko familia boteretsu bateko semea, Isasik, familiari esker, ondare handia zuen, eta merkataritzaren arloan erabiltzea erabaki zuen, arriskuak hartu, beste lagun batzuk bere proiektuan parte hartzera bultzatu eta Europako sektore berritzaile eta bidegileenetan jardunez: mundu berria eta berrikuntzak zituzten aurrez aurre.[3]

Berak eta berak bezala diru-sarrerak osasuntsu zituzten beste hainbat euskaldunek, enpresarien ikuspegia izanik, proposamen arriskutsuak egin zituzten, baina onuragarriak izan zitezkeenak, baldin eta ondo hezurmamitu eta bide onetik egiten bazuten aurrera. Baina ez zen eroa, ezta ergela ere: merkataritzak indar handia hartu zuen garaian, euskal gizarte osoa bereganatu zuen mugimenduko beste kide bat izan zen; hain zuzen ere, ordura arte Erdi Aroan ohorea aitzakia hartuta borrokan eman zuten familia boteretsuetako eta bandoen arteko liskarretan indarra galdu zuten horietako beste kide bat baino ez. Aurrerantzean, merkataritzan jardungo zuten, ez borrokan.[3]

 
Isasitarren armarria Markeskua jauregian

Sistemaren baldintzengatik, merkatariek merkataritzako elkarte handietan bildu beharra zeukaten, dirua eta ahalegina inbertitzeko. Batzuek burdinaren ekoizleekin negoziatzen zuten, beste batzuek salgaia Sevillara edo Indietara bidean jartzen zuten, eta azkenik, zenbaitzuek salmentan ziharduten, konfiantzazko ordezkarien bitartez. Isasiri dagokionez, hiru osaba Ameriketako merkatuan aritutakoak zituen, eta beraz, arloa ez zitzaion arrotza gertatu, aurrekoek zabaldua baitzuten bidea.[3]

Bestalde, garraioaren esparrua kontrolatzen ere saiatu zen Isasi. Horretarako, itsasontzi handi eta ondo egindakoak behar zituen, eta lan hori konpainiako kide bihurtuko ziren enpresariekin lankidetzan egin zuen. Dena den, ontzi horiek beste eginkizun batzuetarako ere erabili zituzten: batzuk Gaztelako artilea Flandesera eramateko, beste batzuk Ternuan arrantzan egiteko. Felipe II.aren interesak ere bete behar izan zituen, eta Gaztelako erregeak eskatuta, Euskal Herrian egindako armak batetik bestera eraman eta kortsarioen arriskuei egin behar izan zien aurre.[3]

Martin Lopez de Isasi euskal enpresari handia izan zen, eta garai hartan indarra hartu zuten negozio guztietan jardun zuen; nahiz eta arlo askotan aritu, ez zen bere herritik nahiz familiarengandik aldendu. Izan ere, bizitzaren azken urteak Eibarren igaro zituen, senide eta herriko lagunengandik gertu.[3]

Isasiko Markesaren jauregia aldatu

 
XVI. mendeko Markeskua jauregia (Isasi dorretxea).

Markeskua jauregia, baita Isasi dorretxea edo Isasiko Markesaren jauregia gisa ere ezagutzen den jauregia da. Gipuzkoako Eibar udalerrian kokatzen da, antzinako Errege Bidean. Hareharrizko eraikin zurbila da, apaingarri gutxikoa, pizkundeko estiloan eraikia. Oinplano errektangularra du eta lau isuritako teilatua. Sarreran dobela handiz inguraturiko puntu erdiko arkua du eta aurrealdearen erdigunean Isasi familiaren armarri handi bat. Guztira lau solairu ditu.[8]

Martin Lopez Isasi markesak eta bere emazte Domenja Orbeak (Ana Orbea Oñatiko kondesaren ahizpa) eman zuten eraikitzeko agindua XVI. mendean. Ohitura zen bezala Eibarko hiribildutik kanpo eraiki zuten, Ermurako bidean.[9] 1593an erabaki zuten zortzi milioi marabedi kendu zituzten bere ondasunetatik jauregiaren ondoan komentuko eraikin handi bat eraikitzeko eta mila dukateko urteko errentarekin.[10]

Bisitari famatuak aldatu

Isasi familiako kideek kargu garrantzitsuak izan zituzten Espainiako gortean. Honen adibide Filipe IV.a Espainiakoak bere seme Francisco Fernando-ren hezkuntza Juan Isasi Idiakezen esku utzi izana. Lotura hauen ondorioz Espainiako errege familiako hainbat kide izan dira jauregi honetan; garrantzitsuenak Elisabet II.a Borboikoa, Maria Kristina Austriakoa, Alfontso XIII.a Espainiakoa eta Viktoria Eugenia Battenbergekoa.

XXI. mendeko erabilera: Udako Euskal Unibertsitatea aldatu

XX. mendearen amaiera aldeko zaharberritzearen ondoren eta Eibarko Udalarekin sinatutako lagapen baimenari esker, Udako Euskal Unibertsitatearen egoitza akademikoa kokatu zen, Ikastetxe Nagusia. Bertan ematen dira urtero 20 bat ikastaro neguan eta beste 10 bat udan, eta bertan izaten dira online moduan ematen diren berezko titulu eta graduondoetako saio presentzialak.[11][12][13][14]

2019tik Goi-mailako Online Institutuaren egoitza fisikoa da. Lankidetza horretatik, 2020-21 ikasturtetik aurrera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra elkarrekin eskaintzen dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta UEUko GOI institutuak. EHUk aurrez aurreko modalitatean, eta GOIk online modalitatean.[15]

Erreferentziak aldatu

  1. «Martín López de Isasi» id.oclc.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  2. Azpiazu Elorza, José Antonio. (1999). Un mercader en el reino de Felipe II : el eibarrés Martín López de Isasi. Eibarko Udala = Ayuntamiento de Eibar ISBN 84-89696-13-6. PMC 48158289. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
  3. a b c d e f «EUSKAL EKINTZAILEAK: MARTIN LOPEZ DE ISASI EIBARTARRA. EIBZ - EGA» eibz.educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  4. «Kapitalismoaren sorrera. Lehenengo euskal multinazionala. Martin Lopez de Isasi 1525-1597» gl-es.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
  5. a b (Gaztelaniaz) Angel Maria, Garmendia Aldasoro. (2019). Actividad empresarial vasca en el Atlántico en el siglo XVI : Martín López de Isasi -81525-1597), empresario vasco moderno (actividades, mercados y sistemas de control empresarial). (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  6. (Gaztelaniaz) Garmendia Aldasoro, Gotzon; Gárate Ojanguren, Mº Montserrat. (2019). «El concepto de Marketing en el S. XVI. Actividad empresarial de Martín López de Isasi» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 75 (1-2) ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  7. «Berripapera pdf» Armia museoa (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
  8. «Isasi (Markeskua)» GIPUZKOAKO ONDARE HISTORIKO-ARTISTIKO ETA ARKEOLOGIKOA.
  9. «Isasi Jauregia (Markeskua)» www.turismoa.euskadi.eus.
  10. (Gaztelaniaz) «Casa-Torre Isasi - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
  11. «idazkaritza birtuala :: ueu :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  12. «UEU Eibar, Eibar map» www.tagzania.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  13. «ikastaroak :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  14. «udako-ikastaroak :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  15. (Gaztelaniaz) «La UPV delegará en la UEU impartir el máster 'on line' para ejercer de maestro» El Diario Vasco 2018-11-14 (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu