Martin Larralde (abestia)

abestia

Martin Larralde, Ruper Ordorika kantautorearen abesti bat da. Hitzak Joseba Sarrionandiak idatzi zituen, eta zorigaiztoko Martin Larralde hazpandar bertsolari eta baserritarrari (1782 -1821) eskainia dago. Ruperren abesti ezagunenetako bat da.

Martin Larralde (abestia)
Ruper Ordorikaren musika-lana
Egilea(k)Ruper Ordorika
Argitaratze-data1998
IzenburuaMartin Larralde
Honen izena daramaMartin Larralde
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-kanta
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daDabilen harria (albuma)
HitzakJoseba Sarrionandia
Bestelako lanak
MusikagileaRuper Ordorika

Dabilen harria (1998) diskoan argitaratu zuen.

Martin Larralde "mitoa"

aldatu

Larralderen ama hil zenean, Martinek aitari eskatu zion baserriaren bere zatia, baina auzi honek eztabaida eta haserrera eraman eta bien arteko harremana gaiztotu zuen. Aitak, Jean Ospital etxetiarrari baimena eman zion baserriaren lurretan belarrak biltzeko, eta azken horrek tiro bat jaso zuen lanean ari zela. Jendarmeek Martin atxilotu eta Baionara eraman zuten. Pauen auziperatu, errudun hartu eta Rocheforteko kartzelan sartu zuten eta sei urte geroago bertan hil zen. Ezkongabea zen.[1]

Bordaxuriren inguruan nolabaiteko mitoa sortu zen gero, Martinek, galeretan zelarik, 11 edo 12 bertso idatzi omen zituen, gehienak tonu garratzean eginak eta bere egoerari buruzkoak, Mila zortziehun eta hamaborzgarrena lekuko:


"Ene aita da gizon kontsideratua,

Semea galeretan du segurtatua;

Nonahi otoitzean belaunikatua,

Saindu iduri debru madarikatua!"

(...)

"Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko,

Ahaidek, adixkidek, kuraie hartzeko;

Eta partikulazki, aita, zuretako,

Kantuok aditzean, semeaz oroitzeko."

Bertso sorta herrikoi hori abesti oso ezagun bihurtu zuten Pantxoa eta Peio lapurtarrek: "Galerianoaren kantua",

Halaber, XX. mendean Piarres Lartzabal idazle lapurtarrak "Bordaxuri" izeneko antzezlana egin zuen.

Ordorikaren eta Sarrionandiaren Martin Larralde abestiaren sorrera

aldatu

 Joseba Sarrionandiak Bordaxuriri (Martin Larralderi) gertatutakoa hartu zuen aitzakia 1987an Marinel zaharrak liburuan Martin Larralde izeneko poema taxutzeko. Ordurako Sarrionandiak ederto batean ezagutzen zuen ahozko zein idatzizko euskal literatura, zaharrena zein modernoena. Ezagutzen zuen gure historiako makina bat gertakari, ezagutzen zituen protagonistak. Eta Martin Larralde aukeratu zuen idazlearen egitekoari buruzko bere ustea poema bidez agerrarazteko.[2][3]

Ruper Ordorikak 1998an kantu bihurtu zuen Sarrionandiaren poema "Dabilen harria" albumean. Zuzeneko emanaldietan Ordorikak honela laburbiltzen du poemaren muina: egunerokoak ahantzarazi egiten digu urrun dagoena.[2]

Hitzak

aldatu

Poemak Larralderen herrian gaur eguneko igande batean dagoen giro lasaia deskribatzen du ("Jendea familia erretratuetan bezala larritasuneraino perfumaturiko arima erakutsiz doa mezara", "Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak"...)

Baina deskribapen horren barruan txertatzen du poetak galdera zorrotza: "Martin Larralde ez da sekula itzuli. (...) Baina itzuli balitz? Zer?"

Eta erantzuna ematen du gero: "Oroimenaren korapiloa deslotzen inork ere ez du koblakaririk behar".

Hauek dira abestiaren hasiera eta bukaera:

« Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak

jendarme auto bat
bidean bildots artean pasatzen"

(...)
Martin Larralde honelako egun batez hil zen
galeretan,
begiak zabalik etzanda, agian, zerua,
itsaso zikin bat dela esanez.[4]

»


Erreferentziak

aldatu
  1. Beñat Soulé: Neurtizlari Bertsulari Iparraldez, Euskaltzaleen biltzarra-Erroteta, 2011. 27. or.
  2. a b Barandiaran, Gotzon. «Hitzen ahairea - Kantatua izateko» susa-literatura.eus (Susa literatura) (Noiz kontsultatua: 2022-08-20).
  3. «‘Hitzen ahairea’ (liburu aurrerapena)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-20).
  4. musikazblai.com

Kanpo estekak

aldatu