Marokoko Independentziaren Manifestua

Marokoko Independentziaren Manifestua[1] edo 1944ko azaroaren 18ko Manifestua izan zen Maroko independentziara eraman zuen Istiqlal alderdi politikoaren programa politikoa.

1944ko urtarrilaren 11ko Manifestua.

Aurrekariak aldatu

1943ko abenduaren 18an, Alderdi Nazionaleko buruzagiak preso edo erbestean zeudela, beste kide batzuek Istiqlal (“independentzia”) alderdi politikoa sortu zuten.

Handik hilabete batera, 1944ko urtarrilaren 11n, 58 marokoarrek manifestu publiko bat izenpetu zuten, kolonizatzea gelditzeko eta Marokoren independentzia eskatuz. Marokoko buruzagi nazionalista nagusiak, jatorri guztietakoak, batu ziren manifestu horren inguruan. Mohammed V.a sultanari eman zioten.

Manifestuaren testua aldatu

Manifestuak bi atal zeuzkan. Lehenik, Marokoren egoerari buruzko hamar puntu azaldu zituen, independentzia justifikatzeko. Ondoren, independentzia bera aldarrikatu zen.

Justifikazioa aldatu

Manifestuak aipatu zuen “Maroko betidanik estatu libre eta burujabe bat izan zela eta bere independentziari eutsi ziola hamahiru mendez, protektoratua inposatu zitzaion arte”. Protektoratu horren helburua, berez, erreforma batzuk egitea zela Marokoren burujabetza zalantzan jarri gabe, baina protektoratuko agintariek “frantses koloniaren mesedetako administrazio zuzena” aplikatu zuela salatu zuen Manifestuak.

“Kolonia frantsesak sistema horri esker bereganatu ditu botere guztiak, eta herri honetako baliabideez jabetu da, autoktonoen kaltetan”, dio Manifestuak. Halaber, erregimen horren helburua “Maroko herriaren batasuna haustea” eta marokoarrei beren herrian gobernatzea eragoztea izan dela zioen.

Halaber, Bigarren Mundu Gerra oraindik bukatzekoa zen garaian, gogorarazi zuten Maroko Aliatuekin batean borrokatzen ari zela. Aliatuek Atlantikoko Agiria eta herriak beren buruaren jabe izateko eskubidea onartu zituztela azpimarratu zuten. Oroitarazi zuten Aliatuek hainbat aldiz adierazi zutela herri musulmanekiko laguntasuna eta hainbat herriren independentzia onartu zutela, Marokoren “ondare historikoa bezain aberatsa ez izan arren eta zibilizazio maila Marokorena baino apalagoa izanda”.

Justifikazioaren hamargarren puntuak hauxe dio: “Marokok batasun homogeneoa osatzen du, bere Goi zuzendaritzapean, eta bere eskubide eta betebeharren kontzientzia hartua du, bai barnean, bai  nazioartean, eta badaki askatasun demokratikoen onurez gozatzen, gure erlijioaren printzipioekin bat datozenak, eta herri musulman guztien konstituzioaren oinarrietarako baliatu direnak”.

Aldarrikapena aldatu

Manifestuaren bigarren zatiak dio eskatzen dutela “Marokoren independentzia bere lurraldearen osotasunean, eta Sidi Mohammed Ben Youssefen gerizapean”. Mohammed V.ari eskatu zioten negoziazioak hasteko zegozkien nazioekin. Negoziazio haien funtsa zen “independentziaren onarpena eta garantia”.

Horrez gain, errege izango zenari eskatu zioten “erregimen demokratiko bat jartzea, marokoar gizarteko klase guztien eta osagai guztien eskubideak ziurtatuz eta bakoitzaren betebeharrak zehaztuz”.

Ondorioak aldatu

Frantziako ordezkariek gogor erantzun zion Manifestuari. Mohammed V.a sultanari eskatu zioten Manifestua publikoki gaitzets zezan, eta izenpetzaile guztiak atxilotu zituen, eta baita militante nazionalista ezagun guztiak ere. 1944ko urtarrilaren 29an Ahmed Balafrej Istiqlal alderdiko idazkari nagusia atxilotu zuten. Beste hainbat buruzagi ere preso sartu zituzten.

Frantziaren erantzun hark manifestazioak eta protesta biziak eragin zituen. Istilu haietan biktima asko eta beste atxiloketa gehiago gertatu ziren, bereziki Casablancan, Fezen eta Rabaten. Auzitegi militarrek zenbait militante hiltzera kondenatu zituzten.

Errepresio hark gizarte mugimendu handia eragin zuen, eta protesta haien ondotik, Marokok independentzia lortu zuen 1956ko azaroaren 18an.

Erreferentziak aldatu

  1. Manifeste pour l'indépendance du Maroc. (Noiz kontsultatua: 2020/1/24).